|
Nola eralda dezakegu jolasgaraia, aktiboa, anitza, kulturalki aberatsa eta euskaldunagoa izateko? Galdera honetatik abiatu genuen ikasturte hau, Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasleekin.
Urtero bezala, Komunikazio Gaitasunaren Garapena I irakasgaian topaketak antolatu ditugu, ikasleak eremu akademiko-zientifikoan murgiltzeko eta hezkuntzaren eremu profesionala ezagutzen hasteko. Aurtengo proiektuan, jolasak eta jokoak hartu ditugu aitzakia ahozkotasuna lantzeko, hezkuntzaz gehiago jakiteko, gure jakintzak aktibatzeko eta iturri bibliografikoak erabiltzen ikasteko.
Topaketa irekia da, edonork har dezake parte, eta bi atal nagusi izango ditu: hitzaldi edo solasaldiak eta poster erakusketa azalduak.
Kulturartekotasun minorreko “Fundamentos de la educación multicultural” irakasgaian, ahozko historien inguruko saio ireki hauek antolatu ditugu, interesa duen edonor hurbiltzeko.
2024ko azaroaren 19, 22 eta 25ean, ahozko historien inguruko mintegia landuko dugu Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Juan Ibáñez de Sto. Domingo, 1), Hizkuntza Gelan (beheko solairua).
- Mintegia gaztelaniaz izango bada ere, euskaraz parte hartu ahal izango da.
- Ez da beharrezkoa saio guztietara etortzea. Saio bakoitza modu autonomoan planteatu da.
- Mintegia doakoa da.
Azaroak 19, 8:30-10:00
Zer dira ahozko historiak? Dinamizatzailea: Ainhoa Ezeiza. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasle-ikertzailea.
Azaroak 22, 9:00-12:00
Ahozko historien tailerra. Nola egiten dira?
Dinamizatzailea: Javier Encina. UNILCO-espacio nómada, Ilusionista Sozialen Kolektiboa.
Azaroak 25, 10:30-11:30
Ahozko historiak Altzan (Gipuzkoa): eskola eta komunitatea elkarlotzen. Dinamizatzailea: Nahia Delgado de Frutos. Didaktika eta Eskola Antolamendu Saileko irakasle-ikertzailea.
ZER DIRA AHOZKO HISTORIAK?
Guk lantzen ditugun moduan, ahozko historiak eguneroko bizitzaren autogestioa eraikitzeko bizikidetza-tresnak dira.
Prozesu horretan, ahozko historiak mundu-ikuskerak eraikitzeko garraiatzaileak dira, pentsatu/sentitu/egiteko eta erlazionatzeko moduak kontatzeko tresnak. Euren ezaugarri nagusia da eguneroko bizitzatik abiatzen den eraldaketa bultzatzen laguntzen dutela.
Ahozko historien bidez, komunitatearen eta eskolaren arteko zubiak eraiki ditzakegu.
Gehiago jakiteko: http://historiasorales.org/
Mintegian landuko ditugun material kontzeptual-akademikoak:
- Delgado, N., Uranga, I., Encina, J. eta Ezeiza, A. (2019). Historias orales en Educación Infantil y Primaria. In A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica (273-289. orr.). ISM-UPV/EHU. https://ilusionismosocial.org/pluginfile.php/4586/mod_resource/content/2/historiasorales_infantiyprimaria.pdf
- Encina, J. eta Ezeiza, A. (2020). Historias orales como herramienta para la convivencialidad. Revista Latinoamericana Estudios De La Paz Y El Conflicto, 1(2), 13–38. https://doi.org/10.5377/rlpc.v1i2.9828
Gure ikerketa-taldeko zehar-lerro gisa, aukera (eta beharra) sortu zaigu zinemaren eremua urratzeko. Gonbitea #cineyeducacion saretik datorkigu, sare honekin hainbat ekimen gauzatu ditugu azken urteotan, eta aurrerapauso bat emateko unea iritsi da. Ekarpen akademiko-praktiko bat egin nahi genuke, esperientzia didaktikoei marko teoriko-praktiko bat eratzeko.
Artikulu luze eta zehatzagoa prestatzen ari bagara ere, zuekin partekatu nahi genuke filmen analisiak egiteko prestatu dugun izara.
