|
Gaur, 2015eko urriaren 22an, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Lehen MagisFesta egingo dugu, Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako ikasleek antolatua (31 taldea).
Egitaraua
Ikasleek aurten hainbat proposamen egin dituzte Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian gauzatzeko, euren nahietatik abiatuz eta ilusionismo sozialaren printzipioetan oinarriturik. Horietariko bat Magisteritzan festa bat antolatzea izan da, jendearekin eta jendearengandik lan egiteko, magisteritzako beste pertsona batzuekin elkartzeko, bizipenak partekatzeko…
11:00etan hasiko gara eraikinaren barruan jolasak eginez: lokotxak, sokatira, zaku-lasterketa, zapi-jolas kooperatiboa… Horrez gain, hainbat leku egongo da ideiak biltzeko, hausnartzeko eta sortzen ari garen aldizkarien berri emateko.
13:00etan, bazkari bat egingo dugu autogestionatua, norberak ekarritakoa banatuz, elkarrekin disfrutatzeko. Gure nahia da jendearekin hitz egitea eta ondo pasatzea.
Ilusio handiz prestatu dugu jai hau. Inguruan bazabiltza, gerturatu eta ondo pasa gurekin!!!
Twitterren #magisfesta
Dagoeneko zabalik da irakaskuntza arautuko irakasleei zuzendutako formazioaren bigarren eperako matrikula (irailaren 25a arte) eta aurten, hizkuntzen irakaskuntzari lotutako bi ikastaro proposatu ditugu, bata aurrez aurrekoa eta bestea online.
Hona programako katalogo osoa eta matrikulatzeko esteka:
Eskaintzen ditugun bi ikastaroak izenburu berekoak dira:
Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan
279 ikastaroa aurrez aurrekoa izango da, 2015eko azaroaren 11tik abenduaren 4ra arte, Donostian.
280 ikastaroa online izango da, 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean.
Proposamen teorikoak garatu diren eta garatzen ari diren esperientzia praktikoekin batera landuko ditugu, eta ikastaroko partehartzaile bakoitzaren esperientziatik abiatuta ere joango gara proposamenak lantzen eta sortzen diren gatazkak eta ideia onak trukatzen eta eraikitzen.
Uste dugu proposamen interesgarria dela eta momentu ona dela eleaniztasunaren inguruan orain arte egindakoaz hausnartu eta pauso berriak emateko, animatu eta eman izena!!!
EGITARAUA
HELBURUAK
- Eskola inklusiboaren markoan, ikasleen hezkuntza-premiei erantzun bateratua eta eraginkorra ematea;
- Alofonoek beraiena ez den hizkuntzan gure curriculuma ikasi behar dutenei proposamen egokiak egitea;
- Hizkuntza eta edukiak batera lantzeko proposamenak ezagutzea: hizkuntza edukien bitartez, SIOP…
- Ikasleen parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko antolamendu eta estrategia inkusibo arrakastatsuak aztertzea;
- Baliabide didaktikoen analisia eta lanketa bultzatzea
EDUKIAK
- Kultura eta kulturak: estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak… kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea.
- Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak.
- Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioaren garrantzia. Ahozkoa ez da “ozenki esatea”. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak.
- Ahozko historiak eta istorioak ikasgelako / ikastetxeko hizkuntza eta kultura baliabide gisa.
- Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak.
- Hizkuntzaren jabe-gabetzea: hizkuntzaren ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea.
- Ikuspegi instituzionala, masa-kulturaren presioa eta hizkuntzaren erabilera testuinguru informaletan: erronka berriak.
METODOLOGIA
Ikastaroaren partaideek praktikan jarriko dute euren ikasleekin ikastaroan landutakoa, eta euren jakintzak ikastaro kideekin partekatuko dituzte.
Esperientzia pertsonala eta norberaren ikastetxeko egoera zehatza (edo aurretik ezagututakoak) izango dira abiapuntu, ikastaroko partaideen artean eztabaidatu, hausnartu eta aukera berrietara zabaltzeko. Ikastaroa praktikoa da eguneroko bizitzako egoerei lotuta dagoelako, baina aldi berean, egunerokotasuna kritikoki aztertuko da ikuspegi teorikoen laguntzaz.
