Idazten ikasi… arkatzik hartu gabe? #KZJaia

Posible ote da haurrek idazten eta irakurtzen ikastea arkatzik hartu gabe?

Hori da, hain zuzen ere, Suedian egindako irakurmen digitalari buruzko ikerketa baten hipotesi nagusia. Irakurketa eta idazketa digitala da irakurmenaren jabekuntza prozesuan IKT tresnak erabiltzea, eta muturrago eramanda, haurrek irakurtzen eta idazten ikastea gehienbat IKT baliabideak erabiliz. Ikerketa honen arabera, irakurketa digitalak irakurmen emaitzen hobekuntza eragin du.

Hauek dira, Eva Edman Stålbrandt Stockholm-eko Unibertsitateko ikertzaileak irakurketa digitalaz azpimarratu dituen ideia nagusiak:

  • Ikasleek ez dute ikasten eskuz idazten 7 urte bete arte. Haurrek azkarrago ikasten dute idazten eta irakurtzen formatu digitalak erabilita.
  • Blogak eta bestelako argitalpen digitalek ikasleak sortzaile izatera motibatzen dituzte.
  • Haurrak interneteko informazioarekin eta komunikabideekin kritiko izatea gako da, eta eskoletan landu behar da.
  • Eskolako edukiak lantzeko, jatorrizko materialetara jotzeak asko laguntzen du, bereziki matematikan eta hizkuntzan.
  • Argazkiak ateratzen, manipulatzen eta interpretatzen trebatzea da gaitasun digitalaren beste gako bat. Etxean ohitzen dira eta eskolan sakondu. Argazki kamerak eta tabletak asko erabiltzen dira eskoletan.
  • IKT estrategiak oraindik ez dira nahikoa garatu eskoletan eta behar-beharrezkoa da.

(Iturria: UOC Albisteak (gazt.)

Ideia horietatik, lehena izan da gure ikerketa-proiektu baterako hartu nahi izan duguna.

 

ZERGATIK IKASI IDAZTEN ARKATZA ERABILI GABE?

Mendelak eta grekak (Pons, Roquet-Jalmar, 2003).

Mendelak eta grekak (Pons, Roquet-Jalmar, 2003).

Ideia honen oinarria da psikomotrizitatearen aldetik, haurrek 4 eta 7 urte artean garatzen dutela esku nagusiko mugimenduaren kontrola. 4 urte inguru dituztenean hasten dira ideiak planifikatzeko gaitasuna izaten, hau da, zer idatzi edo marraztuko duten aurrez pentsatzen, greka edo mendela antzeko mugimenduak egiten (hau 5 urtetik aurrera, gutxi gorabehera), eskua biratu eta idazketaren norabidea barneratzen…

Gaitasun motorea ez dator beti bat gaitasun kognitiboarekin, eta zenbait haurrentzat frustrantea da zenbat denbora behar duten euren buruan duten ideia hori mekanikoki (euren eskuz) proiektatzeko, eta gainera, adin horretan (4-6 urte) ez dira asetzen euren hizkia ulergaitza dela ikusita.

Ikerketa honetan ikusi nahi izan da ea baliabide digitalen laguntzaz haurrak gai diren azkarrago edota hobeto idatzi eta irakurtzeko, eta euren emaitzen arabera, badirudi hala dela.

Irudia: Kids on the iPad, Flickr CC-by Thijs Knaap

 

Haurrak arbela elektronikoa eta iPad edo tableta erabiliz, gai dira hitzak identifikatu, arrastaka mugitu eta esaldiak edo ideiak sortzeko, eskuz marraztu eta ikusi ea arbelak bere trazua identifikatzen duen… Ergonomikoki ere, beste mugimendu batzuk egiten ditu posible, esaterako, paperari eutsi beharrik izan gabe idaztea tabletean, etzanda edo makurtuta idaztea (bere gorputzaren garapen naturala errespetatuz), arkatza eta pintzaren presiopean ez idaztea (eta ondorioz, dardara murriztea…).

Haurraren bilakaera ulertuta, ematen du logikoa dela pentsatzea arbela digitalak eta tabletak laguntza eman diezaiokeela idatz-irakurmenaren jabekuntza prozesuan. Irakurmen-idazmen prozesuan elkarreragin psikomotore berriak ahalbidetzen dituzte.

 

Ideia oso deigarria eta erakargarria egin zaigunez, geure testuingurura ekarri nahi izan dugu, emaitzak errepikatzen diren aztertzeko. Haur Hezkuntza Graduko 4. mailako ikasle batzuekin batera, lan-talde bat osatu dugu gaiaz nola ikertu erabakitzeko, dokumentatzeko eta pilotaje bat egiteko. Horrela, bide batez, tankera honetako ikerketa bat diseinatzen eta gauzatzen ikasiko dugu. Kontatuko dizuegu zein emaitza ematen digun!

 

Bibliografia:

Haranburu, M., Alonso-Arbiol, I., Balluerka, N., Gorostiaga, A. (2008). Hizkuntza idatziaren didaktika Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Haranburu, M., Ibarra, I. (2007). Idazketa prozesua eta disgrafia haurrarengan. EHUko Argitalpen Zerbitzuak (Sare Argitalpenak). [http://testubiltegia.ehu.es/Idazketa_Prozesua_eta_Disgrafia_Haurrengan/idazketa_prozesua_eta_disgrafia_haurrengan.pdf].

Pons, E., Roquet-Jalmar, D., M. (2003). Desarrollo cognitivo y motor. Bartzelona: Altamar. Itzulpena: Etxebeste, M. (2005).  Garapen Kognitiboa eta Motorra. Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak (sare argitalpena). [http://garapenkognitibo.files.wordpress.com/2008/11/garapen-kognitibo-eta-motorea.pdf].

 

#KZJaia

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

2 iruzkin honentzako: Idazten ikasi… arkatzik hartu gabe? #KZJaia