Burujabetza teknologikoaren aldeko manifestu politikoa gu-aren ikuspegitik

Blog honetan teknologia ezinbestez izaten dut hizpide, komunikazioa gaur egun ezin baita osotasunean ulertu teknologiaren erabilera kontuan izan gabe.

Baina teknologiak oso nabarmen du kontrola bere baitan eta ezin dugu proposatu (inposatu) teknologiak eskola guztietan ezar daitezen ikuspegi kritikoa izan gabe. Erraz hasi gara Google Apps kontuak erabiltzen eskolak kudeatzeko… eta gure haur eta gazteen datu pertsonalak eta akademikoak oparitzen dizkiogu enpresa – ez oso fidagarri – bati.

Komunikazioaren transmisioan erabiltzen ditugun gailuen kontrola oso ezaguna da, azken espioitza eskandaluek erakutsi duten moduan. Teknologia ez da neutroa, eta horren jakitun izatea funtsezkoa da.

Horretaz gaur bertan elkarrizketatxoa izan dut Twitterren @dabidmp-rekin, eta manifestu hau partekatu nahi nuke zuekin:

 

Software librea, hardware librea eta oro har komunikazioetako subiranotasuna interesatzen bazaizu, irakurri arretaz manifestua. Hau da manifestuaren aurkezpen orritik hartutako zati bat:

http://hackinbadakigu.net/burujabetza-teknologikoa/index.html

Zeri buruz ari gara burujabetza teknologikoaz ari garenean?

Jendarte baten zaurgarritasun teknologikoarenganako beldurraz ari gara. Beharrezkoa da sistema seguru bat aurkitzea jendarte teknologiko independentea egon dadin. Behar horretatik abiatzen da irtenbide ez globalizatu, baina bai globalizatzaile baten bilaketa. Jendartea ezinbestekoa denarekin hornitzeko teknikoki eta pertsonalki gai den jendarte autoaski bat egon daitekeen bezalaxe, autohornitzeko ezaugarri berak dituen jendarte teknologiko autoaski batengan ere sinets daiteke, haren lehentasuna erabiltzen duen informazioaren segurtasuna izanik.

Autoaskitasun teknologikoa bilatzea ideia hori errealitate izateko teknologia eta giza materiala bilatzea da, informazioaren jendartearen kontrolaren defendatzaile saiatutzat jo daitezkeen beste arlo edo departamendu batzuetara jo beharrik izan gabe. Jendarte autoaski bat informazioaren motor erraldoietatik bereiztea, amets bat sortzea da eta, horrez gainera, motor horiek ezegonkortzea, izan ere, gogora dezagun, gu indibidual eta kolektibo baten informazioarekin elikatzen dira.

Gure baliabide teknologikoen jabe izanik, gure gaitasun kolektiboen guztiz jakitun izanik eta jakintzak modu librean trukatuta, bide komunean egin ahal izango dugu aurrera burujabetza teknologikorantz. Benetako askatasun eta independentziaren adierazle nagusia da jendarteko puntu horretarako bidea.

http://hackinbadakigu.net/

 

Hona manifestua: http://hackinbadakigu.net/burujabetza-teknologikoa/manifestua.pdf

 

Getxolinguae 2014 maiatzaren 13 eta 14an

Izena emateko orria

Getxolinguae 2014 topaketarako datak eta egitaraua dagoeneko prest daude!

Getxolinguaeren 14. urtea izango da hau, ibilbide luzea du urtero maiatzean egiten den topaketa honek eta urtero lez, hizkuntzen ikaskuntzaren inguruko alderdi interesgarri bat landuko da bereziki. Aurtengo gaia: Alfabetatze mediatikoa XXI. mendeko ikasgelan.

Oso gai interesgarria, une egokia baita ikus-entzunezkoak hizkuntzaren garapenarekin batera nola lotu berriz aztertzeko eta proposamen berritzaileak egiteko. Azken bi edo hiru urteotan, asko areagotu da IKTen presentzia ikasgelan (mobila oraindik debekatuta dago… baina berez presente dago haur eta gazteen motxiletan, gero eta gehiago…), eta horrek aukera berriak zabaldu ditu.

