Estrategiak maiz aipatzen dira hizkuntzaren didaktikan, baina zenbaitetan, helburuekin gertatzen den bezala, nahastu egiten dira estrategia komunikatiboak eta estrategia didaktikoak.
KOMUNIKAZIO ESTRATEGIAK
Komunikazio estrategiak dira hobeto komunikatzeko erabiltzen ditugun askotariko estrategiak (“hobeto” hori ulertu “nahi dugun eran”, ez zentzu normatiboan). Komunikazio gaitasunaren funtsezko elementutzat jotzen da, gaitasun estrategikoa deritzo eta gaitasun soziolinguistikoaren, gaitasun diskurtsiboaren eta gaitasun linguistikoaren parean xehetu zuten adibidez Canale & Swan-ek (1980) bere proposamen ezagunean:
Canale, M., Swain, M. (1980). «Theoretical bases of communicative approaches to second language teaching and testing», Applied Linguistics, 1, 1-47.
Gaitasun estrategikoa bigarren hizkuntzen irakaskuntzan “komunikazio hutsuneak betetzeko” gaitasun gisa hartu izan da, adibidez hitz bat ez dakizunean, nola lortzen duzun hala ere esan nahi duzuna esatea, gutxi gorabehera (keinuak erabiliz, itzulinguru bat emanez…).
Baina gaur egun komunikazio estrategiak modu zabalagoan ulertzen dira. Modu askotara sailkatu dira baina ni bereziki honela sailkatzearen aldekoa naiz:
- Estrategia sozio-kulturalak: gure ingurunearen araberako estrategiak, adibidez hitz egiteko azkartasuna, txandak nola hartu eta eman, gai bati buruz hitz egin ala ez…
- Estrategia metalinguistikoak: nork bere komunikazioaren gaineko kontrola, komunikazio erabakiak hartzeko hausnarketa maila.
- Estrategia kognitiboak: pentsamenduari eta buru-prozesamenduari lotutakoak, adibidez testu bat irakurtzen ari garenean ideiak buruan gogoratzeko erabiltzen ditugun estrategiak, haria ez galtzeko.
- Estrategia afektiboak: emozioekin egiten dugun jokoa, markatu nahi dugun distantzia emozionala, gure sentipenek komunikazioan izango duten lekuaren erabakia.
- Estrategia diskurtsiboak: ideien antolaketari lotutakoak. Adibidez: ideiak antolatuta eta josita eskainiko ditugu ala nahasiago eta irekiago, irakurle/entzuleak bere kasa antola ditzan? Markatzaile gehiago ala gutxiago erabiliko ditut?
- Estrategia linguistikoak: zein hitz erabiliko dut? Nola egituratuko dut ideia bakoitzak? Zein esaldi eraikiko dut?…
Egia esan, zoragarria da zein eraginkorra den gure burmuina, ze estrategia hauek denak aldi berean erabiltzen ditugu hizkuntza erabiltzen dugun aldiro, kontziente edo inkontzienteago.
Komunikazio gaitasuna garatzeko, estrategia horiek guztiak lantzen ditugu, hori ere kontzienteago edo inkontzienteago. Gerta liteke zure ama-hizkuntzan pentsatu gabe aplikatzen dituzun estrategiak kontziente egin behar izatea beste hizkuntza batean aritzeko, edo gerta liteke hizkuntza bat erraz ikastea oso estratega ona zarelako…
Nolanahi ere, badakigu estrategia hauetariko batzuk kontzienteki landu behar ditugula beste hizkuntza bat ikasten ari garenean, beste hizkuntza horrek beharbada desberdin funtzionatzen duelako (adibidez, sozio-kulturalki, edo testuen egituraketan, edo markatzaileen erabileran…).
ESTRATEGIA DIDAKTIKOAK
Estrategia didaktikoak dira komunikazio gaitasuna (edota bestelako gaitasunak) garatzeko egiten ditugun irakats-proposamenak. Esaterako, komunikazio gaitasunean taldekatze-mota estrategikoa da: binaka, talde txikitan, talde handian…
Beste estrategia didaktiko bat da gramatika azalpenak ematea (edo ez ematea), deskubrimenduz ala dedukzioz ikastea, ariketak egitea, testu-moten artean alderaketak egitea…
Estrategia didaktikoak normalean hautatu dugun metodologiaren araberakoak dira, baina jakin badakigu, batez ere Lehen Hezkuntzako haurrekin lan egiten badugu, esanguratsuagoa dela praktikatik abiatzea eta hausnarketa metalinguistikoa sustatzea ondoren.
Hori bai, hausnarketa metalinguistikoa ere komunikazioan oinarritzen da eta hizkuntza horren arabera fokalizatzen da, inferentziak eginez. Haurrei (eta ez hain haurrei!) gramatika azalpen luzeak ematea denbora galtzea da kasu gehientsuenetan, oraindik ez baitira gai kognitiboki azalpen horiek ulertzeko, baina bai eginez ikasteko, ereduak alderatuz, ikaskideengandik ikasiz…
[…] See on http://www.ehu.es […]