|
Konturatu gara munduko leku desberdinetan antzerako kezkak ditugun pertsonak gaudela, eta pertsona horietako batzuekin harremanetan gabiltzanez, pentsatu dugu interesgarria izan daitekeela orain arte posta elektronikoz edo bertaratuz izan ditugun truke horiek irekitzea, jende gehiagok parte har dezan. Horretarako, online ikastaro baten proposamena sortu dugu, gure pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak partekatu eta elkarri laguntzeko.
Aldi berean, ez genuen guztiz online izango den ikastaro bat egin nahi. Uste dugu garrantzitsua dela lekuan lekuko jendeak elkar ezagutzea, ez dadin izan formazio huts bat, formaziotik formakziora pasatu ahal izateko. Horregatik, online ikastaroa egiteko, aurrez aurre gutxienez 8 orduz aritzea eskatzen dugu.
Donostiako topaketekin elkarloturik, sei ibilbide formatibo proposatu ditugu, guztira 50 orduko formazio-egiaztagiria jasotzeko. NAHIAGO DUZUN AUKERA egin dezakezu, zure interesen arabera, eta zalantzarik baduzu edo argi ez baduzu, lasai galdeguzu.
Harremanetarako: ilusionistasozialak@gmail.com
Online ikastaroa eta 50 orduko formazio-egiaztagiria doakoak dira. Ilusionista Sozialen Mintegian ez dizugu eskatuko ezer ordaintzea gurekin batera formatzeko. Geuk ere asko ikasten dugu zure partaidetzarekin!
Atzo 1. Blokea argitu genuen eta gaur 2. blokea argituko dugu:
2. BLOKEA: JendeAREKIN eta jendeARENGANDIK
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (12 ordu aurrez aurre):
Urriak 13 Jendearekin eta jendearengandik lan egiten (4 ordu)
Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 15 Kultura herrikoiak, espazioak eta denborak (4 ordu)
Bloke hau osatzeko, 38 ordu egin behar dira online, 7 aste:
1. astea: Botere moduen inguruko sarrera
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jendearekin eta jendearengandik egindako partehartze esperientziak
4. astea: Bitartekaritza sozialak
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Jabe-gabetze komunitarioa
7. astea: Ilusionismo Sozialaren zentzumenak, teknikak eta tresnak
Donostiako saioen inguruko informazio gehiago (ordutegia, lekua, gainerako saioak…)
Ikastaroaren inguruko informazio gehiago, gainerako blokeak eta abar
Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:
Aspaldi gabiltza geure buruari planteatzen nola eraiki formakzio proposamen bat unibertsitatean egiten ari garen gauza batzuk kalean egiten ari garen beste gauza batzuekin eta gauzak egiten ari den jendearekin elkarlotzeko… eta aitzakia gisa balioko duena gizarte-laboreak sortzeko, sustatzeko, dinamizatzeko, Penintsula Iberikoan eta Latinoamerikan. Ze, gure asmoa da ezagutza zientifikoaren, jakintza herrikoien eta ezagutza alternatiboen arteko mestizajean topatzea, belaunaldi arteko, kulturarteko, genero arteko… trukeak sustatzea, alegia.
Ideia horietatik sortu dugu formakzio proposamen hau (formakzioa, formazioa eta akzioa elkarlotzen saiatzea). Horregatik, pentsatu dugu formakzioak aurrez aurrekoa eta onlinekoa, biak lotu behar dituela. Hartara, online espazio komun bat izan dezakegu, leku desberdinetako jendearekin kolektiboki eraikitzea ahalbidetzeko, eta aurrez aurrekoa, lekuan lekuko jendeak elkar ezagutzeko, ahozkotasunean oinarriturik.
Partaideentzat ibilbide desberdinak proposatu ditugu, aurrez aurreko lana eta online lana bateraturik, 50 orduko formazio modulu bat osatu arte. Hala, leku desberdinetako jendeak ibilbide desberdinak egingo ditu, eta bide horretan jende desberdinarekin elkartzen joango da… Beno, bai, agian ez da oso-oso ulerterraza… baina zaila da konplexutasuna azaltzea!!!
