Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika ikastaroko hainbat material

Blog honetan bertan azaldu bezala, uztailaren 9 eta 10ean Donostiako Miramar jauregian izan nintzen, Mintzola Ahozko Lantegiak koordinatutako ikastaroan. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Mintzolako lagunei, gonbiteagatik eta ikastaroa aurrera eramateko egindako ahalegin izugarriagatik!

Lehen egunean, ahozko sorkuntzen didaktika izan zen hizpide nagusia eta bigarrenean, berriz, ahozkotasunaren didaktika. Nik bigarren egunean nuen hitzaldia eta mahai-ingurua, baina bi egunetan hartu nuen parte.

Lehen eguna Arantxa Hirigoyenek zabaldu zuen, Axut Antzerki Konpainiako arduradun pedagogikoa, eta kontatu zigun antzerkia lagungarri zitzaiela euskararen erabilera gazteen artean sustatzeko eta dinamizatzeko. Antzerkiak ahozkoa lantzeko eta talde-sormena sustatzeko duen garrantzia azpimarratu zuen, baita elkar entzutea, partehartze aktiboa, elkarkidetasuna…”Ikasle askok lehen aldiz hartuko dute parte agian sorkuntza lan batean eta hori euskaratik egiteak badu garrantziarik”; “Antzerkiak aktiboa izatea eskatzen du: testua alde guztietara mugitzen dugu geureganatu arte. Bizia da, ahozkoa baita” eta gorputzak ere badu zer esanik hor. “Zaldi Urdina”ren inguruan egindako lanketa pedagogikoa ere izan du ahotan Hirigoyenek.

 

Ondoren, Gotzon Barandiaranek (euskal kultur eragilea) euskal kantagintzari lotutako bi hezkuntza-esperientzia azaldu zizkigun: alde batetik, Rafa Ruedarekin garatutako “Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?” esperientzia, euskal kantagintza, gertaera historikoak, sentimendu abertzaleak adierazteko moduak… lantzeko esperientzia, besteak beste hainbat ikastetxetan landutako saioa; eta bestetik, “Musikariak ikastetxeetan”, Nafarroako Hezkuntza Sailarekin batera, gaur egungo euskal musikariak gazteengana hurbiltzeko esperientzia.

 

Euskal kulturgintzaren inguruko hausnarketa sakonetik abiatu ziren proiektuan, eta kultur ekosistemaren osasuntsu faltaz ohartarazi zigun: sormena eta adierazpide aberatsa bermatzearen garrantzia, irakasle kulturzale falta ere nabarmena eta larria… Egoera horren aurrean, beren aletxoa eskaini dute eskoletan, galdera iradokitzaile honen bitartez: Zeri kantatu diogu euskaldunok? Ze garrantzia du kantatu dugunak eta kantatzen denak euskaldunon identitatean? Hortik abiatu ziren Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda, eta horrela, eskolaz eskola saio bat eskaini dute, euskal musikaren inguruan hausnartzeko eta euskal historiarekin duen lotura erakusteko asmoz. Adibide gisa, hona Hitzen ahairea liburuaren soinu-banda: 140 kantu, 227 grabazio, bai letra, bai musika eta bai interpretatzeko moduak gure sentipenetan duten eragina lantzeko oso baliagarria:

http://susa-literatura.eus/liburuak/best2408

 

Mikel Artola Izagirre hurbildu zen oholtzara ondoren, Bertsozale Elkarteko hezkuntza eragile eta ikertzaile. Bertsozale Elkartean egiten ari diren bertso eskoletako aldaketa metodologikoaz aritu zaigu. Oholtza, bertsogintza eduki, helburu ala aitzakia. Masa-kultura/kultura herrikoietan nola sortzen den, ze girok eragiten duen estrukturalismoa, eredua… Bertsolariaren esperientziari dagokionez, ikasgelako dinamikarako gako batzuk ematen aritu da: “puntutan bat-batean egitea hortik hurbilago egon daiteke, bertso oso bat idatziz egitea baino”. Halako hitzak iradoki dizkit Mikel Artolak. Interesgarria hitzaldia, zer pentsatu asko!

