Laster sartuko gara bete-betean “Hizkuntzen irakaskuntza testuinguru kulturanitzetan” irakasleen formazioko prest_gara ikastaroan, eta deigarria da nola gehitu zaien “testuinguru kulturanitz” ‘abizena’ hizkuntzen irakaskuntzari lotutako formazio ikastaroei. Ez al dira testuinguru guztiak kulturanitzak? Ez al gara nahasten ari kultur aniztasuna eta jatorri geografikoko aniztasuna? Homogeneoak al dira ikasgelak beste herrialde batetik etorritako inor ez badago? Homogeneoak izan al dira orain arte? Ala etnia, hizkuntza edota erlijio desberdintasuna da aniztasuntzat hartzen duguna, azaleko eta azalaren desberdintasunak ezin direlako ezkutatu?
Irudiaren iturria: JSS Celebrates Racial Harmony Day – CC-by-sa-nc by attitudezarah on Flickr
Kulturari buruz hitz egiteko, bi kontu proposatu nahi genituzke: alde batetik, matrize sozio-kulturala eta bestetik, Kulturaren eta kulturen arteko bereizketa.
Matrize sozio-kulturala eta identifikazioak
Matrize sozio-kulturalaren kontzeptuan, matrizea ez da zentzu matematikoan ulertu behar, sortze, umetoki zentzuan baizik. Jaiotzen garenetik, ezaugarri batzuek zeharkatzen edo inpregnatzen gaituzte: generoa, adina, klase soziala/lan-kulturak eta etnia, eta horrekin batera, atxikipena (erlijioa, elkarte baten parte izatea, edo kirol talde batekoa…) eta kokapena (zein herritan eta herriaren zein lekutan bizi garen: goiko kalean, behekoan, ibaiaren alde batera edo bestera, mendialdean, hiri aldean…).
Hori dena, modu nahasian, pertsona batzuengan une batzuetan alderdi batzuek indar handiagoa izango dute eta beste batzuengan beste alderdi batzuek, hori dena da munduaz dugun kosmobisioa eratzen dutenak (kosmobisioa da ez delako modu estrukturalean eratzen). Kosmobisio hori pertsonala da, bitartekaritza kolektiboa duena, eta kulturala, garai eta leku zehatzean eratzen dena, eta jendearekin identifikatua sentitzen laguntzen duena.
Joera dago kultura lekuarekin lotzeko, eta hori neurri batean zentzuzkoa da, baina joera hori identitatea eratzearen ideiak bultzatzen du: zer gara? galderari erantzun bakarra eman nahi zaio, esaterako Euskaldunak gara (maiuskulaz), edo Islandiarrak, edo Marokoarrak… Baieztapen horiek desberdintasun asko ezkutatzen dituzte, eta era berean, bertakoa izateko baldintzak finkatzen ditu, zenbaitetan inoiz bete ezingo diren baldintzak, Hertzainak taldeak zioen moduan:
Eta oin nerbixu danak
apurtuta jauskat
bertsoak eta trikitixa ikasi bihotz ala?
hainbeste ahalegindu bihar naiz
euskalduna izateko?
Matrize sozio-kulturalaren ikuspegitik, hobeto ulertzen da ikasle batzuk gustura sentitzea beste ikasle batzuekin nahiz eta, itxuraz, ‘oso desberdinak’ diren, ze agian generoarekin sentitzen dira identifikatuak, edo atxikipena konpartitzen dute, edo antzeko kokapenean bizi dira, edo lan-kultura antzekoa dute… Eta, era berean, hobeto ulertzen da zergatik senti dezaketen hizkuntza jakin batekiko arbuioa, esaterako beste klase sozial batekoek erabiltzen duten hizkuntza delako, edo norberaren erlijioaren aurka daudenek darabiltelako, edo beste lan-kultura batekin erlazionatzen delako…
Horrela, alegia, hobeto ulertzen da nola den posible, inoiz ikasle batek galdetu zidan moduan, Etiopiako haur askok ‘zailtasunak’ izatea ingelesa ikasteko, zazpi hizkuntza arintasunez erabiltzeko gaitasuna izanik. Ingelesa kolonizatzailea bada, negozio-gizonek erabiltzen duten hizkuntza euren lurraldea ustiatzeko, edota etiopiarrek ingelesez jakitea baliagarria bada negozio-gizon horien morroi eta neskame izateko… ba orduan ez zaigu hain arraroa irudituko erresistentzia hori.
Kulturaren eta kulturen arteko aldea
Kontuan hartu beharreko beste bereizketa bat Kulturaren eta kulturen arteko aldea da. Lau kultura daudela esango genuke: kultura instituzionala, masa-kultura, kultura alternatiboa eta kultura herrikoiak (pluralean).
