Ongi etorri Mitxoleta Libertarioen 14. saio honetara! Gaurko saioan, hezkuntzaz ariko gara, harrigarria, ezta? Jeje… Baina beharbada hezkuntzaren ikuspegi berezi bat entzungo duzue, beste modu bat hezkuntzaz eta heziketaz hitz egiteko.
Eskolak eragiten dituen kalteak espainiar estatuan eta beste leku batzuetan nabarmen salatu dituen pertsonetako bat da Pedro García Olivo. Salatzea, bere kasuan, ez da diskurtso bat, bere ideologiarekin bizimodu koherentea bilatu duen pertsona da, pertsona ausarta. Eskola alternatiboen aurka ere aritzen da, ardi-larruz jantzitako otsoak baino ez baitira, kasu gehienetan behintzat; eskola bera baieztatzen baitute, metodologia berrien izenean, erakunde elitistak eratuz kasu asko eta askotan, familia berezi batzuentzat soilik balio duten eskolak izanik.
Ba Pedro García Olivoren artikulu bat ekarri nahi dizuet irratsaio honetara! Izan ere, “Educación sin propiedad” liburua Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko lehen mailan erabiltzen dugu, Lehen Hezkuntzako graduan, hau da, maisu-maistra izateko prestatzen ari diren ikasleekin, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I deritzon irakasgaian. Liburuko artikuluak eta artikulu-zatiak eztabaidatzen ditugu, interpretatu, berregituratu eta berridatzi, eta horien artean, Pedrok idatzitako artikulu bat, oso berezia: “Me enseñó a ser árbol”.
Artikulua Nerea Odriozolak itzuli du eta klaseko lan gisa entregatu du, bere baimenez argitaratu dut hemen.
ME ENSEÑÓ A SER ÁRBOL (ELEGÍA)
Pedro GARCÍA OLIVO
Hilabete honetako 8. egunean ohiz kanpoko gizon batek utzi gintuen.
Sekula ez zidan esan zer egin behar nuen; inoiz ez ninduen bultzatu inolako norabidean; inoiz ez zidan bere munduko eta bizitzako ikuspegia sustatzeko sermoirik eman; inoiz ez ninduen zigortu; inoiz ez ninduen saritu; inoiz ez zuen nire enpeinutan laguntzeari eta bertan egoteari utzi, zeinetan bere pentsamenduei aurre egiten zien baina ez bere bihotzari.
Sozialismo errealera alde egin nuenean Europara, lanik egin gabe bizitzen saiatzeko, berak, sekula ezerengandik ihes egin ez zuen gizon langileak, autoa prestatzen eta ekipajea parrilan egoki kokatzen irakatsi zidan.
Hezkuntza bertan behera utzi nuenean ahuntzain izateko, berak, irakasleen eta hauen lanaren kontzeptu egokia zuen. Ez zen guztia bertan behera utzi eta pobrezian bizitzearen aldekoa. Baina, nire animalien ukuilua eraikitzen lagundu zidan.
Kobazulo honetara joan nintzenean basapizti baten pare bizitzeko, berak, niretzat etxe erosoago bat nahiago izango zuen horrek, urte batean belarrak eta fruituak loretu ez eta, ondorioz, asko argaltzen ari nintzenez, kaiola bat oparitu zidan txoriak eta untxiak harrapatzeko. Era honetan, egoera hartan nuen desnutrizioari aurre egiteko aukera izan nuen.
Eta ni, esperientzia pertsonaletik abiatutako pedagogiaren aurkari sentitzen nintzen honek, garrantzia ematen nion nire hausnarketen dekantazioari, irakurketa zehatz batzuei. Horregatik, gaur egun onartu beharra daukat, elegia honen hasieran, nire maisu ezkutua, oharkabekoa, sakona, behin betikoa eta gaindiezina, nire aita dela. Berak irakatsi zidan zuhaitz izaten.
Paco
Antzinako ijito kantu batek dio ez dagoela maitasunik amarena bezalakoa denik, ezta aita on batena bezalako itzalik ere. Rom aita ez da Argia, Gidari, Eguzkia; baizik eta itzala, itzal ona, denboraren eta lekuaren zorroztasunaren aurkako babesa. Bere senar barik etxera heltzean, hil berri, nire amak hauxe esan zuen: << Etxe hau itzal barik gelditu da. Zein etxe itsusi eta txarra, jada ez dut gogoko.>>. Betiko maitasuna…
pAco
Pikmin Swaggerek rap kontzertua eman zuenean Albateran, bera bertan izan zen. Aitona bat zen, publikoko pertsona zaharrena, ia ezin zena zutik mantendu. Ez zuen musika hura oso ondo ulertzen, eta zenbaitetan ez zitzaiola gustatzen adierazten zuen. Baina bertara joan zen, izan ere bere biloba Pikminek, abestu egiten zuen. Eta bera, zuhaitzen jakinduriarekin, itzala ematera joan nahi izan zuen, bultzadatxo bat, animoak ematera. Ez dut inoiz eszena hori ahaztuko: Paco, zutik, ixkin batean, oholtzaren eta bozgorailuen alboan, irrikarekin bere bilobari begira, bere gauzak abesten zituen, bere belarriek gustuko ez zituzten gauzak, marihuanari buruz ia debozioz kantatzen zituen gauzak adibidez, eta hori berari arinkeria iruditzen zitzaion; baina hala ere, arreta eta estimu guztiaren aditzen zuen. Nik neire aitari begiratzen nion, eta pentsatzen nuen: zuhaitza da, haritza da.
paCo
Une batzuetan elkar ikusteko desira sutsua sentitzen dugu, eta ezin dugu, ozeano batek banantzen gaituelako. Eta penatu egiten gara horregatik.
