Aurrekoan GIH 1 landu genuen, eta gaur hirugarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: osasuna eta ongizatea.
Hasteko, UNESCO Etxeak egindako bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/Ht9zLI4yyFc?si=Y8fhQ31UgIWdpKpe
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dokumentu honetan honela zehaztu ditu helburu honi lotutako helmugak:
- Osasun sistemaren estaldura unibertsala eta irisgarritasuna bermatzea
- Pertsonen erantzunkidetasuna osasunaren zaintzan sustatzea
- Ekitatea osasun-arretan bermatzea, garrantzi berezia emanez genero-ikuspegiari, kolektibo kalteberenei eta arretaren kalitateari
- Zainketa aringarrien arreta bultzatzea, eta baita gaixotasun kroniko, buru-gaixotasun eta gaixotasun arraroei zuzendutako arreta espezifikoa ere
- Osasuna ingurune komunitarioan bultzatzea, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatuz
- Osasun Publikoa bultzatzea, instituzioen arteko koordinazio eta lankidetzarako formulak ezarriz, eta koordinazio soziosanitarioa sustatzea
- HIESa eta bestelako gaixotasun infekziosoak prebenitzea
- Adikzioak prebenitzea eta tratatzea, gazteei zuzendutako ekimenak indartuz
- Osasun- eta kirurgia-arreta eskaintza herrialde pobreetatik edo gerran dauden herrialdeetatik datozen adingabeei, baita aldi baterako harrera-egoeran dauden adingabeei ere
- Osasunaren alorreko ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea
Hala ere, Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatzen ari dira, itxaron-zerrendak, zerbitzuak mugatzea, ordezkoak ez betetzea, telefono bidezko kontsulten hedapena… Hona horren inguruko albiste bat: https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9179859/osakidetza-suntsitzearen-aurka-kalera-aterako-da-gaur-osasun-publikoaren-aldeko-herri-plataforma/
Horrez gain, oso gutxi dira bizitza osasuntsuari lotutako ekimenak. Bizitza osasuntsua izateko, gutxienez hiru eremu landu beharko genituzke:
- INGURUMENA: inguru kutsatuetan, zaratatsuetan eta termikoki gogorretan bizitzeak osasuna lapurtzen du.
- EKONOMIA: lan-baldintza gogorretan lan egiteak edo diruzaletasuna bultzatzeak osasuna lapurtzen du.
- GIZARTEA: giza-harreman pobreak izateak, bazterkeria jasateak, gizarte-kontrolak osasuna lapurtzen du.
Eskura edukitzeko zenbait datu:
- Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an izandako lan-istripuen txostena (Osalan erakundea). Euskal Autonomia Erkidegoan 38.200 lan-istripu gertatu ziren 2022an (% 5eko igoera). Langile gazteenek istripu gehiago dituzte zaharrenek baino. Egunero, 104 lan-baja gertatzen dira. 33 lagun hil ziren lanean edo lanerako bidean.
- 11.300 pertsona baino gehiago hil ziren beroagatik Espainiar estatuan 2022ko udan beroagatik, Bartzelonako Osasun Globalerako Institutuaren ikerketaren arabera (Iturria: El Diario.es).
Horrez gain, hemen duzue GIHetako ikaskuntza helburuetan UNESCOk helburu hau nola zehazten duen: https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
Hona hemen GIH3 ikaskuntza helburuak:
Ikaskuntza-helburu kognitiboak:
1. Ikasleak badaki zer diren osasuna, higienea eta ongizatea, eta kontzeptu horiei buruzko gogoeta kritikoa egin dezake, generoak osasunean eta ongizatean duen garrantziaren ulermena ere barne hartuta.
2. Ikasleak ezagutzen ditu gaixotasun kutsakor eta kutsaezin larrienei buruzko datuak eta zifrak, bai eta gaixotasun, nahasmendu eta heriotza goiztiarrekiko zaurgarrienak diren talde eta eskualdeak ere.
3. Ikasleak ulertzen ditu osasunaren eta ongizatearen dimentsio sozial, politiko eta ekonomikoak, eta ezagutzen ditu publizitatearen eraginak nahiz osasuna eta ongizatea sustatzeko estrategiak.
4. Ikaslea jabetzen da buru-osasunaren garrantziaz. Ohartzen da xenofobiak, diskriminazioak eta larderiak buru-osasunean eta ongizate emozionalean dituzten eragin negatiboez, eta badaki alkoholak, tabakoak eta beste droga batzuek kalte egiten dietela osasunari eta ongizateari.
5. Ikasleak ezagutzen ditu fisikoki eta buruz ongi egoteko bidea eta osasuna sustatzeko prebentzio-estrategiak, barnean hartuta sexu- eta ugalketa-osasuna nahiz alerta-neurri goiztiarrak eta arriskuak murriztekoak.
Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak:
1. Ikaslea gai da gaixo daudenekin interakzioan jarduteko eta haien egoera eta sentimenduekiko enpatia sentitzeko.
2. Ikaslea gai da osasun-gaiei buruz hitz egiteko, barnean hartuta sexu- eta ugalketa-osasuna, batez ere osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten prebentzio-estrategiak indartzeko xedez.
3. Ikaslea gai da besteak guztion osasuna eta ongizatea sustatuko dituzten erabakiak hartzera eta jarduerak egitera bultzatzeko.
4. Ikaslea gai da bizimodu osasuntsuari eta ongizateari buruzko ikuspegi holistiko bat osatzeko, eta horrekin lotutako zenbait balio, sinesmen eta jarrera azaltzeko.
5. Ikaslea gai da bere buruari, familiari eta besteei begira osasuna eta ongizatea sustatzeko konpromisoa hartzeko, aintzat hartuta osasunaren eta ongizate sozialaren esparruko lan boluntarioak eta profesionalak ere.
Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak:
1. Ikaslea gai da bere egunerokoan osasuna sustatzen duten jokabideak hartzeko.
2. Ikaslea gai da berari, familiari eta besteei begira osasuna (sexu- eta ugalketa-osasuna barne) sustatzen duten estrategiak planifikatu, abiarazi, ebaluatu eta berrosatzeko.
3. Ikaslea gai da besteek laguntza noiz behar duten hautemateko eta beretzat eta besteentzat laguntza bilatzeko.
4. Ikaslea gai da osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten politikak gara eta babes ditzaten eskatzeko.
5. Ikaslea gai da sendagaiak arrazoizko prezioan eskaintzeko interes publikoaren eta industria farmazeutikoarekin lotutako interes pribatuaren artean sor daitezkeen gatazkei heltzeko moduak proposatzeko.