Funtsean, hizkuntzen didaktikan garatutako esanahiak eraikitzearen kontzeptua zinemaren ulermen-prozesuekin lotu nahi dugu, ikuspegi dialektikotik aztertuta. Zinemagileen sorkuntza lana testuinguru historiko, soziokultural eta psikologiko zehatz batean gauzatzen den bezala, zinema interpretatzeak posizio aktiboa eta kritikoa izatea eskatzen dio ikusleari; posizio hori ez da norbanakoaren interpretaziora mugatu behar, irakurmenarekin azpimarratzen den bezala; aitzitik, indibidualki, taldeka eta kolektiboki eraikitzen dira esanahiak, horregatik da baliotsua zinema ikasgelara eramatea.
Irakasleak ere, eraikitze prozesuen bitartekari-dinamizatzaile gisa, elkarrekin ikusiko den filmaren analisia egiten jakin behar du. Normalean, klasean film bat jartzen dugunean, filmaren elementu nagusi bati erreparatu diogu (gaiaren trataera, pertsonaiak, testuingurua…), eta aukera galtzen dugu bestelako elementuak aztertzeko. Horrekin batera, askotan hitz egiten da kontuz aurkeztu behar direla filmak, ez “espoileatzeko”; baina berdin gerta dakiguke geure interpretazioa haur eta gazteei inposatzen badiegu, filma nola ikusi bideratzen badugu.
Izara honen helburua da film bat ondo aztertzea proposamen didaktikoa prestatu aurretik. Analisiak sentsibilitatea piztuko digu filmaren esanahi aniztasuna ikasleekin batera eraikitzeko eta filmaz haratago jotzeko.
Irudian, izara hutsik ikus dezakezue. Dokumentu honetan, berriz, izararen azalpen laburra eta iturri bibliografikoak: https://www.ehu.eus/documents/5360192/51427417/Film_bat_analizatu_proposamen_didaktikoa_prestatu_aurretik.pdf/
Laster argitaratuko dugu azalpen garatuagoa.
Aurrekoan GIH 1: POBREZIA DESAGERTZEA landu genuen, ondoren GIH 3: OSASUNA ETA ONGIZATEA, gero GIH 5: GENERO BERDINTASUNA, horren ostean GIH 6: EDATEKO URA ETA SANEAMENDUA, eta gaur hamabigarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: EKOIZPEN ETA KONTSUMO ARDURATSUAK.
Hasteko, UNESCO Etxearen bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/4cXuOxlzZnw?si=wQ5DSvHv0FFoODV0
Hauek dira UNESCO Etxeak GIH honi lotutako ikaskuntza-helburuak betetzeko proposatu dituen gaiak:
- Publizitatea, parekideen presioa, kide izatea eta nortasunaren sorrera
- Produkzioaren eta kontsumoaren historia, ereduak eta balio-kateak, baliabide naturalen (berriztagarriak eta berriztaezinak) kudeaketa eta erabilera
- Kontsumoak eta produkzioak gizartean eta ingurumenean dituzten ondorioak
- Energiaren produkzioa eta kontsumoa (garraioa, merkataritza eta bizitegietako erabilera, energia berriztagarriak)
- Elikagaien produkzioa eta kudeaketa (nekazaritza, janarien prozesaketa, elikagaien aukeraketa eta ohiturak,
hondakinak sortzea, baso-soiltzea, elikagaien gehiegizko kontsumoa eta gosea)
- Turismoa
- Hondakinak sortzea eta kudeatzea (prebentzioa, murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea)
- Bizimodu iraunkorrak, eta produkzio eta kontsumo iraunkorrerako askotariko praktikak
- Produkzio eta kontsumo iraunkorrerako etiketatze-sistemak eta egiaztagiriak
- Ekonomia berdea (sehaskatik sehaskara, ekonomia zirkularra, hazkunde berdea, desazkundea)
Besteak beste, ikas-jarduera hauek egitea proposatu du UNESCO Etxeak:
- Norberaren aztarna ekologikoa kalkulatu eta gogoeta egitea
- Zenbait produktu aztertzea (eskuko telefonoak, ordenagailuak, jantziak…), bizi-zikloaren analisia (BZA) erabiliz
- Produkzio eta kontsumoarekin lotutako ekintza-proiektu bat (gazteei zuzendua) sortzea eta zuzentzea (adibidez, moda, teknologia, etab.)