 

Urtero bezala, azterketa garaian egokitzen zaigu unibertsitatekooi… baina badirudi aurten tartea izango dudala. Egitarauari begira, ikusiko duzue gure Irratigintza Proiektua janzteko oso aproposak izango direla aurteko saio batzuk eta nola edo hala, moldatu beharko hurbiltzeko!

INFORMAZIO GEHIAGO: http://getxolinguae2014.wordpress.com/

 

EGITARAUA

MAIATZAK 13

08:30 – 09:00  Material banaketa

09:00 – 09:30  Jardunaldien hasiera

09:30 – 11:30  Alba Ambrós / Ramón Breu ¿Una imagen o mil palabras? La competencia comunicativa lingüística audiovisual encuadrada a través del cine.

11:30 – 12:00  Atsedenaldia.

Ikastetxeetako esperientziak

Lehen Hezkuntza

12:00 – 12:45  Amara Berri HLHI

Hedabideak Amara Berri sisteman.  

12:45 – 13:30  Romo HLHI – Oihane Tabuenca / Marta Álvarez

Irratia HH.

Bigarren Hezkuntza    

12:00 – 12:45 Txingudi Ikastola – Eduardo Zabala

Txinparta proiektua, multimedia komunikazioaren lagungarri.

12:45 – 13:30 Aixerrota BHI – Marian Mugerza

¿ WhatsApp en el aula?

Arratsaldean

Ikastetxeetako esperientziak

Lehen Hezkuntza

15:30 – 16:15  Colegio Vizcaya – LH Digital magazine / Aldizkari digitala

16:15 – 17:45  HLHI Ataungo eskola (Gipuzkoa): Irrati, prentsa eta telebista.

Bigarren Hezkuntza

15:30 – 16:15 Mungia BHI – Miren Billalabeitia/Antxon González

Magazine: Testu liburua dantza dantzari

16:15 – 17:00  BH Cº San Jose –  Basauri  – Josean Prado

Hotsakk: voces y ondas en el aula. Un proyecto radiofónico gestionado con estructuras de aprendizaje colaborativo.

17:00 – 17:45  BH Laudio

Facebook, Wiki, Webinars…

 

MAIATZAK 14

09:00 – 10:30 – Irene Arrarats. Prentsa hezkuntzan: ikasbide bat ez ezik, baita aztergai ere.

10:30 – 11:00 – Atsedenaldia

11:00 – 12:30 – Steve Muir. Telly learning  Ingelesez, aldibereko itzulpenarekin / En inglés con traducción simultánea.

12:30 – 13:00 – Mahai-ingurua

13:00 – 13:30  Jardunaldien amaiera

 

Bideojokoak hezkuntzan eta hizkuntzaren garapenean Lehen Hezkuntzan

“Hizkuntza eta Teknologia” irakasgaiaren barruan, gaurko saioan bideojokoak izango ditugu hizpide. Bideojokoek hezkuntza balioa dutela argitzeko baliagarria izatea espero dut. Horrez gain, azpimarratu nahi nuke hizkuntzaren garapenerako oso interesgarriak direla.

Hona aurkezpena:

http://www.slideshare.net/ainhoaezeiza/bideojokoak-hezkuntzan-eta-hizkuntzaren-garapenean-lehen-hezkuntzan

[slideshare id=32116789&doc=bideojokoakhezkuntzanetahizkuntzarengarapeneanlehenhezkuntzan-140310041523-phpapp01]

Ikasleen Eskubideen Dekalogoa Hezkuntza Teknologiaren Aurrean

Brad Flickinger (@bradflickinger) teknologia irakaslea da Lehen Hezkuntzako Bethke Elementary School Timnath-en (Colorado, AEB) eta hezkuntza teknologia arloko idazlea. School Technology gunearen sortzailea (www.SchoolTechnology.org) eskolen IKT garapenaren inguruan aholkularitza eta orientazioa emateko.

Geeky, Flickr CC by Bruno Padilha

 

Brad Flickingerrek dekalogoa proposatu du eskoletan IKTak erabiltzean ikaslearen ikuspegia kontuan izan dadin. Ikusiko duzuen bezala, zer pentsatua ematen du, baita zer eztabaidatua ere!

