Elkarlan proiektuak sarean: nola gauzatzen dira?

ESKOLAKO MUGAK GAINDITZEN

Blogek eta sare sozialek aukera berriak zabaldu dizkigute eskolako hormen mugak gainditzeko, baina… zer da mugak gainditzea? Askotan hau interpretatzen da ikasgelan egiten diren zeregin batzuk blog batean jartzea dela ikasgelako blog bat. Edo, beharbada, interneten harrapatzen dituzten baliabideak bertan jartzea. Baina mugak gainditzea hori baino gehiago da:

  • Eskolan egiten diren hainbat jarduera mundura zabaltzea
  • Eskolatik kanpoko mundua eskolara ekarri “denbora errealean”, alegia, beharren arabera bilatu, hautatu eta erabiltzea
  • Ikas-esperientziak konektatu eta elkarlanean irakastea eta ikastea
  • Eskolak ekarpenak egitea interneteko giza-ondareari, elkarbanatzeko materialak, ideiak eta abar denontzat argitaratuz.

 

ELKARLAN PROIEKTUAK SAREAN

Izar Hartza - Pelutxeak

Izar Hartza – Pelutxeak

 

Elkarlan proiektuak bi eratakoak dira funtsean: hezkuntza erakundeek proposatu eta kudeatzen dituztenak, eta espontaneoki, irakasle batek edo irakasle talde batek proposatzen dituenak.

 

Hezkuntza Sailak urtero egiten du elkarlan proiektuetarako deia, Eskola 2.0 plana abiatu zenetik batik bat. Hona proposamen batzuk:

ASMAKILO Proiektua

 

Irakasleek sarean proposatutako proiektuak askotarikoak dira: laburrak, amaiera jakinik gabeak, zehatzak, zehazgabeak, arlo edo maila jakin batekoak, edozein mailatakoak… Proiektu hauetan, irakasleek beste irakasle batzuen lankidetza bilatzen dute sarean eta partaidetza irekia izan ohi da.

 

Ikasturte honetan abian diren zenbait proiektu (askoz gehiago daude):

Liburu Kontalariak

 

Ehmmmm bai, zerrendan ez dago euskara hutsezko proiekturik… beharbada ez dut halakoen berririk izan… baina ausartuko naiz esatera defizit handia dugula halako proiektu telematikoetan.  Euskal komunitatean ez gara asko, eta geuk proposatu eta garatzen ez baditugu, ez dira existituko… Aurten beste saiakera bat egingo dugu Liburu Kontalariak proiektuarekin, ea noraino heltzen garen.

Proiektu ofizialetan parte hartzeak abantaila garbiak ditu:

  • Aitorpen automatikoa berrikuntza proiektu gisa (alegia, ez duzu justifikatu behar zertan den proiektua).
  • Ez dugu antolaketaz kezkatu behar. Nahikoa da jarraipideei segitzea. Ez dugu blogaz edo webguneaz gehiegi kezkatu behar. Ez dugu beste ikastetxeekin koordinatu behar.
  • Ez dugu kezkatu behar beste leku batzuetako lankideekin kontaktatzeaz, ofizialki egiten baitira lotura horiek.

 

Espontaneoki sortutako proiektuen abantailen artean, aldiz, hauek aipatuko nituzke:

  • Irakasleok geure irudimenaren laguntzaz sor ditzakegu proiektuak, geure gustuz edo zaletasunen laguntzaz.
  • Proiektu originalak egin ditzakegu, sormen handikoak eta lehenago inoiz egin gabeak (berrikuntza proiektu bereziak)
  • Gure gaitasun profesionalak eta sozialak hedatzen dira, proiektua geure kaxa  justifikatu, dokumentatu eta ebaluatzeaz gain,  beste ikastetxe eta irakasle batzuekin kontaktatzen ikasten dugulako.
  • Partaideek motibazio handia izaten dute. Hautazkoa denez (ez erakunde batek proposatua), emozioz eta zirraraz bizitzen dira.
  • Asko ikasten da teknologiaz, bai proiektuen garapenean eta bai biralizazioan (hau da, proiektua nola zabaldu, nola mugitu sareetan, nola eman ikusgarritasuna…)
  • Proiektuak kudeatzen trebatuz gero, bide berriak zabaltzen zaizkigu gure eskolak antolatzeko eta garatzeko. Haurrek proposatutako proiektuak ere gauzatzeko trebetasuna garatzen dugu.

