2014ko irailean hasita, partaidetza esperientziak bizitzen ari gara Magisteritzan (Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan), 1., 3. eta 4. mailako hainbat talderekin, Javier Encina, ilusionista sozialaren laguntza eta lankidetzari esker, bisitan ere izan genuena aste pare batez saio batzuetan gurekin lanean (mila esker, Javi! <3). 7-8 aste hauetan gauza pilo-piloa gertatu da… izugarri ikasten ari gara eta gainera, alaitasun handiz!
Egunero gertatzen da zerbait zirraragarria, nire kaxkagorkeriak ikusten uzten ez zidan arren… Hona aurrerapen txiki bat, datozen asteotan jarraituko dut kontatzen eta sakontzen. Luzeegi ere ez jotzeko, 3. mailako esperientziatik hastea pentsatu dut, partaidetza-prozesu honetan lehenak izan zirenak hasten.
Hizkuntzaren Didaktika saioak 3. mailan
Esan daiteke hauxe dela talde motorea, egunero ideia berriak sortzen dira partaidetzaren eta eraikitze kolektiboaren ulermenean sakontzen eta, batez ere, gure arteko harremanak hobeak izan daitezen laguntzen digutenak. Proposamen orokor honekin hasi ginen: “irakasgai (denbora) honetan, egin nahi duguna egingo dugu”, eta egingo dugu “eraikitze kolektiboa eta partaidetza sustatuz”.
Hortik aurrera, hainbat ideia eta proposamenen ondoren, hiru proiektu-aitzakia aukeratu genituen, denbora labur honetan garatzeko modukoak (10 aste, 4 ordu astean):
- Magisteritza dekoratzea, harremanetarako eta lanerako leku atsegina izan dadin. Hortik sortu zen @decomagis izeneko esperientzia, Eskolako mugimendu sozial bilakatu dena, eskola osoan zehar jasotzen baitira proposamenak; dekorazioa aldarrikapenetarako tresna gisa erabiltzen da, eskatzen diren aldaketak adierazteko, proposamenak erakusteko… eta, hau dena, lan-taldea etengabe zabalduz, edozein pertsona edozein unetan parte hartu ahal izateko, proposamenak entzunez, elkarlanean eta irudimen handi-handiz.
Ate bat eskatu zeniguten lorategi borobilera sartzeko, Ate irekiak gustatzen zaizkigu! Entzun gaitzaten! #decomagis pic.twitter.com/FksmtvJ3WK
— #DECOMAGIS (@decomagis) October 28, 2014
Sofak nahi ditugu hall-ean!!! #decomagis pic.twitter.com/m2UCm7pdpv
— #DECOMAGIS (@decomagis) October 28, 2014
- Gymkana bat belardian antolatzea, nahi duen edonork parte har dezan. Gymkana hau bihar egingo dugu, osteguna, urriaren 30ean 11etan, eta kontatu ezin ditudan sorpresak egongo dira… baina bertatik pasatzen bazarete, ez izan zalantzarik eta parte hartu, helburua da elkarrekin ondo pasatzea! Antolaketa honetan, proposamena egin zuen taldea lagundua izaten utzi die besteei, eta horrek asko irakatsi digu kolektiboki lan egitea zer den ulertzen. Proiektuaren “arrakastari” lehentasuna eman ordez, elkarrekin lan egitea izan da inportanteena, elkar zaintzea eta elkarri laguntzea. Gymkana iragartzeko pankarta Magisteritzako 3. pisutik 1.era jaisten da:
- Antzerki-talde bat sortzea: talde honek sormen handiz lan egin du, mini-antzerkiak sortuz, antzerkia planteatzeko modu asko proposatuz publikoa ikusle izatetik partaide izatera pasa dadin, tradiziozko rolak gainditzeko ideiak garatuz… Talde honetan asko eztabaidatu eta hausnartu da indibidualismoaz eta lan kolektiboaz, ikuskizun eta masa kulturaz… eta talde honetako kideak beste taldeei laguntzen aritu dira, beharra sortu denean.
Hau hizkuntzaren didaktika ote?
Proposatzen ari bagara hizkuntza ez dadila testuingururik gabe eta modu isolatuan landu, diziplinartekotasuna bilatzen badugu, ahozkotasunean oinarritu nahi badugu idatzizkoaren ulermena eta ekoizpena eraikitzeko… proiektu hauek ederki erakusten dituzte planteamendu horiek praktikan.
Proiektuen garapenean zehar, ikasleek (eta neuk!) eztabaidatu dute, negoziatu, hausnartu, idatzizko testuak elkarrekin ekoiztu dituzte, berriketan aritu dira… eta gainera, behar izan duten neurrian, Gorputz Hezkuntzako irakasleengana jo dute (gymkanarako materialak lortzeko), Plastikaren Hezkuntzako irakasleengana (pankarta eta dekoraziorako) eta Musika Hezkuntzako irakasleengana (gymkanaren egunean musika jarri ahal izateko).
Diziplinak modu naturalean integratu dituzte. Komunikazioa benetakoa izan da eta askotariko kanalak erabiliz: komunikazio elementu plastikoak, soinuzkoak eta musikalak, fisikoak, testualak… Prozesu osoan zehar, eztabaidak izan ditugu proiektuei sakontasuna emateko eta batez ere taldekideon eta taldetik haratagokoen arteko harremanetan sakontzeko. Kontraesanak topatu ditugu, blokeo eta frustrazio uneak izan ditugu, azpiegitura arazoak… baina arazo horiek konpontzen eta ebazten joan gara, ikuspegi kolektiboaren eta elkarren arteko laguntzaren ikuspegiari esker.
Eta, denetan onena, egiten ari ginenaren ilusioa konpartitzearen alaitasunaz egin dugu lan eta askatasun sentsazioaz, ez baitut nire botere koertzitiboa erabili (proiektua ez dute egin “notarako”, nahi izan dutelako baizik), eta horrek erraztu digu komunikazioa horizontalagoa izan zedin.
Fase honen amaieran, klaseko azken bi aste hauetan, ikasiko dugu hau dena nola “justifikatu legez”, unitate didaktiko moduko bat proposatuko baitugu egin duguna dokumentatzeko, eta unitate hau egiteko aitzakiaz, egindako lanaren askotariko ebaluazioak egingo ditugu, bizipen desberdinak ditugulako gertatu denaz, eta ebaluazioaren gaiaz debate bat zabalduko dugu.
Hortik aurrera… batek daki zer gertatuko den! Bizitzari sorpresak ematen utziko diogu! 😉
PD: Hona @decomagis-ek sarrera honi erantsi nahi diona (eskerrik asko!!!):
@ainhoaeus Bai, ederki dago! Guztiak proiektuetan parte hartzera gonbidatzea besterik ez da geratzen! 😉
— #DECOMAGIS (@decomagis) October 30, 2014