Ludopedagogia Tailerra, jolasa partekatzeko modu gisa

2015eko apirilaren 16 eta 17an, Ilusionista Sozialen Mintegia Eratzeko Topaketen jarduera gisa, LUDOPEDAGOGIA tailerra egin genuen Fabián Tellechea “Watu” uruguaitarrak eta María Rivasés zaragozarrak gidatua Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Benetan pozgarria, alaia, dibertigarria, bizia, jostagarria, zirraragarria izan zen saioa eta primeran pasa genuen. Ludopedagogiaren metodologia ezagutu nahi genuen eta ezagutzeko modurik onena EGINEZ/SENTITUZ/PENTSATUZ da, dudarik gabe!

 

Jolasaren hegaldia hartzeko prestatzen…

ZER DA LUDOPEDAGOGIA?

Ludopedagogia eraikitze kolektiboko metodologia bat da, oraindik zabalik eta amaitu gabea, 1989an Uruguayko La Mancha zentruak sortutakoa, eta bere proposamena da ikuspegi metodologiko batetik jolasteko gaitasuna berreskuratzen saiatzea, balioestea eta bersortzea/jostatzea, ulertzen duelako jolasa ibilbide baliozkoa dela errealitatea ber-deskubritzeko (errealitate intimoa, publikoa, kolektiboa eta pertsonala), baita jakintzarekin uztartzeko forma bat ere. Beste mundu posible batzuen jaiotzan lagundu nahi du, eta horregatik, bere helburua da bizi dugun errealitatea eraldatzea.
Proposamen politikoa da funtsean, asmoa errealitatea eraldatzeko jarrera eta ekintza indibidualak eta kolektiboak sustatzea baita; giza-esistentziaren baldintza objektiboak eta subjektiboak aldatuz, pertsonen garapen osatuagoa bilatu nahi da metodologia honen bitartez.

 

Gehiago jakiteko: http://www.mancha.org.uy/uc_2030_1.html 

METODOLOGIAK ETA TRESNAK… SAIOAREN HAUSNARKETA

Zoragarria izan zen parte hartu genuen guztiok gure sentipenak partekatzea, ezin esan zenbat barre egin genuen!!! Jolasak hausnaketekin tartekatzen joan ziren bi egunetan zehar, gure kasuan bereziki partaidetzaren inguruan ideiak trukatzeko erabili genuen hausnarketaren atala, baita ludopedagogiaz beraz hausnartzeko ere. Jolasek eragin zizkiguten sentipen biziek gure artean desberdin erlazionatzen lagundu ziguten. “Watu”-ren hitzetan, horrela jolastea planu kontzientearen eta ametsen planuaren artean kokatzen gaitu eta horrela, errealitatea beste era batera ulertzera, beste errealitate batzuk ikusten lagun diezaguke.

Ludopedagogia metodologia gisa planteatzen denez, Ilusionismo Sozialetik lan egiten dugunean metodologiak baztertu egiten ditugula eta, eztabaida sortu zen amaieran metodologia eta baliabideen artean. Beharrezkoak dira metodologiak? Metodologiak erabiliz, bi egun horietan gela horretan landu genuenak haratago parte hartzera, eraikitze kolektibora, errealitatearen eraldatzera eramango gaitu? Bertan bizi izan genituenak gelatik kanpo transferituko ditugu?…METODOLOGIAK dinamizatzaileen ahotsaren menpe kokatzen gaitu (jarraipideak, arauak, hurrenkerak…). Gure ustez, ludopedagogia BALIABIDE gisa tresna indartsua da blokeoak gainditzeko bizipozaren laguntzaz, harremanak horizontalizatzen laguntzeko (esaterako ikasle-irakasle mugak gainditzen laguntzeko), elkarren arteko ezagutzaren atea zabaltzeko, dezentratzeko… Eraldaketarako bide berriak zabaltzeko, azken batean! Gainera, jolasaren aldarrikapena ere oso baliotsua iruditzen zaigu bitartekaritza desiragarriak sortzeko eta dinamizatzeko teknikak garatzeko tresna dela uste baitugu.

Poz handia eman zigun elkarrekin jolasteak ludopedagogiaren ikuspegitik eta benetan eskertuta gaude Watu eta Maríari mintegia eratzeko topaketetan gurekin batera egoteagatik! Seguru berriz izango garela elkarrekin!!!

Comments are closed.