 

ELKARLAN PROIEKTUEN KUDEAKETA

Proiektuek honako mailak izaten dituzte:

  • KOORDINAZIO OROKORRA

Proiektuen koordinazioan aritzen diren irakasleek (normalean proiektua proposatzen dutenak gehi beste bi edo hiru lankide) proiektuaren helburu orokorrak finkatzen dituzte, diseinu orokorra finkatu eta beharrezkoak diren IKT tresnak sortzen dituzte, gehienetan blog bat eta Twitter kontu bat baina bestelako tresnak ere izan daitezke: webgune bat (Google Sites edo Wix tankerakoa),  bideo kanal bat, sare oso bat (Ning erakoa)…

Normalean proiektuaren koordinazioan proiektuaren ildo orokorrak finkatzen dira baina ez da ikasgela mailako diseinurik egiten. Parte hartzen duten irakasleei askatasuna eskaintzen zaie nork bere estiloan, bere testuinguru zehatzean, nola lan egin erabakitzeko.

Diseinu didaktikoa finkatu ordez, partaidetza-mailak zehaztu ohi dira (ez beti, baina gero eta gehiago). Zein konpromiso-maila hartu nahi duzu proiektu honetan? Maila horietan maiztasuna, produktu-motak, ardurak eta antzekoak proposatzen dira eta beharbada, egutegi bat finkatzen da, webgune edo blogari bizitasuna emateko.

 

Dirua lanik egin gabe - Dilbert

Dirua lanik egin gabe – Dilbert

  • IRAKASLE PARTAIDEAK

Konpromiso maila jakin bat hartzen dute proiektuarekiko eta ardura zehatzak hartzen dituzte. Beren ikastetxearen planteamendu didaktikoa erabakitzen dute proiektuaren harira eta ikasgelan autonomiaz aritzen dira proiektuan parte hartzen.

Ohikoa da irakasle aktiboek proiektu bat koordinatzea eta hainbat proiektutan parte hartzea, konpromiso maila desberdinetan. Adibidez, neu oraintxe hiru ikaskuntza-proiektu koordinatzen nabil eta bost edo seitan nabil parte hartzen.

 

Ados, egia da… lan gehiago da eta ez, ez duzu gehiago kobratuko lan hauek egiteagatik…

 

ELKARLAN PROIEKTUEN GAKOAK

Elkarlan proiektu digitalak sortzeko, askotan gaitasun teknologikoei erreparatzen diegu. Benetan, gaitasun teknologikoak ez dira garrantzitsuenak; garrantzitsuak dira, noski, baina garrantzitsuagoak dira gaitasun sozialak eta didaktikoak.

 

Alde batetik, sarean garatzen diren elkarlan proiektuak proiektu sozialak dira beste ezeren gainetik. Beste ikastetxe eta testuingurutan lanean dabiltzan ikasle eta irakasleekin harremanetan jartzen garenez, gai izan behar dugu pertsona desberdinak elkar ulertzeko. Ideia honek ikaskuntza-ahalmen handia du, berdinen artean aritzen baikara ikasten. Zertarako irakurri testu-liburu batean nolakoak diren euskal herriak, aukera dugunean zuzen-zuzenean herri desberdinetako pertsonekin harremanetan jartzeko, haur zein heldu? Baina irakasleok begiak ireki eta ikusmira zabaltzeko gaitasuna behar dugu horretarako.

 

Beste aldetik, gaitasun didaktikoak behar ditugu, elkarlan proiektuen markoan ulertzeko zer egiten ari garen, zertarako, nola ebaluatu eta abar. Kontua ez da haurrak entretenitzea, ikaskuntza aukera baliotsuak ulertzea eta etekina ateratzea baizik.

 

Elkarlan proiektuetan garatzen ditugun gaitasun profesional batzuk:

GAITASUN SOZIALAK:

  • Bestek egindako proiektuak bilatu eta bere ikaskuntza balioa ulertu
  • Irakasleekin harreman sareak izan
  • Lankideak inplikatu, motibatu eta parte hartzera animatu (eskolakoak eta eskolatik kanpokoak)
  • Partaideen ekoizpenak eta eskuhartzeak kudeatu

GAITASUN DIDAKTIKOAK:

  • Proiektuak idaztea: proiektuen justifikazioa, helburu didaktikoak, gaitasunak, edukiak, ebaluazio-irizpideak, prozedurak, baliabideak eta xehetu beharreko bestelako informazioa zehaztu.
  • Proiektuak kudeatzea: haurrak motibatu, ikas-prozesuak aztertu, hobetzeko bideak eskaini, orientatu, ebaluatu.

GAITASUN TEKNIKOAK:

  • Web proiektuei ikusgarritasuna emateko teknikak eta baliabideak erabili (social media)
  • Proiektua garatzeko gaitasun teknikoak izan

 

Hemen duzue artikulu labur bat gai honen inguruan: Nola ekin arrakastaz elkarlan proiektu bati? (gaztelaniaz):

http://www.educacontic.es/blog/el-proyecto-minimo-viable-pmv-o-como-lanzar-un-proyecto-educativo-con-eficacia

 

ZERGATIK ERABILI BLOGAK ETA SARE SOZIALAK HIZKUNTZA ARLOAN?

