Helburu didaktikoak eta helburu komunikatiboak

Aste honetan hasi gara Lehen Hezkuntzako Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian (3. mailakoa), eta teoriatik praktikarako hurrenkeraren ordez, zuzenean lanean hasi gara proposamen didaktiko bat diseinatzen.

 

Ikasleei planteatu diet sormena sustatzeko idazkuntzarako jarduera edo klaserako ideia bat asmatzeko, eta bost minututan bazuten lanean hasteko proposamen bat. Berez, klaserako ideiak izatea ez da zaila, beste kontu bat da ideia horrekin zer gertatu den, zer ikasi den.

 

Humphreys, Pyeongtaek students experience 'fun' at summer school

 

Hizkuntzen proposamen didaktikoetan bi helburu definitzen dira: helburu didaktikoa eta helburu komunikatiboa:

 

  • Helburu didaktikoa da zer espero dugun ikasleek ikastea proposamen horren bitartez. Helburu hau da ezagunena eta Lehen Hezkuntzako ikasleek azkar identifikatu dutena: narrazio-testuak eraikitzea, denbora adierazteko egiturak erabiltzea, emozioak adierazten dituzten testuak idaztea… Helburu hauek dokumentatzen errazak dira, helburu-zerrendak daude dekretuetan eta oinarrizko curriculum diseinuan, baita eskolako curriculum proiektuan ere.

 

  • Helburu komunikatiboa da zer komunikatzea espero den. Zer komunikatu nahi du haurrak egin diozun proposamen horretan? Norekin komunikatu behar du? Zertarako komunikatu nahi du pertsona horrekin edo horiekin? Eta galdera hauei erantzutea dezente zailagoa da, gure komunikazio testuingurua oso mugatua izaten delako.

 

IKASGELA ETA TESTUINGURU KOMUNIKATIBOA

Ikasgelak aukera mugatuak eskaintzen ditu komunikazio errealerako, eta areago, idatzizko komunikaziorako… beno, aukerak mugatuak dira ikasgela “ariketak egiteko ingurunea” baino ez bada.

Teacher In Classroom

Ikasgelan ikasleak etengabe ari dira komunikatzen, hitzez, keinuz, gorputzez… beraien artean eta irakaslearekin. Beste kontu bat da komunikazio gaitasun hori nolakoa den eta hizkuntzaren garapenaren dimentsio anitzak nola sustatu testuinguru horretan.

 

Haurrekin ohikoa da simulazioarekin eta fikzioarekin jolastea, euren irudimenari esker fantasiazko munduetan komunikatzeko gaitasuna baitute. Oro har, prestutasun handia erakusten dute simulazio horretan antzezteko. Ikasgela jolasgune gisa identifikatu badute, “beldurrezko ipuin bat idatzi” proposamenaren aurrean, ulertuko dute idazketa hori jostailu bat dela, jostagarriago ikaskideekin partekatzeko aukera baldin badute. Ikasgela “beren lagunekin topatzeko” gunea dela diote haur askok eta hori geure alde erabil dezakegu 😉

 

Corps talks harbor deepening at Gould Elementary

Baina ikasgela hori baino gehiago izan daiteke: laborategia, emozioak adierazteko konfiantzazko espazioa, kanpoko eragileak erakartzeko lekua… Gela eraldatuz eta irakasleez gain beste pertsona batzuk parte hartuz, belaunaldiak nahastuz, komunikazioaren dimentsio gehiago lantzeko eta garatzeko aukera izango dugu.
Insect Convention [Classroom Pano]

 

2 iruzkin honentzako: Helburu didaktikoak eta helburu komunikatiboak