- Ikerketa-proiektu bat egitea, galdera honen inguruan: “Iraunkortasuna zenbait gauzari uko egitea da?”
Maddi Iztueta Olano kazetariak (2023ko ekainak 18) argitu bezala, “Europako herritar bakoitzak 15 kilogramo arropa erosten ditu urtean batez beste, baina 5,8 milioi tona arropa botatzen dira urtean, hots; pertsonako 11 kilo inguru.
EB Europako Batasunaren esanetan, fast fashion-a ez dago modan. Baina kontrakoa islatzen dute datuek. Europako modaren industriak 166.000 milioi eurotik gorako salmentak ditu urtean, eta gehien kutsatzen duten industrietan laugarrena da. Are, arropa ekoizteko erabilitako material guztiaren %13 bakarrik birziklatzen da, eta %1 baino gutxiago aprobetxatzen da arropa berria egiteko.
Hori aldatu nahian, zera jarri du helburutzat EBk: 2030. urterako, merkatuan saltzen den arropa guztia jasangarria, iraunkorra eta birziklagarria izatea. Horretarako, hauxe Europako Batzordeak iaz proposatu zuen neurria: Produktu Jasangarriak Arautzeko Ekodiseinua”.
Migratzaile venezuelar talde bat Txileko Atacama basamortuko arropa-metetan bilatzen. Argazkia: Martin Bernetti/AFP
Arroparen industria munduko kutsakorrenetakoa da, eta hegazkinek zein itsasontziek baino CO2 gehiago isurtzen du atmosferara. Nazio Batuen Erakundeko Ingurugiro Programak zehazten duenez, praka bakero batzuk egiteko 7.500 litro ur erabili behar dira eta 33,4 kilo karbono isurtzen dira airera (Urrutikoetxea, 2020ko urtarrilak 21).
Fast fashion deiturikoa gehienbat Asiako hego-ekialdean ekoizten da: Taiwan, Myanmar, Kanbodia, Laos, Vietnam, Txina, Bangladesh… Bertan ekoizten da ekoizpen-kostoa “baxua” delako, hau da, langileak oso lan-baldintza gogorretan egiten dutelako lan oso diru gutxiren truke. 2013an, esaterako, “Rana Plaza” eraikina eraitsi zen eta 1.100 hildako eta 2.500 zauritu egon ziren (Equipo de Derecho Ambiental, 2020ko abenduaren 7a); Primark-eko arroparen parte bat bertan ekoizten zen.
Praka bakeroak egiteko, adibidez, kotoia behar da, eta kilo bat kotoi lortzeko 7.000 litro ur behar dira. Zuntz hau India, besteak beste Txina, Pakistan edo Uzbekistan-en ekoizten dute, eta distantzia luzeak egiten ditu arropa josi eta tintatzen duten industrietara iristeko (Álvarez, 2012). Bakeroek, gainera, berezitasun bat dute: bere kolorea. Indigo sintetikoan, bere osagai nagusian, hamar eragile kimiko erabiltzen dira: petroleoa, benzenoa, zianuroa eta, formaldehidoa, besteak beste (Thomas, 2019), eta horri margultze edo tinta kentze prozesurako erabiltzen den ura eta eragindako kutsadura gehitu behar zaio.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Álvarez, C. (2012). De latas, pantalones o fichas de Lego. Ihitza 38, 25. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/ihitza0/es_def/adjuntos/ihitza38.pdf
Equipo de Derecho Ambiental (2020ko abenduaren 7a). ¿Somos lo que vestimos? Impacto ambiental de la fast fashion o moda rápida. Conexión Ambiental. https://conexionambiental.pe/somos-lo-que-vestimos-impacto-ambiental-de-la-fast-fashion-o-moda-rapida/
Iztueta Olano, M. (2023ko ekainak 18). ‘Fast fashion’-a ez dago modan. Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1914/018/001/2023-06-18/fast-fashion-a-ez-dago-modan.htm
Thomas, D. (2019). Fashionopolis. El precio de la moda rápida y el futuro de la ropa. Ed. Superflua.