 

Goiza Beatriz Egizabal Ollokiegik itxi zuen (Kontukantoi), eta bere klownklusioetara eraman gintuen. Ondo etorri zen giroa baretzeko eta umoreak duen garrantzia gogorarazteko. Niri neuri maiz gertatzen zait “berotu” edo egiten naizela, pasioz edo gogoz, eta askotan, modu alderantzizkatzailean komunikatzeak eragin indartsuagoa izan dezake. Hortik ikasten segitu nahiko nuke!

 

Bigarren egunean, Olatz Bengoetxea, Soziolinguistika klusterreko ikertzailea, euskararen erabilerari buruz zenbait eskolatan egiten ari den lana azaltzen hasi da: Bergaran egindako Berbekin programa, Berba-Lapiko… Batez ere, ahozkotasuna lantzerakoan ikastetxeetan izan daitezkeen baldintzatzaileak, gakoak eta ondorioak azaldu ditu. Bere adierazpenetatik, besteak beste interesgarria iruditu zait beren ikerketen arabera, ahozkotasuna handiagoa eta zabalagoa dela zenbat eta askeagoa izan hezkuntza-saioa (edo irakasgaia). Hori oso bat dator gure ikerketa-taldeko proposamenarekin, izan ere, askatasuna zutabeetako bat da harremanen eraikitze bizikidetzazkoan. Liburu hau biziki gomendatu du hitzaldian: Ahozko komunikazioa irakastea. Norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan (Josune Zabala, 2018), ahozkoa lantzeko ikasgelarako zenbait gako baitaude bertan azalduak.

 

Neure ustez, ahozkotasuna askatasunetik jariatzen bada, ahozkotasuna areagotzeko soluzioa ezin da izan kontrol handiagoa. Aldamiajea ezin da a priori diseinatu, ikasle, pertsona bakoitzaren eta partekatzen dituen talde eta ingurune kolektiboen arabera planteatu beharko litzatekeelako aldamiaje hori. Horrek esan nahi du ez dagoela soluzio metodologiko magikorik, kasuan kasu irakasleak ulertu beharko du zein den egoera, nolako dinamikak ari diren sortzen, dinamika positiboak dinamizatu eta negatiboak mugatu, eta aldamiaje hori testuinguru sozial eta naturalaren arabera eraikitzen joan. Zentzu horretan, bat nator bere hitz hauekin: “Ikasgelako hizkuntza eredua bera ezin da irizpide bakarra izan ahozkoaren lanketa egiteko. Testuinguru soziolinguistikoak zerikusi handia du”.

Aroa Murciano hasi da ondoren, “Ahozkotasunaren didaktika irakaslea ardatz” izeneko hitzaldiarekin. Irakasleok jabetu ohi gara gelako hitzaz, dio Aroa Murcianok, eta hala izaten da; horregatik proposatzen dugu geure ikerketa-taldean jabegabetze prozesuak aktibatzea eta dinamizatzea, hau da, inork boterea har dezan saihestu, irakaslearen boterea horizontalizatu eta ikastetxearen egiturak malgutu. Bere posizioa, nire ustez, estrukturalista da, nahiz eta Bronckart eta bere eskola ikuspegi hori malgutzen joan den azken urteetan, teorikoki behintzat, eta estrukturalismoak ahozkotasunetik urrun kokatzen gaitu. Testu-moldeek mila forma har baditzakete, ez da izango ez dagoela testu-molderik? Errepikapen sortzailearen ideia baliagarriagoa izaten zait hizkuntza ahozkotasunean nola gauzatzen den irudikatzeko, horrek gainera, hiztunari eta hiztun-komunitateari “egiten” uzten dio, testu-moldeak, diskurtsoak, testu tipologiak eta horren antzerako kontzeptuek, aldiz, hizkuntza “unibertsitaterizatu” egiten dute, adituei botere izugarria ematen die, zer dagoen ondo eta zer gaizki epaitzeko boterea ematen zaielako. Hizkuntza ez da inorena eta denona da, aldi berean, komuna baita, eta ondorioz, errepikapen sortzailean edonor da gai eta dago prest hizkuntza eraiki eta deseraikitzeko, prozesu sozio-kultural konplexuen bitartez. Estrukturalismoak, zurrunago zein malguago, aditzera ematen du adituek hizkuntzaren egiturak erauzteko gaitasuna eta tresnak dituztela, ondoren “jende xeheari ondo hitz egiten” irakasteko. Horregatik, gure ustez, ahozkotasuna ez da DESegituratua, izatekotan, “bestea” da egituratua dagoena. Ahozkotasunak gizakiok berezkoago duguna delako, pentsatu/sentitu/eginez eraikitzen eta desegiten duguna.