Ikastaroan zehar, sentitu, pentsatu eta ekitea elkarlotzeko enfokeari helduko zaio, hartara ikastaroa bera simulakro bat izango da gure erakundean nola esku hartu lantzeko, baita gure eguneroko bizitzako espazio eta guneetan ere.
Horregatik uste dugu ikastaroak hainbat dinamika abiatu behar dituela espazio indibidualak, taldekakoak eta kolektiboak izateko eztabaidatzeko eta elkarrekin eraikitzeko, ez soilik dinamizatzaileok proposatzen duguna, partaideek eskaintzen dituzten jakintzak aintzat hartuta ere lan egingo dugu, pentsatze, sentitze eta ekiteak tranferitzeko eta nork bere testuinguruak aberastuak izateko eraikitako jakintza guztiekin.
Ikuspegi honekin, soilik joango gara planteatzen nola hasi eztabaidagai bakoitza, ikastaroak bere dinamika propioa garatzeko.
EBALUAZIOA ETA INPAKTUA
Ebaluazioa bera eztabaidagai garrantzitsu bat izango da: nola ebaluatu aniztasunean lan egiten denean? Aldez aurretik finkatutako ebaluazio-adierazleen ikuspegia gainditu egin nahi dugu eta ebaluazioaren ikuspegi etikoa landuko da ikastaroan, errespetuzkoa, norberak kolektiboari egin dion ekarpena kontuan hartuta eta kolektiboak berak eraikitako jakintzen transferentziaren ikuspegitik.
Horrek eskatzen du dinamizatzaileon aldetik sentsibilitate handiz jokatzea eta sortzen diren aukerak probestea, ikasitakoak azaleratzeko eta balioesteko. Lan egiteko modu honek unean uneko eta lekuan lekuko ebaluazioa lantzen du eta amaierako dokumentazioaren bitartez hausnartuko dira prozesuan zehar gertatutako ikaskuntzak.
Ikastaroak sorraraz dezakeen praktikaren inguruko gogoeta eta hobekuntza balioesteko, ebaluazio adierazleak proposatuko dira eta horien arabera, bai materialak, bai jarduerak bai prozesu osoa balio
“Jendea gehiago kontuan hartzen duen” partaidetza prozesu bat abiatu nahi badugu, pentsatu behar dugu ez garela lehenak halako zerbait egiteko ideia izan dugunak. Partaidetza prozesuak egiteko erak hiru hauetan laburbil daitezke:
- Lehena, ordaintzen digunarengatik/digunarentzat lan egitea litzateke (bidaltzen gaituenarentzat). Ez diogu ezer galdetu behar geure buruari, ezta inorekin lan egin beharrik ere; eskatu digutena egin behar dugu, ezarri dizkiguten edo geuk aldez aurretik ezarri ditugun helburuak bete besterik ez dugu.
- Bigarrena, jendearengatik eta jendearentzat lan egitea izango litzateke. Ez diogu geure buruari ezer galdetu behar, aldez aurretik finkatu ditugu helburuak edo erantzunak aurkitu; geure proiektu barruan ez daudenekin ez dugu zertan lanik egin. Jendeak behar duena ezagutzea eta ematea da gure zeregin bakarra.
- Hirugarrena, jendearekin eta jendearengandik lan egitea litzateke. Jendearekin lan egin behar dugu, bere eguneroko bizitzaren protagonista izatea nahi badugu, jendeak bere bizitza autogestionatuko badu (beren kabuz gidatu). Horrela, prozesua abiatzen denetik aurrera, jendea izango da bere herria, auzoa, komunitatea… nolakoa izango den eraikitzen joango dena, proposamenak eginez, kolektiboki eztabaidatuz eta, taldeka, erabakitako proposamenak gauzatuz, modu dialektikoan.
