Hilabeteen arrapaladan, ahaztua nuen blog honetan aipatzea 2020an argitaratutako artikulu bat, ahozko historien inguruan. Hauxe da artikulua, deskarga librean:
Encina, J., Ezeiza, A., & Delgado de Frutos, N. (2020). Historias orales como herramienta para la convivencialidad. Revista Latinoamericana Estudios De La Paz Y El Conflicto, 1(2), 13 – 38. https://doi.org/10.5377/rlpc.v1i2.9828
Ikerketa ugaritan erabiltzen dira ahozko iturriak. Horietariko hainbat epistemologikotzat jotzen dituzte, beste hainbatentzat metodologikoak dira, eta beste zenbaitentzat teknika edo tresnak. Artikulu honetan, jendearekin eta jendearengandik 25 urtetan zehar garatutako hamaika ikerketa-proiekturen arteko alderaketa egin dugu, horietarik seitan ahozko historiekin lan egin dugu eta bostetan ez. Artikuluaren hasieran, gure ikuspegi epistemologikoa argitu dugu eta ahozko historien tresna bizi-historiekin eta ahozko historiarekin kontrastatu dugu.
Alderaketen emaitza gisa, ondorioztatu dugu zein garrantzitsua den ulertzea dispositibo eta tresna hauek ez direla kaltegabeak. Ahozko historien tresna dinamizazio komunitariorako baliagarria da soil-soilik komunitate horren une eta egoerarako egokia bada, hau da, ez dira ahozko historiak bildu behar ikertzaileak tresna hau erabiltzea gustuko duelako, edo beste proiektu batzuetan funtzionatu dutelako, baizik eta gauden komunitatearen egokiera ondo aztertu ostean. Ez dugu jendea ikuskizun bilakatu behar, ezta erabili ere sistemak legitimatzeko (adibidez, bake-prozesu instituzional bat abiatu delako).
Azkenik, hainbat hausnarketa gehitu ditugu kultura herrikoien eta dinamizazio komunitarioaren inguruan.