Hizkuntzaren garapenean, komunikazioa da funtsa. Komunikazioa ardatz duten atazak eta proiektuak proposatu behar ditugu komunikazio gaitasuna garatzeko.

Sareak komunikazio esparru berezituak dira eta ikasleen ekoizpenak testuinguru komunikatibo errealean kokatzen dituzte. Ikasleek ez dute hizkuntza ekoizten irakaslearentzat, lana ebaluatu edo zuzen dezan… Alegia, elkarlan proiektuek aukera eskaintzen digute KOMUNIKAZIO ERREALA gauzatzeko.

 

Ikasleek irakaslearentzat idatzi ordez (eta ondorioz, komunikazio esparru laburrean aritu), beste pertsona batzuekin erlazionatu eta irudi publiko ona emateko, irakasleari laguntza eskatzen diote bere lana ahalik eta onena izan dadin. Ikuspegia aldatzen da eta komunikazioa da helburu.

 

Horretarako, komunikazio “sentsazioa” lortu behar dugu, ez soilik blog bat sortu eta argitaratu. Ikasleek konturatu behar dute beren ekoizpenak bisitatuak direla eta itzulera izan behar dute (iruzkinak, feedbacka…). Bestela EZ DU FUNTZIONATZEN.

 

Sarean garatzen diren elkarlan proiektuek oihartzuna sortzen dute eta ikasleek ikusten dute beste leku bateko pertsonek irakurtzen edo ikusten dituztela euren ekoizpenak. Horregatik da hain garrantzitsua elkarlan proiektuak biralizatzen, hedatzen jakitea. Ikasleek beraiek motibagarri ikusten dute euren blogak bisita asko jaso izana.

 

Hona Blogmaniacos proiektuko haurrek ikasturte hasieran diotena:

[youtube]http://youtu.be/m6_fxpj55Lc[/youtube]

 

NOLA EZAGUTU ELKARLAN PROIEKTUETARAKO BESTE IRAKASLE BATZUK?

Nola ezagutu beste irakasle batzuk elkarlan proiektuetan parte hartzeko? Ba sareetan, noski!

 

Sare sozialetan irakasle asko dabil lanean, hori baliatuta, errazagoa da proiektuak ezagutzea eta konektatzea. Gaztelaniaz egiten ditugun proiektuen kasuan, jardunaldi formalez gain, kedada informalak ere antolatzen ditugu, irakasleak aurrez aurre ikusi eta bazkaritan edo pasiatzen ari garen bitartean gure proiektuak komentatzeko. Hurrengo irakasle kedada Zaragozan izango da azaroaren 2an, animatzen bazara, bertan ikusiko dugu elkar 😉

Bilbon 2012an egindako irakasle kedadaren argazkia

Argazkiaren iturria: http://trestizas.files.wordpress.com/

 

Gure euskal komunitate txikian, zenbaitetan errazagoa da beste ikastetxe batean lanean diharduen norbait ezagutzea, eta “modu analogikoan” egitea kontaktuak. Txikiaren abantaila!

 

6 iruzkin honentzako: Elkarlan proiektuak sarean: nola gauzatzen dira?

  • zein proiektu iruditzen zaizue egingarria beste eskolaren batekin elkartuta gauzatzeko, zuen egoera partikuluarra kontuan hartuta? Idatzi proposamena, kezkak, aukerak…

    Ni betidanik guk egindako proiltuaren partaide izan naiz. Normalean hezkuntza sailak egindako proiktuak abantaila asko dituzte, alde batetik lana eginda dagoelako, eta beste aldetik errezago izaten delako gure ikasleei irakustea. Baina guk egindako proiektuekin abantaila handiagoak dituzteka oso argi daukat.

    – Partaidetza irekia da
    – Lana egin ahal duzu zuk nahi duzun momentuan
    – Zeure gustuz egindako proiketuak izaten dira
    – Eta partaideek motibazio handia izaten dute
    – Horrez gain gehiago ikasten da normalean

    PaLaBraS AzuLeS: http://elmarescolorazul.blogspot.com.es/ blogearen helburuak nire blogaren berekoak izan ahal dira (matematika, lenguaia, eta abar… lantzen dira). Gainera nire blogaren lehenengo helburua ikasleek parte hartzea izango litzateke, horregatik edozein eskolako 6. mailako ikasleek parte har dezakete.

  • Eskerrik asko, Manu, iruzkinagatik!