- Kultura instituzionala Estatuak (edo proto-estatuek) finkatzen dutena da. Kultura zer den eta zer ez den ezartzen du, dirulaguntzak aplikatzen ditu, edo Akademiak eratzen ditu, unibertsitateak, institutuak… Jendea kontrolatzea bilatzen du eta menpeko edo hiritar gisa ikusten du (subdituak). Kultura instituzionalak legitimazioa pilatzea bilatzen du.
- Masa-kultura Merkatuak finkatzen duena da. Jendea kontsumidore gisa ikusten du, indibidualizatzen du masa bihurtzeko eta multzokatzeko, horrela errazago saltzen dizkio produktuak. Globalizazioan aurkitu du hedatzeko bide indartsu bat, baina lokalizazioa ere interesatzen zaio, lekuan lekuko produktu eta zerbitzuak saltzeko. Masa-kulturak dirua pilatzea bilatzen du.
- Kultura alternatiboa kultura instituzionaletik edota masa-kulturatik urrundu eta desberdindu nahi duen kultura da. Agian pluralean ulertu behar da kultura alternatiboa, hainbatetan kultura alternatiboak kontra-Estatu bat eratu nahi duelako, beste batzuetan Merkatu alternatibo bat, eta beste zenbaitetan mundu berriak zabaltzeko ahaleginak egiten ditu. Kultura alternatiboak borondateak pilatzea bilatzen du.
- Kultura herrikoiak eguneroko espazio eta denboretan pentsatu/sentitu/ekin gabe azaldu ezin diren bizi-erak dira, errepikapen sortzailearen bidez sortzen direnak. Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, elkarri lagunduz, harreman afektiboekin… Kultura herrikoietan kultura instituzionala eta masa-kultura nahasten dira, beharren arabera, etengabeko mestizajean bizi baitira, ez berritzeari berari garrantzia ematen diotelako, baizik eta unean uneko beharrei erantzuteko moduak iraganean eta orainean bilatzen dituztelako. Kultura herrikoiek ez dute ez botererik, ez dirurik, ez borondaterik bildu nahi, inportanteena bizitzea bera dela ulertzen dutelako.
Horregatik, gerta liteke urrun-urrunetik etorritako ikasle bat bertako beste ikasle baten paretsua izatea, masa-kulturan oso murgilduta dagoelako (kontsumismoan, ikus-entzunezkoen erabilera globalizatzailean, janzkera eta jantziak erosteko era anglosaxoian…), eta bertatik bertara jaiotako bi ikasle oso desberdinak izatea, lan-kultura berean murgilduta ere (demagun nekazaritza kulturan), bata nagusi eta bestea morroi delako, klase sozial arrakalagatik. Edo haur batek iseka egitea bere gurasoen hizkerari, eskolako hizkeraren desberdina delako, eskolakoa kultutzat hartuta, hau da, kultura instituzionala bereganatuz kultura herrikoien aurrean…
Interesgarria iruditzen zain kulturaren ezberdintasunak edo motak sailkatzea (instituzionala, masa-, alternatiboa eta herrikoiak), inoiz ez baitut honengan hain sakonki pentsatau.
Ulertu dudan moduan, izan daiteke Kulturaren alderdi batean pertsonak ezberdinak izatea-sentitzea, baina bestean ez, matrize pertsonalaren arabera.
Eskerrik asko informazioatik.
Ane
niretzat kultura ezberdinak nahastea klase giroan, ezibestekoa da gizarteko egoera hobeto ulertzeko.
Eguneroko bizitzan kulturaniztazuna nabaria da, eta gure klaseetan baita ere noski.
Hasiera batean, egoera konplexua bilakatu ahal den arren, motibazioa eta baliabide egokiak erabili ezkero denontzat aberasgarria dela iruditzen zait. Nire kasuan 4 urteko gelan ume Pakistani bat heldu berri zait, ez dut gezurrik esango, egia da egoera zaila dela, ez baitu erdera ez ingelesa hitzegiten, euskera ere ez noski, eta horrek gelako erritmoa alteratzen duen arren, oso aberasgarria iruditzen zait, beste haurrentzat ETA baita niretzat ere. Egoera horren aurrean nola jokatu?? agian horretarako laguntza beharko genuke edo Nuke, baina klabea egoera hori ikustea, Aukera on bat bezela eta ez lan sama handiago bat balitza.
[…] batean… Eta ez da gauza bera testu bat irakurtzea testuinguru kultural batean edo bestean, matrize kulturalaren arabera ere desberdina […]