Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaia ematen dut Donostiako Irakasleen UEn (gaztelaniako atala), Lehen Hezkuntza Graduko lehen mailako ikasleekin. Irakasgai hau gaitasun akademikoa garatzeari lotuta dago eta espero da irakasgaian zehar ikasleek komunikazio gaitasun akademikoa garatzea.
Irakasgaia ematen hasi nintzenetik (2010-2011 ikasturtean), urtero alderdi berriren bat esperimentatu dut, eta horri esker oso kontu interesgarriak deskubritu ditut. Irakasgaia etengabeko ikerketa-prozesuan dago eta, besteak beste, amaitzear dudan tesirako informazio bilketa luzea egina naiz.
Ahozkotasunari lotuta, irakasgaian zehar urte hauetan hainbat proba egin ditugu ahozkotasun akademikoa garatzeko: saiakera-mota desberdinak, elkarren arteko feedbacka, bideoen grabaketa… baina, hala ere, gaitasun berezia zuten ikasleak alde batera utzita, ikusi genuen ikasle askok ez zituztela komunikazioaren alderdi paralinguistiko eta estralinguistikoak ondo erregulatzen: ahotsaren bolumena, erritmoa, ahoskera, gorputzaren posizioa, aurpegiaren adierazkortasuna…
MARGARI GOMENDIO IRAKASLEAK EMANDAKO IDEIAK
2013ko uztailean, ikaskuntza informalari buruzko jardunaldietan egin genituen Donostian, eta bertan saioetako batean gorputzaren zainketa eta bizitza aktiboa izan genuen hizpide, eta bertan, Margari Gomendio UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Fakultateko irakasleak oso azalpen argigarriak eta praktikoak eskaini zizkigun. Hona bere aurkezpena.
GURE BERTSIOA
Margari Gomendioren saioan “inspiratuta”, Donostiako Irakasleen UEko 1. mailako ikasleekin 2 orduko saioa egin dugu lauhileko honetan, psikomotrizitate gelan. Saio honen diseinuan, jardunaldietako saioan izandako hiru kidek hartu dugu parte: David Doblas Lehen Hezkuntzako graduatua, Amaia Txueka Lehen Hezkuntza graduko 1. mailako ikaslea eta ni neu. Aritz Olagoi kirol psikologoaren laguntza ere izan genuen.
Saioa osorik grabatu genuen, baina bi orduko iraupena izan zuenez, laburpena argitaratu dugu EHUTBn eta UPV/EHUko Youtube-ko kanalean:
[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=qJl1SRhmvKg[/youtube]
http://ehutb.ehu.es/es/video/index/uuid/52d809e591121.html
Bideoa laburpena denez, saioaren progresioa soilik ikusten da, saioaren zati nagusiak.
- Saioa eserita hasi genuen lasai eta arnastuz, arnasketaren kontzientzia hartzeko eta jarrera egokia lantzen hasteko. Ariketa honen bitartez, giro lasaia zabaldu zen gelan. ZEN musika erabili dugu girotzeko (musika ez da grabazioan entzuten).
- Gero zutik, arnasketa eta kokapen ariketa xume batzuen ondoren (gorputz tonua hartzeko), ahots-praktikak egin ditugu. Ahotsaren proiekzioa landu dugu, distantziak kalkulatu eta ahotsa behartu gabe nola proiektatu probatzeko.
- Ondoren, talde-kohesioa lantzeko hiru jarduera egin ditugu:
- Aurpegi eta gorputzezko adierazpen emozionala: musika gelditutakoan, eskatutako keinu eta imintzioak egitea.
- De Bono-ren 6 kapelen bertsio laburtu bat, talde-lana berrikusteko eta gatazkak lasaitasunez eramaten eta konpontzen trebatzeko.
- Psikomotrizitate gelan geundela baliatuta, eraikitzeko elementuak erabili dituzte talde-lanaz mintzatu bitartean, elkarrekin zerbait eraikitzeko.
- Talde osoaren giroa hobetzeko eta elkarren arteko harremanak eta konfiantza sustatzeko, elkarrekin jolasean hasi gara, eraikitakoa botaz, elementuak lapurtuz eta abar. Ideia izan da giro ludikoa sustatzea eta normalean elkarrekin aritzen ez diren ikasleen arteko harremanak sustatzea jolasaren bitartez.
- Amaieran, dena jaso eta erlaxazioa egin dugu. Tentsioak arintzeko teknika xumea erabili dugu, jolasaren aztoramendua baretzeko eta ikasleak lasaitasun sentimenduz amaitzeko klasea.
Azken batean, ikasleak maisu-maistrak izango dira eta ahotsa, aurpegiera eta gorputzaren adierazpena erregulatzeak asko lagunduko die.
Eskerrik asko 2013-2014 ikasturteko Lehen Hezkuntza Graduko 31 taldeko ikasleoi, oso atsegina izan da zuekin lan egitea!
[…] Tweet […]