Aurtengo azaroaren 11n, Iruñeko Baluarten, Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egingo da, Soziolinguistika Klusterrak antolaturik. Aurtengo gai nagusia migrazioak eta harrera linguistikoa da, oso bizi dagoen debate baten aurrean hausnarketak, ikerketak eta esperientziak partekatzeko helburuz.
Honela aurkeztu du jardunaldia beren webguneak:
Ez da berria gure artean immigrazioaren fenomenoa. Labur esatearren, XX. mendearen hasieratik, eskualdearen arabera ezaugarri desberdinekin, gizarteko egitura demografikoan aldaketa sakonak eragin ditu euskararen lurraldean. Milurtekoaren aldaketarekin, alabaina, Espainiako eta Frantziako estatuetatik kanpo jatorria duen immigrazioa nabarmenki handitzen ari da, eta adierazle guztiek erakusten dute bizi dugun COVID19 osasun-krisia behin gaindituz gero, are eta gehiago haziko dela.
Kontuan izan behar da, gainera, gaur egungo immigrazioko biztanleriak inoiz baino ezaugarri desberdinagoak dituela, bai jatorri-estatuei dagokionean, baita kultura zein hizkuntza desberdinei dagokionean ere. Jakina, horrekin batera azaleratzen ari diren egoera sozial, ekonomiko eta politikoak ere askotarikoak dira. Beraz, aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin.
2021eko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian erronka horri arrakastaz erantzuteko gakoak identifikatzeko saiakera egingo da. Horretarako gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten pertsonak elkar topatzea eta solastea erraztuko da. Egoeraren deskribapena egiten duten ikerketak, erakunde publikoetatik eta hezkuntza-komunitateetatik martxan dauden egitasmoak ezagutzeko aukera eskainiko da eta aditu zein arituen arteko iritzi trukerako guneak bideratuko dira.
EGITARAUA
INFORMAZIO GEHIAGO ETA IZENA EMATEKO:
https://soziolinguistika.eus/eu/zabalpena/euskal-soziolinguistika-jardunaldiak/2020-2/