|
2014ko azaroaren amaieran PARTAIDETZA-PROZESUAK abiatu ditugu Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Partaidetza-modu hauek ofizialki aurkezteko asmotan, topaketak antolatu ditugu egiten ari garena, lan egiteko moduak, eztabaidak… zabaltzeko, gure sentitze, pentsatze eta egiteak elkarrEKIN eta elkarrENGANDIK eraikitzen segitzeko eta jende gehiago parte hartzera animatzeko.Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabe-gabetzea (“desempoderamiento”), ikerketa partehartzailea, hezkuntza komuna eta komunitarioa… ANIMATU ETA PARTE HARTU!!!
Mintegiaren eratze ofiziala 2015eko apirilaren 13tik 17ra bitartean izango da, 16:00etatik 20:00etara, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Majisteritzan).
Hona BEHIN-BEHINEKO egitaraua:
Astelehenean, apirilak 13, 1.3 gela: Bideo-topaketa eta bideo-foruma. Ikasleon artean egin ditugun bideoak trukatu, bideo
berriak sortzeko proposamenak (remix), bideoetan oinarritutako
eztabaidak… Bideogintzak parte hartzeko eta hausnartzeko duen balioa azpimarratu nahi dugu saio honen bitartez.Zure/zuen bideoak erakutsi nahi badituzue, bidaliguzue mezutxo bat eta sartuko ditugu! (ilusionistasozialak@gmail.com) Asteartean, apirilak 14, 2.4 gela: Mintegiaren
aurkezpena. Zer da Ilusionismo Soziala? Javier ENCINArekin lankidetzan. Hezkuntzaz eztabaidatzeko eta
proposamenak trukatzeko gunea, nahi duenak nahi duenean parte har
dezan, posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera,
eraikuntza kolektiboa, harreman horizontalak…
Asteazkenean, apirilak 15, 1.3 gela: Hezkuntzaren
jabe-gabetzea: ikasturtean zehar bizitako esperientziak. Posible ote da eskola komun bat sortzea hezkuntza publiko, pribatu edo librean?Eskola
libreak eta eskolen lege-alderdiak. Zuzenbide Fakultateko ikasleekin
topaketa. Ikasturtean zehar egin ditugun ikerketak eta hausnarketak partekatuko ditugu.
Ostegunean, apirilak 16, 1.6 gela (Psikomotrizitate Gela): Ludopedagogia
tailerra (1). Fabián TELLECHEA eta María RIVASÉS ludopedagogoek dinamizatua (*gomendatzen da ostegun eta ostiraleko saioetara bietara etortzea) Ostiralean, apirilak 17, 1.6 gela (Psikomotrizitate Gela): Ludopedagogia
tailerra (2). Fabián TELLECHEA eta María RIVASÉS ludopedagogoek dinamizatua.
Ondoren, Desempoderamiento, juego y oralidad liburuxkaren aurkezpena. Javier ENCINA, Ainhoa EZEIZA. Hurrengo liburuxken aurkezpena eta itzulpengintza lanak.
Mintegiaren eraketaren amaiera ofiziala
Jarduera hauei beste batzuk erantsi dizkiogu… ez baitakigu programa batera mugatzen…
Larunbatean, apirilak 18, 19:00etan: RAFAEL AMOR KANTARIAREN KONTZERTUA DOHAINIK Irungo Kabigorri Ateneoan. Zatoz zure adiskideekin gurekin batera ospatzera!!!
Astelehenean, apirilak 20, 17:30etatik 20:30etara: Skype bidezko bigarren topaketa Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM, México) Gizarte Laneko ikasleekin, eurak ilusionismo soziala komunitateetan lantzen ari dira.
Astean zehar, Majisteritzako ikasleen bideo-sortze lanak emango ditugu Eskolako kafetegian, MajisTV deitu dugunaren lehen probak egiteko. Prestatzen hasi garen telebista honetan, magisteritzako ikasleek egiten dituzten bideo-lanei balio berezia eman nahi diegu, merezi dute eta!
Gure eposta: ilusionistasozialak@gmail.com
IZENEMATEA:
Izenematea ez da beharrezkoa. SAIO GUZTIAK IREKIAK DIRA ETA DOAKOAK. Ez da derrigorrezkoa saio guztietara etortzea, ordu guztietara… norbera etor dadila ahal edo nahi duenean, ahal duen denboran…Hala ere, partaidetza-egiaztagiria jasotzeko, EZINBESTEKOA DA gutxienez 4 saiotara etortzea eta hemen ematea izena:
MINTEGI HONI BURUZ…
Oso inspiratzailea iruditu zaigu EZLNk 2015eko apirilaren 1ean argitaratutako komunikatua, eta ausartu/animatu gara zati batzuk hartzera… Mintegi honen izpiritu orokorra islatzen dutela uste baitugu…
Ze, Mintegi hau ez da ikuskizun bat, ez datoz dirua, edo fama, edo euren kausetarako jarraitzaile bila dabiltzan pertsonak… baizik eta elkar laguntzea une bakoitzean sortzen denaren arabera pentsatzen, sentitzen eta egiten dugun horretan jarraitzera, dogmarik, ikasitako diskurtsoen errepikapen errepikatzailerik gabe, baizik eta dena zalantzan jarriz, jolasean sortuz, errepikapen sortzaileen bitartez eta konpromisoaren etikatik lan eginez, kultura herrikoietan eta jabe-gabetzerantz doazen mugimenduetan inspiratuta.
[…] Orduan, ikusi dugu pentsamendu-bilera horiei hainbat lekutan “mintegi” deritzela, uste dugu hala deitzen zaiela “mintegia” “hazitegi” esan nahi duelako, hau da, bertan haziak ereiten dira, zenbaitetan azkar hazten dira eta bestetan kosta egiten zaie.
Eta orduan esaten dugu egin dezagun ideien, analisien, pentsamendu kritikoen hazitegi bat, ea nola ikusten dugun gaur egun dagoen sistema kapitalistaren kontu hori.
Orduan mintegia edo hazitegia ez da soilik leku bat ezta denbora zehatz bat ere. Baizik eta denbora behar du eta leku askotan da.
Eta orduan ba horregatik diogu destokituta dagoela, hau da, ez dena leku berean, baizik eta zati asko eta leku askotan. Eta esaten dugu mundukoa dela, beno, ba mundu guztietan daudelako pentsamendu kritikoak, euren buruari galdezka ea zer gertatzen ari den, zergatik, zer egiten ari garen, nola, eta teorian pentsatzen diren gauza horiek.
Baina orduan, pentsatu dugu, nonbait hasten da eta noizpait.
[…]
Ixilpeko Klausula:
Hau guztia da zeuk ulertzeko, esan dezagun, mintegiaren testuingurua.