Blokez bloke azaltzen joango gara eta horrela espero dugu ulergarriagoa izatea. Gaur 1. blokea:
1 BLOKEA: Norena da hizkuntza? Kultura herrikoiak eta hizkuntzaren jabe-gabetzea
Bloke hau Donostian egingo ditugun aurrez aurreko saio hauekin lotzen da (20 ordu aurrez aurre):
Urriak 5 Hizkuntzaren normalizazioa. Norena da hizkuntza? Mahai-ingurua (euskaraz) (4 ordu)
Urriak 14 Hezkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
Urriak 19 Kultura herrikoiak eta sortze literarioa (4 ordu)
Urriak 20 Ahozkotasuna eta kulturaren berreskuratzea (4 ordu)
Urriak 21 Hizkuntzaren jabe-gabetzea (4 ordu)
*Eusko Jaurlaritzaren egiaztapena: 25 ordu (egiaztapen hau eskuratzeko, ezinbestekoa da irakasle.net aplikazio ofizialaren bitartez ematea izena, aurrez aurreko saioetan %80 ko bertaratzea izatea eta 5 ordu betetzea ikastaroaren amaierako lan bat osatzeko, urriaren 24tik 30era bitartean)
Bloke hau osatzeko, 30 ordu egin behar dira online, 6 aste:
1. astea: Kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboak eta kultura herrikoiak
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Ahozko historiak
4. astea: ‘Lengua’ vs. ‘Idioma’. Ahozkoa eta idatzia.
5. astea: Identitatea eta identifikazioak. Pentsatu/sentitu/egin bateratuz.
6. astea: Bizikidetza-gizarte baterantz
Bloke honen aurrez aurreko atala euskarazko bi ikastaro hauetako batekin konbinatu daiteke, aurrez aurrekoa edo online, 50 eskola-orduak betetzeko (prest_gara programaren barruan ere eskaintzen da, irakasle.net aplikatiboaren bitartez eman izena EAEko irakasle bazara, Eusko Jaurlaritzaren egiaztagiri ofiziala jasotzeko):
- IKASTAROA (I): HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, aurrez aurrekoa)
- IKASTAROA (II): BIGARREN HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA INGURUNE KULTURANITZETAN (30 ordu, online)
Ikastaroko egiaztagiri soziala osatzen duten erakundeak:
Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok eman dugun ikastaroaren laugarrena da.
Boterearen autogestio kolektiboa eraikitzen joateko (jabegabetzea), lehenik erresistentzia behar da, bai oposizio/kontzientzia mailan, bai elkarreragin sortzailean. Bigarrenik, haustura behar da berrikuntzara zabaltzeko; proposamen berriak sor daitezen identitateari uko egin eta identifikazioak sustatuko dituztenak.
Eta hirugarrenik, partaidetzarako bideak zabaldu behar dira prozesuan eraiki behar diren aurkaegite/elkarreragin/berrikuntzari forma emateko, egiten joaten diren askotariko ekintzen bidez.
Identitate vs. identifikazio gaia hartuta, artikulu hau irakurri dugu kulturartekotasunaren ideian sakontzeko:
Artikuluan, Manuel Montañések planteatzen du, egindako ikerketa baten arabera, immigrante guztiak ez direla berdin biltzen: batzuk euren jatorrizko nortasuneko jendearekin elkartzen dira, identitatearen arabera multzokatuz, eta beste batzuek, berriz, bestelako identifikazioak bilatzen dituzte: klase-identifikazioa, hizkuntz identifikazioa, familia-identifikazioa… Eta hainbat argibide ematen ditu lau modu hauek bereizteko: asimilazioa edo akulturazioa; segregazioa; integrazioa; eta desberdintasuna.
Ikastaroko Iñakik irudi hau jarri du eta honen inguruan ere eztabaidatu dugu, batez ere inklusioaren kontzeptuaz:
Irudiak argi erakusten du inklusioa denok zaku bakar baten sartzea dela, eta gero, egon daiteke jendea zaku horretan egon nahi ez duena (berez ez du zertan izan etorkin jendea, ze jende asko da bizitzeko eredu hegemonikotik urrun bizi dena). Horregatik, Montyren artikuluan ez dago inklusioaren kontzeptua, berez integrazioarenetik oso hurbil dagoelako (edo beharbada, kasu batzuetan akulturaziotik…).
Gaur egun hau ez da “politikoki zuzena” baina inklusioaren aurka gaude, inklusioak barruan/kanpoan bat suposatzen duelako. Horregatik planteatzen ditugu identifikazioak eta ez identitateak, dibertsitatea ez dugulako ulertzen barru/kanpo banaketan, zaku edo multzorik gabeko gizarte batean baizik (disentsuan oinarriturik).
|
Irudiaren iturria: Kulturaniztasun jardunaldiak. Berria 2011/04/07 |
Identitatea ‘izatean’ oinarritzen da, egonkorrak, finkoak, perfektua; identifikazioak, berriz, ‘egotean’, dinamikoak dira, mestizoak, zenbaitetan efimeroak. Identitategintza ‘nor garen’ hori ‘zer garen’ horren baliokide egitea da nolabait, eta identitatearen bilaketan, talde baten berdinak egiten gaituzten ezaugarriak bilatzen ditugu, beste taldeen desberdinak egiten gaituzten ezaugarriekin batera. Hala, multzo baten kide sentitzen gara beste multzoetatik bereiztearen bitartez, eta multzokide izateak kontsentsuak bilatzea eskatzen du, adostasunak eta berdintasunak.
