Nola ebaluatu talde-lana?

Lehenik eta behin, zer da talde-lana?

Bitxia da ikustea talde-lana ebaluazio-irizpideen zerrendan irakasgai askotan, inolako zehaztapenik gabe: “Talde-lana: %20”. Eta orduan galdetzen dut: “Talde-lanaren zein alderdi ebaluatuko duzu? Ze maila espero duzu, alegia, zer da %20 talde-lanean, zer egin behar da edo nolakoa izan behar da?…”. Normalean, galdera hauek ez dute erantzunik izaten.

Taldean lan egiteko modu asko dago. Ez da gauza bera zereginak taldean egitea edo lan-talde bat osatzea. Berez, talde-lanari lotutako adierazle mordo bat zerrenda genezake, hala nola (horrela, bat-batean botata):

  • Lanaren kudeaketa prozesuan zehar
  • Erabakiak hartzea
  • Norbere iritzia eta ideiak aurkeztea taldeari, ekimena
  • Besteren iritziak eta ideiak kontuan izatea
  • Gatazkak kudeatzea
  • Malgutasuna
  • Elkarlana
  • Komunikazioa, bai ahozkoa eta bai idatzizkoa
  • Sormena eta berrikuntza
  • Kultura eta izaera desberdinekiko tolerantzia
  • Sinergia eta talde-kohesioa
  • Hobekuntza eta kalitateranzko joera
Eta gainera, lan-talde bakoitza desberdina da, bildu diren pertsonek dinamika propioa eratzen baitute, hobea edo okerragoa. Gutxienez, ez bada kontuan izaten taldean lan egitearen konplexutasuna, ez dakit zeren baitan jarriko ditugun kalifikazioak eta, okerrago dena, ez dakit nola lagunduko diegun hobetzen edo nola orientatuko ditugun taldeak.
Horregatik, kasu gehienetan talde-lana da ikasleek euren kasa antolatzen, sukaldatzen edo sufritzen duten kontu bat, eta irakasleok gauza handirik jakin gabe kalifikatzen duguna. Askotan, kexatzen gara ikasleen kexez, baina normala da banakako lanak egin nahi izatea askok, izugarrizko denbora galtzea izan baitaiteke. Horretaz, Emilio Quintanak Nodos ELEn argitaratutako artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizuet: “La gran estafa del trabajo en equipo”

Talde-lana eta lan-taldea ez dira sinonimo

Esperientziak ondo erakutsi digu talde-lanean aritzeak ez duela esan nahi parte hartzen duten gizakiak “enpastatuta” daudela. Horretaz kexu izaten gara irakasleok, baina ez gara konturatzen geuk sustatzen dugula taldeak ez eratzea. Maddux-ek 1988an idatzi zuen bezala (oh.: euskaraz ez da bereizten “group” eta “team” artean, hortaz hemen “group – talde” eta “team – ekipo” erabiliko dut, oso zuzena ez bada ere):

Taldea (group) elkarrekin dago “hala tokatzen delako”, zereginera orientatuta dago, eskatutakoa betetzera. Ondorioz, irudimena eta sormena ez da apenas garatzen eta onespena garrantzitsuagoa izan ohi da berrikuntza edo bikaintasuna baino. Horrez gain, gatazkak kudeatzea zaila izaten da, zereginera orientatuta egonik gizaki desberdintasunari ez zaiolako erreparatzen eta hortaz, gatazka negatibotzat jotzen da.

Ekipoa (team) elkarrekin dago ulertzen duelako elkarrekin lan hobea egin daitekeela banaka baino. Ekipoak ulertzen du interdependentzia beharrezkoa dela eta konfiantza giroan, norbanakoak aukera du bere talentua garatzeko taldearen helmugen mesedetan. Galderak egitea naturala da eta komunikazioa zintzoa da. Ondorioz, gatazkak taldean lan egitearen parte naturaltzat jotzen da eta taldekideak prest daude gatazka horiek kudeatzeko, ideia berriak sortzeko aukera gisa. Hala, irudimena eta sormena garatzeko giro egokia hedatzen da.

[Maddux, R.B. (1988). Team building (2nd ed.). Crisp Publications, Inc. California, USA.]

Irakaskuntzan, unibertsitatean batez ere (irakasgai eta lauhileko banaketaren ondorioz), ikasleak presionatzen ditugu zereginean kontzentratzeko, taldea egiten lagundu gabe eta ondorioz, ez dugu sustatzen ekipoak era daitezen. Alabaina, gero ekipoak balira bezala kalifikatzen ditugu eta ondorioz, iruditzen zaigu “talde-lanerako gaitasun baxua” dutela.