Euskarara itzuli dut, nahi duenak erabil dezan.

 

Jatorrizko artikulua: www.guide2digitallearning.com
Gaztelaniako itzulpena: escuela20.com

 

Ikasleen Eskubideen Dekalogoa Hezkuntza Teknologiaren Aurrean

1. Eskubidea dut ikasgelan neure teknologia erabiltzeko: ez naute derrigortu behar nire ohiko gailuak etxean uztera ikasgelako teknologia zaharkitua erabiltzeko.

2. Eskubidea dut eskolako, ikastetxeko eta, jakina, unibertsitateko Wifi sarera konektatzeko; utzi banda-zabalerari, segurtasunari… errudunesteari. McDonalds-en WiFia lortzerik badut, uste dut gai izan beharko nukeela eskolan konektatzeko.

3. Eskubidea dut gai bati buruz dudan ulermena erakusteko gailu, tresna edo baliabide digitalak erabiltzeko, nahiz eta irakasleak ez ulertu bere erabilera. Berak ez badu entzun zer den Prezi edo Gloster, horrek ez du garrantzirik; nik berdin izan beharko nuke tresna hauek erabiltzeko eskubidea, ikasi dudala eta azaldu didana ulertu dudala erakusteko.

4. Wikipedia aipatzeko eskubidea dut eskatzen dizkidazun ikerketen webgrafian. Informazio okerrez betea dagoela uste baduzu ere, horrek ez du esan nahi hala denik, berez. Gainera, denok erabiltzen dugu: zuk ere bai. Ni nahikoa argia naiz fidagarria iruditzen zaidana egiaztatzeko eta gauza “susmagarriak” kontrastatzeko.

5. Eskubidea dut sare sozialetara sartzeko eskolan. Eskola da denbora luzea ematen dugun lekua eta komunikatu behar dugu. Hezkuntza guneek eta irakasleok komunikabide hauek eskaintzen dituzten aukerak baliatu behar dituzue: Facebook, Twitter…

6. Eskubidea dut nire irakasleak teknologia berriak ikasgelan erabiltzeko formatuak izan daitezen, nola eta noiz erabili. Irakasleek ulertu behar dute haiek direla lagundu behar didatenak nire online eta offline bizitzen arteko oreka bilatzen.

7. Eskubidea dut irakasleek exigi diezadaten trebetasun digitalak, oinarrizko gaitasunak, pentsamendu kritikoa… izan dezadan… Inoiz lanpostu bat beharko dut!

8. Telnologia erabiltzeko eskubidea dut. Maite dut teknologia erabiliz lortzen dudan berehalako feedbacka eta gustatzen zait bat-bateko informazioa

9. Eskubidea dut teknologiaren aurrean babesturik egoteko: ez dut jazarria edo gogaitua izan nahi, ez dut zertan topatu ikusi nahi ez nituzkeen edukiak. Mesedez, lagunduidazu teknologia modu arduratsu eta seguruan erabiltzen, eguneratu gai honen inguruko zure jakintzak eta hezi zeure burua neure erabakiak hartzeko gai izan nadin.

10. Eskubidea dut irakats-ofizioa ezagutzen duten irakasleek hezia izateko, lana pasioz eta nik hobeto ikasteko baliabide teknologikoak erabiliz irakasten dutenak (ez teknologiak adabaki gisa erabiliz)… Etengabeko formazioaren gidaritza hartzen dutenak eta ezagutu edo asmatu dituzten berrikuntzak aplikatzen dituztenak, guri, ikasleoi laguntza eskatzeko beldurrik gabe, behar izanez gero.

Nintendo glow – Flickr CC by Martin Thomas

 

Kultura Zientifikoaren I Ikasle Topaketarako proposamenak bidaltzeko epea: apirilaren 11

2014ko maiatzaren 8an, Kultura Zientifikoa sustatzeko I Ikasle Topaketa egingo da Donostiako Carlos Santamaria Zentroan:

http://kulturazientifikoa.blogspot.com.es

#kulturazientifikoa

#kulturazientifikoa

Antolatzaileak: Ikaskidetza Sarea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra

Antolatzaileak: Ikaskidetza eta KZK-UPV/EHU

Antolatzaileak: Ikaskidetza eta KZK-UPV/EHU

Babesleak: DIPC eta Euskampus

Laguntzaileak: Elhuyar Fundazioa eta Udako Euskal Unibertsitatea

 

Ekitaldi honetan, ikasleak dira protagonista eta helburu nagusia da nork bere diziplinatik abiatuta, zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzearen garrantziaz jabetzea.

