Zer da ULERTZEA? Ulermenezko irakurketaren inguruan

Dulantziko Mitxoleta Libertarioen 10. saio honetan, ulermenezko irakurketari lotutako galdera funtsezko bat planteatu nahi izan dut: zer da ulertzea? Eskolan ulermena lantzen dugunean, gehienetan testuien ordenari lotutako elementuei erreparatzen diegu eta horretan trebatzen ditugu ikasleak. Hori da irakurketa sinpleena, ez baitu apenas ezer eraikitzen. Irakurketa modu libertarioan planteatzeko zertzelada batzuk daude irratsaioan, testuak elkarrekin egoteko eta elkarrekin eraikitzen segitzeko baliabide izan daitezen eta ez helmuga.

Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da.

Deskargatzeko, egin klik hemen

Asko hitz egiten da eskolan ulermenari buruz baina oso gutxitan zehazten da nola kontzeptualizatzen den ulermena eskolan. Gehienetan, ulermena irakurmenari lotzen da (ez ahozkotasunaren ulermena, esaterako irakaslearen diskurtsoaren ulermena, edo ikaskideena) eta horren barruan, gehienetan testu bat irakurri eta bertako ideia nagusiak jasotzera mugatzen da, ideia hau oso sartuta daukagulako: TESTU BAT ULERTZEA = TESTUKO IDEIA NAGUSIAK ULERTZEA

Children smile faces – CC0 Public Domine

Baina gure ustez, hori oso ikuspegi mugatu eta mugatzailea da, estrukturala, eta norabide anitzeko ulermenaren alde egin nahi genuke, bai eskolan eta bai bestelako testuinguruetan.

Ez da arraroa eskolan ulermen unibokoa baino ez lantzea, erantzun bakarreko galderen bidez ebaluatzen dena gainera, kasu askotan.

Ulermena bi modutan banatu ohi da: ahozkoaren ulermena eta idatzizkoarena.

  • Ahozkoaren ulermena gehienetan irakaslearen gelako diskurtsoaren ulermenari lotuta egoten da. Bertan, jarraipideak, azalpenak eta aginduak izaten dira nagusi, eta normalean irakaslea da igorle nagusia eta ikasleak hartzaile dira. Ikasleek galderak egin ditzakete, edo ulertu ez dutena galdetu… baina irakasleak du ulertu beharrekoaren gaineko kontrola (boterea).
  • Idatzizkoaren ulermena gehienetan testu laburretan oinarritzen da, edo testu zatikatuetan, irakurri beharreko ipuin/nobeletan izan ezik, kasu horretan normala izaten da laburpena eskatzea (irakurri ote duten konprobatzeko) edota iritzia, ulermena modu horretara konprobatuz. Testu nagusiak zatikatuta daude, oso argi egituratuak (testu-liburuetakoak, kasu) eta ideia nagusiak oso ondo jaso behar dituzte ikasleek. Alegia, kasu askotan, “testu bat ulertzea” = “testuko ideia nagusiak identifikatzea eta ideia horien arteko loturak ulertzea”.

Erne, ez dugu esan nahi eskolan hori BESTERIK egiten ez denik, baina kontziente izan behar dugu hori dela ulermen modu nagusia.

Testu akademikoen ulermena lantzen, konplexutasunean

Testu didaktikoak deitzen diren horiek lantzean oso zaila da ulermen konplexua garatzea. Adibide honetan, berez ez dago ulermen sakona lantzeko modurik:

Articulação da mandíbula – Nascigl [Public domain]

Ugaztunak (Mammalia) ugatz-guruinak eta ilea duten ornodunen talde amniota homeotermoa da. Gehienak lurtarrak badira ere, badaude espezie urtarrak (zetazeoak, fokak…). Talde honetako 6.000 espezie baino gehiago ezagutzen dira, 1.200 genero, 152 familia eta 46 ordenatan banaturik, eta hainbat izaera eta forma har ditzakete. Bere tamaina 4 cm-tik hasi eta 30 metrorainokoa (baleak, esaterako) izan daiteke. Azala ilez estalita izan ohi dute gehienetan, eta gorputzeko tenperatura konstante eta altua daukate. Lau gorputz-adarrez osatuta daude gehienetan, eta arnasa beti biriketatik hartzen dute.

Egin dezakezun gauza bakarra errepikatzea da, “buruz ikastea”. Ezin duzu ezer eraiki eta ezin duzu ezer interpretatu. Gehienez ere, hiztegian begiratu beharko duzu hainbat hitzen esanahia argitzeko, baina ezin duzu “ulertu”, elaborazio itxia duelako. Ezin zara egon ez ados eta ez desados. Hau oso ulermen pobrea da eta soilik balio du eduki jakin bat ezagutzera emateko (ezagutzaren transmisioa). Lantzen ditugun testu akademiko gehienak horrelakoak badira, literaltasunarekiko mendetasuna baino ez dugu landuko.

Beste testu honetan, aldiz, jende gehienak eduki dezake zeresana:

Puntu honetara iritsita, iradokitzen dugu ez hitz egitea pobreziari buruz, pobreziei buruz baizik, pluralean. Izan ere, singularrean hitz eginda, diru sarrera jakin batera iristen ez den jende multzoari buruz ari gara. Horregatik, pluralean hitz eginda (pobreziak), argitzen dugu ez garela egoera ekonomikoaz ari soilik, alegia, hilabete bukaeran diru gehiago edo gutxiago edukitzeari buruz, egoki asebeteta ez dagoen edozein giza-beharren eskasiak erakusten duelako giza-pobrezia (…).

Adibidez, eztabaida daiteke ze pobrezia-mota dauden, zein ezagutzen ditugun, zergatik ari gara pobreziari buruz hitz egiten Lehen Hezkuntzako ikasgela batean, zertan laguntzen dit testu honek nire bizitzan… Testua irekiagoa da eta ez da horregatik sinpleagoa (gai mamitsu bat da) baina bai xumea eta konplexua aldi berean. Xumea da erraza delako zerbait ulertzea, eta konplexua da, paragrafo txiki batekin eztabaida ugari sor daitezkeelako, zentzu askotakoak.

(Aurreraxeago ekarriko dugu diziplinen gaia, lasai 😉

Ulermena egunerokotasunean

Testuak “modu tradizionalean” lantzen ditugu azkarragoa izan ohi delako eta programazioa betetzeko beti presaka gabiltzalako, edo ez ditugulako ikasleak lan zailetan murgilarazi nahi eta testu egokituak nahiago ditugu ondorioz. Baina horrek arazo handi bat dakar: eguneroko bizitzan arraroa da “dena” ulertzea eta askotan ikasleak frustratzen dira “ez dutelako dena ulertu” edo ez direlako gai arreta jarraikorra izateko testuetan, gidatu gabe baldin badaude (galderak, testu zatikatuak, laukitxo lagungarriak…). Hamaika egoera sortzen zaizkigu egunero-egunero, zeinetan ez dugun informazio osatua, eta gure burua oso azkarra izaten da hutsuneak betetzen, nahiz eta askotan nahasten den orokorrean oso “sistema eraginkorra” izaten da!

Guk apropos aukeratzen ditugu fijo dena ulertuko ez duten testuak, batzuetan zatiak kenduaz edo testuaren konplexutasunagatik, edo testuak ez direlako linealak (hau da, batzuetan testuak ulertzeko aurrera segitu behar da, idazten ditugun testu asko “espiralak” direlako). Ideia hau ulertzeko, irakurketarekin zerikusirik ez duen egoera bat erabiliko dut:

Ezagutzen ez dugun leku batera goazenean, ohiko bihurtu da eskuko telefonoko GPSa piztu eta google maps-en sartzea, kalez kale eta pausoz pauso gure helmugara iristeko. Eta gehienetan zuzen-zuzen eramaten gaitu, oso modu eraginkorrean (beno, zenbait jende ez gara oso iaioak halakoekin eta beharbada kontrako norantzak ekiten diogu ibilaldiari baina tira!). Oso sistema ona. Baina… kaleak telefonoari begira ibili ditugunez, ez dugu ezer ikusi, gure helmuga baino ez, eta hori oso pobrea da. Aldiz, bateriarik gabe geratzen garenean, hasieran urduritxo jartzen gara (telefonoaren pausoei segitzeko ohitura dugulako) baina galtzen hasten gara, ingurura arretaz begiratzen, orientatzen, jendearekin hizketan hasten gara galdezka… eta azkenean helmugara iristen gara. Eta ez da nahitaez motelagoa, askotan azkarrago iristen gara bertako jendeak hobeto orientatzen gaituelako. Nola ikasten da gehiago? Zein modu da eraikitzaileagoa? Zeinetan erabiltzen dira trebetasun gehiago?

Walking With Mobile Phone. Street wall art. Domeinu Publikoa.

Walking With Mobile Phone. Street wall art. Domeinu Publikoa.

Zein da gure proposamena, konplexutasunaren ikuspegitik?

Gure ustez, ideiak argi transmititzen dituzten testuek doktrinatzea bilatzen dute beste ezeren gainetik: Gauzak horrelakoak dira, eta kitto. Ikasi egin behar dituzu. Testu horietan jartzen duena da Egia. Zer gerta daiteke (agian ez baina agian bai…) testuak argi eta garbi ulertzen ez ditugunean? Ba adibidez:

  • Elkarren arteko laguntza eta enpatia eragiten dute
  • Testuen interpretazioa elkarrekin eraikitzen da
  • Ideia berriak sortzen dira, irakasleak aurreikusi ez dituenak, edota gure buruan gauzak esnatzea, esanahi bila gabiltzanean
  • Irakaslearen jabe-gabetzea: irakasle asko oso urduri jartzen dira dena kontrolpean ez dutenean edo erantzun guztiak ez dituztenean, eta ondorioz, testu itxiak nahiago izaten dituzte, erantzun itxiak dituztenak eta puntuatzen errazak direnak. Horri “ebaluazio objektibo” deritzo baina berez “ebaluazio sinplista-mekanizista” deitu beharko litzaioke. Jabe-gabetzen garenean (“desempoderamiento”), berriz, gauza asko gertatzen dira: irakaslea ez da ikas-prozesuaren erdigunea, irudimena pizten da eta gauzak kolektiboki eraikitzeko aukerak sortzen dira (elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz).
  • Norabide anitzeko komunikazioa: jende desberdinak jende desberdinari erantzutea une desberdinetan (disentsuan), irakaslearengandik pasa gabe; azalpenak, esperientziak eta ideiak elkarren artean gurutzatzea eta nahastea (kaos sortzailea); pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak elkarren artean nahastea, zatikatu gabe.
  • Euskarri alternatiboak erabiltzen dira: idatzizko testuetan dauden gauza batzuk bideoetan daude, batzuetan abesti batek ideia teoriko bat zabaltzen digu, pelikula zati batek, audioek… Aniztasunean egiten dugu lan, konturatu garelako gehiago sakontzea lortzen dugula bitartekoak konbinatuz eta nahastuz.
  • Gure iritzietatik “defendatzeko” denbora eta aukera ematen da. Batzuetan kosta egiten da erantzuna ez ematea edo azalpena eskatu bezain laster ez ematea, baina azalpena irakasleok ematen dugunean, bat-batean gainerako interpretazioak itxi egiten ditugu, geuk dugulako hitzaren boterea, gure iritziek halako “garrantzia” izateko joera dagoela, gainerakoen iritzien gainetik. Horregatik, ondo dago pixka bat itxarotea, soluzio edo azalpen bakar bat ez ematea. Gure esperientziak, ideiak eta sentipenak partekatzen goaz, sortzen diren elkarrizketen laguntzaz. Argi utzi behar dugu ez garela hutsezinak (“infalibles”).

Hori guztia, jakina, dinamizatu behar da. Horretarako gaude irakasleok! Gauza ez da ikasleei testu zail-gordin bat ematea, taldeka jartzea eta eraikitze kolektiboa sor dadin itxarotea. Eraikitze kolektiboa (hau da, banakakoa, taldekakoa eta denen artekoa) dinamizatzeko irakasleok oso erne ibili behar dugu, sortzen diren aukerak probestuz eta beharrezkoa denean ixilduz!

KREDITUAK

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak
Musika: “Dublindarra” – Deierra; “Herri xumeak, sasoi ilunak” eta “Hurt, Johnny Cash cover” – Hibai The Outlaw

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

3 iruzkin honentzako: Zer da ULERTZEA? Ulermenezko irakurketaren inguruan

  • PEIO PIKABEA

    Zein baliabide proposatzen dituzue?
    Nola eraman aurrera proposamen horiek?

  • Ainhoa Ezeiza

    Kaixo Peio:

    Eskerrik asko blog-sarrera irakurri eta iruzkintzeagatik.

    Blogean kuxkuxeatzen baduzu, beste hainbat sarrera daude bai irakurketari buruz eta bai orokorrean hezkuntza-prozesuetan lan egiteko egiten ditugun proposamenen inguruan.

    Irakurmena ez dago isolaturik eta horregatik, irakasteko moduak, eskolako giroa eta antolamendua eta eskolaren inguru sozial eta naturala kontuan hartu behar direla uste dugu.

    Blogean eta gure beste artikulu batzuetan jasotzen duguna ez dira proposamen teorikoak, gure praktika profesionaletik abiatuz eraikitzen dugun hausnarketa ikertuak baizik. Proposamen hauek debatitu egiten ditugu foro desberdinetan eta horrela, saiatzen gara gure proposamen eta ideiak etengabe elikatzen eta konplexutzen.

    Ikerketaren aldetik, ikuspegi dialektikoan oinarritzen gara, konplexutasunaren teoriaren markoan, eta hortik abiatuz goaz zehazten. Irakurmenaren kezka baduzu, beharbada beste sarrera hauek ere interesatuko zaizkizu:
    http://www.ehu.eus/ehusfera/komunikatzen/tag/ulermena/

    Aste honetan beste sarreraren bat argitaratuko dugu gai honen inguruan, pendiente eta erdi-prestaturik duguna.

    Horrez gain, webgune honetan ilusionismosocial.org material ugari duzu, bai idatzizkoak, bai audioak eta bai bideoak, gure proposamenaren orokortasuna hobeto ulertzeko. Blogean pixkanaka goaz ideiak argitaratzen, baina material ugari dago beste formatu horietan, agian lagungarriago zaizkizunak, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz.

    Eztabaidarako, hausnarketarako, ideiak eta esperientziak konpartitzeko beti prest!!! Nahi izanez gero, hauxe nire eposta: ainhoa.ezeiza@ehu.eus

    Ondo izan!

  • […] Aurreko batean testu zati hau ekarri genuen debatera: […]