Gaur interneten seguru nabigatzeko eguna dela eta (#SID2014), aprobetxatuko dut hemen argitaratzeko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasleei aurten sinarazitako konpromisoa.
Gure klaseetan argazkiak eta bideoak ateratzen ditugu, zuzenean klasetik txiokatzen dugu eta hezkuntzako elkarlan proiektuetan ekarpenak egiten ditugu (http://gaurmazedonia.blogspot.com.es blogean argitaratzen ditugu eta jatorrizko proiektuen webgunean).
Normalean, gure kezka da gure ikasleen irudiak argitaratzeko baimen legala izatea, baina iaz konturatu nintzen batzuek ez zutela baimenik ematen edo ez zutela bideoetan azaldu nahi ez horrenbeste guk ematen diogun erabileragatik, baizik eta gero bideo eta irudi horietan iruzkin onartezinak jaso izan dituztelako (ez zehazki gure bideoetan baina bai Bigarren Hezkuntzan zebiltzalarik), hortik euren irudia argitaratzeko beldurra.
Hori dela eta, aurten dokumentu hau erabili dugu eta horrela, irudiak erabiltzeko baimenaz gain, eskatu diegu konprometitzeko ikaskideen materialak errespetuz erabiltzeko.
Hau da erabilitako dokumentua, beharbada oinarri gisa erabiltzeko interesatuko zaizuena:
___________________________________________________________________
ESKOLETAN ETA IRAKASGAIRAKO LANETARAKO HARTUKO DEN IKUS-ENTZUNEZKO MATERIALA ERABILTZEKO BALDINTZAK:
Izen-deiturak: _______________________________
1. BAIMENA EMATEN DUT eskoletan zehar eta irakasgaiaren garapenean hartuko diren argazki eta bideoak erabiltzeko, irakaskuntzaren azterketa, ikerketa eta hedapenerako soilik.
2. ARDURA HARTZEN DUT hartzen dudan ikus-entzunezko materiala egoki erabiltzeko, agertzen diren pertsonen ohorea errespetatuz.
3. KONPROMISOA HARTZEN DUT bideo eta argazkietan agertzen diren pertsonek hala eskatuz gero, argitaratutako lekutik kentzeko.
4. KONPROMISOA HARTZEN DUT bestek argitaratutako argazki eta bideoen errespetuzko erabilera egiteko (puntu honek erreferentzia egiten die argitalpenen gainean egiten diren iruzkinei).
SINADURA:
1. punturako baimena ematen EZ baduzu, borobildu hemen EZ
________________________________________________
Honekin, ikasle guztiak behartuta daude konprometitzera besteen irudia errespetatuko dutela (ez soilik berea babestu). Horrela, ziurtatu nuke inork ez diola inori burlarik edo mespretxurik egingo argitalpenetan, ze gerta liteke bere irudiak argitaratzeko baimenik eman ez eta gero besteren irudietan ibiltzea kritikatzen.
Eta garrantzitsuena: sinadura hau aitzakia hartuta, gai gatazkatsu honen inguruan eztabaidatu, iritziak trukatu eta seriotasunez jorratzen dugu.