Udako ikastaroa: Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzaren didaktika. Animatzen?

Aurtengo udako ikastaroak zoritxarrez ezohiko egoeran gauzatuko dira. Hala ere, ikastaroetako koordinatzaile guztiekin hitz egin ostean, hainbat ikastaro gauzatuko dira, modu batera edo bestera.

Udako Ikastaroak 2020 – UPV/EHU

Edizio berezia izango da, pandemiak sortutako egoerara egokitutako eduki berriekin eta online formatuekin
Aurtengo edizioari begira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak hainbat agertoki aurreikusi eta neurri batzuk hartu ditu, ikastaroen garapena bermatzeko. Alde batetik, ikastaro formatu berriak sortu ditu eta hobetu egin da plataforma birtuala, edozein lekutatik konektatzeko; bestetik, osasun eta segurtasun neurri guztiak aurreikusi ditu, egoerak aukera eman bezain laster ikastaroak aurrez aurre egiteko (webgunetik hartua).

Ikastaro batzuk online izango dira eta beste batzuk aurrez aurre eta online sinkronoan segitu ahal izango dira, alarma-egoerako fase bakoitzak ezarritako baldintzak kontuan harturik.

Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktikari buruzko ikastaroa

Ikastaro hau uztailaren 9 eta 10ean izango da eta bertan hizlari izango naiz, Bertsozale Elkartearen gonbidapenari esker. Hemen duzue ikastaroko fitxarako esteka: https://www.uik.eus/eu/online-ikastaroa-zuzenean-ahozkotasunaren-eta-ahozko-kultur-sorkuntzen-didaktika

Ikastaro hau online zuzenean da, baina nahi izanez gero, PRESENTZIAL egiteko aukera dago.

Hona hemen ikastaroaren aurkezpena eta behin-behineko egitaraua:

Ahozkotasuna Euskara ikasgaian landu ohi da berariaz, baina ahozko komunikazioa edozein ikasgaitan ageri da ikasgelan, edo, garrantzizkoago izan daitekeena, ikasgelatik kanpoko harremanetan. Ahozkotasuna eskolan irakats daiteke? Noiz, nola? Ahozkoa lantzeko proposamen didaktikorik bada? Nola eragiten du testuinguru soziolinguistikoak ikasle gazteengan? Gazteek pentsatzen edo sentitzen dutena euskaraz adierazteko testuinguru egokirik eta aski baliabiderik ba al dute eskura?

Hezkuntza Arautuan ahozkotasunaren didaktikan aritzeko hainbat modu daude; ikastaroan hainbat ikuspegi desberdin aurkeztu eta kontrastatuko ditugu. Gainera, ahozkotasunak gazteen hezkuntzan dituen hainbat aje eta erronka aztertuko dituen gogoeta batek ilustratuko gaitu.

Ahozkotasuna eguneroko solasean bizi da, egunerokoaren isla diren ahozko kultur sorkuntzetan esate baterako. Ahozko kultur sorkuntza lantzea, egitea eta gozaraztea bada ikasleak ahozko komunikazioan trebatzeko eta zaletzeko manera; ahozko komunikaziorako baliabidez jabetzeko modua. Baina antzerki, bertso, ipuin edo kantagintzaren didaktika emoziozko eta gozamenezko hezkuntza bidea da, ez arauzkoa. Gurean baditugu ahozko kultur sorkuntzen heziketan arrakasta duten esperientzia didaktikoak; batzuk biziki garatuak, bestetzuk potentzialitate handikoak. Horiek ezagutaraziko ditugu ikastaroan, ahozkotasunaren didaktikaren osagarri; edo zurkaitz, hautatzen den talaiaren arabera.

HELBURUAK

  • Ahozkotasuna ikastetxean lantzeko ereduak ezagutaraztea eta kontrastatzea.

  • Hainbat ahozko kultur sorkuntzen didaktikaren berri ematea.

  • Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktikaren lekua eta balioak aldarrikatzea Hezkuntzan.

HARTZAILEAK

Hezkuntza Arautuko irakasleak (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa), Ahozko Kultur Sorkuntzen irakasleak (antzerki, bertsolaritza…) aisialdiko begiraleak, kultur teknikariak, euskara teknikariak.

UZTAILAK 9: AHOZKO KULTUR SORKUNTZEN DIDAKTIKA

9:30-9:45 Erregistroa eta dokumentazio-banaketa. Jardueraren zuzendariaren aurkezpena. Karlos Aizpurua Etxarte (Bertsozale Elkartea – Ikerkuntza eragilea).

