Zergatik EZ aplikatu PBL metodologia?

2010. urtean hasi nintzen Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzan (PBL – Project-based Learning) lan egiten, formazioa ematen eta sakontzen, Euskal Herriko Unibertsitateko formazio zerbitzuak (HELAZ/SAE) bide hori urratu nahi baitzuen ERAGIN programaren bitartez.

Ordutik hona, ERAGIN programako tutore izan naiz bere bost edizioetan eta hala, gure unibertsitateko hainbat irakasleren lana orientatzeaz arduratu naiz, bai diseinuan eta bai inplementazio-fasean; horrez gain, PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko Jardunaldien antolaketa-taldean aritu naiz I, II, III eta IV. edizioetan eta metodologia honen sustatzaile izan naiz bai sare sozialetan eta bai eskainitako hainbat hitzaldi eta ikastarotan estatuan zehar.

Urte hauetan zehar, zer edo zer antzematen nuen ez zuela koadratzen eta azkenean ulertu dut ez dudala metodologia hau erabili behar ez eta sustatu ere. Horixe planteatu nuen 2014ko abenduan Zaragozan egin ziren PBL eta Metodologia Aktiboen Estatuko IV. Jardunaldietan, izen hauxe zuen hitzaldi-eztabaida saio honetan:

“¿Por que NO trabajar PBL?”

Eztabaida ireki hau Alberto Garrido @agarridodiez irakaslearekin batera eraman nuen, bera oso ona da PBL metodologian eta haurren ekimenetik abiatzen da beti, sentsibilitate handiz. Berak PBL izenaren zakuan sartzen den zalantzazko proposamen askoren kritika planteatu zuen bertan eta neuk, PBL metodologiaren aurkako proposamena aurkeztu nuen, eztabaidatzeko.

ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI PSIKO-PEDAGOGIKOA

Arrazoi asko daudela uste dut. Alde batera utziko dut oraingoz Ikaskuntza Kooperatiboaren kritika, luzexeagoa izango delako eta hurrengo baten helduko diot, baina lan kooperatiboaren ikuspegi ideologikoarekin bat ez natorrela aurreratuko dut.

Susmagarria egin zitzaidan nola zabaldu zen horren azkar PBLaren interesa eskoletan. Baten batek pentsatuko du oso positiboa dela eskoletan metodologia aktiboak integratzeko piztu den interes handi hau… baina eskola oso iragazkaitza da aldaketan aurrean eta metodologia hau hain azkar integratzen hasi izanak pentsaraz dezake ez dela “kanpoko” gauza bat baizik eta metodologia tradiziozkoetatik gertu kokatzen den zerbait, baina hainbat abantaila dituena ikuspegi tradizionala duten irakasle eta ikastetxeentzat.

libro de texto PBL
PBLren moda: PBL Lehen Hezkuntzako testuliburu baten hurrenkeran.

Alde batetik, azpimarratzen da ikaslea dela prozesuaren protagonista. Baina metodologia hauek a priori zehazten dute zer gertatu behar den eta hortaz, zaila da ikaslea izatea protagonista. Ikasleak oso aukera gutxi du bere ekimenak garatzeko, zehaztutako proiektuetatik kanpo, ondorioz, soilik irakasleak irudikatu duenaren orbitan dagoena garatuko du ikasleak eta, okerragoa dena, ikasleak jasotzen duen mezua da irakasleak irudikatu duen jakintza hori dela jakintza baliotsua, ez berak lekarkeena edo ikaskideekin batera eraiki lezakeena.

Izan ere, irakasleok uste dugu ikasleei euren ekimen eta ideiak garatzen uztea “arriskutsua” dela, ez dutela jakingo zer egin. Ez dugu konfiantza handirik jartzen ikasleengan eta gero kexu gara ez dutelako egiten guk nahi genukeena eurak egitea, ez direlako oso aktiboak edo PBL metodologiarekin askotan “matxinatu” egiten direlako. Beharbada gutxiegi matxinatzen dira ikasleak eskatzen dizkiegun burutazioen aurrean… Argi dago geuk definitutako proiektuak geuk definitutako ebaluazio-irizpideak dituztenak, garatu behar badituzte, oso irekiak izanik ere, ez dutela ikasiko euren proiektuak gauzatzen. Baldintzapeko autonomia…

Metodologia honen bitartez, geuri obeditzen irakasten diegu, baina modu diferituan, taldearen bitartez, alegia. Hau oso gogorra da: talde-lanaren bitartez, ikaskideak bihurtzen ditugu polizia, ze ikaskide batek zeregin bat betetzen ez badu, bere kideen aurrean zuritu behar du bere burua. Badakigu PBL metodologiarekin handitzen dela nabarmen asistentzia, baina noski, klasera ez badoaz ikaskideei egiten diete kalte. Hala, irakasleok gure agintea delegatu egiten dugu.