Kulturartekotasuna lantzeko, ezinbestekoa da disentsua eta horrekin batera, hau ere ezinbestez, harremanen horizontalizazioa. Bestela, kolonizazio-harremanak eragin ditzakegu, edo kolonizazioaren atzaparretan eror gaitezke. Horregatik, hasieran esan bezala, batera landu behar dira jabe-gabetzea, erresistentzia eta partaidetza, identitatetik identifikazioetara joz.
Datorren asteazkenean, 2016ko maiatzaren 4an, topaketa informal bat antolatu dute Lehen Hezkuntza Graduko 3. mailako hainbat ikaslek. Ideia da euren bizipenak konpartitzea, unibertsitate eredu desberdinak komentatzea, kulturartekotasuna eta hizkuntz aniztasuna mintzagai izatea… baita ere, argitzea zein oztopo administratibo garrantzitsu topatu dituzten bidean, nola lortu duten bizirautea, jan-edatea, garraiatzea…
Zeu ere atzerrian izandakoa bazara, ederra izango da zure esperientziaren berri ere izatea! Eta atzerrian egon ez bazara, oso baliagarriak izango dira zure ikuspegiak, jakintzak partekatzetik eraikitzerako bidean.
- Data: 2016ko maiatzak 4
- Ordua: 12:30-14:30 (ahal/nahi duzun tartean etorri, ordutegi horren barruan)
- Gela: Irakasletza Ikastegiko 1.2 gela (Magisteritza Eskola)
Anima zaitez!
Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok ematen ari garen ikastaroaren hirugarrena da.
Lehen sarrera
Bigarren sarrera
Kulturartekotasunaren ikuspegiak nahitaez eskatzen du botere-harremanen berrikusketa, bai gerta litekeelako kultura bat beste baten gainean egotea (kolonizazioa, xenofobia, asimilazioa, gutxiespen soziala…), bai kulturartekotasunak berez suposatzen duelako kulturen arteko eraikitze horizontala (bestela “kulturaniztasun” huts litzateke).
Espazio/denbora vs. lurralde/ordutegi bereizketan sakontzeko, kontuan izan behar dugu zein diren partaidetza-motak leku zehatz horretan une zehatz horretan, hau da, soilik jendeAREKIN eta jendeARENGANDIK parte hartzen ari garenean gaude espazio eta denboretan, gainerako partaidetza motetan lurralde/ordutegietan gaude edo une horretan espazioa lurralde bihurtzen dugu (lagungarri gisa, bideo hau ikus daiteke: Introducción a las formas de participación (6:56) https://vimeo.com/71911701).
Lurraldeak jabea duela diogunean, ez du zertan izan jabe ekonomiko edo politiko bat, izan liteke jabe sozial edo kultural bat ere. Jabea gobernua izan daiteke, edo irakaslea (ikasgelaren kasuan), edo gazte talde bat parke batean ordu batzuetan, edo talde etniko jakin batek…
Hizkuntzen irakaskuntzan, esango genuke lurraldeetan komunikatzen irakasten dugula, ze “hizkuntza egokitzen” irakasten dugu eta ez kolektiboki eraikitzen, lekuan leku topatzen dugun jendearekin eraikitzen, alegia. Euskaraz ez dakigu ondo nola bereiztu eta gai hau hurrengo mezu batean sakonduko dugu, baina normalean guk irakasten duguna “idioma” da, ez “lengua“…
Espazioak eta denborak zer diren hobeto ulertzeko, bideo hau proposatzen dugu, batez ere jendea nola erlazionatzen den patxadaz ikusteko modu bisual batean:
[vimeo]https://vimeo.com/21292901[/vimeo]
Nola sortu espazioak eta denborak eskolaren lurralde/ordutegietan?