Zer espero dugu zugandik?
Ba uler dezazula oso urrutitik datozela zenbait pertsona, euren diruaren eta denboraren sakrifizioa eginez etorri direnak zuk adieraziko duzuna entzutera. Ez datoz aisiagatik, ezta zerbait irabaziko dutelako ere. Ez datoz modagatik edo ezjakintasunagatik. Hona datoz beharbada hodei beltz horiek ikusten dituztelako ortzemugan, eurite eta haizeteek astindu dituztelako, ulerminaren gosea ez delako asetzen, ekaitza badakarrela sentitzen dutelako.
Orduan, guk, zapatistok, zu errespetatzen zaitugun bezalaxe, halaxen eskatzen dizugu pertsona horiek errespetatzeko. Izango da baten bat kolatu dena, baina gehienak gure kideak dira. Borrokan bizi eta hiltzen diren pertsonak dira, inork, gu ez bagara, kontuan izango dituena. Beraientzat ez dago museorik, ez estatuarik, ez abestirik, ez olerkirik, ez daude metroko bagoietan, kaleetan, kolonietan. Inor ez dira, egia da. Eta hala ere, edo horregatik agian, guretzat dena dira.
Orduan, ez zaitez iraindua sentitu, ez ekarri konsignarik, dogmarik, autofederik, modarik; ez errepikatu beste batzuek lehenago hemen edo han esandakorik; ez sustatu pentsamendu nagirik; ez saiatu inposatzen pentsamendu dogmatikoa; ez hedatu pentsamendu gezurtirik.
Eskatzen dizugu zure hitza ekartzeko eta horren bidez pentsamendua, hausnarketa probokatzeko. Eskatzen dizugu zure pentsamendua presta dezazula, zorroztu, distirarazi. Pentsamendu horrekin, ez ohoratzea akademia eta bere parekideak, baizik eta jasotzen duen jendea, nahiz astindu moduan, nahiz zaplasteko edo oihu moduan.
Mintegi edo hazitegi honetarako eskatzen dizugun hazia, zalantza eragiten duena izango da, probokatzailea, pentsatzen eta analizatzen segitzea bultzatuko duena. Hazi bat beste hazi batzuek entzun dezaten hazi egin behar dela, eta nork bere erara haz dadin, bere egutegiaren eta geografiaren arabera.
Oh, bai, badakigu: ez duzu zeure prestigioa lodituta ikusiko, ezta zure kontu korrontea ere, edo zure ospea. Ez duzu ikusiko, ezta ere, ea jarraitzaile, dizipulu, artalde gehiago lortuko duzun.
Areago, arrakastaren adierazle bakarra ez duzu ikusiko eta izango da leku askotan, beste egutegi batzuetan, askotariko geografietan, beste batzuek dena desafiatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kritikatu, irudikatu, sortzea.
Hori eskatzen dizugu. Hori, besterik ez.
[…]
Zati hauek hemendik hartuak eta itzuliak izan dira:
Datorren astelehenean, martxoak 23, Donostiako 18:00etan eta Cuernavacako 11:00etan, ikasle ilusionisten konexioa egingo dugu Skype bidez!!!
Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko (UAEM) Gizarte Ikasketen Fakultateko Gizarte Laneko ikasleek euren esperientzia kontatuko digute komunitatean lanean, Patios de la Estación auzoan egindako partaidetza-prozesuan, Moreloseko Ilusionista Sozialen Kolektiboko Amadeus eta Jessicarekin batera.
|
Cuernavaca (México) GoogleMapsen |
Gu oso bestelako ingurunean ari gara lanean, Magisteritza Eskolan eta praktiketako eskoletan eragiten, hezkuntzaren eraldaketaz hausnartzen… eta gogo handia dugu euren esperientzia komunitario horretatik ikasteko eta geure esperientziak ere eurekin trukatzeko. Nahi duena etor dadila gurekin hitz egitera, Donostiako Magisteritza Eskolako 1.4 gelan egongo gara 18:00etatik aurrera, eta lehenago (17:00etatik aurrera) kafetegian joango gara elkartzen.
LOS PATIOS DE LA ESTACIÓN ILUSIONISMO ESPERIENTZIAZ BI HITZ…
Los Patios de la Estación Cuernavacako auzo bat da, pobreziak, drogek eta bortizkeriak markatua dagoena, jende asko ez da ausartzen bertatik pasatzen eta auzolagunak abandonatuta sentitzen ziren. 2011ko otsailean, Komunitatearen Zentroa berritzeko aitzakiaz, Fundación Comunidad izeneko erakundeak UNILCO México gonbidatu zuen partaidetza prozesuak dinamizatzera, bertako jendea inplikatu zedin zentroaren berrikuntzan eta elkarrekintzan. Orain, partaidetza prozesuaren amaieran daude eta Moreloseko Estatuko Unibertsitate Autonomoko ikasleek praktikak bertan egin dituztela eta, oso hunkigarria da jakitea zenbat aldatu den auzoa eta nola hobetu diren auzokideen arteko harremanak.
Horrez gain, unibertsitateko ikasleek ikasi dute bertako jendearekin eta jendearengandik ikasten, elkarrekin lan egiten, horizontalki, parez pare, UNILCOko Juan Manuel Zaragozarekin batera.
Esperientziaz pixka bat gehiago jakiteko:
http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=644
http://dialogocomunitario.blogspot.com.es/
[vimeo]https://vimeo.com/46440068[/vimeo]
Hona aste honetan ikasle batzuek grabatu duten bideotxoa:
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=UpVxL1xY1mA[/youtube]
Irrikaz gaude zuekin hitz egiteko!!!
Poliki-poliki, hezkuntzaren jabe-gabetzeari lotutako euskarazko bideoak pilatzen gabiltza, eztabaidarako lehen bideo-zirriborroa osatzeko.
Hori dela eta, erreprodukzio-zerrenda sortu dugu youtube-n, euskarazko bideo hauek denak jarraian ikusteko edo errazago topatzeko. Interesgarria izan daitekeen beste bideoren bat ezagutzen baduzu edo egin baduzu, abixatu, zerrendara gehitzeko!
[youtube]http://www.youtube.com/playlist?list=PLT9W6OL68WcF9S-1n9jiorMW10MP7I0Pu[/youtube]
Datorren astelehenean, otsailaren 23an, mintegi hauxe egingo dugu Sevillako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Fakultatean:
Seminario “Participando CON y DESDE la gente. El desempoderamiento educativo”
Mintegi honetan, Sevillan egiten ari naizen ikerketa-egonaldi bikoitza bateratzeko eta elkarren artean ideiak trukatzeko aukera ezinhobea da: alde batetik, UNILCO-espacio nómada-n eta Ilusionista Sozialen Kolektiboan egiten ari naizen lana, eta bestetik, Sevillako Unibertsitateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean, Gizarte Zientzien eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailaren kidetzarekin.
