Kultura herrikoien inguruko irratsaioa

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 22. saio honetan, kultura herrikoiak zer diren eta zergatik diren garrantzitsuak azalduko du Ainhoa Ezeiza esatariak.

Irratsaioa deskargatu

Duela urte asko gaude tematuta kultura herrikoiak lantzearekin gure lana pentsatzeko/sentitzeko/egiteko modu gisa.

Kultura herrikoiak dira eraldatzeko gaitasuna dutenak: aniztasuna eta horizontaltasuna, egokitzeko, erresistentziarako eta eguneroko bizitzaz gozatzeko gaitasunari lotuta, eraldatze prozesu komunitarioen sortzaile eta indartzaile dira.

Sevillako El Jueves merkatu herrikoia

Kultura herrikoiek jakintza kolektiboak berreskuratzen eta berpizten dituzte, bat-bateko trukeen bidez, gizarte-kultiboetan, elkarren arteko laguntza-moduak baliatuz, harreman afektiboekin, desikasiz eta ikaste berrietara irekiz… jakintza-iturri agorrezinak dira.

Kultura herrikoiak konplexutasunaren adierazpen argiak dira, izan ere, bizitzeko modu bat izanik, ezin daitezke azaldu eguneroko espazio eta denboretan sentitu/pentsatu/egin gabe, eta errepikapen sortzailearen bidez sortzen dira etengabe. Dimentsio aniztunak dira.

Kultura instituzionalak legitimatzea lortu nahi du tradizioaren bitartez, bai Estatua indartzeko eta bai protoestatuak eraikitzeko. Masa-kulturak tradizioan negozioa ikusten du, salmenta, turismoa… Kultura alternatibo batzuek ere tradizioa erabiltzen dute beren interesetarako: merkatu berri bat, “ekomerkatuak edo merkatu berdeagoak” sortzeko, prozesu eratzaileak abiatzeko (instituyentes)…

Turistifikazioak eta gentrifikazioak apropos apurtzen dituzte kultura herrikoien harreman-moduak

Normalean esaten da kultura herrikoiak kontserbadoreak direla, baina hori ez da hala. Kultura herrikoien ezaugarri garrantzitsu bat da harreman-moduak garrantzitsuagoak direla edukiak baino, eta, hortaz, “objektu kulturalak” ez dira, bereziki, beren interesekoak.

Adibidez, joskera mota bat oso baloratua izan daiteke komunitate-inguru jakin batean, baina ez horrenbeste bere edertasunagatik, jantzia sortzeko prozesuan gertatzen diren gauza guztiengatik baizik. Jantziaren edertasunak autoestimua elikatzen du, pertsonala, taldearena, kolektiboa… baina bere balio herrikoia galtzen du jantzi hori adibidez Zara denda batean salduz gero, esplotazio-prozesu baten emaitza dela jakinda, hau da, nonbait, “beheko” batek egin du, lan-baldintza eskasetan, gutxi batzuen mozkinak areagotzeko.

Eraikitze kolektiboan eta gizarte eraldaketan, azkenik, ezinezko gauza bat egiteko egokiera jakin bat baliatzeko ausardia izan aurretik, garrantzi handia dute irribarre konplizeek. Horregatik diogu barrea ezinbestekoa dela kultura herrikoietan gizartea eraldatzeko.

Hauek dira barrearen indartzaile gisa identifikatu ditugunak:

  • Jatekoa-edatekoa
  • Maitasuna-sexualitatea
  • Instituzioen aurkako bortizkeria eta berdinen gizartea

«Mingarriaren tiraniaren» aurka, ironia baino errezeta hoberik ez da, horixe zen Chamfort-en proposamena; arima «sakon, ilun, mingarri eta sutsu» horren erremediotzat zuen barrea, eta galdutzat ematen zuen «barre egin ez zuen eguna».

KREDITUAK

Sintonia:

Mitxoleta – Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017)

Erabilitako testua:

UNILCO-espacio nómada (2017). Kultura herrikoiak. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera (19-43). ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Hemen eskuragarri: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=922

Blokeen arteko musika:

Belaunaldia – Karidadeko Benta
Grândola, Vila Morena – Os Ganhões de Castro Verde (José Afonso)

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

Comments are closed.