Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiaren hasieran… gure iritziak trukatzen

Atzo (2014/09/9) hasi ginen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (UPV/EHU) hirugarren mailako ikasle talde batekin Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian. Beno, benetan irakasgaia Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika da, baina, unibertsitatearen bitxikeriak, hizkuntza literaturatik bereiztuta ematen da… hori posible balitz bezala… baina tira, hizkuntza gorputz adierazpenetik, adierazpen plastikotik, ikus-entzunezkoetatik, gizarte, naturatik bereizita lantzen da, ez nintzateke harritu behar… jakinduria eremuka zatitzerik omen dago…

Kontua da aurten hezkuntzaren eta hizkuntzaren jabe-gabetzearen kontzeptura hurbildu nahi genukeela, partaidetza eta eraikitze kolektiboa ardatz hartuta, ikasleek nahi badute, noski… gaur-gaurkoz ez dakit nondik nora joango den irakasgaia, denon artean eraikiko baitugu… eta irakasgaiaren ikuspegi orokorrera hurbiltzeko, neronek nire ideiak botatzen hasi aurretik ikasleak nigandik defendatzeko tresnak izateko, lehenik nork bere pentsamenduak adierazteko jarduera bat garatu dugu.

Hamar adierazpen pentsatu nituen, hamarrak hizkuntzekin eta hizkuntzen didaktikarekin lotura dutenak, bost esaldiko bi zerrenda osatuta, eta ikasleek adierazi behar izan dute ea ados zeuden, desados ala iritzirik ez zuten egokitutako bost esaldiekin. Ondoren, taldeka eztabaidatu dute, taldekideak mugitzen joan dira iritziak kontrastatzeko eta gero, beste taldekideekin ideiak trukatu dituzte. Azkenean, denon artean hasi dugu debatea, bihar jarraituko duguna.

 

Esaldiak, bi multzotan banaturik

Hona hamar esaldiak, ea zer iruditzen zaizkizuen:

  • Komeni da haurrek lehenbailehen ikastea irakurtzen, jakintza bereganatzeko.
  • Eskolan gehienbat ahozko komunikazioa sustatu behar da, eta idatzizko komunikazioa askoz gutxiago.
  • Saiatu behar dugu haurrek soilik euskaraz egin dezaten eskolan.
  • Euskalkiak baino hobe da euskara batua irakastea eskolan.
  • Hizkuntza ez da gainerako jakintza eta bizi esparruetatik bereizi behar.
  • Hurrenkera edo sekuentzia didaktikoek mugatu egiten dute haurren partaidetza eta sormena.
  • Partaidetza bide ona da komunikazioa garatzeko.
  • Komunikazioa garatzen lagundu behar dugu partaidetza sustatzeko.
  • Hizkuntzaren egiturak pentsamenduaren egitura baldintzatzen du.
  • Hizkuntzaren lanketaren bitartez, irakasleok pentsamendu eta botere egiturak transmititzen ditugu.

Talde osoa bildu zenean, eskolan transmititzen den jakintzaren estandarizazioaz aritu ginen gehienbat, eta horretan hizkuntza hautaketak, hizkerak, adierak duten zeresana. Nahi baduzu, zure iritzia eman dezakezu eta horrela ideia hauek lantzen lagunduko diguzu 😉

Oh.: esaldiak eskuz idatzita egotea ez da kasualitatea… estandarizazioaren kontuekin dauka zerikusia… 😉

Comments are closed.