UNESCO Etxea (2020). Garapen Iraunkorrerako Helburuetarako Hezkuntza. Ikaskuntza-helburuak. https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
Urrutikoetxea, A. (2020ko urtarrilak 21). Kalkulatu zure arropa erosketek ingurugiroan duten eragina. Berria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalkulatu-zure-arropa-erosketek-ingurugiroan-duten-eragina
Aurrekoan GIH 1: POBREZIA DESAGERTZEA landu genuen, ondoren GIH 3: OSASUNA ETA ONGIZATEA, gero GIH 5: GENERO BERDINTASUNA, eta gaur seigarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: EDATEKO URA ETA SANEAMENDUA.
Hasteko, UNESCO Etxearen bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/traN3ftZF7M?si=5OdJk7LN44opG3SW
Honela zehaztu ditu UNESCO Etxeak GIH honi lotutako ikaskuntza-helburuak:
Uraren eta saneamenduaren erabilgarritasuna eta kudeaketa iraunkorra bermatzea guztiontzat
Ikaskuntza-helburu kognitiboak
1. Ikasleak ulertzen du ura bizitzarako oinarrizkoa dela, zer garrantzi duen uraren kalitateak eta kantitateak, eta zein diren uraren kutsaduraren eta ur faltaren kausak, eraginak eta ondorioak.
2. Ikasleak ulertzen du ura munduko sistema eta erlazio konplexu askoren osagai dela.
3. Ikasleak badaki munduan ez dugula guztiok ur garbia eskura, ez eta saneamendu-zerbitzuak ere.
4. Ikasleak ulertzen du “ur birtual” kontzeptua (nekazaritza edo industriako produktuak egiteko erabiltzen den ura).
5. Ikasleak badaki zer diren baliabide hidrikoen kudeaketa integratua eta uraren erabilgarritasun eta kudeaketa iraunkorra eta saneamendua bermatzeko beste estrategia batzuk, barnean hartuta uholde eta lehorteen arriskuen kudeaketa.
Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak
1. Ikaslea gai da tokiko komunitateetan uraren kudeaketa eta saneamendua hobetzen duten jardueretan parte hartzeko.
2. Ikaslea gai da uraren kutsaduraz, uraren erabilgarritasunaz eta ura aurrezteko neurriez hitz egiteko, bai eta kasu arrakastatsuak agerian jartzeko ere.
3. Ikaslea gai da uraren erabileran arduraz jokatu behar duela sentitzeko.
4. Ikaslea gai da saneamendu eta higieneko estandar egokien balioa ikusteko.
5. Ikaslea gai da ur garbiaren eta saneamendu-zerbitzuen eskuragarritasunean dauden alde sozioekonomikoez eta desorekez galdetzeko.
Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak
1. Ikaslea gai da autosufizientziarako tokiko gaitasuna hobetzeko asmoz tokiko agintariekin lankidetzan aritzeko.
2. Ikaslea gai da tokiko baliabide hidrikoen kudeaketan laguntzeko.
3. Ikaslea gai da bere aztarna hidrikoa murrizteko eta eguneroko ohituretan ura aurrezteko.
4. Ikaslea gai da uraren kalitatea eta segurtasuna indartzen duten jarduerak planifikatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta berrabiarazteko.
5. Ikaslea gai da uraren kudeaketarekin lotuta tokian, nazioan eta nazioartean enpresek kudeaketa-estrategiez hartutako erabakiak ebaluatzeko eta erabaki horietan parte hartu eta eragiteko.
Ur eskasiak nola eragiten digun ulertzeko, Espainiar Gobernuak hilabetero egiten dituen txostenak erreferentzia interesgarriak izan daitezke. Espainiar estatuko lurraldearen % 14,6 ur eskasiagatiko larrialdian dago eta % 27,4, berriz, alerta egoeran. Erreserba hidrikoa % 37an dago. Gobernuak neurri-pakete garrantzitsu bat prestatu du nekazari eta abeltzailei laguntzeko (Espainiar Gobernua, 2023).
Horrekin batera, bi albiste hauek sakontzen lagunduko digute:
Google, Meta, Amazon eta Microsoft eta beste enpresa teknologiko handi batzuen datu eta jarduera zentruek ur geza eta energia kopuru handiak kontsumitzen dituzte.
Esaterako, Uruguay-n, giza-kontsumorako ur eskasia egoera larrian daudelarik, Google-k proiektatu du datu-zentru bat eraikitzea egunero 7 milioi litro ur edangarri baino gehiago kontsumituko duena. Globalki, 2022. urtean gutxi gorabehera 21.200 milioi litro ur edangarri erabili ditu Google-k bere zentruak elikatzeko. Une honetan, Toledoko Talavera herrian “Tu nube seca mi río” lelopean borroka hasi dute Meta-k bere lurretan 180 hektarea hartu eta erabiliko lukeen ura dela eta.