Irakurtzen segitzeko:
https://docs.google.com/document/d/11GDA8Sn8IQfrk6eFnQtuQbKKbhmMYwZBp2zdvEaObS0/edit?usp=sharing
Eta bideo bat:
[vimeo]https://vimeo.com/71911701[/vimeo]
2015eko udaran zehar, Jabe-Gabetzearen Nazioarteko I Jardunaldiak egingo dira munduan barrena. Hemen duzue eguneratzen gabiltzan informazioa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/jabe-gabetzearen-nazioarteko-i.html
Eta pentsatu genuen… zergatik ez antolatu geuk jardunaldi horietarako ekitaldiren bat? Azken batean, ikasturte osoa daramagu hezkuntzaren jabe-gabetzeaz hausnartzen eta ilusionismo sozialetik abiatuta lan egiten… Hortxe genbiltzala, Kontxi gure mintegikideak aukera zabaldu zigun Lesakan egiteko, bertako Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian. Lekua zoragarria da, inondik ere!
Hauxe da gure proposamena:
JABE-GABETZEAREN NAZIOARTEKO I JARDUNALDIAK EUSKAL HERRIAN
Lesaka (Nafarroa), 2015eko abuztuaren 4tik 9ra, Matxinbeltzenea Aterpetxe-barnetegian.
Hau da egunez egun egitea proposatu duguna:
Abuztuak 4, 18:00etan: Lesakako jardunaldien aurkezpena. Zer da jabe-gabetzea? sarrera labur bat. Nazioarteko jardunaldietan zehar Kolonbian, Andaluzian eta Mexikon egindakoaren kontaketa.
Abuztuak 5, 10:00etatik 14:00etara: Partaidetza-motak eta itxaropena (jabe-gabetzearen zutabea).
Abuztuak 6, 10:00etatik 14:00etara: Hezkuntzaren jabe-gabetzea eta eraikitze kolektiboa.
Abuztuak 7, 10:00etatik 14:00etara: Eskola komuna.
Abuztuak 8, 10:00etatik 14:00etara: Hizkuntzaren jabe-gabetzea.
Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko arratsaldeetarako, gaiak proposatu ahal izango dira (aldez aurretik edo bertan), edo ibilaldiak egin, bazkalosteko kafean endredatu, deskantsatu, edo besterik gabe, jendearekin egon.
Proposamenik baduzu, bidaliguzu eposta honetara:
ilusionistasozialak@gmail.com
HIZKUNTZAK:
Beste leku batzuetako lagunak etorriko direnez (Andaluziatik gehienbat), goizeko saioak gaztelaniaz izango dira. Arratsaldean… joango gara ikusten.
Nolanahi ere, topaketa hau baliatu nahi dugu Lesakara hurbiltzen den edonorekin hausnartzeko, eztabaidatzeko, esperientziak trukatzeko… elkarrekin eraikitzeko. Seguru elkar ulertzeko moduak bururatuko zaizkigula!
DINAMIKA:
Topaketa hauek edonorentzat daude zabalik. Partaidetza-erak interesatzen bazaizkizu, jakintzak eraikitzeko beste modu batzuk, harreman horizontalak eratzeko moduak, jabe-gabetzea (“desempoderamiento“) hezkuntza komuna, hizkuntza eta ahozkotasuna… animatu eta parte hartu!!!
Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea.
Aldez aurretik gaian sakondu nahi baduzu… hona “Jabe-gabetzea. Sarrera bat.” artikuluaren euskarazko bertsioa:
https://docs.google.com/document/d/1zDu3xiC3guCtjM2XdGdWXa2hd8D-VL6iMJG81d8RShQ/edit?usp=sharing
*parte hartzeko asmoa baduzu, irakurri beherago duzun “ixilpeko klausula”
LEKUA ETA IZENEMATEA:
Ekitaldi hau autogestionatua da eta ditugun baliabideak partekatuko ditugu jardunaldiaz gozatzeko elkarrekin.
Debate-solasaldietan parte hartzeko, ez da beharrezkoa ez izena ematea eta ez izenematea ordaintzea, etorri eta kitto. Hala ere, eskertuko genuke mezutxoren bat bidaltzea, korreoz, feisbukez, watxapetik… jakinaren gainean egon gaitezen.
Matxinbeltzeneako arduradunei esker, gelak erabiltzeaz gain, bertan prestatu ahal izango ditugu otorduak eta baita lo egin ere!
- Gauez geratu nahi baduzu, 16 euro izango dira gau bakoitzeko. eta aldez aurretik jakinarazi behar diguzu zein egunetan geratuko zaren, gelak antolatzeko. Gelak 4, 6 edo 8 lagunekoak izango dira. Ordainketa norberak egingo du bertan.
