Galdera horixe egin zidaten Hik Hasi aldizkariko lagunek, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak gazteekin egindako inkesta baten emaitzen harira. Poz handia eman zidan nirekin harremanetan jarri izanak.
Aurretik, aipatu nahi nuke Hik Hasi aldizkariak egiten duen lana oso estimatua dugula hezkuntza fakultateetan, gaiak modu argi, xume eta esanguratsuan lantzen dituztelako. Unibertsitatearen munduan, gero eta eskakizun zorrotzagoa dugu artikulu akademiko-zientifikoak idazteko, baina gehienetan gure artikulu horiek oso urrun kokatzen dira ikasgelan lanean ari diren irakasleengandik, eta, zentzu horretan, ez dute beren berrikuntza-helburua betetzen. Aldiz, Hik Hasi aldizkariak lotura estuagoa du hezkuntzaren eguneroko praktikarekin, gaiak jorratzeko moduagatik eta beti erne dabiltzalako, argitalpenak azkar eta garaiz irits daitezen.
Hori esanda, esteka honetan duzue egin zidaten elkarrizketaren interpretazioa: http://hikhasi.eus/Albistegia/20230303/Euskarako_eskolak_jomugan._Egokia_al_da_metodologia__
Hementxe utziko dut nire hitzen laburpena edo:
Ideia jakin batetik abiatu da Ainhoa Ezeiza, DBHn eskolak ematea ez dela batere erraza: “Ikasleak aztoratuta egoten dira eta batzuetan gauza onak egin arren, itxuragatik eta nagusiekiko urruntasuna markatu nahi dutelako gustuko ez dituztela esaten dute”. Hori oinarri gisa hartuta, aldatu beharreko hiru arazo nabarmen daudela dio irakasleak:
1. Esaldiaren gramatikaren nagusitasuna. Hizkuntzen didaktikak duen arazoa da. 70eko hamarkadan zientifikoki frogatu zen hori ez zela hizkuntzak irakasteko bidea. Gutxienez testuaren gramatikara pasa beharko genukeela dio Ezeizak.
2. Idatzizkoaren nagusitasuna. Ahozkotasuna albo batera geratzen da.
3. Konduktismoaren erabilera ikas-prozesuak aktibatzeko, indartzeko edo zigortzeko. Konduktismoa epe laburrean eraginkorra dela dio Ezeizak, baina epe luzean, eskasa dela.
Beste alderdi bat ere gehitu behar zaie aurreko hiru arazo horiei: euskararen didaktikaren gaineko ikerketa askorik ez dela egiten.