Digitalizazioaren hedapenak ingurumenari kalte handiak eragiten dizkio.
Silvia Ribeiro, 2023ko abuztuak 15.
Edo beste albiste honek argitzen duena:
Alba Etxea salatua izan da Doñanako inguruan zortzi putzu ilegal egiteagatik.
Aurora Boza, 2023ko urriaren 25a
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Boza, A. (2023ko urriaren 25a). La Casa de Alba, denunciada por robar millones de litros de agua de Doñana. El Salto Diario. https://www.elsaltodiario.com/donana/casa-alba-denunciada-robar-millones-litros-agua-donana
Espainiar Gobernua (2023). Informe sobre la Gestión de la Sequía en 2023 [prentsa-oharra]. https://www.miteco.gob.es/content/dam/miteco/es/agua/temas/observatorio-nacional-de-la-sequia/Informe_SP_E_sep_2023.pdf
Ribeiro, S. (2023ko abuztuak 15). Las guerras del agua no son virtuales. Lo Que Somos. https://loquesomos.org/las-guerras-del-agua-no-son-virtuales/
UNESCO Etxea (2020). Garapen Iraunkorrerako Helburuetarako Hezkuntza. Ikaskuntza-helburuak. https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
Aurrekoan GIH 1 landu genuen, ondoren GIH 3, eta gaur bosgarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: genero berdintasuna.
Hasteko, UNESCO Etxearen bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/AP8zqHHWrxA?si=Vi5b7HR6y0aHKeyX
Eusko Jaurlaritzak (2017) honela zehazten du helburu hau:
5. GIH: Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neska guztiak ahalduntzea
- Balioen aldaketa sustatzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko.
- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lanaren eremuan bultzatzea, soldata-diskriminazioaren aurka borrokatuz eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearen alde eginez.
- Gurasotasun positiboa eta erantzunkidetasuna sustatzea.
- Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea (…).
Bestalde, hauek dira UNESCO Etxeak (2020) bere txostenean zehaztutako zenbait ikaskuntza helburu:
GIH 5: Genero berdintasuna
Ikaskuntza-helburu kognitiboak
1. Ikasleak ulertzen ditu genero, genero-berdintasun eta generoagatiko diskriminazio kontzeptuak, ezagutzen ditu generoarekin lotuta diskriminazioak, indarkeriak eta desberdintasunak hartzen dituzten askotariko formak, eta ulertzen ditu genero-berdintasunik ezaren egungo arrazoiak eta arrazoi historikoak.
2. Ikasleak ulertzen ditu emakume eta neskatoen oinarrizko eskubideak, esplotaziorik edo indarkeriarik ez jasateko eskubidea eta ugalketa-eskubideak barne.
3. Ikasleak ulertzen ditu bere herrialde eta kulturaren barnean dauden generoen arteko desberdintasun-mailak, mundu-mailako arauekin alderatuta, generoaren eta beste kategoria sozial batzuen intersekzionalitatea barne
(gaitasuna, erlijioa eta arraza, esaterako).
4. Ikasleak badaki zer aukera eta onura dakartzaten legedian eta gobernantzan genero-berdintasunak eta generoen erabateko parte-hartzeak, kontuan hartuta aurrekontu
publikoen izendapena, lan-merkatua eta esparru publiko eta pribatuko erabakimena.
5. Ikasleak ulertzen du hezkuntzak, teknologiek eta legediak betetzen duten zeregina, ahalduntzeko eta genero guztien erabateko parte-hartzea lortzeko
Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak
1. Ikaslea gai da genero-rolen pertzepzio tradizionala ezagutu eta zalantzan jartzeko, ikuspegi kritiko batetik eta ainguraketa kulturala errespetatuz.
2. Ikaslea gai da generoagatiko diskriminazio oro identifikatzeko eta salatzeko eta genero guztien erabateko ahalduntzearen onurez hitz egiteko.
3. Ikaslea gai da elkarlanean jarduteko, indarkeria eta generoagatiko diskriminazioa desagerrarazi, botererik gabekoak ahaldundu eta errespetua eta berdintasuna sustatzeko.