Entzuleen artean, irakasleak, ikertzaileak, ikerketa-guneetako eragileak, zientzia dibulgazioko kazetariak eta oro har, zientzia euskaraz zabaltzearen alde lanean ari diren askotariko eragileak hurbilduko dira.

 

Ikasleok proposamenak bidaltzeko epea apirilaren 11n amaituko da. Webgune honen bitartez bidali behar dira:

http://kulturazientifikoa.blogspot.com.es/p/proposamena-bidali.html

 

Interesgarria izango litzateke ikasleek irakasleon laguntza jasotzea, irakasgaiaren bestelako zereginekin batera. Lehentasuna izango dute graduko ikasleen lanek. Lanak banaka zein taldeka aurkez daitezke.

Egitarauaren mugak direla eta, soilik 6 ahozko komunikazio hautatuko dira eta 18 poster, eta espresuki bilatuko da diziplina desberdinek lekua izatea. Muga hori dela eta kanpoan geratzen diren proposamenek aukera izango dute Kultura Zientifikoaren Jaiaren barruan ekitaldiko blogean zabalduak izateko (#KZJaia).

Ekitaldira entzule gisa zein aurkezle gisa hurbiltzeko, ezinbestekoa da izena ematea (doakoa da). Lekua mugatua da eta izenemate ordenari segiko zaio:

http://kulturazientifikoa.blogspot.com.es/p/topaketa.html

 

Edozein zalantza argitzeko: kulturazientifikoa@gmail.com

Webgunea: http://kulturazientifikoa.blogspot.com.es

Twitter: http://www.twitter.com/KZientifikoa

Idazten ikasi… arkatzik hartu gabe? #KZJaia

Posible ote da haurrek idazten eta irakurtzen ikastea arkatzik hartu gabe?

Hori da, hain zuzen ere, Suedian egindako irakurmen digitalari buruzko ikerketa baten hipotesi nagusia. Irakurketa eta idazketa digitala da irakurmenaren jabekuntza prozesuan IKT tresnak erabiltzea, eta muturrago eramanda, haurrek irakurtzen eta idazten ikastea gehienbat IKT baliabideak erabiliz. Ikerketa honen arabera, irakurketa digitalak irakurmen emaitzen hobekuntza eragin du.

Hauek dira, Eva Edman Stålbrandt Stockholm-eko Unibertsitateko ikertzaileak irakurketa digitalaz azpimarratu dituen ideia nagusiak:

  • Ikasleek ez dute ikasten eskuz idazten 7 urte bete arte. Haurrek azkarrago ikasten dute idazten eta irakurtzen formatu digitalak erabilita.
  • Blogak eta bestelako argitalpen digitalek ikasleak sortzaile izatera motibatzen dituzte.
  • Haurrak interneteko informazioarekin eta komunikabideekin kritiko izatea gako da, eta eskoletan landu behar da.
  • Eskolako edukiak lantzeko, jatorrizko materialetara jotzeak asko laguntzen du, bereziki matematikan eta hizkuntzan.
  • Argazkiak ateratzen, manipulatzen eta interpretatzen trebatzea da gaitasun digitalaren beste gako bat. Etxean ohitzen dira eta eskolan sakondu. Argazki kamerak eta tabletak asko erabiltzen dira eskoletan.
  • IKT estrategiak oraindik ez dira nahikoa garatu eskoletan eta behar-beharrezkoa da.

(Iturria: UOC Albisteak (gazt.)

Ideia horietatik, lehena izan da gure ikerketa-proiektu baterako hartu nahi izan duguna.

 

ZERGATIK IKASI IDAZTEN ARKATZA ERABILI GABE?

Mendelak eta grekak (Pons, Roquet-Jalmar, 2003).