Beno, egia esan, berez badaude espazioak eta denborak eskolaren barruan, areago, ikasleak behin eta berriz borrokatzen dira espazio eta denborak zabaltzearren. Esaterako, askok ezagutu dugu “atzeko ilada”, non, esaterako, musean aritzen ginen batzuk batxilergoko gelan. Edo atseden-orduan elkarri euskal dantzak irakasten egoten ginen garaia, elkarrengandik ikasiz, irakaslerik gabe. Edo, modernoago, mahai azpian watxapeatzen aritzen diren gaztetxo (eta ez hain gaztetxo) horiek, ikasgelatik ihes egin nahian… Edo irakasleok, pasiluetan gure bizitzako gorabeherak partekatzen hasten garenean…
Ez dira horrenbeste ikasle/irakasle rol banaketarik gabeko espazioak. Esaterako, ikasleekin “ikasle izango ez balira bezala” hitz egiten dugunean, hau da, gelako jendeAREKIN hitz egiten dugunean (ez ikasleENTZAT). -EKIN horrek suposatzen du komunikazioa dimentsioanitza dela, hau da, ez orientatzaile edo psikologoaren lekua hartzen dugunean (“kontaizkidazu arazoak“), baizik eta egoerak sortzen direnean zeinetan SORTU egiten den norberaren arazoren baten inguruan hitz egiteko abagunea. Eta norbera horretan irakaslea ere parte bada. Bestela, komunikazioa bertikala da, oso asmo ona izanik ere, eta lurraldean jarraitzen dugu.
Espazio eta denbora horiek sortzeko, zirrikituak zabaldu behar dira ikasgela osatzen dugun pertsonen roletan eta zirrikitu horiek une zehatz horietan bizi. Honi deitzen diogu, gutxi gorabehera, “egiturak malgutzea” (eskola berez baitago lurralde/ordutegi terminoetan definiturik).
Sarrera hau 2016ko apirilaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean Javier Encina eta biok ematen ari garen ikastaroaren bigarrena da. Lehen sarrera hemen irakur dezakezu.
AHOZKOTASUNA ETA IDATZIA
Zergatik uste dugu eskolaren irakasteko erak hizkuntza bera mugatzen duela? Eskolak Ordena eta Aurrerapena (Progresoa) du helburu, areago joz, esan daiteke eskola-sistema horretarako asmatua izan zela: gizartean Ordena eta Aurrerapena ziurtatzeko. Horretarako, jakintzak konpartimentalizatu ditu, edukiak itxi eta mailakatu, antolatu eta adinaren arabera banatu.
Ideia horren garapenean, idatzizkoa da giltza. Jendearen pentsamendua egituratzeko, hizkuntza egituratzea izan da eskolaren proposamena, hizkuntza eta pentsamendua loturik daudela jakinda. Orduan, sinetsarazi zaigu (baita geuk sinetsi ere) hizkuntzak egitura finkoak dituela: aditzak, elementu morfologikoak, egitura sintaktikoak… Hori nahikoa ez eta orduan, testuaren gramatikaren ideia indarrez sartu zen eskolan, esan nahi duzuna, zure diskurtsoa egituratu egin behar duzu: koherentzia, kohesioa, ideien antolaketa, paragrafogintza…
Orduan, hizkuntza bat ikasteko/jakiteko, hori dena menderatu egin behar duzu. Baina hori dena soilik hizkuntzaren alderdi bati dagokio, alderdi zehatz bati, informazio transmisio modu jakin bati.
Ahozkotasunak, ordea, ez du halako egituratzerik. Ahozkotasuna konplexua da, kaotikoa, inprobisatua, elkarren artean eraikia, gorputz osoz egiten den zerbait. Hizkuntza ez da soilik informazioa ahalik eta modu eraginkorrenean transmititu eta ulertzeko giza-tresna bat; hizkuntzarekin sentitu/pentsatu/egin egiten dugu, eta hori bereziki da nabarmena ahozkotasunean, hirurak batera egiten ditugulako, bereiztu ezinik.
Ahozkotasunak buru-prozesu propioak ditu, baina eskolan normalean idatzizkotik abiatzen gara hizkuntza berriak ikasteko, hizkuntza batekin kontaktuan hasten garen lehen unetik bertatik elementu gramatikaletan zatikatutako zerbait ordenatua dela sinetsarazteko.
Kontua ez da, noski, idatzizkoa baztertzea; oso giza-jarduera interesgarria eta baliotsua dela uste dugu. Baina hizkuntzak irakasteko, ahozkotasunetik abiatu behar dugu, eta horretarako, harremanak jarri behar ditugu lehen mailan, giza-harremanetan soilik aktibatzen direlako ahozkotasuna garatzeko behar ditugun gure burmuineko atalak, alderdi emozionalei lotutakoak. Eta hemen ez du balio simulazioak, benetako harremanak izan behar dute, benetan alderdi horiek aktibatzeko.
