Aurrekoan GIH 1: POBREZIA DESAGERTZEA landu genuen, ondoren GIH 3: OSASUNA ETA ONGIZATEA, gero GIH 5: GENERO BERDINTASUNA, eta gaur seigarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: EDATEKO URA ETA SANEAMENDUA.
Hasteko, UNESCO Etxearen bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/traN3ftZF7M?si=5OdJk7LN44opG3SW
Honela zehaztu ditu UNESCO Etxeak GIH honi lotutako ikaskuntza-helburuak:
Uraren eta saneamenduaren erabilgarritasuna eta kudeaketa iraunkorra bermatzea guztiontzat
Ikaskuntza-helburu kognitiboak
1. Ikasleak ulertzen du ura bizitzarako oinarrizkoa dela, zer garrantzi duen uraren kalitateak eta kantitateak, eta zein diren uraren kutsaduraren eta ur faltaren kausak, eraginak eta ondorioak.
2. Ikasleak ulertzen du ura munduko sistema eta erlazio konplexu askoren osagai dela.
3. Ikasleak badaki munduan ez dugula guztiok ur garbia eskura, ez eta saneamendu-zerbitzuak ere.
4. Ikasleak ulertzen du “ur birtual” kontzeptua (nekazaritza edo industriako produktuak egiteko erabiltzen den ura).
5. Ikasleak badaki zer diren baliabide hidrikoen kudeaketa integratua eta uraren erabilgarritasun eta kudeaketa iraunkorra eta saneamendua bermatzeko beste estrategia batzuk, barnean hartuta uholde eta lehorteen arriskuen kudeaketa.
Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak
1. Ikaslea gai da tokiko komunitateetan uraren kudeaketa eta saneamendua hobetzen duten jardueretan parte hartzeko.
2. Ikaslea gai da uraren kutsaduraz, uraren erabilgarritasunaz eta ura aurrezteko neurriez hitz egiteko, bai eta kasu arrakastatsuak agerian jartzeko ere.
3. Ikaslea gai da uraren erabileran arduraz jokatu behar duela sentitzeko.
4. Ikaslea gai da saneamendu eta higieneko estandar egokien balioa ikusteko.
5. Ikaslea gai da ur garbiaren eta saneamendu-zerbitzuen eskuragarritasunean dauden alde sozioekonomikoez eta desorekez galdetzeko.
Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak
1. Ikaslea gai da autosufizientziarako tokiko gaitasuna hobetzeko asmoz tokiko agintariekin lankidetzan aritzeko.
2. Ikaslea gai da tokiko baliabide hidrikoen kudeaketan laguntzeko.
3. Ikaslea gai da bere aztarna hidrikoa murrizteko eta eguneroko ohituretan ura aurrezteko.
4. Ikaslea gai da uraren kalitatea eta segurtasuna indartzen duten jarduerak planifikatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta berrabiarazteko.
5. Ikaslea gai da uraren kudeaketarekin lotuta tokian, nazioan eta nazioartean enpresek kudeaketa-estrategiez hartutako erabakiak ebaluatzeko eta erabaki horietan parte hartu eta eragiteko.
Ur eskasiak nola eragiten digun ulertzeko, Espainiar Gobernuak hilabetero egiten dituen txostenak erreferentzia interesgarriak izan daitezke. Espainiar estatuko lurraldearen % 14,6 ur eskasiagatiko larrialdian dago eta % 27,4, berriz, alerta egoeran. Erreserba hidrikoa % 37an dago. Gobernuak neurri-pakete garrantzitsu bat prestatu du nekazari eta abeltzailei laguntzeko (Espainiar Gobernua, 2023).
Horrekin batera, bi albiste hauek sakontzen lagunduko digute:
Google, Meta, Amazon eta Microsoft eta beste enpresa teknologiko handi batzuen datu eta jarduera zentruek ur geza eta energia kopuru handiak kontsumitzen dituzte.
Esaterako, Uruguay-n, giza-kontsumorako ur eskasia egoera larrian daudelarik, Google-k proiektatu du datu-zentru bat eraikitzea egunero 7 milioi litro ur edangarri baino gehiago kontsumituko duena. Globalki, 2022. urtean gutxi gorabehera 21.200 milioi litro ur edangarri erabili ditu Google-k bere zentruak elikatzeko. Une honetan, Toledoko Talavera herrian “Tu nube seca mi río” lelopean borroka hasi dute Meta-k bere lurretan 180 hektarea hartu eta erabiliko lukeen ura dela eta.
Digitalizazioaren hedapenak ingurumenari kalte handiak eragiten dizkio.
Silvia Ribeiro, 2023ko abuztuak 15.
Edo beste albiste honek argitzen duena:
Alba Etxea salatua izan da Doñanako inguruan zortzi putzu ilegal egiteagatik.
Aurora Boza, 2023ko urriaren 25a
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Boza, A. (2023ko urriaren 25a). La Casa de Alba, denunciada por robar millones de litros de agua de Doñana. El Salto Diario. https://www.elsaltodiario.com/donana/casa-alba-denunciada-robar-millones-litros-agua-donana
Espainiar Gobernua (2023). Informe sobre la Gestión de la Sequía en 2023 [prentsa-oharra]. https://www.miteco.gob.es/content/dam/miteco/es/agua/temas/observatorio-nacional-de-la-sequia/Informe_SP_E_sep_2023.pdf
Ribeiro, S. (2023ko abuztuak 15). Las guerras del agua no son virtuales. Lo Que Somos. https://loquesomos.org/las-guerras-del-agua-no-son-virtuales/
UNESCO Etxea (2020). Garapen Iraunkorrerako Helburuetarako Hezkuntza. Ikaskuntza-helburuak. https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/