Mendelak eta grekak (Pons, Roquet-Jalmar, 2003).

Ideia honen oinarria da psikomotrizitatearen aldetik, haurrek 4 eta 7 urte artean garatzen dutela esku nagusiko mugimenduaren kontrola. 4 urte inguru dituztenean hasten dira ideiak planifikatzeko gaitasuna izaten, hau da, zer idatzi edo marraztuko duten aurrez pentsatzen, greka edo mendela antzeko mugimenduak egiten (hau 5 urtetik aurrera, gutxi gorabehera), eskua biratu eta idazketaren norabidea barneratzen…

Gaitasun motorea ez dator beti bat gaitasun kognitiboarekin, eta zenbait haurrentzat frustrantea da zenbat denbora behar duten euren buruan duten ideia hori mekanikoki (euren eskuz) proiektatzeko, eta gainera, adin horretan (4-6 urte) ez dira asetzen euren hizkia ulergaitza dela ikusita.

Ikerketa honetan ikusi nahi izan da ea baliabide digitalen laguntzaz haurrak gai diren azkarrago edota hobeto idatzi eta irakurtzeko, eta euren emaitzen arabera, badirudi hala dela.

Irudia: Kids on the iPad, Flickr CC-by Thijs Knaap

 

Haurrak arbela elektronikoa eta iPad edo tableta erabiliz, gai dira hitzak identifikatu, arrastaka mugitu eta esaldiak edo ideiak sortzeko, eskuz marraztu eta ikusi ea arbelak bere trazua identifikatzen duen… Ergonomikoki ere, beste mugimendu batzuk egiten ditu posible, esaterako, paperari eutsi beharrik izan gabe idaztea tabletean, etzanda edo makurtuta idaztea (bere gorputzaren garapen naturala errespetatuz), arkatza eta pintzaren presiopean ez idaztea (eta ondorioz, dardara murriztea…).

Haurraren bilakaera ulertuta, ematen du logikoa dela pentsatzea arbela digitalak eta tabletak laguntza eman diezaiokeela idatz-irakurmenaren jabekuntza prozesuan. Irakurmen-idazmen prozesuan elkarreragin psikomotore berriak ahalbidetzen dituzte.

 

Ideia oso deigarria eta erakargarria egin zaigunez, geure testuingurura ekarri nahi izan dugu, emaitzak errepikatzen diren aztertzeko. Haur Hezkuntza Graduko 4. mailako ikasle batzuekin batera, lan-talde bat osatu dugu gaiaz nola ikertu erabakitzeko, dokumentatzeko eta pilotaje bat egiteko. Horrela, bide batez, tankera honetako ikerketa bat diseinatzen eta gauzatzen ikasiko dugu. Kontatuko dizuegu zein emaitza ematen digun!

 

Bibliografia:

Haranburu, M., Alonso-Arbiol, I., Balluerka, N., Gorostiaga, A. (2008). Hizkuntza idatziaren didaktika Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Haranburu, M., Ibarra, I. (2007). Idazketa prozesua eta disgrafia haurrarengan. EHUko Argitalpen Zerbitzuak (Sare Argitalpenak). [http://testubiltegia.ehu.es/Idazketa_Prozesua_eta_Disgrafia_Haurrengan/idazketa_prozesua_eta_disgrafia_haurrengan.pdf].

Pons, E., Roquet-Jalmar, D., M. (2003). Desarrollo cognitivo y motor. Bartzelona: Altamar. Itzulpena: Etxebeste, M. (2005).  Garapen Kognitiboa eta Motorra. Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak (sare argitalpena). [http://garapenkognitibo.files.wordpress.com/2008/11/garapen-kognitibo-eta-motorea.pdf].

 

#KZJaia

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

EUSTAT: D eredua 2012/13 ikasturtean

Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendari den Patxi Saezen Twitter kontuaren bidez, gaur goizean jakin dut zenbat ikasle izan diren 2012/13 ikasturtean D ereduan ikasi dutenak.

 

Eskualdeka, Gipuzkoan, ikaslerik gehien Donostialdea zegoen 2012/2013 ikasturtean, eta horietarik %54 ari zen euskaraz ikasten. Zenbait eskualde %90en gainetik zeuden: Urola-Kosta (%96), Tolosaldea (%94) eta Debagoiena (%90).

