Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 11. saio honetan, irakurketa komuna zer den argitzen dugu, Gustavo Estevaren “komun” kontzeptuaren laguntzaz, eskola-egoerekin lotuz. Horrez gain, irakurketa estrategien inguruan zertzelada batzuk ematen ditugu. Bide batez, blog-sarrera honetan planteatutako ulermen joko txikia hartzen du aitzakia gisa, hiru abesti txertatzeko.
Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da.
Eskolan oso zabalduta dago irakurketa bi multzo handitan desberdintzea: ulermenezko irakurketa (ikasteko, munduaren ezagutzan sakontzeko) eta gozamenezko irakurketa (ipuinak, album ilustratuak, nobelak… literatura deritzon hori). Ontzat ematen dugu ikasleak desberdin kokatzen direla irakurketa baten eta bestearen aurrean, estrategia desberdinak erabiltzen dituztela batean eta bestean.
Guk ez dugu horrela ikusten. Modu asko daude irakurtzeko eta ulertzeko, eta interesgarria iruditzen zaigu irakurketa komuna eraikitzen joatea ikasgelan, elkarbizitza sustatuko duen irakurketa.
Zer da irakurketa komuna? Zer esan nahi du zerbait “komuna” izateak?
Komuna da denona dena eta inorena ez dena, aldi berean; jaberik gabea. Komuna den horretan denok ezagutzen dugu geure burua, baina ez da norbanakoen batuketa hutsa, ehundutako zerbait baizik. Horregatik sentitzen dugu denona dela, baina inork ezin du beretzat hartu. Ipuin bat komuna denean, ezin da zehazki esan nork proposatu duen izenburua, edo nork idatzi duen atal bat, baina bai denok izan dugula partehartze aktiboa, konplexutasunez garatua dagoelako.
Komunaren adiera Gustavo Estevarengandik jaso dugu (2017). Berak egindako analisia gizarte antolaketari lotuta dago eta guk hezkuntza-jardueretara ekarri dugu. Indibidualismoa nagusi den gizarte honetan elkarbizitza eraikitzeko arauak eta zigorrak erabiltzen dira, norbanakoak ez duelako uste gizartearen zaintza denon ardura denik, delegatu egin du (Estatuan edo Merkatuan). Komuna eraikitzen eta ehuntzen goazen neurrian, aldiz, garrantzitsuagoak dira harreman-moduak edukiak baino. Horrek ez du esan nahi edukiak inportanteak ez direnik, baina gizarte-eraldaketa harreman-moduen eraldaketatik etorriko delako hipotesitik abiatzen da. Nork bere buruaren ardura hartu behar du eta baita inguruaren zaintzaren ardura ere, eta inguru hori ingurune naturala eta soziala da. Horregatik esaten da bizikidetzazko eskoletan jendeak elkar zaintzen duela.
Irakurketa komuna ez da -nahitaez- ozenki eta testu bakarra denon artean irakurriz egiten dena. Irakurketa komunaren ezaugarri nagusia da irakurketatik eta irakurketarekin sortzen diren pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak kolektiboki eraikitzea. Hori nola egin? Ez da erraza hitzetan jartzea konplexutasunean nola egin lan, guri bururatu zaigu “jendearengandik eta jendearekin lan egitea” esatea.
Ikasleekin eta ikasleengandik lan egitea, ulermenezko irakurmena lantzeko
Hiru era nagusi daude jendeak parte har dezan:
- Ordaintzen edo agintzen digunarentzat lan egitea (gobernua, zuzendaritza-taldea…).
- Ikasleengatik edo ikasleen onerako lan egitea
- Ikasleekin eta ikasleengandik abiatuz lan egitea
Lehen kasuan, ez diogu ezer galdetu behar geure buruari, besterik gabe esaten digutena egin behar dugu. Bigarren kasuan, uste dugu inportanteena ikasleen arrakasta edo zoriona edo ikaskuntza ona lantzea dela, eta uste dugu, halaber, geuk badakigula zer behar duten (edo agian beharren analisi bat edo aurreebaluazio bat egiten dugu eta beraien maila jakinda, erabakitzen dugu zer den onena eurentzat). Hirugarren kasuan, ez dugu egiten ikasleek nahi dutena, baizik eta euren gogo, interes, jakintzetatik abiatzen gara eta konplexutzen eta sakontzen goaz, dinamizatuz, baina ikasleen autonomia eta elkarren beharra (interdependentzia) sustatzen dugu.
Asko hitz egiten da ikasleen autonomiaren garapenaren inguruan, baina normalean irakasleok erabakitzen dugu klasean egin beharreko guztia edo ia guztia. Edo agian, guk ezartzen dugu helburua (adibidez, dinosauroei buruzko lan bat egitea) eta epe eta baldintza jakin batzuk emanda, askatasuna ematen diegu euren prozesua garatzeko, baina beti gure arau zehatzen arabera. Horrela lan egiten dugu uste dugulako bestela galduko direla, edo inproduktiboak izango direla, edo ikasleek ezin dutela jakin zer nahi duten, edo ikasleek oso gutxi dakitela, “txikiak” direlako (hau adinean luzatzen da eta unibertsitatean ere gauza bera esaten da, ez dakitela ezer gazteegiak direlako edo ezjakinak). Funtsean, ez gara gure ikasleez fido.