Hitzak idatzi egiten diren uneak daude eta irakurtzean pasada txarrak jokatzen dizkigu, zeren eta hitz soinutsua behar da, hitz gorpuztua, ahotik irteten dena, keinuetan eta begiradetan bilduta dagoena, eta belarrira osorik heltzen dena. Inkomunikazio partzial horren ondorioak jasaten ditugu, eta haize izoztuak gure arimatik jalgitzen diren samurtasun izpiak erretzen ditu.
Batzuetan norbanakoaren exigentzia antzematen dugu, norberak jardutekoa, baldintzapenik eta presiorik gabe, bilatuak ez diren laguntzak erabili gabe, inoren iritzitik urrun. Eta larritu egiten gaitu beste testigu baten presentziak, nahiz eta beste hori maitagarri bat izan.
Zuhaitz bezala, nire beharra daukazunean zugandik gertu egotea gustatuko litzaidake, soilik beharra duzunerako. Itzal bat ematea, babesa, ihintza badago edo eguzkiak gogor jotzen badu, eta ankerkeria horiek traba egiten badizute. Baina ez naiz zure etxean azalduko, erremedio gabe ikusi ez nazazun eta egunero egon ez gaitezen. Zuhaitza bezala, nire hazkuntzarako baliabideak ditudan lekuetan haziko naiz, zugandik gertu, zure inguruan.
<<Aske izateko, ez daukagu zertan baimena eskatu>>, esan zuten zapatistek eta joan egin ziren, besterik gabe, Gobernu Okerrekotik. Zuhaitz izateko, desira izatea nahikoa da, horixe diñotzut. Eta ni izango naiz, otsailetik, zuhaitz zure hiriko bazter batean. Bertan egongo naiz hemen nagoen bezala, zure hitz idatzien irismenean; baina bertan izango naiz hemen egon ezin dudan bezala, zure ahozkotasun eta gorpuztasun irismenean. Behar bezainbestetan izango nauzu, eta ni gabe egongo zara behar ez nauzuean.
Horregaitik, bihotz, ez dizut baimena eskatzen denboraldi bat zure herrialdean bizitzeko: zure auzunean biziko naiz, hori baita nire izateak gehien miresten duena, gorputzak eskatzen didana. Zuhaitz, bertan haziko naiz; itzala emango dizut, behar duzunean eta gertu bazaude.
Zuretzat zuhaitz izan nahi dut, eta zuhaitz izaten neire aitak irakatsi zidan.
paCo
García Olivo, Pedro (2018). Me enseñó a ser árbol (elegía). In J. Encina, A. Ezeiza eta Emiliano Urteaga (koord.), Educación sin propiedad (455-458). Guadalajara: Volapük. Nerea Odriozolak 2019ko azaroan euskararatua.
Testu hau ziur nago hainbat eratan interpretatu daitekeela. Nik era baten ulertzen dut.
Sarritan ama izatearen garrantzia goraipatzen da, aitarena alde batera utziz; testu honek aitak duen garrantzia ikusarazi nahi du, testuan aipatzen den mutikoarengatik egiten dituen ekintzak aipatuz. Ekintza hauek benetan hunkigarriak iruditzen zaizkit, politak.
Aita honek ez dio esaten zer egin behar duen, guraso askok egiten duten bezala. Berak nahi dituen gauzak egiten uzten dio, hau konfunditu dadin eta bere konklusioak atera ditzan. Aita honek bide horretan laguntzen dio, behar duen sostengua emanez.
Metafora bezala ulertzen dut zuhaitz kontzeptua, eta aita honek bere semeari esan nahi dio beti egongo dela bere alboan, nahiz eta fisikoki ez izan. Pertsonak ez dira gure bizitzetatik joaten, ahazten ez baditugu.
Nerea Odriozola
Honatx jatorrizko artikulua:
García Olivo, Pedro (2018). Me enseñó a ser árbol (elegía). In J. Encina, A. Ezeiza eta Emiliano Urteaga (koord.), Educación sin propiedad (455-458). Guadalajara: Volapük. Deskargatzeko: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=1034
Artikuluaren lokuzioarekin batera entzundako musika Red Hot Chili Peppers taldearen “Snow” izan da, Nerea Odriozolaren iradokizuna.
Ba amaitzeko, beti bezala, gure sintoniarekin utziko zaituztet, Eneritz Furyaken “Mitxoleta” kanta. Hurrengora arte!