Ikasleen lan-zama handitu egiten da oro har. Metodologia tradizional gehienekin, lan-zama azterketa garaira mugatzen da (bezperara askotan), baina PBL metodologiarekin beti dabiltza lanpetuta. Horrek zaildu egiten du ikasleek eurek hautatutako ekimenetan parte hartzea, euren bizitza autoerregulatzea. Proiektuen kudeaketaz ikasten dute, baina ez bizitzaren kudeaketaz, behartuta baitaude taldearen aurrean erantzutera edo bestela, ikaskideen arteko harremanak apurtzen dira.

ZERGATIK EZ PBL? IKUSPEGI EKONOMIKO-IDEOLOGIKOA

Zein da PBL metodologiaren atzean dagoen ideologia ekonomiko-sozial-politikoa? Ezaguna da gaur egun proposatzen ari diren eredu ekonomikoek, eredu post-modernoek, talde-lanean sartu dutela hagina. “Harreman mota berriak”, “taldeen autokudeaketa”, “pertsona helburu”… Espero da zure enpresarekin pertsonalki inplikatzea, enpresaren parte sentitzea eta zure sormena, zure gaitasun eta trebetasun guztiak enpresaren mesedetan jartzea.

Ikuspegi horri heltzen dio PBL metodologiak. Berez, talde-lana kudeatzeko klaseetan erabiltzen diren teknikak eta estrategiak enpresa-mundutik hartuak dira gehienbat, proiektuen kudeaketa-metodoak eta taldeko gatazkak konpontzeko moduak. Zure taldekide batekin gatazka baldin baduzu, zeuk ikasi behar duzu konpontzen, hori baita gaur egungo enpresek behar duten langilea. Zerbait gaizki ateratzen bada, taldearen ardura da. Taldeak arduratu behar du berrikuntzaz, produktuen kalitateaz, etengabeko hobekuntzaz… Kalitate-sistemak ezartzen dira klaseko proiektuetan.

Horrek guztiak enpresa munduan zer esan nahi duen badakigu. Toyotismoa deritzon lan egiteko eraren oso antzeratsua da metodologia hau. Toyotismoan, pertsona ez da garrantzitsua, ni-a urtu egiten da gu-aren mesedetan, hau da, despertsonalizazioa enpresaren mesedetan baina oraingoan, gure niaren alderdi intimoenak jokoan sartuz, gure sentipenak, gure emozioak… Gure artean, ekonomiaren ikuspegi honen defendatzaile ezagunena beharbada Koldo Saratxaga dugu, hona Hik Hasi hezkuntza aldizkariko elkarrizketa, gehiago jakiteko: Hik Hasi, 188. zkia, 2014ko maiatza.

Toyotismoaren ondorio lazgarriak aski ezagunak dira Japonian (karoshi deritzona), enpresari dena eman behar zaiolako (gure denbora, gure bizitza, gure pentsamendua, gure ideiak, gure irudimena…). Baina enpresaburuek badakite horrela oso ondo ateratzen zaiela zukua langileei, oso modu eraginkorrean. Unibertsitate ikasketak dituzten langileak oso prezio onean lortzeaz gain, porrota edo ondoeza edo baldintza kaxkarrak ez dira izango enpresarien ardura, lan-taldeak behartu baititu hala lan egitera enpresaren helburuak lortzeko.

Enpresaren aurkako mobilizazioak nola egin, enpresak emozioetan oinarritutako kudeaketa egiten badu, autonomoa izaten uzten badizu, zeu bazara enpresaren bihotzaren parte?

JENDEA LAN MERKATURAKO PRESTATZEN?

Badakit hau jende askori gaizki irudituko zaiola, arduragabekeria ere  izango da hainbatentzat… baina ez, ez dut jendea formatu nahi gaur egungo sistema gaiztoan ondo molda daitezen, asimilatuak izan daitezen. Benetan sinisten dut bizitzeko beste modu batzuk izan badirela, merkatuaren mende ez daudenak; beno, berez ez dira sinesmen, existitzen baitira, adibide asko daude ezkutuan, beste bizimodu bat posible egiten dutenak.

Ez zait etikoa iruditzen ikasleak enpresaren estrategiaren arabera formatzea. Ez dut lan egingo agintarientzat edo boteredunentzat. Ikuspegi norberekoia hautsi eta lan egiteko modu kolektiboetan aritzeko prest nago eta berez hasia naiz, IKASLEENTZAT lan egin ordez IKASLEEKIN lan egiten hasi naiz eta ez dauka zerikusirik PBL edo metodologia aktiboetako bestelako ikuspegiekin. Ni ez naiz ikasleen jabe, eurak ez dira nire meneko; elkarrekin ikasten dugu eraikitze kolektiboa sustatuz, ez baitu inor jakintzaren edo gure bizitzaren jabe izan behar.

Comments are closed.