KONPLEXUTASUNEAN LAN EGITEA ETA JABE-GABETZEA
Zientzia esperimentaletan dagoeneko onartu da mundua ezin dela ikertu modu estrukturalistan (taxonomiak, prozedurak, metodologiak… erabiliz) eta alde batera utzi beharko genukeela Ordena eta Progresoaren ideia. Munduak ez du horrela funtzionatzen, eta are gutxiago gizakion buruak (inor animatuko balitz, honatx Edgar MORINen bi liburu sarean deskargatzeko: Introducción al Pensamiento Complejo eta Los Siete Saberes Necesarios para la educación del futuro). Baina gu kaxkagogortu gara ikasleak homogeneizatu behar ditugula eta denek gauza berak jakin behar dituztela, eta guk asmatzen ditugun moduan ikasi behar dituztela gainera.
Proposatu dugu kaos sortzailean mugitzen trebatu beharko genukeela irakasleok ikasleekin batera, eta horretarako, jabe-gabetzearen ikuspegia lantzen ari gara testuinguru eta herrialde desberdinetan. Jabe-gabetzea daukagun boterea uztea baino ez da (“hacer dejación“), ez erabiltzea eta inori ez uztea guk utzitako botere hori har dezan. Hezkuntza arautuan, irakasleok ikasleekiko dugun botere-harremana malgutzean egongo litzateke koxka, eta ikaskideen artean harreman horizontalak sustatzea.
Nola? 1995etik orain arteko esperientzia, debate eta hausnarketek erakutsi digute zortzi zutabe daudela jabe-gabetzean: zaintzak, askatasuna, eraikitze kolektiboa, konfiantza, elkarren beharra eta autonomia, bizipoza, desazkundea eta itxaropena. Honen inguruko zenbait xehetasun aurkituko dituzue liburuxkako laugarren kapituluan (Javier ENCINA, Ainhoa EZEIZA, Lide SALBARREDI eta Irati GURIDI (2015) Partaidetza ereduetatik eraikitze kolektibora. Kultura herrikoiak, ilusionismo soziala eta jabe-gabetzea. Donostia/Sevilla: ISM (UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada (pdf), 78-100 orrialdeak).
Gure ustez, jabe-gabetzea bizikidetza eraikitzeko gako da, ikasleEKIN batera lan eginez (ez ikasleentzat edo ikasleengatik), harreman osasuntsuak dinamizatuz eta kaltegarriak geldiaraziz, eta ikasleekin egingo duguna programatu gabe, a priori erabaki gabe, sortzen diren aukerak arretaz baliatuz, sentsibilitatez eta partaidetzaren bitartez. Metodologiarik gabe lan egiten dugu hortaz, ilusionismo soziala deitutako lan egiteko moduetatik abiatuz.
Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia parte hartzaileak dituena (IAP bereziki) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez. Pentsatutakoa eta sentitutakoa, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezin direlarik ezberdindu.
Javier ENCINA, Mª Ángeles ÁVILA (2010).
Aste honetan irakasleen formaziorako online ikastaro bat ematen hasi gara Javier Encina eta biok, Eusko Jaurlaritzaren formazio programaren barruan (prest_gara201516): Hizkuntzaren irakaskuntza ingurune kulturanitzetan. Lehen bi saioak aurrez aurrekoak izan dira eta maiatzaren 13ra bitartean bat/zeroen munduan segi beharko dugu.
Ikastaroko oinarrizko materialetako bat iaz argitaratutako liburuxka hauxe da:
Javier ENCINA, Ainhoa EZEIZA, Lide SALBARREDI eta Irati GURIDI (2015) Partaidetza ereduetatik eraikitze kolektibora. Kultura herrikoiak, ilusionismo soziala eta jabe-gabetzea. Donostia/Sevilla: ISM (UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada (pdf)
Hona bi saio horietako lehenean jasotako hainbat ideia, eztabaida, hausnarketa… (bigarren saioko sarrera hemen irakur dezakezu)
GEURE BURUA AURKEZTEN: ZER DA NORBAIT EZAGUTZEA?
Liburuxkako 12-16 orrialdeak irakurri genituen (paperezko bertsioan 11-15 orrialdeak) eta eztabaida zabaltzen joan zen, geure burua aurkeztetik hasi beharrean. Planteatu genuen jendeak normalean ez duela norbait ezagutzen bere burua bi hitzetan aurkezteagatik, nork bere bizipenak eta esperientziak partekatuz, elkarrekin hitz eginez, gure begiradak eta keinuak harrapatuz… errazagoa da elkar ezagutze hori eraikitzailea izatea.