Datuak horrela esanda, asko-askorik esaten ez digutenez, EUSTATen txosten hau sakonkixeago aztertu nahi izan dut. Badirudi urtez urte D eredua gorantz doala:

Ikasleak irakasteredu elebidunaren arabera. Iturria: EUSTAT

Ikasleak irakasteredu elebidunaren arabera. Iturria: EUSTAT

 

Zehatzago, Haur eta Lehen Hezkuntzaren egoera hauxe da:

Ikasleak irakasteredu elebidunaren arabera Haur eta Lehen Hezkuntzan EAEn. Iturria: EUSTAT

Ikasleak irakasteredu elebidunaren arabera Haur eta Lehen Hezkuntzan EAEn. Iturria: EUSTAT

Irudietan klikatuz, EUSTATen beste grafiko batzuk ikus daitezke.

 

NON DABILTZA D EREDUKO IKASLEAK?

Zenbaitetan, justifikatu izan da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen ikastetxe kontzertatuen kopuru handia ikastolen mugimenduaren ondorio gisa. Gure komunitatea da proportzionalki eskola ez publiko gehien dituena estatuan Lehen eta Bigarren Hezkuntzan (Haur Hezkuntzan antzeratsu gabiltza, estatuko Haur Eskola asko direlako pribatu). Hona zentru publikoetan ikasten ari diren ikasleen ehunekoak:

Haur Hezkuntzako Lehen Zikloan: % 54,0
Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloan: % 52,0
Lehen Hezkuntzan: % 50,3
DBHn: % 46,0

Eta non dabiltza D ereduko ikasleak? Taula osoa hementxe duzue, baina bertatik datu hauek azpimarratu nahi nituzke:

Ikastetxe publikoak eta pribatuak EAEn eta Gipuzkoan irakastereduaren arabera. Iturria: EUSTAT

Ikastetxe publikoak eta pribatuak EAEn eta Gipuzkoan irakastereduaren arabera. Iturria: EUSTAT

 

Beno, nork bere ondorioak atera bitza, baina beharbada une egokia da laurogei hamarkadako euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapen hura gogoratzeko…

 

Hizkuntza eta Teknologia: 2. ataleko proiektuak abian

Liburu Kontalariak

Hizkuntza eta Teknologia, Haur eta Lehen Hezkuntza Graduko 4. mailako Euskara minorreko irakasgaiaren bigarren atal honetan, lan teorikoaz gain, proiektu jakin batzuk garatuko ditugu, banaka edo taldeka.

@Irratigintza

@Irratigintza

 

Lehenik, ikasle edo ikasle-talde bakoitzak hautatuko du zein proiekturen markoan egin nahi duen ekarpena eta gero, nork bere proposamena zehaztuko du eta bere lan-egutegia finkatuko du. Honela, ikasleen autonomia landuko da euren interesetatik abiatuta. Nire lana, prozesu honetan, aholkularitzarena da, egingo dituzten ekarpenak argitaratuak izango baitira, euren izenean.

#KZJaia

Hauek dira proposatutako proiektu-markoak:

Hautatzeko proiektuak:

  • IKTatuta: emozioak eta IKTak (Mira dentro de TICen euskal bertsioa): Beldurra eta lotsa Haur eta Lehen Hezkuntzan.
  • Zinema eta Hezkuntza dokumentala (gehienez 3 lagun)
  • Bideojokoen lanketa Lehen Hezkuntzan: PBL proiektua diseinatzea. Ildo narratiboa, pertsonaiak eraikitzea, agertokiak eta mugimenduak.
  • Idazmenaren garapena IKTen bitartez: Haur Hezkuntzarako proposamena arbel elektronikoa edota tabletak erabiliz.
  • Bestelako proposamenak

 

Irratigintza proiektua da orain arte ikasle gehien erakarri duena. Proiektu hau zabala da eta datorren ikasturterako, oinarrizko dokumentazioa bildurik izan nahi genuke (laster argituko dut proiektuaren nolakotasuna blog honetan).

