Honako dokumentu hau gaur bertan aurkeztu du Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak. “Hezkuntza‐eredu pedagogikoaren markoa” izenpean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egindako “Heziberri 2020” Planaren hiru proiektuetatik argitaratu den lehena da.
Nahi izanez gero, hemen duzue eskuragarri Heziberri 2020ren hasierako plangintza (pdf), Baikara-ren webgunean.
Heziberri 2020 Planaren lehen proiektu hau ardatz hartuta, bigarren proiektuari ekin eta Curriculum Dekretuak egiten hasiko da Eusko Jaurlaritza, eta bi horietan oinarriturik, Euskal Eskolaren Legea zehaztea da asmo nagusia.
[slideshare id=31685820&doc=dokumentua1254-140226145711-phpapp02&type=d]
Testua arin irakurrita, konpetentzietan oinarritzen dela esan daiteke (nik, aukeran, nahiago nuen “gaitasun” hitza, arrazoi askogatik…) eta konpetentzien zehaztapenean, esango nuke hezkuntza arautua unibertsitateko gaitasunen planteamenduarekin harmonizatu nahi izan dela, Europako markoen laguntzaz.
Hizkuntzen trataera bateratua euskaratik abiatuta planteatzen da, eta euskal kulturaren garrantzia azpimarratzen da, Euskal Curriculumaren ideia berreskuratuz, Euskal Herritik Europara eta mundura zabaldu nahian (partikularretik unibertsalera, errealitatea anitz eta kontraesankorra dela ulertuta).
IKTak ere aipatzen dira, ikaskuntza-tresna gisa, zehar-gaitasunak garatzen laguntzeko, informazioa ordenatu eta biltzeko… eta baita norberaren garapen kognitibo eta sozialerako ere.
Laburtuz, gure eredu honek hiru berritasun pedagogiko ditu (2014:34):
a) Aro digitaleko ikaskuntzak eta irakaskuntzak problema eta proiektu errealak aurkezten dituzte, eta ikasleak laneko planak antolatu eta beharrezko lanak egin behar ditu, ados jarri eta haiei behar bezala erantzuteko;
b) banakako ikaskuntzaz haratago, egungo paradigmak elkarlanean ikasarazten du, bai ikasgelan bai Internetez;
c) azkenik, ikasgela ireki eta zabaldu horretan, irakaslearen lana gehiago da jarduerak antolatzea eta ikuskatzea, informazioaren igorle huts izan gabe.
Arretaz irakurtzeko dokumentua, eta datozenen zain. Garrantzi handia izango du EAEk eskuduntza nahikoak dituen LOMCEri muzin egin eta plan propioa garatzeko.
[…] Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ‘Heziberri 2020′ plana aurkeztu du. ‘Heziberri 2020′ Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza planak Lehen […]