Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian ataza bidezko ikaskuntzatik abiatu ginen, hizkuntzak ikuspegi komunikatibotik nola landu aztertzeko, eta orain proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL) metodologian sakontzen ari gara, bi metodologia hauek probatzeko eta alderatzeko asmotan.
ATAZA KOMUNIKATIBOAK; HIZKUNTZA AURRE-AURREAN
Atazetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) batez ere bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan landu den metodologia da. Helburua da hizkuntza ikuspegi komunikatibotik lantzea eta ez egitura sintaktikoen lanketan edo ikuspegi nozio-funtzionalean.
Esan dezakegu AOI metodologia dela hizkuntzaren alderdi “mikroen” lanketa (zoom egitea hizkuntzaren erabileran), hizkuntzaren komunikazio ikuspegia galdu gabe. Hau da, ataza komunikatiboak garatzea da hizkuntzaren garapena bermatzeko unitate minimoa, nire ustez.
Metodologia proposamen honen egituraketa oso xumea da eta horregatik, oso praktikoa da hizkuntzaren alderdi formalak une jakin batean fokalizatzeko:
- ATAZAURREA: ataza komunikatiboa girotzea, testuinguratzea, kokatzea da atazaurrearen funtzioa. Izan daiteke, halaber, ataza betetzeko behar diren oinarrizko hitz edo egiturak pizteko unea. Baina kontuz! Kontua ez da ataza betetzeko “behar den gramatika ematea”; atazaurrea girotzearekin eta aktibazioarekin lotuago dago betiko azalpen gramatikalekin baino.
- PRESTAKUNTZA: fase hau ez da beti ezinbestekoa baina zenbaitetan, ataza komunikatiboa betetzeko aldez aurretik zerbait egin behar da: ideia batzuk bildu, adibideak ikusi, antolatu…
- ATAZA: komunikazio helburua bete. Helburu komunikatiboa zer den ez da hain erraz identifikatzen, ohituegi gaudelako helburu didaktikoak finkatzen… honetan aurrez idatzi nuen zerbait blog honetan
- HIZKUNTZA FOKOA (EDO HAUSNARKETA METALINGUISTIKOA): komunikazio prozesuan aktibatutako hizkuntza egiturak, elementu diskurtsiboak, estrategiak, erregistroak… espresuki lantzen dira, hizkuntzaren erabileran sakontzeko eta hizkuntzaren kalitatea hobetzeko. Zuzenketak, bai, baina baita proposamenak, ekoizpen desberdinen arteko alderaketa eta abar.
- ATAZA-OSTEA: egindako jarduera komunikatiboari itxitura emateko jarduera da. Izan daiteke azken errepaso gisa egiten den jarduera komunikatiboa edo proposamen komunikatiboaren azken fasea.
Adibidez, ataza komunikatiboan gutuna idazten diote eskolako zuzendaritza taldeari ikastetxean hainbat hobekuntza proposatzeko.
- Atazaurrea izan daiteke eskolan dauden hutsuneak aztertzea bilera kolektiboaren bitartez eta hutsune horiek argazkiz dokumentatzea (adinaren arabera, bigarren hau “prestakuntza” izan daiteke).
- Prestakuntzan, gutuna idazteko ideiak zehaztea eta antolatzea izan daiteke.
- Atazan, gutuna idazten dute, erregistro egokia hautatuz, taldean lan eginez.
- Hizkuntza-fokoan, gutuna denon artean birpasatzen da eta zalantzak argitzen dira erregistroaren inguruan eta hizkuntza egituraren bati lotuta.
- Atazaostea izango da gutunaren erantzuna jasotzea zuzendaritzaren aldetik eta akordio batera iristea eztabaida baten bidez ea zein hobekuntza diren egingarriak, zergatik, noizko…
Atazak oso interesgarriak dira jarduera laburrak direlako eta gainera, errazak dira sortzen eta kudeatzen. Gomendagarriak dira ikasgelan, une jakin batzuetan hizkuntzaren alderdi zehatzetan duten maila diagnostikatzeko eta ebaluatzeko.
Horrez gain, arreta guztia komunikazioan jartzen denez (beti kalitatearen ikuspegia ere zainduz), hizkuntzaren erabileran kontzentratzen dira ikasleak. Horregatik, hizkuntza jakin batean duten komunikazio maila oso sendoa ez duten ikasleentzat mesedegarria izan daiteke metodologia hau.
Metodologia hau hobeto ezagutzeko, bi liburu hauek EHUko liburutegian aurkituko dituzu:
Nunan, D. (1995). Hizkuntzak irakasteko metodologia : irakasleentzako testuliburua; itzultzailea, Ana Isabel Morales. Donostia : HABE, 1995
Nunan, David. (1996). El diseño de tareas para la clase comunicativa; traducción de María González Davies. Cambridge: Cambridge University Press.
PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA (PBL) HIZKUNTZA GARATZEKO
PBL metodogiaren jatorria oso bestelakoa da. Berez ez dago lotuta hizkuntzaren garapenari zuzenean. PBL aspaldiko proposamena bada ere (Kilpatrick-en “The Project Method” 1918koa da, esaterako), duela urte gutxi hartu da eskola edo ikastetxe osoko planteamendu gisa. Bere ezaugarri argiena da produktu bat ekoizten dela proiektuaren bitartez, hau da, zerbait zehatza ekoizten da (testu bat izan daiteke edo jostailu bat, museo bat…). Horrez gain, prozesu osoa erabiltzen da espero diren gaitasunak lantzeko eta produktuaren azken emaitza hobetzeko.