Horrez gain, lan-talde mota desberdin asko dago, eta lanean lagundu nahi badiegu (orientatu eta abar), pistak beharko ditugu jakiteko zein motakoa den talde bakoitza. Adibidez, adiskidez osatutako lan-taldeetan, talde-kohesioa oso garrantzitsua da eta horrek zaildu egin dezake ideia berriak sortzea edo lanean ari ez diren kideei arreta deitzea, eta ondorioz, adostasunera heltzea garrantzitsuegia izan daiteke; horregatik, talde hauei lagundu behar zaie ideia berrien eta pertsonen partehartze desberdinen dinamiken bidez.

Nola ebaluatu orduan?

Ez dago erantzun bakarra horretarako, baina, azkenean, irakasle askoren errealitatea da, gustatu ala ez gustatu, zenbaki bat jarri behar diogula lanari eta ikasleari. Zenbaki hori ez da inoiz “bidezkoa” izango, baina gutxienez nolabait justifikatzeko gai izan behar dugu, eta horretarako irizpideak eta ebidentziak eskatzen zaizkigu.

Horregatik, nik hauxe proposatuko nuke:

Erraztasunak eman ekipoak sor daitezen: proiektuak diseinatu zereginen ordez, ez bideratu gehiegi taldeen lana eta denbora erabili taldearen kudeaketaz eta taldearen nortasunaz hitz egiteko eta dinamikak proposatzeko. Garrantzitsua da.

Zehaztu talde-lanaren zein alderdiri emango diezun garrantzia bereziki. Irizpide batzuk finkatu (lauzpabost adibidez); irizpideek pistak ematen dizkiete ikasleei lehentasunak finkatzeko orduan.

Irizpideak finkatzean, unibertsitatearen kasuan behintzat, pentsatu profesionalki zein diren lan-taldeen lehentasunak. Ez da gauza bera lantaldea irakaskuntzan, ingenieritzan, enpresagintzan… aztertu eta ikertu nola egiten duten lan talde eraginkorrek esparru profesionalean.

Graduan zerbait koordinatu talde-lanaren inguruan (ahal delarik). Hau oso logikoa bada ere, badakit izugarri zaila dela, baina ez da normala lehen mailan eta azkenekoan berdin ebaluatzea talde-lana. Zehar-lerro funtsezkoa da gradu askotan baina ezer gutxi dago definituta eta are gutxiago eskalatuta (komunikazio gaitasunarekin gertatzen den bezala). Ez dira zehar-gaitasunak lehen mailatik absolutuetan ebaluatu behar.

– Talde-dinamikak, teknikak, jarduera-motak, lana kudeatzeko tresnak, baliabideak… ia dena asmatuta dago. Ez zara lehen pertsona munduan ikasleak taldeka jartzen dituena. Ez saiatu gurpila asmatzen. Ikertu, dokumentatu, bilatu… eta aurkitzen duzunarekin zure errealitatea behatu, behar duzuena hautatzeko eta moldatzeko.

Errubrikak erabil ditzakezu lagungarri bazaizkizu. Errubrika asko dago talde-lanaren inguruan baina ez aplikatu sistematikoki, egokitu zure arlora, mailara, zure ikasleen gaitasunetara, zure testuingurura. Hemen dituzu asko zabaldu diren errubrika hauek (Rubistarretik), baina ez erabili egokitu gabe:

Artikulu hau idazteko erabilitako iturri gomendagarri bat:
Craig, K.B. (2008). Investigating Teamwork Competencies in the Value Chain of a Selected Wool Brokerage Logistics Department. Dissertation for the Degree Masters Bussiness Administration. Nelson Mandela Metropolitan University, Business School.

Bonus track

(eguneraketa)
Analogia hau ere oso esanguratsua egiten zait talde-lanaren inguruan. Askotan esaten da (Euskal Herrian bereziki, noski) talde-lana ondo joateko taldekide guztiek norabide berean egin behar dutela arraun, honelako zerbait:
Remando: Dándolo todo
Baina ni ez nago analogia horrekin ados. Arraun egin dut eta oso “zereginera orientatua” dago, ez dago tarte handirik sormenerako eta nork bere kualitateei zukua ateratzeko. Horregatik, nik askoz nahiago dut errugbiaren analogia: altuagoa, baxuagoa, argalagoa edo lodiagoa izan zaitezke, modu asko daude taldean integratzeko eta nork bere kualitateak eta sormena garatzeko:
Richard Birkett
Gainera, “zikinagoa” da eta partidaren ondoren, hirugarren denbora dago, lanaren parte gisa 😉
tercertiempo
Uste dut horrela argiago geratuko dela 😉
Oh: artikulu hau ainhoaezeiza.net blogetik berreskuratua da eta zertxobait moldatua. Noiz sortua: Igandea, 19 Otsaila 2012 09:38. Lehenago ainhoaezeiza.net-en jasotako bisitak: 47360

Comments are closed.