Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola mahai-ingurua, urriaren 5ean arratsaldez #ISM16

Azken bi urte hauetan, hausnarketa sakona egiten ari gara hizkuntzaren -eta bereziki euskararen- irakaskuntza moduen inguruan. Hizkuntzaren didaktikan egindako paradigma aldaketek estrukturalismotik ikuspegi komunikatibora eraman gaituzte, baina berdin egiten dugu talka muga handi batekin: irakasten den hizkuntza ez da “benetakoa”, egiantzekoa da, bai, testuinguratze komunikatiboari esker, baina simulazioan mugitzen denez, ez ditu elkartzen pentsatzeak, egiteak eta sentitzeak. Ondorioz, irakasten dugun hizkuntza kultura instituzionalean oinarritzen da (erabilera arauak, alderdi formalak, testuen gramatikak… hizkuntzalaritzatik hartutakoak gehienbat) edo agian, berrikuntza prozesuen ondorioz, masa-kulturan (youtubegintza, sare sozialetako hizkuntzen errepikapena…), baina alde batera utzi ditugu kultura herrikoiak.

Gure ustez, hizkuntzen irakaskuntza ahozkotasunetik abiatu behar da. Ahozkotasuna ez da ‘ahoz esatearen’ baliokidea, ahozkotasunak konplexutasunean du bizitza, hau da, osagabetasunean, inperfekzioan eta ziurgabetasunean; ez ditu bereizten pentsatu/sentitu/egin eta mugimenduan gauzatzen da, elementu paralinguistiko eta estralinguistikoetatik haratago, jendearekin gorputz osoz, ingurune natural eta sozialean dauden bitartekoak erabiliz (adierazpen plastikoa, fisikoa, natura eta gizarteari lotutakoa).

Hori da hizkuntzaren eta hezkuntzaren jabe-gabetzearen formulazioaren oinarria eta horretan ari gara lanean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Ilusionista Sozialen Mintegia deitu dugun UPV/EHUko ikerketa-formakzio taldean. Eta eztabaida irekitzeko, zabaltzeko eta partekatzeko, Ilusionista Sozialen Mintegiaren II. Jardunaldietan gai horri bete-betean heldu nahi izan diogu, hortik jardunaldien izenburua: NORENA DA HIZKUNTZA? KULTURA HERRIKOIAK ETA JABE-GABETZEA.

Agustín GARCÍA CALVOren pentsamenduak izan dira, besteak beste, jardunaldi hauen inspiragai, eta horregatik bere “Norena da hizkuntza?” artikuluaren izenburua hautatu dugu lelo gisa. Funtsean, hizkuntza kultura herrikoien bihotzean kokatu nahi genuke eta horrek zer esan nahi duen landu. Jardunaldien asmoa da hizkuntzen trataeraren inguruko hausnarketan sakontzea, Agustín GARCÍA CALVOk planteatu zuen ideia honen inguruan:

‘Jaun-andreok: hizkuntza ez da inorena; konplexutasun zoragarriko makina hori, zuek zeuek darabilzuena, “herriyak bizilagunakin hitzeiteko dabilen hoixe”, ez da inorena’.

Horregatik, ezinbestekoa iruditu zaigun euskararen normalizazioan izan diren lege eta esperientziei atzerako begirada bat ematea, ondo egindakoak jaso eta aurrera begirako proiekzioa egiteko. Eta horrekin batera, uste dugu ezin dela bereiztuta planteatu Eskolaren lekua, Euskara eta Eskola, euskararen irakaskuntza-ereduak, motibazioan eragiteko esperientziak… ere aztertzea.

Asmoa ez da, inolaz ere, kritika hutsean edo iraganaren birpasa hutsean geratzea; horregatik deitzen diegu jardunaldiei ‘formaKzio’; eztabaida zabaldu nahi dugu etorkizuna kolektiboki eraikitzeko gogoz.

SAIOA

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola

NON
Donostia (Gipuzkoa), Magisteritza Ikastegia (Oñati plaza 3, z/g), Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (Euskal Herriko Unibertsitatea). 1.1 gela.

NOIZ
Urriaren 5ean, 16:30etatik 20:30etara

SOLASKIDEAK

  • Iñaki Biain, hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean
  • Zigor Etxeburua, Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari, Kontseiluan teknikari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari
  • Ainhoa Ezeiza, ISM taldeko ikertzaile nagusia
  • Moderatzailea: Nahia Delgado, hezitzailea eta Lehen Hezkuntza Graduko Atzerriko Hizkuntzan espezialdua
IZENEMATEA
Ez da beharrezkoa.
Jardunaldietako beste saio batzuetan parte hartu nahi bada eta egiaztagiria eskatu nahi bada, orduan hemen eman behar da izena: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea
JARDUNALDIEN INGURUKO INFORMAZIO GEHIAGO
PONENTEEI BURUZ

Iñaki Biain hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea da Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean. Aspaldi dabil lanean euskalgintza eta eskola erakundea elkarlotzen eta bere esperientziak eta kezkak oso praktikan oinarrituak dira. Interesgarria da, besteak beste, Argia Aldizkarian argitaratutako artikulu hauxe.

Zigor Etxeburua Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari aritu da lanean urte luzez, eta aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari izan da. Kontseiluan teknikari da eta hainbat proiektutan hartu du parte hizkuntz normalizazioari lotuta. Uneotan arreta berezia jartzen ari da hizkuntz normalizazioan abiatu beharreko neurri berrien inguruan.

Ainhoa Ezeiza, ikastaroaren koordinatzaile nagusia, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean eta ISM ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia. Psikodidaktikan doktore, Komunikazio Gaitasunaren Ebaluazioari lotutako tesia defendatuta.

Nahia Delgado Lehen Hezkuntzan graduatua da, Atzerriko Hizkuntzan espezialdua eta hezitzailea esparru informaletan. Gaitasun plastikoak eta ikus-entzunezkoak lantzen ditu hizkuntzaren irakaskuntza prozesuak aberasteko. Hizkuntzaren jabe-gabetzea: Sarrera bat artikuluko egilekidea.

 

Comments are closed.