Antolatzaileak:
Macarena Navarro eta José Antonio Pineda
Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila eta Gizarte Zientzien eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saila
Azpiegitura eta Kultura-Jardueren Dekanotzaordetzaren elkarlanean.
Partehartzaileak:
Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU
Ilusionista Sozialen Kolektiboa eta UNILCO-espacio nómada http://ilusionismosocial.org/
Mintegi hau, jabe-gabetzearen inguruko formazio, eztabaida eta hausnarketa prozesuaren parte da. Hiru ardatz ditu: partaidetza, jabe-gabetzea eta hezkuntza. Mintegi honetako lana 2015eko udan egingo den Jabe-Gabetzearen Nazioarteko Jardunaldirako (Euskal Herria – Mexiko – Sevilla – Kanariar Uharteak) jorratzen ari den lanaren atal bat da.
Sevillan egiten ari naizen ikerketa-egonaldia baliatuta, datorren otsailaren 26an, LEE-R (Laboratorio de evaluación de la escritura-Research) ikerketa-taldeak gonbidaturik, komunikazio gaitasun akademikoaren inguruan tesi-proiektuan egindako lana aurkezteko aukera izango dut:
LEE-R (Laboratorio de evaluación de la escritura-Research), Universidad de Sevilla
Seminario: “Contextos de comunicación académica y su alfabetización”
Sevilla, 2015eko otsailaren 26an, 17:30etan, 4. solairuko 4.2 mintegian.
Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Sevillako Unibertsitatea.
1. saioa: Alfabetatze akademikoari lotutako ikerketen aurkezpena
2. saioa: Ikerketetatik eratorritako emaitzen aplikazio praktikoak partekatzea
3. saioa: Eztabaida eta proposamenak eratzea
Mintegi honetan, ikerketa-lerro horri lotutako aurrerapenak trukatzeaz gain, etorkizunerako elkarlanerako bideak eztabaidatuko ditugu.
Jabe-gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak prestatzen ari gara, uda honetan izango direnak (egoitzaren araberako datak, gure kasuan, Donostia-Irun, uztailaren amaieran izango dira), eta hausnarketa-lerroetako bat hezkuntzaren jabe-gabetzearena da.
Hezkuntzaren jabe-gabetzea (desempoderamiento educativo) jakintza instituzionala eta jakintza herrikoiak elkarrekin jostea da. Hezkuntza sisteman sortzen den jakintza zientifikoa, kulturala eta soziala eguneroko bizitzako gune eta denboretan sortzen den jakintzarekin modu horizontalean korapilatzeko, beharrezkoa da hezkuntza sistemak eta eskolak jakintza herrikoiei balioa ematea eta hartara, eskolak erakunde izatetik ikasgune izatera pasa behar dute, jabe-gabetzearen bitartez.
Gure kasuan, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan 1., 3. eta 4. mailan hasitako esperientzia gehienbat irakaslearen jabe-gabetzeari lotutakoa izan da, eta hortik eztabaida emankorra sortu da hezkuntza sistemaren inguruan.
Jardunaldiei begira, bideo-zirriborroak egiten ari gara, eztabaida errazteari begira. Hartara, jardunaldiak 2015eko udan izango badira ere, 2014ko azaroan jarri ginen lanean, zirriborro hauek ekoizteko aitzakiaz eta eztabaidatzen segitzeko gogoz.
Hiru bideo hauek dira Magisteritzako esperientziaren inguruan grabatu ditugunak:
- Esperientziaren inguruko azalpen orokorra:
[youtube]http://youtu.be/48wNPByXXfo[/youtube]
- 1. mailako ikasleekin egindako azterketaren bideo-montajea (bi talde); hasieran azalpena erantsi da esperientzia hobeto ulertzeko:
[youtube]http://youtu.be/Bz9HoFuqUIk[/youtube]
- Hausnarketa bat kalifikazioaren inguruan, irakaslearen jabe-gabetzean:
[youtube]http://youtu.be/ItrDoiXAOjA[/youtube]
Azkenik, 3. mailako ikasleek egindako bideoa eransten dut, bizitako esperientzia partekatzeko eta partaideei itzultzeko egin zutena:
[youtube]http://youtu.be/dIUPDuGdp6k[/youtube]
Lanean segiko dugu bideoak ekoizten, nahasten eta hausnartzen… eztabaida zabalik dago!
2010. urtean hasi nintzen Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzan (PBL – Project-based Learning) lan egiten, formazioa ematen eta sakontzen, Euskal Herriko Unibertsitateko formazio zerbitzuak (HELAZ/SAE) bide hori urratu nahi baitzuen ERAGIN programaren bitartez.
Ordutik hona, ERAGIN programako tutore izan naiz bere bost edizioetan eta hala, gure unibertsitateko hainbat irakasleren lana orientatzeaz arduratu naiz, bai diseinuan eta bai inplementazio-fasean; horrez gain, PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko Jardunaldien antolaketa-taldean aritu naiz I, II, III eta IV. edizioetan eta metodologia honen sustatzaile izan naiz bai sare sozialetan eta bai eskainitako hainbat hitzaldi eta ikastarotan estatuan zehar.
Urte hauetan zehar, zer edo zer antzematen nuen ez zuela koadratzen eta azkenean ulertu dut ez dudala metodologia hau erabili behar ez eta sustatu ere. Horixe planteatu nuen 2014ko abenduan Zaragozan egin ziren PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko IV. Jardunaldietan, izen hauxe zuen hitzaldi-eztabaida saio honetan:
“¿Por que NO trabajar PBL?”
Eztabaida ireki hau Alberto Garrido @agarridodiez irakaslearekin batera eraman nuen, bera oso ona da PBL metodologian eta haurren ekimenetik abiatzen da beti, sentsibilitate handiz. Berak PBL izenaren zakuan sartzen den zalantzazko proposamen askoren kritika planteatu zuen bertan eta neuk, PBL metodologiaren aurkako proposamena aurkeztu nuen, eztabaidatzeko.
ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI PSIKO-PEDAGOGIKOA
Arrazoi asko daudela uste dut. Alde batera utziko dut oraingoz Ikaskuntza Kooperatiboaren kritika, luzexeagoa izango delako eta hurrengo baten helduko diot, baina lan kooperatiboaren ikuspegi ideologikoarekin bat ez natorrela aurreratuko dut.