Irakasleak bideoz grabatzearen ideia ere ez dut batere gustuko. Ez lotsagatik, edo zer ezkutua izateagatik, ez… irakaslea ikas-prozesuaren erdigunean jartzen duelako baizik. Irakaslea grabatuz, ezin da jakin irakasle hobea ala okerragoa den, irakaslea ikasgelaren ekosistemaren parte bat baino ez delako, eta ondorioz, bere portaera ez da errepikagarria, ez garelako errobotak. Irakasle “onak” izan nahian, errutinak, teknikak eta programazioak ondo ikasten baditugu, gehiago kostako zaigu gelako kideen egoera zehatz horretan naturaltasunez, jakinduriaz, intuizioz, zientziaz eta sentipenez erantzutea.

Txantxa txiki bat etorri zitzaidan burura, ez gaizki hartu, hemen gorde nahi dut aurreraxeago hartu nahiko nukeelako, patxadatsuago. Aroak aipatu zuen Vigotski psikologiaren Mozarta dela. Mozart ez da, inondik ere, neure begikoa, eta Vigotskik gauza interesgarriak baditu ere, nola interpretatu den eta nola saindutu den ez dut gustuko… Horregatik, hau pentsatzen jarri nintzen:  Vigotski psikologiaren Mozarta bada… zein da pedagogiaren Shostacovicha?

Aroa Murcianoren ostean, neure hitzaldia etorri da. Hemen uzten dizuet hitzaldia aurkezteko egindako bideo laburra, eta beheraxeago, erabili nuen aurkezpen-dokumentua.

https://youtu.be/G-pAEPOTngE?t=3

 

[slideshare id=236738991&doc=aezeizauik2020-200709044452]

 

Ondoren, Joxerra Gartziak ekin zion hizketari, izenburu honen pean: Eskola: gaitza ala sendabide? Eskolan komunikazioa lantzearen garrantziaz aritu da, batez ere euskara-maila ustez oneko ikasleen taldeetan. Aberastasun falta, komunikazio zurruna eta ahotsa proiektatzean sentipenak adierazteko mugak azpimarratu zituen. Euskarak baliabide ugari ditu eta horiek berreskuratu beharko genituzke, hizkuntzaren jolasteko, gozatzeko. Lehen da bizi!

Joxerra Gartziak eusbakofharen kontzeptua ekarri digu: “euskara bakandu ofizial hiper-arautua”, alegia; Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005) liburuan aurkeztu zuena. Hemen duzue Iñaki Segurolaren beraren zenbait hitz, bere liburu horren harira, Sustatu gunean. Adibide ugari eskaini ditu hitzaldian eta bizpahiru (edo hiruzpalau) ziri sartu zizkidan hitzaldian barrena, bere hitzaldia nirearen ostekoa zela baliatuz, hori bai, elegante 😉

 

Amaiera gisa, mahai-ingurua egin dugu, mahairik gabe, distantzia zainduz… eta hitza arrapaladan eta gustura hartzen ibili nintzen. Hainbeste denbora itxialdian, berriketarako gogoz joan nintzen ikastarora!

 

 

https://youtu.be/aX0b6wgSmAw

Hemen utziko ditut gorderik bi prentsa-ohar, eskaini nuen hitzaldiari loturik:

https://www.diariovasco.com/sociedad/ahozkoak-duen-berezkotasunari-20200711141634-nt.html

https://www.mintzola.eus/eu/egunean/albisteak/ahozkotasunarentzako-aldamioei-neurria-hartzen

Comments are closed.