- Otorduetan, norberak dakarrena bertako sukaldean prestatzen denarekin batuko dugu. Adibidez, saioen aurretik gosaltzera bazatoz, zeozer ekar dezakezu edota dirua jarri esnea edo kafea erosteko. Bazkaltzen geratzeko, aldez aurretik abisatzea ezinbestekoa da erosketak eta lana antolatzeko.
- Kontuan hartu nahi dugu partehartzaile bakoitzak errazena egiten zaiona ekartzea eta jateko-edatekoen antolaketan konfiantzan eta elkarlaguntzan oinarrituko gara. Dagoenarekin joango gara konpontzen.
Inportantea da bazkaltzen edota gauez lotara geratu nahi baduzu, aldez aurretik jakinaraztea eposta guri bidaliz: ilusionistasozialak@gmail.com (ahal baduzu, ekainean zehar abisatu)
Errazena da posta elektroniko bat bidaltzea zure asmoekin (zenbat egunetara etorriko zaren, lotara geratuko zaren, jatekorik ekartzeko moduan zauden…).
Harremanetan jartzeko watxapa erabili nahiago baduzu, bidali guri eposta bat zure telefono zenbakiarekin eta jarriko gara harremanetan. Watxapeko kudeaketaren arduraduna Ainhoa Ezeiza da eta banaka zein taldeka joango gara antolatzen (partaide guztioi eskatzen dizuegu watxapa neurriz erabiltzea eta telefono zenbakien pribatutasuna gordetzea).
DIRULAGUNTZAK:
ERNE! Dirulaguntzak kudeatzen ari gara EHUko ikasleentzat egonaldia ordaintzeko, interesatzen bazaizkizu, jarri gurekin harremanetan lehenbailehen:
ilusionistasozialak@gmail.com
edo
ainhoa.ezeiza@ehu.eus
Kaixo denoi! Bihar izango dugu Hizkuntza eta Teknologia irakasgaiko azterketa ofiziala, 15:00etatik 17:00etara 3.5 gelan. Esan daiteke AZKEN AUKERA dela kalifikazioari begira zeozer egiteko eta funtsean, azken aukera da zerbait (gehiago) egin nahi duzuenontzat.
Orain arte zuetako gehientsuenok oso lan politak egin dituzue, interesgarriak, irudimentsuak… kalifikazioak jartzeko asteburua beharko dut baina astelehenerako jarrita izango dituzue ia-ia ziur.
Zuetako beste batzuk EZ ZARETE IRAKASGAI HONETAKO IKASLEAK, edo agian ez zarete “ikasle” ere… baina guri horrek ez digu axola, guretzat azterketa bat elkarrekin eraikitzen segitzeko aukera bat baino ez da!!!
ANIMATU ETA BIHAR ETORRI! Ez duzue ezer aldez aurretik prestatu behar. Elkartzen garenon artean lan batzuk egingo ditugu bi ordu horietan eta egiten duguna kalifikazioa osatzeko erabiliko dugu (irakasgaiko ikasle zaretenok) eta beste espezialitate batekoa bazara, beste gradu batekoa… zuri esker aniztasun handiagoko saioa izango da!
Besarkada bat denoi!
Irudiaren iturria: Festa Major de Sants, Viquipèdia
http://www.jakintzalibre.eus/
Datorren asteko ostegunean, 2015eko maiatzaren 7an, Bilbon egingo dira Jakintza Librearen V. Jardunaldiak: Teknologia Irakaslearen eskura eta saioetako bat dinamizatzera (edo akuilatzera…) gonbidatu naute (eskerrik asko!!!). Hementxe duzue egitarau osoa: http://www.jakintzalibre.eus/teknologia-irakaslearen-eskura-egitaraua/
Egitaraua
Saioa 11:45etik 13:45era izango da, neure kasuan unibertsitateaz, gradu eta graduondokoez eta hezkuntza ez formalaz ariko gara hausnartzen.
ZER DA JAKINTZA LIBREA?
