Euskal Herriko Unibertsitateak software pribatiboa erabiltzeko jauzi handia egingo du datozen asteotan. Zoritxarrez, gure epostak, teledeiak, dokumentuak eta bestelako IKT harremanak enpresa multinazional baten esku utziko da, eta gainera, dirua aurreztuko dugula adierazi nahi izan du Errektoretzak, mendetasun teknologikoak dituen ondorio negatibo itzelak ezkutuan utzirik.
Mezu baten bitartez, adierazi zaigu progresiboki pasako garela M365era, eta, nahi izanez gero, uko egin dakiokeela aldaketa honi. Zoritxarrez, mezu horretan, ez dute ezer argitu uko egitearen ondorioei buruz.
Hori dela eta, mezu hau prestatu dut, lagungarri egingo zaizuelakoan.
Dakizuenez, datozen asteotan eposta, teledeiak eta bestelako IKT zerbitzuak Microsoft-era pasako dira (M365), kontrakorik adierazi ezean. Gure lana multinazional baten software pribatibo baten esku uztea erabaki garrantzitsua denez, pausu hau eman aurretik uste dut ondo legokeela norberak horren inguruan hausnartzea.
Software librearen aldeko EHUko ITSAS taldean, gai honen inguruan eztabaidatzen ari gara, eta inork eposta-banaketa zerrenda honetan parte hartu nahiko balu, esteka honetan luke aukera: https://list.ehu.eus/mailman/listinfo/itsas
Unibertsitateak ez du askorik argitu zein ondorio dituen Microsoft-era pasatzeari uko egiteak, baina hau da hemendik eta handik jakin duguna:
Migrazioa orain egingo ez bagenu (ez dugulako argi), migrazioa geroago ere eskatu ahalko genuke, guztiz beharrezko bagenu.
Orain dugun eposta zerbitzua (webposta) erabiltzen jarraitzeko aukera izango genuke. Zenbat eta gehiago izan orain arteko sisteman geratzen garenok, orduan eta indar handiagoa egin ahal izango dugu.
M365eko beste aplikazioak ezingo ditugu erabili, baina gaur egun ere ez ditugu erabiltzen eta badauzkagu horien ordezkoak.
Bideokonferentzia. Teams gabe ere bizi gara, eta norbaitek bideokonferentziaren bat antolatzen badu, UPV/EHUtik kanpoko jendearentzat taldera gehitzeko aukera egongo denez, ez gara kanpoan geratuko. Bestalde, merkatuan aukera asko daude eta horietako edozein baliatu ahal izango dugu geuk bideokonferentziak antolatu behar ditugunean (Jitsi, adibidez).
Microsoft 365 aukerara pasatzeari uko egiteko, esteka honetan dago inprimakia: https://www.ehu.eus/eu/group/ikt-tic/m365-lankidetza-gunea-zerbitzua-ukatu
Espero dut mezu hau lagungarri izatea, erabaki egokiak hartzeko.
POST SCRIPTUM: Beharbada lagungarria da LAB sindikatuak argitaratutako mezu hau irakurtzea, bertan jaso da Eva Ferreira errektoreak emandako erantzuna eposta Microsoft-era pasatzeari buruz: https://labehu.eus/blog/gure-datuak-den-denak-microsoft-eta-chatgptren-esku-uko-egin-migrazioari/
Niri ez zidaten baimenik eskatu eta iaztik daukat Microsoften eposta. Esan zidaten posta guztia migratuko zutela, baina mezu zaharrak (eta haiekin zihoazen dokumentuak hantxe daude) oraindik.
Zer egin dezaket?
Kaixo, Borja: egia da duela zenbait hilabete hasi zirela M365erako trantsizioan, eta tantaka egiten ari zirenez, ez ziren hautsak gehiegi harrotu, azken zirkularra zabaldu zen arte. Zirkularraren arabera, uko egin behar zaio migrazioa hasi aurretik; hala ere, errektoreak hitzeman zuen inor ez zela derrigortua egongo M365era pasatzera, hortaz, nik zure lekuan, badazpada eskaria egingo nuke CAU bidez. Zure arazoa mezu zaharren migrazioa bada, kasu horretan argi dago CAUn intzidentzia egin behar duzula, arazoa konpondu arte.
Espero dut erantzun hau lagungarria izatea!