Susmagarria egin zitzaidan nola zabaldu zen horren azkar PBLaren interesa eskoletan. Baten batek pentsatuko du oso positiboa dela eskoletan metodologia aktiboak integratzeko piztu den interes handi hau… baina eskola oso iragazkaitza da aldaketan aurrean eta metodologia hau hain azkar integratzen hasi izanak pentsaraz dezake ez dela “kanpoko” gauza bat baizik eta metodologia tradiziozkoetatik gertu kokatzen den zerbait, baina hainbat abantaila dituena ikuspegi tradizionala duten irakasle eta ikastetxeentzat.
|
PBLren moda: PBL Lehen Hezkuntzako testuliburu baten hurrenkeran. |
Alde batetik, azpimarratzen da ikaslea dela prozesuaren protagonista. Baina metodologia hauek a priori zehazten dute zer gertatu behar den eta hortaz, zaila da ikaslea izatea protagonista. Ikasleak oso aukera gutxi du bere ekimenak garatzeko, zehaztutako proiektuetatik kanpo, ondorioz, soilik irakasleak irudikatu duenaren orbitan dagoena garatuko du ikasleak eta, okerragoa dena, ikasleak jasotzen duen mezua da irakasleak irudikatu duen jakintza hori dela jakintza baliotsua, ez berak lekarkeena edo ikaskideekin batera eraiki lezakeena.
Izan ere, irakasleok uste dugu ikasleei euren ekimen eta ideiak garatzen uztea “arriskutsua” dela, ez dutela jakingo zer egin. Ez dugu konfiantza handirik jartzen ikasleengan eta gero kexu gara ez dutelako egiten guk nahi genukeena eurak egitea, ez direlako oso aktiboak edo PBL metodologiarekin askotan “matxinatu” egiten direlako. Beharbada gutxiegi matxinatzen dira ikasleak eskatzen dizkiegun burutazioen aurrean… Argi dago geuk definitutako proiektuak geuk definitutako ebaluazio-irizpideak dituztenak, garatu behar badituzte, oso irekiak izanik ere, ez dutela ikasiko euren proiektuak gauzatzen. Baldintzapeko autonomia…
Metodologia honen bitartez, geuri obeditzen irakasten diegu, baina modu diferituan, taldearen bitartez, alegia. Hau oso gogorra da: talde-lanaren bitartez, ikaskideak bihurtzen ditugu polizia, ze ikaskide batek zeregin bat betetzen ez badu, bere kideen aurrean zuritu behar du bere burua. Badakigu PBL metodologiarekin handitzen dela nabarmen asistentzia, baina noski, klasera ez badoaz ikaskideei egiten diete kalte. Hala, irakasleok gure agintea delegatu egiten dugu.
Ikasleen lan-zama handitu egiten da oro har. Metodologia tradizional gehienekin, lan-zama azterketa garaira mugatzen da (bezperara askotan), baina PBL metodologiarekin beti dabiltza lanpetuta. Horrek zaildu egiten du ikasleek eurek hautatutako ekimenetan parte hartzea, euren bizitza autoerregulatzea. Proiektuen kudeaketaz ikasten dute, baina ez bizitzaren kudeaketaz, behartuta baitaude taldearen aurrean erantzutera edo bestela, ikaskideen arteko harremanak apurtzen dira.
ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI EKONOMIKO-IDEOLOGIKOA
Zein da PBL metodologiaren atzean dagoen ideologia ekonomiko-sozial-politikoa? Ezaguna da gaur egun proposatzen ari diren eredu ekonomikoek, eredu post-modernoek, talde-lanean sartu dutela hagina. “Harreman mota berriak”, “taldeen autokudeaketa”, “pertsona helburu”… Espero da zure enpresarekin pertsonalki inplikatzea, enpresaren parte sentitzea eta zure sormena, zure gaitasun eta trebetasun guztiak enpresaren mesedetan jartzea.
Ikuspegi horri heltzen dio PBL metodologiak. Berez, talde-lana kudeatzeko klaseetan erabiltzen diren teknikak eta estrategiak enpresa-mundutik hartuak dira gehienbat, proiektuen kudeaketa-metodoak eta taldeko gatazkak konpontzeko moduak. Zure taldekide batekin gatazka baldin baduzu, zeuk ikasi behar duzu konpontzen, hori baita gaur egungo enpresek behar duten langilea. Zerbait gaizki ateratzen bada, taldearen ardura da. Taldeak arduratu behar du berrikuntzaz, produktuen kalitateaz, etengabeko hobekuntzaz… Kalitate-sistemak ezartzen dira klaseko proiektuetan.
Horrek guztiak enpresa munduan zer esan nahi duen badakigu. Toyotismoa deritzon lan egiteko eraren oso antzeratsua da metodologia hau. Toyotismoan, pertsona ez da garrantzitsua, ni-a urtu egiten da gu-aren mesedetan, hau da, despertsonalizazioa enpresaren mesedetan baina oraingoan, gure niaren alderdi intimoenak jokoan sartuz, gure sentipenak, gure emozioak… Gure artean, ekonomiaren ikuspegi honen defendatzaile ezagunena beharbada Koldo Saratxaga dugu, hona Hik Hasi hezkuntza aldizkariko elkarrizketa, gehiago jakiteko: Hik Hasi, 188. zkia, 2014ko maiatza.
Toyotismoaren ondorio lazgarriak aski ezagunak dira Japonian (karoshi deritzona), enpresari dena eman behar zaiolako (gure denbora, gure bizitza, gure pentsamendua, gure ideiak, gure irudimena…). Baina enpresaburuek badakite horrela oso ondo ateratzen zaiela zukua langileei, oso modu eraginkorrean. Unibertsitate ikasketak dituzten langileak oso prezio onean lortzeaz gain, porrota edo ondoeza edo baldintza kaxkarrak ez dira izango enpresarien ardura, lan-taldeak behartu baititu hala lan egitera enpresaren helburuak lortzeko.
Enpresaren aurkako mobilizazioak nola egin, enpresak emozioetan oinarritutako kudeaketa egiten badu, autonomoa izaten uzten badizu, zeu bazara enpresaren bihotzaren parte?
JENDEA LAN MERKATURAKO PRESTATZEN?
Badakit hau jende askori gaizki irudituko zaiola, arduragabekeria ere izango da hainbatentzat… baina ez, ez dut jendea formatu nahi gaur egungo sistema gaiztoan ondo molda daitezen, asimilatuak izan daitezen. Benetan sinisten dut bizitzeko beste modu batzuk izan badirela, merkatuaren mende ez daudenak; beno, berez ez dira sinesmen, existitzen baitira, adibide asko daude ezkutuan, beste bizimodu bat posible egiten dutenak.