Jakintza librea materialak sarean argitaratzea da? Creative Commons lizentziak erabiltzea da? Hori, nire ustez, ondo dago baina oso pausu txikia da. Nik ez dut jakintza librea horrela ikusten. Niretzat, jakintza librea da elkarrekin eraikitzen dena eta ondorioz jaberik ez duena. Jakintza librea harreman horizontalekin dago lotuta, ez IKTen erabilerarekin… nahiz eta IKTak oso baliagarriak diren jakintza partekatzeko, trukatzeko, jende berria topatzeko eta eraikitzeko jarraitzeko.
Niretzat esaterako, MOOC bat (Massive Open Online Course) ez da jakintza librea, jakintza gatibua da, nahiz eta sarrera librekoa izan.
Niretzat, materialen bilgune bat ez da jakintza librea.
Niretzat, unibertsitatean transmititzen den jakintza ez da jakintza librea.
Orduan… zein leku izan dezakete IKTek jakintzak libreki eraikitzeko, Estatuaren egituren menpe egon gabe, Merkatuaren menpe egon gabe? Nola egin dezakegu lan ikasleekin eta ikasleengandik, horizontalki eraikitzeko jakintzak (jakintza zientifikoak, jakintza herrikoiak…)?
Saio honetan, esperientzia batzuk komentatuko ditugu, egiturak nola malgutu, nola egin lan ikaskuntza kooperatiboa alde batera utzi eta ikaskuntza kolektiboetara joz, nola joan lurralde eta ordutegiak espazio eta denbora bihurtzen…
Ea nora garamatzan saioak!
2015eko apirilaren 16 eta 17an, Ilusionista Sozialen Mintegia Eratzeko Topaketen jarduera gisa, LUDOPEDAGOGIA tailerra egin genuen Fabián Tellechea “Watu” uruguaitarrak eta María Rivasés zaragozarrak gidatua Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Benetan pozgarria, alaia, dibertigarria, bizia, jostagarria, zirraragarria izan zen saioa eta primeran pasa genuen. Ludopedagogiaren metodologia ezagutu nahi genuen eta ezagutzeko modurik onena EGINEZ/SENTITUZ/PENTSATUZ da, dudarik gabe!
|
Jolasaren hegaldia hartzeko prestatzen… |
ZER DA LUDOPEDAGOGIA?
Ludopedagogia eraikitze kolektiboko metodologia bat da, oraindik zabalik eta amaitu gabea, 1989an Uruguayko La Mancha zentruak sortutakoa, eta bere proposamena da ikuspegi metodologiko batetik jolasteko gaitasuna berreskuratzen saiatzea, balioestea eta bersortzea/jostatzea, ulertzen duelako jolasa ibilbide baliozkoa dela errealitatea ber-deskubritzeko (errealitate intimoa, publikoa, kolektiboa eta pertsonala), baita jakintzarekin uztartzeko forma bat ere. Beste mundu posible batzuen jaiotzan lagundu nahi du, eta horregatik, bere helburua da bizi dugun errealitatea eraldatzea.
Proposamen politikoa da funtsean, asmoa errealitatea eraldatzeko jarrera eta ekintza indibidualak eta kolektiboak sustatzea baita; giza-esistentziaren baldintza objektiboak eta subjektiboak aldatuz, pertsonen garapen osatuagoa bilatu nahi da metodologia honen bitartez.
Gehiago jakiteko: http://www.mancha.org.uy/uc_2030_1.html
METODOLOGIAK ETA TRESNAK… SAIOAREN HAUSNARKETA
Zoragarria izan zen parte hartu genuen guztiok gure sentipenak partekatzea, ezin esan zenbat barre egin genuen!!! Jolasak hausnaketekin tartekatzen joan ziren bi egunetan zehar, gure kasuan bereziki partaidetzaren inguruan ideiak trukatzeko erabili genuen hausnarketaren atala, baita ludopedagogiaz beraz hausnartzeko ere. Jolasek eragin zizkiguten sentipen biziek gure artean desberdin erlazionatzen lagundu ziguten. “Watu”-ren hitzetan, horrela jolastea planu kontzientearen eta ametsen planuaren artean kokatzen gaitu eta horrela, errealitatea beste era batera ulertzera, beste errealitate batzuk ikusten lagun diezaguke.