Ikasleak eskolara datozenean, jakintza ugarirekin datoz. Batzuetan ezin dituzte espresatu eta beste batzuetan ez dakite dakizkitela, eta ondorioz, autoestimu baxua dute euren jakintzekiko. Jakintza pertsonalak dituzte, familiakoak, komunitarioak, munduari buruzkoak, naturari buruzkoak… eskolaren funtzioa jakintza horiek sakondu, konplexutu, kontrastatu eta bestelako ezagutza aberasgarriekin garatzea da. Zeregin horretan, irakurketa oso baliagarria da ikasleei autonomia ematen dielako jakintzetara iristeko, baina jakin badakigu irakurtze hutsak ez duela jakintza eraikitzen. Adibidez, gaur egun interneterako sarbide zoragarria dugu eta ez gara jakintsuagoak horregatik, ez baitakigu nola maneiatu informazioa gure jakintzekin elkarlotzeko. Prozesu horretan, gozamenduz ikasteko moduak lantzea funtsezkoa da.
Bestalde, internetek ere erakutsi digu ikasleek zerbait ikasi nahi dutenean pasio handiz aritzen direla informazio bila. Arazoa da batzuetan nahi duten hori oso azalekoa dela, edo kontsumismoari oso lotua, edo klik azkarraren menpe nabigatzen direla. Horregatik da interesgarria irakurtzeko estrategiak partekatzea, irakurketa partekatua izatea eta abar.
Irakurtzeko estrategiak
Lehenago ere aipatu bezala, ulermenezko irakurketan eragin handia du ikuspegi estrukturalistak: izenburuaren interpretazioa, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak desberdintzea, testuen eskema ateratzea, lexiko elementu gakoak azpimarratzea, kohesio-elementuei erreparatzea… Beharbada testuaren testuinguru komunikatiboa ere igartzea eskatzen da. Estrategia hauek baliagarriak dira testualtasunaren inguruan sakontzeko eta testu akademikoak eratzen trebatzeko. Arazoa dator askotan ulermena baino gehiago, jatorrizko testuaren errepikapen hutsa dela ulermentzat jotzen dena.
Ulermenezko irakurketan bi jarduera mota izaten dira nagusi, estrategia gisa ere interpreta daitezkeenak: irakurketa intentsiboa eta irakurketa estentsiboa. Daniel Cassany-k azaldu bezala (2016), irakurketa intentsiboaren helburua irakurketa prozedurak garatzea da: ulermenari lotutako mikrotrebetasunak, testuari aurre hartzea, skimming (gain-begiradaz irakurtzea) eta scanning (zerbait zehatza bilatzea testuan) teknikak, inferentziak egitea, hitz ezezagunen adiera testuinguruaren laguntzaz igartzea… Halakoetan, irakasleak testu laburrak eskaintzen ditu eta lan zehatza eskatzen du bere bitartekaritzaren bidez. Irakurketa estentsiboan, aldiz, jarrerazko helburuak garatzea espero da: motibazioa, irakurtzeko ohitura sustatzea, kultura ezagutzetan sakontzea, irakurtzearen abantailak sentitzea… eta irakurketa autonomoari lotutako jarduerak dira, askotariko testuak erabiliz (haur eta gazte literatura, saiakera, eta abar.).
Esperientziak erakutsi digu, aldiz, bi jarduera mota horien artean dagoen jauzia kaltegarria edo nahasgarria izan daitekeela, ikasleek zailtasunak dituztelako bi irakurketa mota horien artean jauziak egiteko. Asko azpimarratzen dugu zein den testuko autorearen intentzioa, baina oso gutxi irakurlearen eta irakurleen asmoari buruz. Ez da gauza bera informazioa erauzteko irakurketa edo jarraibideei segitzekoa, edo denbora-pasakoa, eta gehienetan hauek denak batera pasatzen dira, hau da: edozein testu irakurtzen dugularik, informazioa erauzten dugu, ideiak ateratzen ditugu, sentipenak eragiten dizkigute (batzuetan motibagarriak eta beste batzuetan etsigarriak).
Irakurketa funtsean asmakizun jolasa da. Kode batzuk ikusi eta kode horiek interpretatuz eta inferentzien bidez, pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak eragiten dira. Jolas hori, hitz-jolasa, alegia, sozializatzen dugunean, jolas konpartitua da eta helburu berriak sortzen zaizkio testuari.
Irakurtzea, halaber, dramatizazio jolas bat da. Beste norbaitek idatzitako testu bat berregiten dugu, berrinterpretatzen, geure ahotsa ematen diogu (ozenki irakurtzen dugunean jakina, baina baita ahopeka irakurtzen dugunean ere, gure ahotsa gure buruaren barruan entzuten dugulako). Horregatik, testua hoztasunez irakurtzeko eskaria egiten dugunean, testuaz gozatzeko aukera apurtzen ari gara. Eta ikasleek irakurketa gozamenduz hartzen ez badute, zaila izango da irakurketa autonomoa sustatzea.
Erreferentzia bibliografikoak
Cassany, D. (2016). La escritura extensiva La enseñanza de la expresión escrita en secundaria. Enunciación, 21(1), 91-106. http://dx.doi.org/10.14483/udistrital.jour.enunc.2016.1.a06
Encina, J., Ávila, M.A. eta beste (2017). Jendearekin eta jendearengandik lan egiten. A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera. Jakintzak, trebetasunak eta sentipenak kolektiboki eraikitzen (273-282). Donostia: ISM-UPV/EHU.
Esteva, G. (2017). Los ámbitos sociales y la democracia radical: algunas cuestiones a explorar. J. Encina eta A. Ezeiza (koord.), Sin poder. Construyendo colectivamente la autogestión de la vida cotidiana (135-160. or.). Guadalajara: Volapük Eds.
[…] (Oh.: hurrengo sarreran pista gehiago) […]