Azaroaren 29tik abenduaren 9ra bitartean (ERNE: erakusketa azkenik abenduaren 2an jaso dugu, laster jarriko dugu erakusketa digitala, blog honetan bertan), EUSKARAREN INGURUAN IKERTZEN poster akademikoen erakusketa egingo dugu Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasletza eraikinean (magisteritzan). Erakusketa honetan, saiatuko gara euskararen inguruko zenbait ikergune modu xumean azaltzen, landutako erreferentzia bibliografikoak modu sintetikoan azaldu nahian.
Erakusketa honen helburu nagusia da bertaratzen diren pertsonekin partekatzea zenbat ikerkuntza-eremu dituen euskarak hezkuntzarekin lotura dutenak: euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, haur eta gazte literatura, komunikabideak, zientzia eta unibertsitatea, marrazki bizidunak, bideojokoak, ikastolen sorrera, euskara eta gazteak, euskal kantagintza, kale erabileraren egoera, ahozkotasuna, euskararen lekua eleaniztasunaren erronkaren aurrean…
Posterrak eraikineko korridoreetan egongo dira ikusgai abenduaren 9ko arratsaldera arte, hortaz, edozein unetan pasa zaitezkete posterrak ikustera. Dena dela, gonbidatu nahi zaituztegu erakusketaren aurkezpen egunean etortzea, horrela posterretako autoreek egingo dituzten azalpenak entzun eta galdera edo iruzkinak egin ahal izango dituzue.
ERAKUSKETAREN AURKEZPENA ETA AUTOREEN AZALPENA: AZAROAK 29, 16:00-18:30
Erakusketako posterrak Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek prestatu dituzte, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren baitan. Irakasgai honetan, adierazpide akademiko-zientifikoaren nolakotasunak lantzen ditugunez, jarduera egokia da honakoa, ikasleek unibertsitateko komunikazioaren poster-eremua lantzeko eta esperientziatzeko.
Halaber, erakusketa HIZKUNTZ PAISAIA EUSKARATZEN proiektuko atal bat da. Proiektu honek Euskara Zerbitzuaren Aktibatu! dirulaguntza eta babesa jaso du. Laster azalduko dugu proiektu hau blog honetan bertan, baina sarrera modura, hemen uzten dizuet erakusketarako neronek prestatutako posterra, adibide modura.