Ikasturte honetan, hizkuntz paisaia lantzeko proiektu bat garatu dugu Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaiaren barruan.
Proiektu hau garatzeko arrazoi nagusiak hauek izan dira, gutxi gorabehera:
- Ikasleek euskararen egoeraren inguruko kontzientzia garatzea, hausnarketa bultzatzeaz gain, batez ere euskaraz hitz egitearen garrantziaz jabetzea.
- Ikasleen arteko hizkuntz ohituretan eragitea, bereziki ideologikoki aldeko jarrera duten ikasleei bultzada emanez (lotsagatik, beldurragatik, konfiantza faltagatik, sozialki gaizki ikusia ez sentitzeagatik edo ohitura faltagatik egiten ez dutenak). Komunikazio antsietatean eta hizkuntz hautaketaren estresean eragitea.
- Lehen Hezkuntzako irakasle direnean eskolako horma eta korridoreetan sortzen den ikus-entzunezko giroak duen garrantzia ulertzea.
- Komunikazio multidimentsionalaren kontzeptua modu praktikoan eta irakasle lanbideari lotuz lantzea.
Entzunezko paisaiaren inguruan beste une batean idatziko dut zerbait hemen. Sarrera honetan, ikusizko paisaiaren berrikusketatxoa egingo dut.
Nolakoak dira gure hormak?
Normalean, hormak saturatuta egoten dira. Oso zaila izaten da kartel edo iragarki bat jarri eta jendeak ikustea, oso deigarria izanik ere. Ohituta gaude ikaskide edo lankideekin korridoreetan hizketan aritzea, hormetan dagoen informazioari kasu handirik egin gabe.
Horrek ez du esan nahi hizkuntz paisaiak gugan eragiten ez duela (sakontzeko, ikus. adibidez, Cenoz eta Gorter, 2006). Saturazioak, alde batetik, ikastetxeko giroa ezartzen du, ikastetxean sartu eta lehen inpresioa (gure kasuan) paper eta kolore pilaketa bat delarik. Ez du ematen irakasle izateko formazio-gune batean gaudela, ez dago ezer hori aditzera ematen duenik. Ez zaio garrantzi handirik ematen. Saturazio hori, jakina, solairuetan gora egin ahala murrizten da, eta zenbait espazio zabaltzen da, “zerbait egiteko”.
Iragarki edo kartel bera behin eta berriz dago jarrita, arreta deitu nahian. Ikusizko saturazioaz gain, iragarki saturazioa ere badago. Ondorioz, fakultatearen ekintza edo aldaketa garrantzitsu bat iragarri nahi denean, arazoak daude iragarkia ikusgarri egiteko.
Bitxia da, garrantzirik ematen ez zaion kontu honek nolako eragina duen bat-batean aldaketak eginez gero. Adibidez, bat-batean kortxoetako iragarkiak kentzen direnean, orduan bai, hutsik, hormek arreta erakartzen dute. Edo poster-erakusketa egin genuenean, dena poster akademikoz bete genuenean, ikastetxean sartzen zen jendea begira geratzen zen, hau da, arreta erakarri zuten.
Gure proiektuan, poliki-poliki kortxo batzuk “eskuratu” genituen. Kartelen bat jartzen genuenean, inguruan hutsunetxo bat uzten genuen, bestela ez zelako ia ikusten; hurrengo egunerako, hutsune horiek iragarkiz beteta zeuden, guk sortutako hutsune horiek “aprobetxatzeko”. Lehia txiki honetan, bi hilabeteren buruan, lortu genuen behintzat kortxo batzuetan eskola-giroa sortzea (azken batean, gure ikasleak Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak izateko ari dira formatzen).
Proiektuaren amaieran, gure eskulan guztiak kendu genituen eta dena “bere onera” itzuli zen. Horrek ere, eragin garrantzitsua izan zuen ikasleengan, egindako lana desagertzean, hobeto ulertu zutelako zein garrantzia zuen beraientzat ere.
Elebitasunarekin, zer?
Blog-sarrera honetan goraxeago jarritako argazkiei erreparatuz gero, berehala ulertzen da. Kartel instituzionalak elebidunak izaten dira, zenbait ekimenen kasuan izan ezik (adibidez, ikerketa-talde batek antolatutako zerbait denean, batzuetan soilik gaztelaniaz azaltzen dira); baina argi eta garbi, nagusiki elebidunak izaten dira. Gazte-antolaketari eta ikasle-antolaketari lotutako kartelak, gehienetan euskara hutsez izaten dira. Langile-antolaketari lotutakoetan, euskararantz jotzen da orokorrean. Hortik kanpo, asko dira gaztelania hutsez jartzen diren kartelak: klase partikularrak direla, akademiak, diskotekak, festak, alokairuak, ekintzak…
Ulergarria da EHUk erakunde gisa kartelak elebidun jartzea, baina batzuetan ez da beharrezkoa izaten. Behar-beharrezkoa da den-dena euskaraz eta gaztelaniaz jartzea? Zer irudituko litzaizueke kartelak orokorrean euskaraz izango balira? Zergatik ez kartel instituzionaletan ia dena euskaraz jarri eta gaztelaniaz gehiago jakiteko QR kodeak erabiltzea?
Gure ikastetxeak arazo nabarmena du euskararen erabilerarekin, behin eta berriz, bilera askotan, aipatzen den kontua da. Funtsezkoa da haurren irakasle izango diren gure ikasleek euskal giroan murgilduta ikastea, eta une honetan, ia irakasle guztiek dakite euskaraz. Posible litzateke, ez dakit, agian ez EHU osoan, baina hezkuntza fakultateetan, hormek euskaraz hitz egitea nagusiki?
Erreferentzia bibliografikoa
Cenoz, J. eta Gorter, D. (2006). Hizkuntz paisaia eta eleaniztasuna: hizkuntzen funtzio informatibo eta sinbolikoak. J. Cenoz eta D. Lasagabaster (Argit.) Hizkuntzak ikasten eta erabiltzen. https://pure.knaw.nl/ws/files/490827/Hizkuntz_paisaia.pdf
Erlazionatutako sarrerak:
[…] Hizkuntz paisaiaren saturazioa eta elebitasunaren zenbait ondorio Hizkuntz paisaia euskaratzen proiektua: aurkezpena […]
[…] Hizkuntz paisaiaren saturazioa eta elebitasunaren zenbait ondorio […]