Ludopedagogia metodologia gisa planteatzen denez, Ilusionismo Sozialetik lan egiten dugunean metodologiak baztertu egiten ditugula eta, eztabaida sortu zen amaieran metodologia eta baliabideen artean. Beharrezkoak dira metodologiak? Metodologiak erabiliz, bi egun horietan gela horretan landu genuenak haratago parte hartzera, eraikitze kolektibora, errealitatearen eraldatzera eramango gaitu? Bertan bizi izan genituenak gelatik kanpo transferituko ditugu?…METODOLOGIAK dinamizatzaileen ahotsaren menpe kokatzen gaitu (jarraipideak, arauak, hurrenkerak…). Gure ustez, ludopedagogia BALIABIDE gisa tresna indartsua da blokeoak gainditzeko bizipozaren laguntzaz, harremanak horizontalizatzen laguntzeko (esaterako ikasle-irakasle mugak gainditzen laguntzeko), elkarren arteko ezagutzaren atea zabaltzeko, dezentratzeko… Eraldaketarako bide berriak zabaltzeko, azken batean! Gainera, jolasaren aldarrikapena ere oso baliotsua iruditzen zaigu bitartekaritza desiragarriak sortzeko eta dinamizatzeko teknikak garatzeko tresna dela uste baitugu.
Poz handia eman zigun elkarrekin jolasteak ludopedagogiaren ikuspegitik eta benetan eskertuta gaude Watu eta Maríari mintegia eratzeko topaketetan gurekin batera egoteagatik! Seguru berriz izango garela elkarrekin!!!
Datorren asteazkenean, 2015eko apirilak 15, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Majisteritzan) Hezkuntzaren Jabe-gabetzearen saioa izango dugu 1.3 gelan, 16:00etatik 20:00etara, Maider Aizpuruak koordinatua.
Astean zehar jorratzen joango garen saio bakoitzak gai bat dute abiapuntu eta zabaltzen doaz, bertaratzen direnen partehartzeen eta eraikitze kolektiboen arabera. Hau ez da horren salbuespen… . Esta no es una excepción… Hezkuntzaren jabe-gabetzearen gaineko hausnarketatik abiatuta, hamaika bide zabaltzeko aukerak daude, adibidez hauek bururatzen zaizkit oraintxe:
– Hezkuntza alternatiboa eskola publiko edota pribatutik/arekin
– Eskola publikoa (Estatuaren jabetzapean) eta eskola pribatua (pertsona edo talde baten jabetzapean) edo eskola komuna (denok darabilguna)
– Eskola eta legeak
Baina beste batzuk ere izan daitezke, elkartzen garenon arabera, hori da topaketen eta eraikuntza kolektiboen punttu zirraragarria!!!
GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.
Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!
Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html
Datorren asteartean, apirilak 14, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 2.4 gelan, ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIA aurkeztuko dugu 16:00etatik 20:00etara.
Zer da Ilusionismo Soziala? Javier ENCINA eta Ainhoa EZEIZA izango dira saioaren dinamizatzaileak. Saioan zehar, Mintegian egiten ari garen lana komentatzeaz gain, ilusionismo sozialaren printzipioetan sakonduko dugu, kolektiboki eraikitzen segitzeko moduak partekatzeko eta sortzeko.
GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.
Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!
Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html
ZERGATIK ILUSIONISMO SOZIALA?
Ilusionismo Soziala ez da metodologia bat, jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK lan egiteko hasiera bat baizik, sentitu/pentsatu/ekin bat eginez. Irakasleak (edo hezitzaileak, edo alderdi politikoak, edo gobernuak…) ezartzen dituen mugen barruan parte hartzera mugatu ordez, Ilusionismo Sozialak eguneroko bizitzaren autogestio kolektiboa planteatzen du helburu orokor gisa. Horrek esan nahi du JENDEA dela bere bizitzaren protagonista, objektu izatetik (nire ikaslea, nire seme-alaba, nire militantea, nire langilea…) subjektu izatera pasaz.
Magisteritza Eskolan Ilusionismo Soziala arrazoi askorengatik hautatu dugu, baina batez ere ikuspegi etiko sakona planteatzen duelako, jendea sailkatzetik (adinaren arabera, hizkuntzaren arabera, gaitasunen arabera, lanbidearen arabera, maila sozio-ekonomikoaren arabera…) askatu eta lekuan leku topatzen garen jendearekin eta jendearengandik lan egitera pasaz, hala harreman-moduak dira lehentasunezko, edukien aurretik.