Ez zait etikoa iruditzen ikasleak enpresaren estrategiaren arabera formatzea. Ez dut lan egingo agintarientzat edo boteredunentzat. Ikuspegi norberekoia hautsi eta lan egiteko modu kolektiboetan aritzeko prest nago eta berez hasia naiz, IKASLEENTZAT lan egin ordez IKASLEEKIN lan egiten hasi naiz eta ez dauka zerikusirik PBL edo metodologia aktiboetako bestelako ikuspegiekin. Ni ez naiz ikasleen jabe, eurak ez dira nire meneko; elkarrekin ikasten dugu eraikitze kolektiboa sustatuz, ez baitu inor jakintzaren edo gure bizitzaren jabe izan behar.
Aurreko astean, Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian talde batean gertatzen ari ziren hainbat kontu azaldu nituen, eta gaur zertzelada pare bat emango dut “Euskara, hezkuntzarako tresna” izeneko 4. mailako espezialitateko “Hizkuntza eta Teknologia: Baliabideak” irakasgaian gertatzen ari denaz.
[hementxe utziko dut pendiente aurreragorako eztabaida bat “hizkuntza tresna gisa” kontzeptuaren inguruan, zer pentsatu asko du eta kontuak… areago egoera diglosikoan dagoen hizkuntza gutxitu baten inguruan ari garelarik…]
Desiratutako bitartekaritza sozialak eta bitartekaritza teknologikoak
Praktikaldi garaiaren aurretiko 8 aste hauetan, hezkuntzaz asko eztabaidatu eta hausnartu dugu, asko, aurreko hiru urteetan ikasitakoa zalantzan jartzeraino… dakiguna eta irakatsi zaiguna zalantzan jartzea, geure buruari galdetzea, eztabaidatzea, oso jarduera osasuntsua da eskola zer den eta hezkuntza zer den ulertzeko. Ez al da, akaso, naturala planteatzea zertarako hezi nahi dugun? Hezkuntza ??? Zertako !!!
[vimeo]http://vimeo.com/76812013[/vimeo]
Oinarrizko ideia batetik abiatu gara: zein teknologia erabili, noiz, nola, non… erabakitzeko, gure abiapuntua izan da zein bitartekaritza sozial diren gure bizitzan sustatu nahi ditugunak eta desiratutako bitartekaritza sozial horiek nola mugatzen eta sustatzen diren bitartekaritza teknologikoekin, IKTak erabiliz, alegia. Ez ditugu soluzioak bilatu, ezta erantzunak ere, baizik eta eztabaidatzea harreman-moduei buruz, partaidetzaz eta komunikazioaz, lekuan lekuko erabakiak har ditzagun, kolektiboki autokudeatutako erabakiak.
Eztabaida hauetan, konturatu gara irakaslearen formazioan zehar gehienbat “aginduak exekutatzen” trebatzen garela, dena delako gobernuak hartzen dituen hezkuntza erabakiak haurrengana irits daitezen: curriculumak, programazioak, unitate didaktikoak, estandarizazioa, ebaluazio-irizpideak… hau da, gobernuak, eskolak, geuk a priori erabakitzen dugu beste pertsona batzuk nola hezi behar diren, eurekin hitzik egin gabe, euren nahiak, jatorriak, interesak… aintzakotzat izan gabe. Magisteritzako irakasgaietan, denboraren parterik handiena EGITEN pasatzen dugu (unitateak, programak, ariketak, txostenak…), oso gutxi PENTSATZEN (pentsatu? zertarako! hezitzaileok exekutore gara, ez pentsalari) eta ezer gutxi SENTITZEN (profesionalak gara! Sentimenduetatik urruntzen ikasi behar dugu!), eta esan behar da oso estrategia eraginkorra dela desiratzen ditugun harremanetatik urrundu eta inposatutako eta onartutatako harremanetan mantentzera bultzatzen gaitu.
Espazioa/lurraldea eta denbora/ordutegia, jakintzaren transmisioa eta jakintzen eraikitze kolektiboa, masa- eta erakunde-kultura eta kultura herrikoiak… bereizten hasteak lagundu digu konturatzen zer ikasi dugun eta zer ikasi nahi dugun.
[kontu hauei buruz gehiago jakiteko: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=158]
Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera
[vimeo]http://vimeo.com/74869959[/vimeo]
Klase bakoitzean zer tokatzen den jakitea, zalantzarik ez izatea bilatzen dugunean, zer egingo dugun a priori erabaki nahi dugunean, ikasleentzat eta ikasleen partez erabakitzen dugunean, programatzen, diseinatzen, estandarizatzen, koordinatzen, berdintzen, errepikatzen… dugunean, posible denaren segurtasunean mugitzea bilatzen ari gara. Badakigu zer aterako zaigun berdin digulako egoera bakoitzean zer gertatuko den, eta guk nahi genuena ateratzen ez bada, “talde txar bat” tokatu zaigulako izan da, edo “iristen ez den ikasle baldar bat” dugulako, edo hizkuntza ez dakien ikasle etorkin baten “arazoa” dugulako… dena da enbarazu, dena da GEURE (edota dagokion gobernuaren) helburuetara iristea eragozten diguten oztopoak.
Posible denaren segurtasunean lanean ari garenean, jendearen gainetik pasatzen gara euren erritmoa erabakitzen dugulako, zenbaitzuek segitzen digutenez horrek indartu egiten du gure proposamenaren balioa, eta gainerakoak “dibertsifikazio kurrikularrera” doaz, orientatzaileen eta PPTen laguntza behar dute, klase partikularrak jaso behar dituzte… Aldez aurretik finkatutako helburu eta edukietan zentratzen gara.
Irakasgaian lanean aritu gara ezinezkoaren itxaropenean. Nola? BA EGINEZ! Gure kasuan, simulakroak, bizipenak, adibideak… baliatuz. Asko animatu gaitu 3. mailakoak egiten aritu direnak (hasieran estekatutako sarrera), klasean izan ditugun eztabaidek ere bai, Javier Encinaren bisitak lagunduta (burua ederki zabaldu zigun…), “Desirak Zabaltzeko Soka” (“El Tendedero de los Deseos“) izenekoaren geure bertsioa ere egin genuen, hezkuntzari buruz genituen kezkak eztabaidatzeko, etorri nahi zuen edonor gonbidatuta:
eta halaber, zortzi aste hauetan teknologia hauek erabili ditugu:
- Irakasgaiko foro birtualean eztabaidatu dugu (nork bere borondatez hartu izan du parte eta, egia esan, oso aktibo dabil), bereziki mobilaren erabileraz eta nola mobilak sozializazioa mugatu dezakeen eta kontrolerako tresna gisa erabiltzeko arriskua dagoen (esaterako, whatsapp-aren berrikuntzak), nola sustatu partaidetzarako modu horizontalak, eskola alternatiboen eta eskola herrikoien adibideen bideoak partekatu ditugu… Konturatu gara foroan nahi dugulako parte hartzen dugunez, ez notarako delako, errazagoa dela debateak proposatzea eta gure esperientziak partekatzea.