4. Ikaslea gai da bere genero-identitateaz eta genero-rolez gogoeta egiteko.
5. Ikaslea gai da genero-rol eta igurikimen pertsonal edo komunitario desberdinak dituztenekiko enpatia eta elkartasuna sentitzeko.
Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak
1. Ikaslea gai da bere ingurunea ebaluatzeko, bai bere burua eta bai generoagatik baztertzen dituztenak ahalduntzeko.
2. Ikaslea gai da genero-berdintasunari eta parte-hartzeari buruzko erabakiak ebaluatzeko eta horietan parte hartu eta eragiteko.
3. Ikaslea gai da besteei babesa emateko, generoen arteko enpatia gararazi eta generoagatiko diskriminazioa eta indarkeria geldiarazteko.
4. Ikaslea gai da generoagatiko diskriminazioa hauteman eta identifikatzeko.
5. Ikaslea gai da genero-berdintasunerako estrategiak planifikatu, abiarazi, babestu eta ebaluatzeko.
Helburu hauei lotuta, hainbat eztabaida plantea daitezke.
Alde batetik, ahalduntzearen kontzeptua eztabaidagarria da.
María Galindo aktibista feminista boliviarra hizlari gonbidatu izan zen Espainiar Gobernuaren Berdintasun Ministerioak antolatutako Nazioarteko Topaketa Feministan, ‘We call it feminism. Feminismo para un mundo mejor’ lelopean (5/03/2023). Esteka honetan duzue bere diskurtso osoa euskaraturik: http://jabegabetzea.blogspot.com/2023/03/maria-galindo-aktibista-feminista.html
Ondoren, bertatik ateratako hainbat ideia dituzue, eztabaida konplexutzeko:
Boto-eskubidea ematen dizuet politikatzat jotzen denaren birdefinizio erradikalerako eskubidearen truke.
Berdintasunezko ezkontzarako eskubidea ematen dizuet ezkontza indargabetzearen truke.
Kode penalean feminizidioa erregistratzeko eskubidea ematen dizuet erailak ez izateko eskubidearen truke.
Eta hauxe iradokitzen dizuet: pertsonen salerosketak kezkatzen bazaituzte, hemen bertan zaudeten emakume espainiar eta europarrei bereziki, borroka zaitezte Atzerritarren Legearen indargabetzearen alde, eta ez sexu-langileen kriminalizazioaren alde. Ez dadila izan borroka hori zuen sistema politiko nazionaletan ezin delako egin, gauza hauek ez baitira hemen erabakitzen.
(…)
Nire ustez, feminismoak eskubideen aldeko borroka gisa ulertzea tranpa hutsa da, agortutako amarrua, eta ez dugu bertan erori behar.
Kontua ez da Giza Eskubideei emakumeen eskubideak falta zaizkiela osatzeko.
Kontua ez da, intersekzionalitate ikuspegitik, emakumeen eskubideei unibertso zuri heterosexualetik kanporatutako emakumeen eskubideak falta zaizkiela.
Arazoa ez da sexu langileen, etxe langileen, edo gaizki deituriko migranteen eskubideak falta direla. Migranteak ekonomia neoliberaletatik erbesteratutako emakumeak baino ez dira, lanik ez egotearen ondorioz. Migranteak euren lurraldeetatik kanporatutako emakumeak baino ez dira, arpilatze ekozidaren ondorioz ihes egin beste aukerarik ez dutelarik.
(…)
Giza Eskubideen erakundeen diskurtsoa maltzurra da, heriotza estaltzeko maskara bat, ezinbesteko hipokresia inor ausar ez dadin benetan egiten ari direnaren kontzientzia hartzera.
(…)
Amaitzeko, eskari bat: Giza Eskubideen Nazioarteko Itunari izena aldatzea nahi nuke.
Eskatuko nuke honela izendatzea: Europarrek Gizakitzat jotzen dituztenen Eskubideen Itun Erretorikoa.
Proiektua ez da boterea hartzea. Boterearen aurrean ez duzu ahaldundu behar. Boterearen aurrean matxinatu egin behar duzu. Proiektua iraultza egitea da.