Gainera, hezkuntza eraldatzeko orain arte saiatutako bideek ez gaituzte eraman benetan nahi genuen eraldaketara, eta hortaz, bide berriak zabaldu behar ditugu. Ilusionismo Sozialak laguntzen du posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenerako bidea egiten.
[vimeo]https://vimeo.com/74869959[/vimeo]
Ilusionismo Sozialaz gehiago jakiteko: http://ilusionismosocial.org/course/view.php?id=7
ILUSIONISTA SOZIALEN MINTEGIAZ
Ilusionista Sozialen Mintegia hezkuntzaz eztabaidatzeko eta proposamenak trukatzeko gunea da, jakintzak harreman horizontaletan oinarrituta eraikitzeko, jakintza herrikoiak eta jakintza zientifikoak maila berean nahastuz… Horretarako, Ilusionismo Sozialetik abiatzen gara eta hezkuntzaren jabe-gabetzea dugu oinarri.
Mintegi honetan egiten ditugun topaketak irekiak dira, edonork har dezake parte eta gainera, oso osasuntsua zein beharrezkoa da askotariko jendea hurbiltzea, bai lanbide edo diziplina desberdinetakoak bai izaera eta ikuspegi desberdinekoa.
Mintegi hau ikerketa-talde honi dago atxikita:
ILUSIONISMO SOZIALA. Hezkuntzaren jabe-gabetzea, partaidetza eta jakintza herrikoiak.
Ilusionista Sozialen Kolektiboaren sarekide dira Mintegia eta ikerketa-taldea.
Ilusionista Sozialen Mintegia eratzeko topaketak hasteko, 2015eko apirilaren 13an, 16:00etatik 20:00etara, BIDEO-FORUM saioa izango dugu Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako 1.3 gelan.
Saioa Naiara Larrañaga ikasleak koordinatuko du eta ideia da majisteritzan egiten ditugun bideoak konpartitzea eta bideo horietan oinarritutako eztabaidak piztea.
Zure bideoak partekatu nahi badituzu, bidali mezutxo bat gure epostara: ilusionistasozialak@gmail.com
AUPA GAZTE!
Bideoak erakustera
animatu zaite!
Aukera paregabea
izan liteke
Esperientziak konpartitzen
ikasi daiteke!
GOGORATU: Sarrera librea da eta nahi/ahal duzun tartera hurbildu zaitezke. Klasetik 16:30etan irteten bazara ere, etorri lasai, ongietorria izango zara.
Ikasle, irakasle zein administrari eta zerbitzuetakoa, edozein lanbide duzularik ere, animatu etortzera!
Topaketen programa osoa: http://ilusionistasozialak.blogspot.com.es/p/mintegia-eratzeko-topaketak-programa.html
BIDEOGINTZA, PARTE HARTZEKO MODU BAT
Bideogintzak parte hartzeko eta hausnartzeko duen balioa azpimarratu nahi dugu saio honen bitartez. Karreran zehar, bideoa maiz erabiltzen dugu baina gehienetan, zeregin gisa aurkezten dugu eta hor amaitzen da bideo horren bizitza.
Ikaskideen bideoak ikusiz, nahastuz, berreginez, aldiz, balio berriak emango genizkieke bideoei eta hartara, elkarrekin eta elkarrengandik ikasten segitzeko beste modu bat izan litezke.
Horregatik, topaketen astean zehar (apirilaren 13tik 17ra), Majisteritzako ikasleon bideo-sortze lanak emango ditugu Eskolako kafetegian, MajisTV deitu dugunaren lehen probak egiteko.
Bideo perfektu eta itxiak, gidoi zehatza dutenak eta hasi-amaiera dutenak baino gehiago interesatzen zaizkigu bideo-zirriborro inperfektuak, bat-batekoak, eztabaidarako ematen dutenak…
PROPOSAMENA: Bideoak sarera igotzen dituzunean, jarri mesedez Creative Commons lizentzia (“youtube lizentzia estandarra”ren ordez) eta hartara, bideo berriak sortu ahal izango dira zure bideoak beste batzuekin nahasiz! Oso erraza da aldatzea: “Ezarpen aurreratuak” aukeran Youtube-n adibidez.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=OJIKcFOFero[/youtube]
|
|