Ikasleen arteko harremanak ere etengabe eraikitzen, zabaltzen eta berreraikitzen ari dira, eta horrek suposatzen du ikasle etorri berrien harrera ezin dugula protokolo batera mugatu. Norbait ezagutzeko “presa” daukagunean, egiten dugunak gehiago dauka etiketatzetik ezagutzetik baino. Nor naiz ni? zer naiz ni? nongoa naiz ni? galdera horiek berehala erantzuteko, sinplifikatu egin behar izaten dugu: Ainhoa naiz, euskalduna naiz, donostiarra naiz. Hiru ideia horiek ez naute irudikatzen inondik ere, baina horrela errazago sailkatzen naute: bertakoa/kanpokoa, gutarra/arrotza, euskalduna/erdalduna.
Horrela planteatzen dira, esaterako, Hizkuntza Errefortzuko Gelak eta Hizkuntza Indartzeko Irakaslearen eginkizunak (HIPIak). Ikasle etorri berriek laguntza behar dute gelara (eskolara, herrira…) egokitzeko, eta hori ahalik eta azkarren gerta dadin, ikasle horiek ikasgela arruntetik baztertuak izaten dira zenbait ordutan, arreta pertsonalizatuagoa izateko, hizkuntza (gure kasuan euskara) azkarrago ikasteko… Aurrerago eztabaidatuko dugu honetaz (esaterako artikulu honetatik abiatuta), baina momentuz, esango dugu planteatu genuela identitatea vs. identifikazioak: identitatea etiketatzeko modu bat da, jendea multzotan bereizteko. Multzo jakin baten barruan edo kanpoan zaude, eta horregatik behar dugu eskola inklusiboa (multzo itxi jakin batetik kanpo dagoen jendea multzo horren barruan sartzeko bideak zabaltzeko).
Identifikazioetan pentsatzen badugu, aldiz, jendearekin hainbat puntu komun izango ditut, beste batzuk desberdinak izango dira eta gainera, gauza berriak eraiki ditzakegu, gure berdintasun eta desberdintasunetatik abiatuta. Horrek inklusio/esklusio bereizketaren bereizkeria alboratzen lagun diezaguke.
BEHARRAK ETA ASEBETETZAILEAK
Irakurritako testu-zatitik abiatuta, beharrak eta asebetetzaileak izan genituen hizpide. Honek inplikatzen du egiten dugunari buelta ematea: kontua ez litzateke izango ikasleei norbaitek (gobernuak, zuzendaritzak, klaustroak…) agindutakoa ahalik eta azkarren eta egokien ikasaraztea (eraginkortasuna), baizik eta zein giza-behar ari garen asetzen klasean egiten/pentsatzen/sentitzen dugunarekin: bizi-iraupena (osasuna, elikadura, lana…), babesa, afektua, ezagumena, partaidetza, aisia, sorkuntza, identifikazioa, askatasuna…
Era berean, Pobreziaren kontzeptutik pobreziEN kontzeptura pasatzeko beharra aipatu genuen: ikasle batzuek beharbada ez dute bizi-iraupen pobreziarik baina bai partaidetza-pobrezia, edo sorkuntza-pobrezia, edo askatasun-pobrezia… modu honetara, ez ditugu immigranteak bertikalki ikusiko (errukituz, errudunduz, mespretxatuz…), pertsona bakoitzaren aberastasunetatik eta pobrezietatik lan egin dezakegulako, eta horrela onartuko dugu immigrante ez diren ikasle askok oso pobrezia larriak dituztela, eta immigrante askok aberastasun handiak dituztela. Ikuspegi horrek lagunduko liguke identifikazioetatik lan egiten (eta ez identitateetatik).
Bi hilabetez Mexikon ibili ondoren, hementxe nabil berriz bueltan, Donostiako erritmoa berriro ere hartzen… eta halaxen datozkit bertan bizitakoen oroitzapenak, arrapaladan tarteka, ttanttaka gehienetan, egunean zehar…
Oaxakan hamaika kontu eder eta gazi-gozo bizitakoak izan gara, eta horietako bat erakusketa honen ezusteko ederra:
Historias de Ciudades, Katharina Von Arx artista suizarrak (1928-2013) egindako lanen erakusketa Oaxakako Ehunen Museoan (MTO). Museo honetan gauza eder askoak daude, baina erakusketa hau oso inspiragarria iruditu zitzaigun.
Bere tapizak askotariko materialez daude eginak: oihalak, botoiak, hariak… eta hainbat herri eta hiri daude bertan adieraziak. Baina beharbada gehien gustatu zitzaiguna izan da teknika hori beste pertsona batzuei irakatsiz sortutako artelanak izan dira.
