Artikulu hau 2011-2012 ikasturtearen amaieran Gaur8ko kazetariek egindako elkarrizketaren emaitza da. Elkarrizketa luzean aritu ginen, ordubete inguru, gai askoren inguruan: IKTek ikasketa prozesuetan eragindako aldaketak (eta aldaketa ezak), maila kognitiboan duten eragina, irakasleen jarrera, gurasoen ikuspegia…
Hona azpimarratuko ditudan ideia batzuk:
- IKTak eskoletan txertatzea ezinbestekoa da, gizartea aldatzen doan heinean, hezkuntza sistemak ere aldatu behar baitu. Ez “modei jarraitu” behar zaielako, baizik eta behar berriak sortu direlako.
- Irakasleen formazioa eraldatu behar da, ikastaroak egitea alde batera utzi eta epe ertainerako plangintza, jarraipen eta orientazioa eginez. Ikastaroetan diru asko xahutzen da oso aplikazio maila eskasa lortzeko.
- Haurrek uste dute badakitela IKTak erabiltzen han eta hemen klikatzen dakitelako, baina oso azalean aritzen dira oro har. Helduok uste dugu ez dakigula IKTak erabiltzen ez dakigulako hemen eta han klikatzen, baina pentsamendu kritikoa eta ikusmira dugu. Elkarren beharrean gaude eta elkarrekin lan egin behar dugu.
- Helduok ‘Tuenti’ belaunaldia abandonatu genuen sareetan; hori ez dugu errepikatu behar. Ondorio garrantzitsuak izan ditu askorentzat, eta gaur egun 8 urtetik aurrera dabiltza haurrak sareetan bakarrik, oraindik kalean bakarrik ibiltzeko gai ez direnean.
- Haur eta gazteek ez dute jakiten zer diren blogak, horiek beste sakontasun maila bat eskatzen dutelako; erredakzioa, hausnarketak egitea… Eskolak lagundu behar die zeregin sakon horietan gaitasunak garatzen.
- Sare sozialak hiritartasunari lotuta daude eta ondorioz, hezkuntzak badu honetan zeresana. Haur eta gazteei lagundu behar diegu ingurune honetan ere komunikatzen, kideak errespetuz tratatzen (ingurune hauen portaera-kodeak kontuan hartuta) eta proaktiboak izaten.
- IKTak ikuspegi pedagogiko egokiarekin txertatu behar dira ikasgeletan, bestela IKTen erabilera helburu bilakatzen baita, helburu akademikoak lortzeko tresna izan beharrean.
- Ikuspegi aktiboagoa izan behar dute ikasleek gaur egun eskoletan, hau da, gauzak buruz ikastea ez da horren garrantzitsua –horrek ez du esan nahi garrantzitsua ez denik–, baina inportanteagoa izango da informazioa bilatzen, hautatzen, iragazten eta maneiatzen ikastea.
- Eskoletan orain geldo goaz. Hori da nire sentsazioa. IKTak erabiltzen hasi gara, baina horri berrikuntza deitu zaion arren, benetan ez da berrikuntza; ikasteko eta irakasteko moduak aldatzea da berrikuntza. Eraldatze hori oso geldirik dago une honetan, eta jada egina beharko luke transformazioak.
Beno, eta zehaztasun handiagoz jakiteko elkarrizketan esandakoak, hobe jatorrizko artikulua irakurtzea: