Bi hilabetez Mexikon ibili ondoren, hementxe nabil berriz bueltan, Donostiako erritmoa berriro ere hartzen… eta halaxen datozkit bertan bizitakoen oroitzapenak, arrapaladan tarteka, ttanttaka gehienetan, egunean zehar…
Oaxakan hamaika kontu eder eta gazi-gozo bizitakoak izan gara, eta horietako bat erakusketa honen ezusteko ederra:
Historias de Ciudades, Katharina Von Arx artista suizarrak (1928-2013) egindako lanen erakusketa Oaxakako Ehunen Museoan (MTO). Museo honetan gauza eder askoak daude, baina erakusketa hau oso inspiragarria iruditu zitzaigun.
Bere tapizak askotariko materialez daude eginak: oihalak, botoiak, hariak… eta hainbat herri eta hiri daude bertan adieraziak. Baina beharbada gehien gustatu zitzaiguna izan da teknika hori beste pertsona batzuei irakatsiz sortutako artelanak izan dira.
Alde batetik, hainbat eskolatan erabili dute lan egiteko modu hori, euren paisaiak eta ideiak oihalez adierazteko.
Bestetik, hainbat herritan erabili dute euren (h)istori(o)ak kontatzeko, euren modura, eurek kontatu nahi dituzten gauzak kontatzeko.
Kasu hauetan, kolektiboki asmatu, sortu eta josi dituzte tapizak, eta artistaren artistikotasuna gainditu eta eureganatu egin dute artea. Azken batean, museo honetara diseinatzaile famatuak iristen dira, oihalgintza herrikoiak (teknikak, koloreak, diseinuak…) kopiatu, autoretza ezarri eta garesti asko saltzeko… eta pozgarria da ikustea nola, kultura herrikoiak, behin eta berriz, gai diren egoerak berregin eta sortze-lan berriak asmatzeko.
Josiz gauza asko aldarrikatu daitezke, eta jostea bera elkarrekin eraikitzeko, partekatzeko, hitz egiteko, elkarrekin bizitzeko beste aitzakia bat da…
[vimeo]https://vimeo.com/151735928[/vimeo]