Hizkuntz paisaia euskaratzen: poster erakusketa digitala

Hitz emandakoa zor eta hona hemen azaroaren 23an egindako poster erakusketaren bertsio digitala.

Lan hau “Hizkuntz paisaia euskaratzen” proiektuaren barruan dago eta honako egituren laguntza eta babesa jaso du: EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila eta Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordetza.

Proiektu honen alderdi akademikoena da erakusketa hau. Izan ere, “Komunikazio Gaitasunaren Garapena I” irakasgaiaren baitan egin da eta irakasgai honen helburu nagusia ikasleek unibertsitatearen ingurune soziodiskurtsiboa ezagutzea eta bertan parte hartzea da. Hori dela eta, poster akademikoen erakusketa ikas-prozesuaren ia amaieran kokatzen da eta espero da ikasleak, zailtasunak zailtasun, iturri bibliografikoak erabiltzen treba daitezen, iturri akademiko-zientifikoak bestelakoetatik desberdintzeko eta egoki erreferentziatzeko (alderdi hauek zailtasun handikoak izaten dira 1. mailako ikasleentzat).

Dinamika hauxe izan da:

  • Ikasleak taldeka bildu dira (6-8ko taldeetan, gutxi gorabehera).
  • Talde bakoitzari gai bat esleitu zaio, zozketaz.
  • Talde bakoitzak hainbat dokumentu izan ditu eskura eta bestelako materialak ere bilatu ditu, posterra egiteko.
  • Posterra Canva bidez egin dute eta proba bat inprimatu dugu, A4 formatuan, koloretan, erroreak eta erratak hobeto zuzentzeko, irudi eta objektuen proportzioa eta kokapena konprobatzeko, eta kolore-konbinazioak egiaztatzeko (ordenagailuan eta paperean desberdin ikusten dira kolore-kontrasteak).
  • Posterrak neuk inprimatu ditut, A1 formatuan (jasotako dirulaguntzari esker) eta beheko solairuko korridore nagusian jarri. Horrela, ikasleek ez dute diru gehigarririk jarri behar izan eta, gainera, ez dituzten euren posterrak ikusi erakusketa eguna iritsi arte (horrek ikus-mina eta ezustea eragin die, baita harrotasuna ere, poster guztiak batera ikusi dituztenean).
  • Erakusketa egunean, graduko bi gelak batera aritu dira (150 ikasle). Taldeak bitan banatu dira: talde erdia, posterra azaltzen geratu da, posterraren aldamenean, iristen ziren pertsonei erakusteko; eta beste erdia, berriz, posterrak ikustera eta azalpenak entzutera joan da. Erakusketa denboraren erdian, taldekideen txanda aldatu da. Horrela, taldekideek hainbatetan azaldu duten euren posterra, eta posterrak entzuten aritu diren ikasleei feedbacka eman diete poster egileei.
  • Erakusketaren amaieran, eta jasotako feedbacken arabera, ikasleak oso gustura sentitu dira posterra ez dutelako gela osoaren aurrean aurkeztu behar izan, gertutasunean baizik, eta behin baino gehiagotan azaldu dutenez, gero eta lasaiago eta gusturago kontatu dute. Gainera, erakusketaren ahozko azalpenak kalifikaziorik ez zuenez, ikaskideei erreparatuz kontatu dute (eta ez irakasleari begira edo irakaslearen iritziarekin kezkatuta).
  • Guztira, 2 orduko 3 saio erabili ditugu.

Kontuan izan Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleek egindako lanak direla, hau da, gerta liteke posterretan erroreak egotea edo gaizkiulertuak, interpretazio-erroreak eta abar.

Irudian klik egin eta galeriara sartuko zara. Espero dut zure interesekoa izatea eta, nahi baduzu, iruzkin bat gehi dezakezu, blogean edo Flickr-ren bertan.

Euskararen inguruan ikertzen poster erakusketa

(ondo ikusten ez baduzu, sartu esteka honen bitartez: https://flic.kr/s/aHBqjApqLc)

Erlazionatutako sarrerak:

 

Comments are closed.