PBL metodologiaren alde onena da modu integralean lantzen direla diziplinak, eta ondorioz, hizkuntza zehar-lerro gisa sartzen da bete-betean. Izan ere, proiektua garatzeko bidean, hizkuntza modu askotan erabili behar izaten da: talde-laneko eztabaidetan, lanaren amaierako ahozko aurkezpenean, prozesuaren dokumentazioan… Horrek esan nahi du komunikazioa modu naturalean txertatzen dela.
Metodologia honek ezaugarri hauek ditu diseinuan:
- GALDERA ERAGILEA: galdera honek prozesua pizten du eta prozesu osoa gidatzen du. Galdera hau irekia da eta hobe ez izatea “googleagarria”. Adibidez: “Nola lortuko duzue ikastetxeko argindar faktura murriztea?”
- AGERTOKIA EDO ESZENATOKIA: egiten den proposamenari testuinguru osoa eskaintzen zaio, ahalik eta sinesgarriena eta ahal denean, benetakoa. Adibidez, zuzendaritzak egiten die eskaria eta konpromisoa hartzen du fakturak emateko; fakturan murrizten dutena ikastetxeko jolasgunean hobekuntzak egiteko erabiliko da (adibidez, aurreko atazari segida emanez).
- DAKIGUNA ETA JAKIN BEHARREKOA: ikasleek finkatzen dute irakaslearen laguntzaz zer den proiektua egiteko dagoeneko badakitena (edo uste dutena badakitela) eta ez dakitena. Hau poster formatuan egin ohi da eta prozesuan zehar aldaketak egiten dira, zutabe batetik bestera, aurkikuntzen arabera.
- ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA: egutegia, taldeen eratzea, plangintza… finkatzen da edo finkatzeko moduak erabakitzen dira. Ikasleen lana antolatzen lagun dezake irakasleak edo berak finkatu prozesua, ikasleen autonomiaren garapenaren arabera edo denbora-mugen arabera. Talde-lanari lotutako prozesu sortzaileak eta kudeaketari lotutakoak abiatzen dira.
- MUGARRIAK ETA EBALUAZIOA: produktu hori garatzeko prozesuko etapa nagusiak finkatzen dira eta etapa horiek dira ebaluazioa izango dutenak: berdinen arteko ebaluazioa, eskolaz kanpoko adituena, irakasleona… Ebaluazio horretan ikasleak autonomoak izateko errubrikak edo ebaluazio irizpide taulak prestatzen dira (edo konprobazio zerrendak, check list izenekoak) eta tresna horien bitartez, prozesuan zehar ikasleei laguntzen zaie bai produktua ahalik eta onena izan dadin eta bai ikas-prozesuak ahalik eta probetxuzkoenak izatea.
- AZKEN PRODUKTUAREN AURKEZPENA ETA ONDORIOAK: ohitura da produktuen erakusketa publikoa egitea: gurasoen aurrean, eskolan, beste gela baten aurrean… eta azken produktu horren amaierako ondorioak ere jasotzen dituzte. Gure adibidean, ikusten da euren proposamenez nola jaitsi den faktura eta aurreztutako diruz egiten diren hobekuntzen inaugurazio ekitaldia egingo genuke.
Esango genuke zoom-aren analogian, hemen panoramika bat egiten dugula, ikaskuntzaren alderdi desberdinak behatzeko aukera izaten baitugu. Normalean komunikazioa askoz naturalago gauzatzen da eta aberatsago, eta zentzu horretan, oso metodologia ona da. Produktua muturreraino eramatean dago jolasa, eta ahal delarik, kanpoko eragileekin ere lan egitea (harremanetarako gutunak idaztea, kartelak diseinatzea, aurrekontuak egitea…).
Metodologia honek arrisku nagusi bat du: haurrak komunikaziora bultzatu eta euren komunikazio maila hori hobetzeko aukera eskaintzen ez badiegu, erroreak fosilizatzeko arriskua. Hori ondo ikusi genuen metodo komunikatibo hutsetan, eta horregatik, ondo baloratu behar da ikasleak gai izango ote diren testuinguru irekiagoetan kalitatezko hizkuntza garatzeko… edota, gai izango garen irakasleok testuinguru irekietan ikasleei hizkuntza sendotasunez garatzen laguntzeko.
AOI ALA PBL?
Honezkero erantzuna susmatuko zenuen… zergatik “ala” eta ez “edota”? Bi metodologia hauek ezagututa, konbinatu egin daitezke kasuaren arabera, beharren arabera, taldearen arabera…
Ez dira, noski, hizkuntzen didaktikako metodologia bakarrak, baina bi muturrak direla esan daiteke, micro eta macro.
Nolanahi ere, bada garaia ezertarako balio ez duten ariketa gramatikal mekanikoak zokoratu eta gure irakasle irudimena baliatuta eta ikasleen partehartze aktiboarekin gauza berriak asmatzeko! Aspaldi dakigu gramatika hutsezko planteamenduak ez garamatzala oso urrun eta atazak eta proiektuak asmatzea ez da horren zaila, hastean dago gakoa!
Eta ez ahaztu ikaskuntza esanguratsuagoa dela deskubrimenduz, indukzioz eta esplorazioz lortzen dena. Ez galdu denbora azalpen piloa ematen ikasleak ikasteko beharra sentitu aurretik; askoz eraginkorragoa da ikasleak lanean jartzea eta beharraren arabera asetzea. Konturatuko zara euren kasa ere gai direla gauza mordoa deskubritzeko!
[…] Ataza komunikatiboen metodologia (AOI) eta proiektu bidezko metodologia (PBL) alderatuz […]