9:45-10:15 Antzerkiaren didaktika edo nola irakatsi antzerkia Hezkuntza Arautuan. Arantxa Hirigoyen Iriarte (Axut Antzerki Konpainiako arduradun pedagogikoa).

10:15-10:30 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

10:30-11:00 Kantagintzaren didaktika edo nola irakatsi kantagintza Hezkuntza Arautuan. Gotzon Barandiaran Arteaga (Bertsozale Elkartea – Kultur eragilea)

11:00-11:15 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

11:15-11:35 Geldiunea

11:35-12:05 Bertsolaritzaren didaktika edo nola irakatsi bertsolaritza Hezkuntza Arautuan. Mikel Artola Izagirre (Bertsozale Elkartea – Hezkuntza eragilea eta ikertzailea).

12:05-12:20 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

12:20-13:00 Mahai-ingurua: Ahozko kultur sorkuntza Hezkuntza Arautuan. Arantxa Hirigoyen Iriarte, Gotzon Barandiaran Arteaga eta Mikel Artola Izagirre. Moderatzaile: Karlos Aizpurua Etxarte.

13:00-13:30 Klownklusioak. Beatriz Egizabal Ollokiegi (Kontukantoi).

UZTAILAK 10: AHOZKOTASUNAREN DIDAKTIKA

9:30-9:45 Jardueraren zuzendariaren aurkezpena. Karlos Aizpurua Etxarte (Bertsozale Elkartea – Ikerkuntza eragilea).

9:45-10:15 Ahozko komunikazioan eragiteko aukerak aztertzen Hezkuntza Arautuan. Olatz Bengoetxea Manterola (Soziolinguistika Klusterreko teknikaria)

10:15-10:30 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

10:30-11:00 Ahozkotasunaren didaktika: irakaslea ardatz. Aroa Murciano Eizagirre (EHUko irakasle eta ikertzailea).

11:00-11:15 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

11:15-11:35 Geldiunea

11:35-12:05 Didaktizismotik konplexutasunera: ahozkotasunera hurbiltzen kultura herrikoien ikuspegitik. Ainhoa Ezeiza Ramos (EHUko irakasle eta ikertzailea)

12:05-12:20 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

12:20-12:50 Gazteak, eskola eta ahozkotasuna. Joxerra Garzia Garmendia (EHUko irakasle erretiratua eta ikertzailea. Ahozkotasunean aditua).

12:50-13:05 Parte-hartze irekia (txatez, ahoz, mikrofonoz)

13:05-13:30 Mahai-ingurua: Ahozkotasuna Hezkuntza Araututik egunerokora. Aroa Murciano Eizagirre, Ainhoa Ezeiza Ramos eta Joxerra Garzia Garmendia. Moderatzaile: Karlos Aizpurua Etxarte.

Neure partehartzearen inguruan

Ahozkotasunaren jabetze eta ikaskuntzaren gaiari heltzeko, funtsezkoa iruditzen zait kultura herrikoiak zer diren argitzea, ahozkotasunaren ekosistema edo mikroklimak hobeto ulertzeko. Arazo bat ikusten dut ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzaren artean gertatu den haustura, azken honek kultura instituzionalaren eta masa-kultura alternatiboaren bidea hartu duelarik, kultura herrikoietatik urrunduz.

Saiatuko naiz hitzaldira ekartzen Euskal Herrian, Andaluzian, Mexikon eta Portugalen ikasitakoa, eta antropologiaren ikuskera ere elkarlotuko dut hizkuntzen didaktikaren ikuspegiarekin batera. Hona hitzaldiaren izenburua eta laburpena:

https://youtu.be/G-pAEPOTngE

HITZALDIA: Didaktizismotik konplexutasunera: ahozkotasunera hurbiltzen kultura herrikoien ikuspegitik

Ahozkotasuna kultura herrikoien komunikazio-modu nagusia da eta edozein logika linguistiko gainditzen du. Sentipenak, ekintzak eta pentsamenduak estuki elkarlotzen dituelarik, adierazpen plastikoa, poetikoa, erritmikoa… hizkuntz adierazpenarekin bateratzen du. Gorputz osoko komunikazioa da eta psikodinamika eta gramatika propioak ditu. Hori dela eta, ahozkotasuna irakaskuntza-testuinguruetan lantzeko, konplexutasunaren teorian murgildu behar dugu, ikuspegi dialektikoaren laguntzaz.

Comments are closed.