Bestalde, genero-berdintasunean ikuspegi bitar edo binaristari heldu dio Jaurlaritzak, genero-disidentziek egunero jasaten dituzten errepresio eta gutxiespenak kontuan hartu gabe. Interesgarria da oso Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Casete eragileek LGTBIQ+ mugimenduen inguruan proposatzen diguten hausnarketa:
“1980ko hamarkadan sortutako lesbiana feministen kolektiboentzat, lesbiana bazen termino politiko eta iraultzaile bat. Aitzitik, 30 urte geroago, edozein telesailetan erreferente lesbiko homonormatiboak agertzen zaizkigun honetan, gazte politizatuentzat inportantea da bollera aldarrikatzea, orientazioa ez ezik, erreferentzia egiteko hautuari, proiektu politikoari, komunitateari, eredu kapitalista-integratzailearen kontrako jarrerari ere. Lesbiana gero eta testuinguru gehiagotan hitz onargarria den garaiotan, bollera (marika eta trabesti bezala), iraina geureganatzeko eta harrotasunezko identitate politiko bihurtzeko apostu kurrean datza. Nolanahi ere, Itxaro Bordak gogorarazi digu bollera ez dela Euskal Herri osoan erabiltzen den terminoa, Hego Euskal Herrian baizik; frantsesez gouine darabilte Ipar Euskal Herrian” (Alvarez Uria eta Fernandez Casete, 2023, 14. orr.).
Luditas Sexxxuales kolektiboak 2014an azpimarratu bezala, inoiz ez pentsatu bakarrik zaudela. Alaitasuna prozesuan dago, ez dago egia sexual bat gizartearen errepresioaren geruza handiaren azpian ezkutatuta.
Azkenik, aztertu behar dugu zein izan den eta oraindik den eskolaren erantzukizuna emakumearen ikuspegi sozialean, eta horretarako, klase sozialei erreparatu behar zaie. Julia Varelak (2006) oso ondo azaltzen duen bezala, azken 300 urteetan familia despolitizatu da eta Psikologiaren Erresuma inposatu da, pribatutasuna eta subjektibizazioa indartzeko. Emakume burgesaren ikuskera ezarri da, etxea zuzen eta apal eramaten duena eta ama hezitzaile perfektua. Klase herrikoietan, familia ez da horrela interpretatzen, bizitza ez baita familia nuklear burgesaren ideiaren inguruan eraikitzen (ondasun pribatua, ordena, progresoa). Horregatik, eskolak behin eta berriz seinalatzen du “ama txarra” zer den: eskolaren nahiak betetzen ez dituena, etxerako lanen gainean ez dagoena, ikastetxeak zehaztutako bileretara ez doana… klase (eta askotan etnia) ikuspegia akritikoki ezartzen delako. Hori ere, emakumeen aurkako bortizkeria da.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Alvarez Uria, A., eta Fernandez Casete, J. (2023). Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz. Txalaparta.
Eusko Jaurlaritza (2017). Agenda Euskadi Basque Country 2030 [Helburuen txostena]. https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/11500/AGENDA_EBC2030.pdf
Luditas Sexxxuales (2014). Ética amatoria del deseo libertario y las afectaciones libres y alegres. Milena Caserola.
UNESCO Etxea (2020). Garapen Iraunkorrerako Helburuetarako Hezkuntza. Ikaskuntza-helburuak. https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
Varela, J. (2006). Anatomía política de la familia civilizada. Revista Cuchará’ y paso atrá’, 13, 63-71.
Aurrekoan GIH 1 landu genuen, eta gaur hirugarrenaren inguruan eztabaidatuko dugu: osasuna eta ongizatea.
