Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) kritikoki aztertzeko karta-jokoa

2023-2024 ikasturtearen lehen lauhilekoan, komunikazioa, hezkuntza eta pentsamendu kritikoa garatzeko asmotan, proiektu txiki bat gauzatuko dugu: GIH karta-jokoa.

Garapen Iraunkorreko Helburuak, pentsamendu kritikoa lantzeko

Garapen Iraunkorreko Helburuek izenburu indartsua dute, erakargarria eta (ia) zalantza ezina. Izenburuaren barruan datorrena, aldiz, ez da ematen duen bezain eraldatzailea, izan ere, ez da proposatzen mundua eraldatzea, sistema ekonomikoa aldatzea edo botere-harreman handietan eragitea. Esan daiteke, gehienez ere, proposamen sozialdemokrata dela. Horren adierazle argia da gobernu neoliberalek, demokristauek edo kontserbadoreek ez dutela oztopo larriegirik Agenda 2030 helburuekin lan egiteko.

Azken batean, helburu bakoitza helburu mikroetan xehetzen da adierazle objektiboak eta deskriptoreak finkatzeko. Horrek esan nahi du erakunde bakoitzak aukera duela helburu hauek bere neurrietara ekartzeko (adibide gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumenari lotuta egindako laugarren txostena hemen irakur dezakezu).

Hori esanda, eta irakasle-hezitzaileok GIHak garatzeko gobernu-agindua dugularik, uste dut pentsamendu kritikoa lantzeko aitzakia ona izan daitezkeela, arazoen dimentsio anizkoitza aztertzeko eta iritzi hutsetik argumentazio konplexuagoetara igarotzeko.

GIH Kritikoen karta-jokoa

Honela proposatu da karta-jokoaren ikas-egoera:

IKAS-EGOERA

Irakasle eta hezitzaile guztiok bat eginik, Nazio Batuen Erakundeak 70/1 Ebazpenean proposatutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde egin behar dugu. Honela xedatzen du Oinarrizko Hezkuntzarako Curriculumak, bere lehen orrialdean:

“Curriculumari buruzko dekretu honen zehaztasuna helburu honi zor zaio: euskal hezkuntza-sisteman lortutako hezkuntza-mailak hobetzea eta XXI. mendeko erronka handiei erantzungo dieten hezkuntza-xede berriak bultzatzea. Hori guztia, bat etorriz UNESCOren 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (zehazki, 4. helburuarekin: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea»), Euskadi Basque Country 2030 Agendaren testuinguruan, eta bat etorriz etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz 2018ko maiatzaren 22an Europar Batasuneko Kontseiluak egindako gomendioarekin” (77/2023 Dekretua, 1. orr.).

Gai asko direnez, gure eskolan irakasleok erabaki dugu karta-joko bat sortzea, haurrekin helburuak modu errazagoan landu ahal izateko. Baina ez dugu nahi ikasleek besterik gabe helburuen zerrenda buruz ikastea, alderantziz, gure asmoa da ikasleek gaiaren konplexutasuna modu kritikoan ulertzea, karta-jokoaren laguntzaz.

Irakasleok taldeka elkartuko gara, helburu bakoitza patxadaz aztertzeko. Testuak irakurri eta eztabaidatu ostean, gutxienez karta bat sortuko dugu helburu bakoitzarekin. Karta arte-lan txiki bat da eta irudimena beharko dugu, trebezia plastikoez gain!

Karta-jokoa ondo eraikiz gero, 2023ko ABENDUAREN 19AN jokatuko dugu, sortutako kartak erabilita.

Nola egingo dugu?

Saioz saio, taldeka hau egingo dugu:

  • Egokitutako helburuari buruz dakiguna partekatu. Gogoan izan ideia kritikoak behar ditugula.
  • Bideo bat ikusi, helburua zertan den azaltzen duena.
  • Irakurgai bat irakurri eta komentatu.
  • Helburuaren inguruan eztabaidatu, lehen ideiak sakontzeko. Lehenik talde txikian, gero denon artean.
  • Kartaren zirriborroa sortu eta birpasatu.
  • Karta sortu.

Bideoetan, besteak beste, UNESCO Etxeak argitaratutakoak erabiliko ditugu, helburuari buruz pittin bat jakiteko: https://youtube.com/playlist?list=PLVpRlgPG0eJmXSEnHuS2J92WVIzBNdxDV

Irakurgaietan, komunikabide alternatibo eta libreetan jasotako artikulu egokituak izango ditugu oinarri, blog honetan bertan argitaratzen joango naizena. Horrela, edonoren esku egongo dira.

Osagarri gisa, nire hainbat sailkidek sortutako irakur-gida hauek erabiliko ditugu:

  • Aperribay-Bermejo, M., Encinas, M. C., Esparza, I., Fernández de Gamboa, K., Ibarluzea, M. eta Perales, A. (2022). Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (7-18 helburuak). http://hdl.handle.net/10810/59608

    Aperribay-Bermejo, M., Encinas, M. C., Esparza, I., Fernández de Gamboa, K., Ibarluzea, M. eta Perales, A. (2021). Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (1-6 helburuak). http://hdl.handle.net/10810/54613

Pentsamendu kritikoa garatzeko, ekintza kognitibo-komunikatibo hauek landuko ditugu: deskribatu, definitu, laburtu, azaldu, justifikatu, argumentatu, frogatu.

Comments are closed.