- Gure blogean: http://majisteatzen.blogspot.com.es/. Blog hau zabaltzea erabaki genuen, ez “blog bat egin behar zelako”, baizik eta gure intereseko gaiak nolabait zabaldu nahi genituelako. Nahi duenak nahi duen modura hartzen du parte, banakako eta taldeko artikuluak idazten dira, batzuk anonimoak eta beste batzuk sinaturik. Bi hilabete baino gutxiago daramagu blogeatzen eta dagoeneko 74 sarrera ditugu, askotarikoak; bertatik hainbat artikulu hautatu ditugu gure aldizkari elektronikoaren lehen alerako. Gaiak eta egitura aldez aurretik definitu ordez, nahiago izan dugu argitaratzen hasi eta nahi genuena argitaratu, eta gero ikusi ze tankeratako artikuluak argitaratu ditugun eta zertaz idaztea dugun gustuko.
- Bideo hauxe sortu dugu: “Hezkuntza kolektiboki eraikitzen”, bertan laburbildu ditugu egin ditugun hainbat kontu eta giroa pittin bat harrapatzen duena, eztabaida serioak dituena eta baita gauza dibertigarriak ere, umore ona eta kritika asko:
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=kgifMYKdrWo[/youtube]
Bideo hau Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan grabatu da (Euskal Herriko Unibertsitatea), “Hizkuntza eta Teknologia” klaseetan. Laugarren mailako ikasleez gain, lehen mailako bi ikasle animatu ziren, Eneka eta Naiara, Zuzenbide Fakultateko ikasle bat, Nai, eta dagoeneko graduatutako ikasle den David. Horrez gain, eskolan zehar topatu ditugun beste ikasle batzuk ere parte hartu dute, oso umore onez. Eskerrik asko denoi parte hartzeagatik!
Horrez gain, bideoaren 12. minutu aldera 3. mailakoek garatutako lau ekimenen inguruko irudiak ere txertatu ditugu:
sarrerako eserlekuak, zeinen bitartez kritikatu den ikasleen ekimen propioak gauzatzeko jartzen diren oztopoak, gymkana iragartzeko eskegi zen pankarta, goizeko ordutegia goizez soilik izateko egindako aldarrikapena, eta zenbait ikaslek egindako proposamenaren aldarrikapena: ate bat jartzea ikastetxe erdiguneko lorategira sartu ahal izateko (uneotan soilik garbiketako pertsonala eta lorazainak sar daitezke) eta bide batez, aldarrikapen indartsuago bat: “guri ateak ZABALIK gustatzen zaizkigu” askatasun sinbolo gisa (espazioa eta ez lurraldeak, denbora eta ez ordutegiak). Grabazio hauen bidez, gure eskerrak adierazi nahi dizkiegu ideia asko eman dizkigutelako!
Jabe-gabetzea unibertsitatean ilusionismo sozialaren bidez
Honakoak izan dira egin ditugun gauzetako batzuk, 8 astetan soilik!!! Eta, garrantzitsuena: INOR EZERTARA BEHARTU GABE. Iruditzen zaigu ikasleak behartzen ez baditugu ez dutela ezer egin nahi izango, ez direla klasera etorriko, ez dutela interesik erakutsiko… eta noski, ikasle batzuek ez dute parte hartu… dena delakoagatik… baina gehienek nahiago izan dute klasera etortzea, ostegun eta ostiraletan goizeko 8:30etan (gero kritikatuko da unibertsitarioen nagikeria…), edo ostiralean 13:30ak arte… eta modu aktiboan parte hartu dute, hausnartuz, interesez, jostatzeko eta ikasteko gogoz, umore onez, ikuspegi kritikoz…
Gure geure praktika simulakro bat izan da ezinezkoa posible izan daitekeela egiten/pentsatzen/sentitzen lagundu diguna… eta posible izan daitekeela kolektiboki lan egiten badugu, geure artean zainduz, lagunduz eta lagunduak izaten utziz, elkarrengan konfiantza izanik, jakintzen eraikuntza ahalbidetzen duten keinu eta akzio txiki piloari balioa emanez. Irakaslearen jabe-gabetzea eta ilusionismo sozialaren keinutxo bat…
[Ilusionismo sozialaren keinuen inguruan gehiago jakiteko – pdf]
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=hWga4WsCN2I[/youtube]
2014ko irailean hasita, partaidetza esperientziak bizitzen ari gara Magisteritzan (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan), 1., 3. eta 4. mailako hainbat talderekin, Javier Encina, ilusionista sozialaren laguntza eta lankidetzari esker, bisitan ere izan genuena aste pare batez saio batzuetan gurekin lanean (mila esker, Javi! <3). 7-8 aste hauetan gauza pilo-piloa gertatu da… izugarri ikasten ari gara eta gainera, alaitasun handiz!
Egunero gertatzen da zerbait zirraragarria, nire kaxkagorkeriak ikusten uzten ez zidan arren… Hona aurrerapen txiki bat, datozen asteotan jarraituko dut kontatzen eta sakontzen. Luzeegi ere ez jotzeko, 3. mailako esperientziatik hastea pentsatu dut, partaidetza-prozesu honetan lehenak izan zirenak hasten.
Hizkuntzaren Didaktika saioak 3. mailan
Esan daiteke hauxe dela talde motorea, egunero ideia berriak sortzen dira partaidetzaren eta eraikitze kolektiboaren ulermenean sakontzen eta, batez ere, gure arteko harremanak hobeak izan daitezen laguntzen digutenak. Proposamen orokor honekin hasi ginen: “irakasgai (denbora) honetan, egin nahi duguna egingo dugu”, eta egingo dugu “eraikitze kolektiboa eta partaidetza sustatuz”.
Hortik aurrera, hainbat ideia eta proposamenen ondoren, hiru proiektu-aitzakia aukeratu genituen, denbora labur honetan garatzeko modukoak (10 aste, 4 ordu astean):
- Magisteritza dekoratzea, harremanetarako eta lanerako leku atsegina izan dadin. Hortik sortu zen @decomagis izeneko esperientzia, Eskolako mugimendu sozial bilakatu dena, eskola osoan zehar jasotzen baitira proposamenak; dekorazioa aldarrikapenetarako tresna gisa erabiltzen da, eskatzen diren aldaketak adierazteko, proposamenak erakusteko… eta, hau dena, lan-taldea etengabe zabalduz, edozein pertsona edozein unetan parte hartu ahal izateko, proposamenak entzunez, elkarlanean eta irudimen handi-handiz.