Datorren ostegunerako (martxoak 6), lan-taldeak eta proposamenak identifikatuta izango ditugu eta emango dugu prozesuaren berri.

 

Proiekturen bat interesatzen bazaizu, jarri nirekin harremanetan. Denak proiektu irekiak dira eta edonork har dezake parte!

 

Hizkuntza eta Teknologia irakasgaiko saioak zabalik!

Haur eta Lehen Hezkuntza graduetako 4. mailako Euskara minorrean Hizkuntza eta Teknologia irakasgaia ematen dut. Irakasgai horren barruan, saio teorikoak eta saio praktikoak ditugu.

Donostiako Irakasleen UE

4. mailako ikasleak praktikaldian izan dira azaroaren amaiera aldetik otsailaren 24a bitartean eta orain, graduko azken asteetan hasi dira. Graduari amaiera egokia eman nahian, irakasgaiko saio teorikoetara Hizkuntza eta Teknologiaren arloko adituak gonbidatu ditugu.

 

Saioak irekiak izango dira, hau da, nahi duena etor daiteke, unibertsitatekoa izan zein kanpokoa. Saio guztiak Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan izango dira (Oñati plaza, 3, Donostia).

 

 

Honakoa da gure egutegia:

DATA
GONBIDATUA
Otsailak 24
3.5 gela
Irakasgaiaren bigarren zatiaren aurkezpena
Martxoak 10 (astelehena)
3.5 gela

11:00 – 12:30

 

Ainhoa Ezeiza (neu)
Bideojokoen ekarpena hizkuntzaren garapenean: diseinua eta narratiba digitala

Martxoak 17 (astelehena)
3.5 gela

11:00 – 12:30

 

Xabier Mujika, Berritzegune Nagusiko IKT arduraduna
IKT proiektuen egoera eta lehentasunak
Jon Saavedra, Lehen Hezkuntza Graduko ikaslea
eTwinning proiektuak

Martxoak 20 (osteguna)
4.1 gela

9:00 – 11:00

 

Maialen Garmendia, EHUko irakasle-ikertzailea
EU Kids Online, haurren segurtasuna sarean

Martxoak 24 (astelehena)
3.5 gela

11:00 – 12:30

Montse Maritxalar
IXA taldea, hizkuntza ingenieritza eta ikaskuntza*

*Saio honetara ordenagailua ekarri behar da
Martxoak 27 (osteguna)
4.1 gela

9:00 – 11:00

 

Ainhoa Ortego, Lehen Hezkuntza Graduko ikaslea
Komunikabideak: eskolako telebista eta irratigintza

Martxoak 31 (astelehena)
3.5 gela

11:00 – 12:30

 

Ikasleen proiektuen egoera eta ekarpena: poster saioa
Saio praktikoetan landutako proiektuen aurkezpen publikoa

Apirilak 7 (astelehena)
3.5 gela

11:00 – 12:30

 

Saio teorikoen sintesi partekatua: ikerketa eta ekintza IKTen integrazioan
Eztabaida-taldea

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet gonbidatu gisa hurbilduko diren hizlariei.

International Conference on Child Foreign Language Acquisition: Call for papers

Twitterreko @ASILIMorg eta @FURVMELE kontuen bidez jakin dut datorren urriaren 16 eta 17an Gasteizen izango dela Haurren Atzerriko Hizkuntzen Jabekuntzaren inguruko Nazioarteko Biltzarra, International Conference on Child Foreign Language Acquisition:

International Conference on Child Foreign Language Acquisition

Batzarraren helburu nagusia da 4 eta 12 urte bitarteko haurrak zein zeregin komunikatiboren bitartez jabetzen diren atzerriko hizkuntzaz. Proposamen laburrak bidaltzeko epea 2014ko maiatzaren 20an amaituko da, esteka honetan argitzen den eran.

Izenematea irailaren 15a baino lehen eginez gero, ikasleek 25 € eta gainerakook 50 €-ko matrikula dugu, oso prezio egokia halako biltzar baterako.

Antolatzaileak: UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Kantabriako Unibertsitateko kideak

Informazio guztia: http://iclworkshop14.wix.com/ehugasteiz