“FLIPPED CLASSROOM”
Asko ari da aipatzen “flipped classroom” edo ikasgela atzekoz aurrera jartzeko proposamen metodologia. Funtsean, metodologia honek ohiko prozedurari buelta eman nahi dio: normalean aurrez aurreko eskoletan irakaslearen azalpenak entzuten dira eta gero etxean ariketak egiten dira (problemak, idazlanak, proiektuak…); atzekoz aurrerako ikasgelak proposatzen du irakasleak bideoan grabatzea bere azalpenak ikasleek etxean ikusteko eta horrela, aurrez aurreko eskoletan normalean etxerako uzten diren ariketak egiten dira, taldean eta sozializatuz (Wikipediako ingeleseko gunetik hartua eta libreki itzulia: Flip teaching).
Hortik abiatuta, proposamen xume edo sofistikatuagoak egin dira. Google-n bilaketa azkar bat eginda, material mordoa eskura daiteke “flipped classroom” terminoei lotuta: artikulu zientifikoak, blog sarrerak, irudiak, grafikoak, sareak, MOOC ikastaro masiboak…
Egia esan, azalpena-ariketak prozedura tradizionalari eutsi ez diogunoi, “flipped classroom” proposamena ez zaigu oso atzekoz aurrerakoa iruditzen. Irakasleak jarraitzen du izaten azalpenen ardatz eta ikas-agendaren gidari.
DIDAKTIKA, ATZEKOZ AURRERA
Eskolak atzekoz aurrera jartzeko, proposamena da irakasgaia amaitzen denean diseinatzea, hasieran egin ordez. Hau da: helburua da ikas-prozesuaren amaieran izatea irakasgaia diseinatuta, materialak sortuak eta ekoizpena prest, eta irakasgaia parte hartzen duten ikasleek sortzea, irakasgaiaren laguntzaz. Astakeria? Egin ditudan esperimentazioak kontrakoa erakutsi didate.
Azken batean, nola programa daiteke irakasgai bat ikasleak aurrez aurre ezagutu gabe? Nola ezar daiteke eskolen kronograma, ikasleak ikusi ez ditugunean? Ez al da ikaslea ardatza? Didaktika diseinu gehientsuenak, teoria pedagogiko nagusien kontrako norantzan doaz, irakaslearen plangintzaren mesede.
Web 2.0-ren hedapenak ikas-prozesuetan izan duen arrakasta handiena izan da ikasleak ekoizle bihurtu izana, “prosumidore”, hitz googleagarriagoa nahi bada. Informazioa bilatzea, iragaztea, interpretatzea eta manipulatzea da, une honetan, gaitasun gako bat nork bere kasa ikasten ikasteko eta mundu konplexuan eroso mugitzeko. Irakasgaiaren helburuak ikasleei aurkeztuta, hainbat proiektu gida daitezke jakintza-esparru horretan ikasleak beraiek izan daitezen edukiak ekoizten dituztenak, ikuspegi sozio-eraikitzailearen proposamenari segiz.
Prozesu horretan, irakasleak, noski, oso jantzita izan behar du jakintza-esparru horretan, ikasleen askotariko proposamenen artean zein, zergatik, noiz argitasunez azaltzeko eta ikasleen aurrerabidea ziurtatzeko. Zorroztasunez jokatzeaz gain, irizpideak eta arrazoiak ikasleei transmititzea da helburua, eta ez informazio prefabrikatua.
Apur ditzagun ikas-atazen kateak eta jar ditzagun ikasleak jo eta ke lanean, beraiek baitira ikasi behar dutenak!