- Gymkana bat belardian antolatzea, nahi duen edonork parte har dezan. Gymkana hau bihar egingo dugu, osteguna, urriaren 30ean 11etan, eta kontatu ezin ditudan sorpresak egongo dira… baina bertatik pasatzen bazarete, ez izan zalantzarik eta parte hartu, helburua da elkarrekin ondo pasatzea! Antolaketa honetan, proposamena egin zuen taldea lagundua izaten utzi die besteei, eta horrek asko irakatsi digu kolektiboki lan egitea zer den ulertzen. Proiektuaren “arrakastari” lehentasuna eman ordez, elkarrekin lan egitea izan da inportanteena, elkar zaintzea eta elkarri laguntzea. Gymkana iragartzeko pankarta Magisteritzako 3. pisutik 1.era jaisten da:
- Antzerki-talde bat sortzea: talde honek sormen handiz lan egin du, mini-antzerkiak sortuz, antzerkia planteatzeko modu asko proposatuz publikoa ikusle izatetik partaide izatera pasa dadin, tradiziozko rolak gainditzeko ideiak garatuz… Talde honetan asko eztabaidatu eta hausnartu da indibidualismoaz eta lan kolektiboaz, ikuskizun eta masa kulturaz… eta talde honetako kideak beste taldeei laguntzen aritu dira, beharra sortu denean.
Hau hizkuntzaren didaktika ote?
Proposatzen ari bagara hizkuntza ez dadila testuingururik gabe eta modu isolatuan landu, diziplinartekotasuna bilatzen badugu, ahozkotasunean oinarritu nahi badugu idatzizkoaren ulermena eta ekoizpena eraikitzeko… proiektu hauek ederki erakusten dituzte planteamendu horiek praktikan.
Proiektuen garapenean zehar, ikasleek (eta neuk!) eztabaidatu dute, negoziatu, hausnartu, idatzizko testuak elkarrekin ekoiztu dituzte, berriketan aritu dira… eta gainera, behar izan duten neurrian, Gorputz Hezkuntzako irakasleengana jo dute (gymkanarako materialak lortzeko), Plastikaren Hezkuntzako irakasleengana (pankarta eta dekoraziorako) eta Musika Hezkuntzako irakasleengana (gymkanaren egunean musika jarri ahal izateko).
Diziplinak modu naturalean integratu dituzte. Komunikazioa benetakoa izan da eta askotariko kanalak erabiliz: komunikazio elementu plastikoak, soinuzkoak eta musikalak, fisikoak, testualak… Prozesu osoan zehar, eztabaidak izan ditugu proiektuei sakontasuna emateko eta batez ere taldekideon eta taldetik haratagokoen arteko harremanetan sakontzeko. Kontraesanak topatu ditugu, blokeo eta frustrazio uneak izan ditugu, azpiegitura arazoak… baina arazo horiek konpontzen eta ebazten joan gara, ikuspegi kolektiboaren eta elkarren arteko laguntzaren ikuspegiari esker.
Eta, denetan onena, egiten ari ginenaren ilusioa konpartitzearen alaitasunaz egin dugu lan eta askatasun sentsazioaz, ez baitut nire botere koertzitiboa erabili (proiektua ez dute egin “notarako”, nahi izan dutelako baizik), eta horrek erraztu digu komunikazioa horizontalagoa izan zedin.
Fase honen amaieran, klaseko azken bi aste hauetan, ikasiko dugu hau dena nola “justifikatu legez”, unitate didaktiko moduko bat proposatuko baitugu egin duguna dokumentatzeko, eta unitate hau egiteko aitzakiaz, egindako lanaren askotariko ebaluazioak egingo ditugu, bizipen desberdinak ditugulako gertatu denaz, eta ebaluazioaren gaiaz debate bat zabalduko dugu.
Hortik aurrera… batek daki zer gertatuko den! Bizitzari sorpresak ematen utziko diogu! 😉
PD: Hona @decomagis-ek sarrera honi erantsi nahi diona (eskerrik asko!!!):
Lehenik eta behin, zer da talde-lana?
Bitxia da ikustea talde-lana ebaluazio-irizpideen zerrendan irakasgai askotan, inolako zehaztapenik gabe: “Talde-lana: %20”. Eta orduan galdetzen dut: “Talde-lanaren zein alderdi ebaluatuko duzu? Ze maila espero duzu, alegia, zer da %20 talde-lanean, zer egin behar da edo nolakoa izan behar da?…”. Normalean, galdera hauek ez dute erantzunik izaten.
Taldean lan egiteko modu asko dago. Ez da gauza bera zereginak taldean egitea edo lan-talde bat osatzea. Berez, talde-lanari lotutako adierazle mordo bat zerrenda genezake, hala nola (horrela, bat-batean botata):
- Lanaren kudeaketa prozesuan zehar
- Erabakiak hartzea
- Norbere iritzia eta ideiak aurkeztea taldeari, ekimena
- Besteren iritziak eta ideiak kontuan izatea
- Gatazkak kudeatzea
- Malgutasuna
- Elkarlana
- Komunikazioa, bai ahozkoa eta bai idatzizkoa
- Sormena eta berrikuntza
- Kultura eta izaera desberdinekiko tolerantzia
- Sinergia eta talde-kohesioa
- Hobekuntza eta kalitateranzko joera
- …
Eta gainera, lan-talde bakoitza desberdina da, bildu diren pertsonek dinamika propioa eratzen baitute, hobea edo okerragoa. Gutxienez, ez bada kontuan izaten taldean lan egitearen konplexutasuna, ez dakit zeren baitan jarriko ditugun kalifikazioak eta, okerrago dena, ez dakit nola lagunduko diegun hobetzen edo nola orientatuko ditugun taldeak.
Horregatik, kasu gehienetan talde-lana da ikasleek euren kasa antolatzen, sukaldatzen edo sufritzen duten kontu bat, eta irakasleok gauza handirik jakin gabe kalifikatzen duguna. Askotan, kexatzen gara ikasleen kexez, baina normala da banakako lanak egin nahi izatea askok, izugarrizko denbora galtzea izan baitaiteke. Horretaz, Emilio Quintanak Nodos ELEn argitaratutako artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizuet: “La gran estafa del trabajo en equipo”
Talde-lana eta lan-taldea ez dira sinonimo
Esperientziak ondo erakutsi digu talde-lanean aritzeak ez duela esan nahi parte hartzen duten gizakiak “enpastatuta” daudela. Horretaz kexu izaten gara irakasleok, baina ez gara konturatzen geuk sustatzen dugula taldeak ez eratzea. Maddux-ek 1988an idatzi zuen bezala (oh.: euskaraz ez da bereizten “group” eta “team” artean, hortaz hemen “group – talde” eta “team – ekipo” erabiliko dut, oso zuzena ez bada ere):
– Taldea (group) elkarrekin dago “hala tokatzen delako”, zereginera orientatuta dago, eskatutakoa betetzera. Ondorioz, irudimena eta sormena ez da apenas garatzen eta onespena garrantzitsuagoa izan ohi da berrikuntza edo bikaintasuna baino. Horrez gain, gatazkak kudeatzea zaila izaten da, zereginera orientatuta egonik gizaki desberdintasunari ez zaiolako erreparatzen eta hortaz, gatazka negatibotzat jotzen da.
– Ekipoa (team) elkarrekin dago ulertzen duelako elkarrekin lan hobea egin daitekeela banaka baino. Ekipoak ulertzen du interdependentzia beharrezkoa dela eta konfiantza giroan, norbanakoak aukera du bere talentua garatzeko taldearen helmugen mesedetan. Galderak egitea naturala da eta komunikazioa zintzoa da. Ondorioz, gatazkak taldean lan egitearen parte naturaltzat jotzen da eta taldekideak prest daude gatazka horiek kudeatzeko, ideia berriak sortzeko aukera gisa. Hala, irudimena eta sormena garatzeko giro egokia hedatzen da.
[Maddux, R.B. (1988). Team building (2nd ed.). Crisp Publications, Inc. California, USA.]
Irakaskuntzan, unibertsitatean batez ere (irakasgai eta lauhileko banaketaren ondorioz), ikasleak presionatzen ditugu zereginean kontzentratzeko, taldea egiten lagundu gabe eta ondorioz, ez dugu sustatzen ekipoak era daitezen. Alabaina, gero ekipoak balira bezala kalifikatzen ditugu eta ondorioz, iruditzen zaigu “talde-lanerako gaitasun baxua” dutela.
Horrez gain, lan-talde mota desberdin asko dago, eta lanean lagundu nahi badiegu (orientatu eta abar), pistak beharko ditugu jakiteko zein motakoa den talde bakoitza. Adibidez, adiskidez osatutako lan-taldeetan, talde-kohesioa oso garrantzitsua da eta horrek zaildu egin dezake ideia berriak sortzea edo lanean ari ez diren kideei arreta deitzea, eta ondorioz, adostasunera heltzea garrantzitsuegia izan daiteke; horregatik, talde hauei lagundu behar zaie ideia berrien eta pertsonen partehartze desberdinen dinamiken bidez.
Nola ebaluatu orduan?
Ez dago erantzun bakarra horretarako, baina, azkenean, irakasle askoren errealitatea da, gustatu ala ez gustatu, zenbaki bat jarri behar diogula lanari eta ikasleari. Zenbaki hori ez da inoiz “bidezkoa” izango, baina gutxienez nolabait justifikatzeko gai izan behar dugu, eta horretarako irizpideak eta ebidentziak eskatzen zaizkigu.
Horregatik, nik hauxe proposatuko nuke:
– Erraztasunak eman ekipoak sor daitezen: proiektuak diseinatu zereginen ordez, ez bideratu gehiegi taldeen lana eta denbora erabili taldearen kudeaketaz eta taldearen nortasunaz hitz egiteko eta dinamikak proposatzeko. Garrantzitsua da.
– Zehaztu talde-lanaren zein alderdiri emango diezun garrantzia bereziki. Irizpide batzuk finkatu (lauzpabost adibidez); irizpideek pistak ematen dizkiete ikasleei lehentasunak finkatzeko orduan.
– Irizpideak finkatzean, unibertsitatearen kasuan behintzat, pentsatu profesionalki zein diren lan-taldeen lehentasunak. Ez da gauza bera lantaldea irakaskuntzan, ingenieritzan, enpresagintzan… aztertu eta ikertu nola egiten duten lan talde eraginkorrek esparru profesionalean.
– Graduan zerbait koordinatu talde-lanaren inguruan (ahal delarik). Hau oso logikoa bada ere, badakit izugarri zaila dela, baina ez da normala lehen mailan eta azkenekoan berdin ebaluatzea talde-lana. Zehar-lerro funtsezkoa da gradu askotan baina ezer gutxi dago definituta eta are gutxiago eskalatuta (komunikazio gaitasunarekin gertatzen den bezala). Ez dira zehar-gaitasunak lehen mailatik absolutuetan ebaluatu behar.
– Talde-dinamikak, teknikak, jarduera-motak, lana kudeatzeko tresnak, baliabideak… ia dena asmatuta dago. Ez zara lehen pertsona munduan ikasleak taldeka jartzen dituena. Ez saiatu gurpila asmatzen. Ikertu, dokumentatu, bilatu… eta aurkitzen duzunarekin zure errealitatea behatu, behar duzuena hautatzeko eta moldatzeko.
– Errubrikak erabil ditzakezu lagungarri bazaizkizu. Errubrika asko dago talde-lanaren inguruan baina ez aplikatu sistematikoki, egokitu zure arlora, mailara, zure ikasleen gaitasunetara, zure testuingurura. Hemen dituzu asko zabaldu diren errubrika hauek (Rubistarretik), baina ez erabili egokitu gabe:
Artikulu hau idazteko erabilitako iturri gomendagarri bat:
Craig, K.B. (2008). Investigating Teamwork Competencies in the Value Chain of a Selected Wool Brokerage Logistics Department. Dissertation for the Degree Masters Bussiness Administration. Nelson Mandela Metropolitan University, Business School.
Bonus track
(eguneraketa)
Analogia hau ere oso esanguratsua egiten zait talde-lanaren inguruan. Askotan esaten da (Euskal Herrian bereziki, noski) talde-lana ondo joateko taldekide guztiek norabide berean egin behar dutela arraun, honelako zerbait:
Baina ni ez nago analogia horrekin ados. Arraun egin dut eta oso “zereginera orientatua” dago, ez dago tarte handirik sormenerako eta nork bere kualitateei zukua ateratzeko. Horregatik, nik askoz nahiago dut errugbiaren analogia: altuagoa, baxuagoa, argalagoa edo lodiagoa izan zaitezke, modu asko daude taldean integratzeko eta nork bere kualitateak eta sormena garatzeko:
Gainera, “zikinagoa” da eta partidaren ondoren, hirugarren denbora dago, lanaren parte gisa 😉
Uste dut horrela argiago geratuko dela 😉
Oh: artikulu hau ainhoaezeiza.net blogetik berreskuratua da eta zertxobait moldatua. Noiz sortua: Igandea, 19 Otsaila 2012 09:38. Lehenago ainhoaezeiza.net-en jasotako bisitak: 47360
|
|