Barka hizkuntzen didaktikan adituak zaretenok blog-sarrera honetan egingo dudan sintesi sintetikoagatik. Nire asmoa ez da jakintza-eremu honetan egin den ibilbide historikoa sinplifikatzea, eztabaida kokatzea baizik.
Hizkuntzen irakaskuntzan azken 50 urteotan hainbat metodologia esperimentatu bada ere, metodologia horien atzean dauden ikuspegiak ez dira horrenbeste aldatu. Gaur egun, bi ikuspegi dabiltza lehian edo elkarrekin batera: ikuspegi gramatikala eta ikuspegi komunikatiboa.
- Ikuspegi gramatikalaren arabera, hizkuntza kode bat da, egitura bat duena, eta egitura hori irakatsiz irakasten da hizkuntza. Esaldiaren gramatikan oinarritzen da (morfosintaxia) eta normalean ariketak egitea proposatzen da ikuspegi honetan, entrenamendu gisa. Ikuspegi konduktista da eta zuzen/oker binomioa da ebaluazio-irizpidea.
- Ikuspegi komunikatiboaren arabera, hizkuntza komunikazio-tresna bat da, eta ondorioz, esaldiaren gramatika ez da nahikoa komunikazioa bermatzeko. Horregatik, testuaren gramatikan oinarritzen da, eta testuak ulertu eta sortzea proposatzen da ikuspegi honetan. Ikuspegi hau konstruktibista da eta gramatikala baino konplexuagoa da, gaitasun linguistikoaz gain, gaitasun soziolingusitikoa, gaitasun estrategikoa eta gaitasun diskurtsiboa landu behar dira. Ebaluatzeko, hortaz, testuen helburu komunikatiboa, koherentzia, kohesioa eta jarioa (komunikagarritasuna) dira ebaluazio-irizpideak, hizkuntz zuzentasunarekin eta aberastasunarekin batera.
Gero, ikuspegi bakoitzak bere metodologiak proposatzen ditu: induktiboa/deduktiboa, funtzionala, ikus-entzunezkoa, pragmatikoa, edukietan oinarritutakoa, sekuentzia didaktikoak, atazetan oinarritutako ikaskuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza… Honetaz, blog honetan bertan sarrera hauek irakur ditzakezue:
- Ataza komunikatiboen metodologia (AOI) eta proiektu bidezko metodologia (PBL) alderatuz
- Ataza bidezko irakaskuntza eta proiektuetan oinarritutakoa alderatzen Altzaga Ikastolan
Ikuspegi horiek, baina, muga handi bat dute: biak estrukturalistak dira. Noski, ikuspegi komunikatiboa zabalagoa da eta aukera gehiago eskaintzen ditu ulermena eta ekoizpena lantzeko, baina hemen ere hizkuntza estruktura gisa ulertzen da. Horregatik, oso metodologia onak pentsatuta ere, jarraitzen dugu errore berean: planteatzea hizkuntzak estruktura baten inguruan egituratzen direla eta egitura hori ikasteko pausoak zehaz daitezkeela (programazioak, curriculumak, eta abar).
Ikuspegi dialektikoa
Ikuspegi estrukturalistan, hizkuntza bera da arretagune, eta hiztunek hizkuntza egoki erabili behar dute, aurrez definitutako parametroei segiz. Hizkuntzaren didaktikaren ikuspegitik, nahikoa da estruktura horiek modu ordenatuan irakastea. Hizkuntzaren erabilera homogeneizatzen da horrela.
Ikuspegi dialektikoan, berriz, hiztunak komunikazioaren subjektutzat hartzen dira, subjektu indibidualak eta subjektu kolektiboak. Mezua ulertzea baino inportanteagoa da jendea elkarren artean ulertzea. Horrek ez du esan nahi ‘denak balio duela’, baina aitortzen da jende guztiak eraikitzen duela hizkuntza kolektiboki, iraganean oinarrituz eta jakintza indibidual eta kolektiboak baliatuz, errepikapen sortzailean oinarrituta.
Ikuspegi dialektikoak hizkuntzaren eta komunikazioaren konplexutasuna ulertzen du, eta horrek esan nahi du elkarloturik daudela pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak. Ikuspegi zientifikoan konplexutasuna hedatzen ari den moduan, onartzen hasita dago ezin dela hizkuntza landu osagabetasuna, ziurgabetasuna eta inperfekzioa kontuan hartu gabe. Hizkuntz nahasteek ere horixe erakusten dute (ikus., esaterako, blog honetan “Idatzi bai baina irakurri ezin zuen emakumearen kasu bitxia“). Horregatik, aldez aurretik programatu ordez, pasa beharko genuke ikasleekin eta ikasleengandik lan egitera, egoeraren araberako erantzunak emanez (ingurune naturala eta soziala kontuan hartuta), egiturak malgutuz eta komunikazioa ikuspegi dimentsioanitzetik landuz, zeinetan hizkuntza komunikatzeko bestelako tresnekin batera erabiltzen den: adierazpen plastikoa, fisikoa, afektiboa, arrazionala…