Alde batetik, hainbat eskolatan erabili dute lan egiteko modu hori, euren paisaiak eta ideiak oihalez adierazteko.
Bestetik, hainbat herritan erabili dute euren (h)istori(o)ak kontatzeko, euren modura, eurek kontatu nahi dituzten gauzak kontatzeko.
Kasu hauetan, kolektiboki asmatu, sortu eta josi dituzte tapizak, eta artistaren artistikotasuna gainditu eta eureganatu egin dute artea. Azken batean, museo honetara diseinatzaile famatuak iristen dira, oihalgintza herrikoiak (teknikak, koloreak, diseinuak…) kopiatu, autoretza ezarri eta garesti asko saltzeko… eta pozgarria da ikustea nola, kultura herrikoiak, behin eta berriz, gai diren egoerak berregin eta sortze-lan berriak asmatzeko.
Josiz gauza asko aldarrikatu daitezke, eta jostea bera elkarrekin eraikitzeko, partekatzeko, hitz egiteko, elkarrekin bizitzeko beste aitzakia bat da…
[vimeo]https://vimeo.com/151735928[/vimeo]
Beno… egia esan ez zen, ez, klasera etorri… baina Silviok kantatu egin zigun eta berari esker, teoria beste ikuspegi batetik hartu eta… tatxan! gauza piloa ulertu genuen.
Hilabete hauetan ez naiz askorik ibili blog honetatik, ze ilusio handiz lanean aritu gara jotake… baina arian-arian kontatuko ditut gure bizipenak. Donostiako Irakasleen Eskolako hirugarren mailako ikasleekin egin dugun azken saioetariko batean, testu teorikoak eta debateak alde batera utzi eta Silvio Rodríguezi aditu genion, ea zer kontatzen zigun hizkuntzaz eta hizkuntzez…
[youtube width=”325″ height=”263″]https://www.youtube.com/watch?v=ApaA0DJmJkA[/youtube]
POR MUCHOS LUGARES…
Por muchos lugares pasaba la historia.
Tú leías a Whitman, con estilo triste.
Tus alrededores ya estaban poblando
de sed las palabras que usaste esta tarde.
Entonces ya estaban previstos tus gustos:
cada vieja fecha posee estas artes.
Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.
Por muchos lugares pasaba la historia.
El antigua Egipto ya nos condenaba.
Todos conspiraron para reprimirnos
y como las plagas vinieron las guerras.
Y el tiempo ha llorado detrás de estructuras,
pues nada se salva del orden perfecto.
Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.
Por muchos lugares pasaba la historia.
Ya cada palabra era una duda
y elegir la clave de cada conciencia.
Y a ti, tan pequeña y resumen del mundo,
todo te tenía que arder cuando viste
moros en las costas de cada palabra.
Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.
Por muchos lugares pasaba la historia.
El mundo era un vasto sembrado de huesos
y las hortalizas un día crecieron
nutridas del jugo vital de los cuerpos.
Y supe que escombros regados por tierra
pueden fecundarle mañana la entraña.
Por eso no es raro que muchos no entiendan,
pues muchos supimos de los mismos rumbos.
Por eso no es raro que nadie domine
las riendas de todos sus mundos.
(1968)
Euskaraz, zatitxo bat itzultzen ausartu nintzen…
Leku askotatik pasatzen zen historia
Hitz bakoitza zalantza bat zen
eta kontzientzia bakoitzaren gakoa hautatzea.
Eta zuri, horren txiki eta munduaren laburpen,
denak su hartu behar zizun mairuak ikusi zenituenean
hitz bakoitzaren itsasertzean.
Leku askotatik pasatzen zen historia.
Mundua hezurrez ereindako lur-eremu zabala zen
eta barazkiak noizpait hazi ziren
gorpuen bizi-zukuetatik elikatuta.
Eta jakin nuen lurrek ureztatutako hondakinek
erraiak ernalduko zizkiela bihar.
Horregatik ez da arraroa askok ez ulertzea,
askok jakin baikenuen norantza berberei buruz.
Horregatik ez da arraroa inork ez menderatzea
bere mundu guztien bridak.
Eta, sormenez pentsatuz, ezagutzak metaforekin irudimenez erlazionatuz, taldeka ideiak ematen joan ginen buruan zebilkigun galderari erantzun nahian: Zer da hizkuntza? Ze hizkuntza irakatsi behar da eskolan?