    Bai, hala da, niri asko gustatzen zaizkit elkarlan proiektuak. Noski, ez da berdin unibertsitatean ibili, Haur Hezkuntzan edo Batxilergoan… baina beti dago proiektu interesgarri bat proposatzen eta gauzatzeko modua.

    Proiektu polit bat aurrera ateratzeko ez da askorik behar, soilik aliaturen bat, ezagutzen duzun beste eskola bateko irakasle bat adibidez. Asko pizkortzen dira blogak elkarreragin birtuala lortzen denean!

  • Ion Ander Esnaola Arruti

    Benetan oso interesgarria orain artean irakurritakoa.

    Aipatutako hainbat proiektutatik bakarren batzuk ezagunak zaizkit egun nagoen ikastetxeko lankide batzuk arituak baitira elkarlanean ( 6. mailako ikasleekin), beste ikastetxe batzuetako ikasle-irakasleekin.

    Halere, nire kasuan, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleekin aritzen naiz lanean eta zerbait zerbait beti egin daiteke, baina gaur egun nire zalantzak ditut eskolak (Hezkuntza sistema) prestaturik ote dauzkagun IKT arloan ikasle guztientzat.

    Alegia, astean ordu bat informatika izan dezagun, ahalegin bereziak egin behar izaten dira hirugarren ziklokoekin koordinaketa bat aurrera jarraituz eta ikasleak binaka edo hirunaka ordenagailutan jarriz. Bestelako arazoak ere badira, ordenagailuen funtzionamendu eskaxa, WIFI aren eraginkortasuna,…

    Batzutan pena hartzen dut, gizartera nola zabaltzen diren proiektuak (eskola 2.0) esate baterako eta gero benetan eskolatan nola aurrera eramaten diren.

    Errealitatea nire kasuan ez dut modu egoki eta naturalean ikusten, ez zait egiten erraza, ez dakit besteek nola duten beren ikastetxetan, baina geroz eta denbora gehiago hartu behar izaten dut eskolaz kanpoko ordutegitik, eskola barruko funtzionamendua egokia izan dedin eta… momentuz bloga martxan jarrita, bere erabilpena gurasoekin konpartituz, beren inplikazioaren garrantziaz jabetuz, ikasleen motibazio eta interesa piztua, pozik izango nintzateke.

  • Mila esker, Ion Ander, zure iruzkinagatik!

    Ados nago diozunarekin. Eskola 2.0 planarekin publikoki kritikoa izan naiz lehen egunetik, eta IKT formazioa ematen nabilenean beti sentitzen dut amorru hori naturalak izan beharko luketen kontuak oraindik oso problematikoak direlako. Atzo irakasle batek esaten zidan bezala, haurrek ordenagailu gela museotzat hartzen dute, zaharkituak egoten dira eta desesperantea izaten da bertan lan egiten saiatzea. Bestalde, Eskola 2.0 ordenagailuak oso mugatuak dira eta abiaratze bikoitza jarri zietenez, berez mugatua duten kapazitatearekin desesperanteki motel egiten ditu. Netbook horiek linuxekin soilik funtzionatzen dute abiadura onargarri batean. Wifiak ere desesperazioko abiadura du…

    Orain zain gaude ea noiz hasten garen Eskola 2.0ko hurrengo fasearekin, eta bitartean, diozun bezala, ahal duguna egitera mugatu behar dugu. Etsitzekoa… baina espero dezagun formazioa baliagarria izatea ekipo egokiak ditugun bezain laster martxa hartzeko!

  • Kaixo Ainhoa!!

    Euskal proiektuak barra-barra sortzeko oraindik lan handia dago. Lehendabizi, gobernuak proiektu hauek gauzatzeko baliabideak eskaini beharko lituzke, gaur egun ditugunak eskasak direla eta. Eskola 2.0. oso geldo doa eta eguneroko praktikan arazo handiak sortarazten ditu baita denbora galerak ere arazo teknikoengatik.
    Dena den, oraindik bidean gaude eta baikorrak izango gara gaurdaino gauzatutako lanarekin

  • Eskerrik asko, Maite, iruzkinagatik!

    Jakitun naiz teknologia oraindik arazo dela eskoletan eta gobernuak baliabideak eskaini behar dituela (edo beharko lituzkeela, behintzat). Hala ere, oso gauza politak egin daitezke baliabide teknologiko minimoekin, erakargarriak eta ikaskuntzaren aldetik indartsuak. Horregatik, beti baloratu behar dira norberaren mugak eta muga horiek kontuan hartuta lan egin.

    Dena bezala, hastea da, neurriz lan eginda aukera berriak deskubritzen dira eta ideia ugari etortzen zaizkigu. Animo ba!