Gure ikerketa-taldeko zehar-lerro gisa, aukera (eta beharra) sortu zaigu zinemaren eremua urratzeko. Gonbitea #cineyeducacion saretik datorkigu, sare honekin hainbat ekimen gauzatu ditugu azken urteotan, eta aurrerapauso bat emateko unea iritsi da. Ekarpen akademiko-praktiko bat egin nahi genuke, esperientzia didaktikoei marko teoriko-praktiko bat eratzeko.
Artikulu luze eta zehatzagoa prestatzen ari bagara ere, zuekin partekatu nahi genuke filmen analisiak egiteko prestatu dugun izara.
Funtsean, hizkuntzen didaktikan garatutako esanahiak eraikitzearen kontzeptua zinemaren ulermen-prozesuekin lotu nahi dugu, ikuspegi dialektikotik aztertuta. Zinemagileen sorkuntza lana testuinguru historiko, soziokultural eta psikologiko zehatz batean gauzatzen den bezala, zinema interpretatzeak posizio aktiboa eta kritikoa izatea eskatzen dio ikusleari; posizio hori ez da norbanakoaren interpretaziora mugatu behar, irakurmenarekin azpimarratzen den bezala; aitzitik, indibidualki, taldeka eta kolektiboki eraikitzen dira esanahiak, horregatik da baliotsua zinema ikasgelara eramatea.
Irakasleak ere, eraikitze prozesuen bitartekari-dinamizatzaile gisa, elkarrekin ikusiko den filmaren analisia egiten jakin behar du. Normalean, klasean film bat jartzen dugunean, filmaren elementu nagusi bati erreparatu diogu (gaiaren trataera, pertsonaiak, testuingurua…), eta aukera galtzen dugu bestelako elementuak aztertzeko. Horrekin batera, askotan hitz egiten da kontuz aurkeztu behar direla filmak, ez “espoileatzeko”; baina berdin gerta dakiguke geure interpretazioa haur eta gazteei inposatzen badiegu, filma nola ikusi bideratzen badugu.
Izara honen helburua da film bat ondo aztertzea proposamen didaktikoa prestatu aurretik. Analisiak sentsibilitatea piztuko digu filmaren esanahi aniztasuna ikasleekin batera eraikitzeko eta filmaz haratago jotzeko.
Irudian, izara hutsik ikus dezakezue. Dokumentu honetan, berriz, izararen azalpen laburra eta iturri bibliografikoak: https://www.ehu.eus/documents/5360192/51427417/Film_bat_analizatu_proposamen_didaktikoa_prestatu_aurretik.pdf/
Laster argitaratuko dugu azalpen garatuagoa.