Hona bi taldeetako bakoitzean eratu genuen arbela, ikasleen hitzak bilduz eta erlazionatuz (LH 31GA1 eta 31GA2):
|
Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana – 31 GA1 |
|
Hizkuntza(k) eta Kultur(ar)en arteko harremana – 31 GA2 |
Zein lerrotan kokatzen gara hizkuntzaren gure ikuspegian? Ez dugu planteatzen KULTURA INSTITUZIONALA ETA MASA KULTURA vs. KULTURA HERRIKOIAK, baina konturatuta gaude kultura instituzionala saiatzen dela kultura herrikoiei garrantzia eta balioa kentzen, eta, aldi berean, masa-kulturarekin aliatzen da “hizkuntza eta kultur produktuak” saltzeko. Jendeari autoestimua lapurtzen zaio deshumanizazio eta mendetasunaren alde (“zu ezereza zara” -> kultura instituzionala, eta “zu berezia zara” -> masa-kultura paraleloan egiten diren bi baieztapen suntsitzaile dira).
Kultura herrikoiak, ordea, ez dira saiatzen kultura instituzionala edo masa-kultura suntsitzen, bizikidetza mestizoa planteatzen baitute: ikuspegi herrikoietik, eskolari estimu handia zaio eta, era berean, masa-kulturarekin disfrutatzen da, ze biak bizitzaren beste osagai bat direla ulertzen da, mestizajerako osagai. Hala, kultura herrikoiek bizikidetza aniztasunean, inperfekzioan eta konplexutasunean planteatzen dute.
Irakasle euskaldunei maiz proposatzen zaien dilema interesatua da euren ikasleekin euskara batuan ala beren euskalkian mintzatu behar ote zaien. Ohiko erantzun bat da euskara batuan egin behar dutela ze, ikasleak beste leku geografiko batekoak badira, ikasleek “ez dute ulertuko”.
Baina, benetan ez dugu “euskalki” batean edo “batuan” hitz egiten; hitz egiten dugu segun eta norekin joan garen nahasten gure bizitzan zehar. Mintzatzen garen bakoitzean, gure hitzetan gure historia eta gure kultura daramagu arrastaka, “gure” hori ez “Euskal Kultura” gisa interpretatuta baizik eta gure bizitzan zehar jasotzen joan garen bizipenak eta, gu jaio baino lehenago, gure familia, auzokideak, gure arbasoak… Pertsona guztiok gara, ezinbestez, mestizo, eta gure hizketa gure iraganaren tranzendentziaren funtsezko formetako bat da.
Gure ikasleak aberastasun horretaz guztiaz “babestu” nahi izatea “ulertuko ez dutelakoan”, ikasleak gure jakinduria horretaz gabetzea da, ezagutza estandarizatu baten mesedetan. Gainera, hizkuntzaren oso ikuspegi hertsia dugula erakusten ari gara horrekin, ze hizkuntza bat ikasteak/garatzeak bere baitan ditu ulermen eta entenimendu estrategiak, esanahien negoziazioa, keinu eta gorputzezko adierazpena eta, jakina, hain garrantzitsua den errepikapen sortzailea, zeinaren bidez barneratzen goazen hasieran arrotz zaizkigun hitz edo esapide horiek, gero eta ezagunagoak egiten zaizkigularik harremanean zehar.
Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian egin dugun proposamena da hizkuntzaren eta kulturaren aberastasuna garatu nahi badugu, kultura herrikoien ikuspegitik lan egin behar dugula (anitza, ahozkoa, inperfektua), eta kultura instituzionala (normatiboa, estrukturala, perfektua, idatzizkoa) bigarren mailan kokatu behar dugula. Kontua ez da euskara batua ez irakastea, edo haurrak ez alfabetatzea, ahozkotasuna lehenestea baizik, bizirik dagoena, inperfektua, hizkuntzaren zuzentasun eta egituratzearen aurrean.
Eskerrik asko, Silvio, posible egin duzu ikuspegi teoriko hau kolektiboki eraiki dezagun, eztabaida eta posizionamendua errazteko. Eskerrik asko, Javi, abesti hau iradokitzeagatik hizkuntzaren jabe-gabetzea lantzeko, asko lagundu digu eta inspiratu gaitu!
Gaur (2015/11/10) Donostian egin dira XXII. Psikodidaktika Masterreko Jardunaldiak: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak. Bertan azaldu dut nire tesi proiektuko atal txiki bat, idatzizko komunikazio erreferentzialari lotutakoa.
Hona erabilitako aurkezpena, 10 minututan trinko-trinko kontatu beharreko kontua izan da!
[slideshare id=54963512&doc=aezeizadlosadaaurkezpenapsikodid2015-151110175005-lva1-app6891]
|
|