Hasteko, UNESCO Etxeak egindako bideoa ikusiko dugu: https://youtu.be/Ht9zLI4yyFc?si=Y8fhQ31UgIWdpKpe
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dokumentu honetan honela zehaztu ditu helburu honi lotutako helmugak:
- Osasun sistemaren estaldura unibertsala eta irisgarritasuna bermatzea
- Pertsonen erantzunkidetasuna osasunaren zaintzan sustatzea
- Ekitatea osasun-arretan bermatzea, garrantzi berezia emanez genero-ikuspegiari, kolektibo kalteberenei eta arretaren kalitateari
- Zainketa aringarrien arreta bultzatzea, eta baita gaixotasun kroniko, buru-gaixotasun eta gaixotasun arraroei zuzendutako arreta espezifikoa ere
- Osasuna ingurune komunitarioan bultzatzea, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatuz
- Osasun Publikoa bultzatzea, instituzioen arteko koordinazio eta lankidetzarako formulak ezarriz, eta koordinazio soziosanitarioa sustatzea
- HIESa eta bestelako gaixotasun infekziosoak prebenitzea
- Adikzioak prebenitzea eta tratatzea, gazteei zuzendutako ekimenak indartuz
- Osasun- eta kirurgia-arreta eskaintza herrialde pobreetatik edo gerran dauden herrialdeetatik datozen adingabeei, baita aldi baterako harrera-egoeran dauden adingabeei ere
- Osasunaren alorreko ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea
Hala ere, Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatzen ari dira, itxaron-zerrendak, zerbitzuak mugatzea, ordezkoak ez betetzea, telefono bidezko kontsulten hedapena… Hona horren inguruko albiste bat: https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9179859/osakidetza-suntsitzearen-aurka-kalera-aterako-da-gaur-osasun-publikoaren-aldeko-herri-plataforma/
Horrez gain, oso gutxi dira bizitza osasuntsuari lotutako ekimenak. Bizitza osasuntsua izateko, gutxienez hiru eremu landu beharko genituzke:
- INGURUMENA: inguru kutsatuetan, zaratatsuetan eta termikoki gogorretan bizitzeak osasuna lapurtzen du.
- EKONOMIA: lan-baldintza gogorretan lan egiteak edo diruzaletasuna bultzatzeak osasuna lapurtzen du.
- GIZARTEA: giza-harreman pobreak izateak, bazterkeria jasateak, gizarte-kontrolak osasuna lapurtzen du.
Eskura edukitzeko zenbait datu:
- Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an izandako lan-istripuen txostena (Osalan erakundea). Euskal Autonomia Erkidegoan 38.200 lan-istripu gertatu ziren 2022an (% 5eko igoera). Langile gazteenek istripu gehiago dituzte zaharrenek baino. Egunero, 104 lan-baja gertatzen dira. 33 lagun hil ziren lanean edo lanerako bidean.
- 11.300 pertsona baino gehiago hil ziren beroagatik Espainiar estatuan 2022ko udan beroagatik, Bartzelonako Osasun Globalerako Institutuaren ikerketaren arabera (Iturria: El Diario.es).
Horrez gain, hemen duzue GIHetako ikaskuntza helburuetan UNESCOk helburu hau nola zehazten duen: https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
Hona hemen GIH3 ikaskuntza helburuak:
Ikaskuntza-helburu kognitiboak:
1. Ikasleak badaki zer diren osasuna, higienea eta ongizatea, eta kontzeptu horiei buruzko gogoeta kritikoa egin dezake, generoak osasunean eta ongizatean duen garrantziaren ulermena ere barne hartuta.
2. Ikasleak ezagutzen ditu gaixotasun kutsakor eta kutsaezin larrienei buruzko datuak eta zifrak, bai eta gaixotasun, nahasmendu eta heriotza goiztiarrekiko zaurgarrienak diren talde eta eskualdeak ere.
3. Ikasleak ulertzen ditu osasunaren eta ongizatearen dimentsio sozial, politiko eta ekonomikoak, eta ezagutzen ditu publizitatearen eraginak nahiz osasuna eta ongizatea sustatzeko estrategiak.
4. Ikaslea jabetzen da buru-osasunaren garrantziaz. Ohartzen da xenofobiak, diskriminazioak eta larderiak buru-osasunean eta ongizate emozionalean dituzten eragin negatiboez, eta badaki alkoholak, tabakoak eta beste droga batzuek kalte egiten dietela osasunari eta ongizateari.
5. Ikasleak ezagutzen ditu fisikoki eta buruz ongi egoteko bidea eta osasuna sustatzeko prebentzio-estrategiak, barnean hartuta sexu- eta ugalketa-osasuna nahiz alerta-neurri goiztiarrak eta arriskuak murriztekoak.
Ikaskuntza-helburu sozioemozionalak:
1. Ikaslea gai da gaixo daudenekin interakzioan jarduteko eta haien egoera eta sentimenduekiko enpatia sentitzeko.
2. Ikaslea gai da osasun-gaiei buruz hitz egiteko, barnean hartuta sexu- eta ugalketa-osasuna, batez ere osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten prebentzio-estrategiak indartzeko xedez.
3. Ikaslea gai da besteak guztion osasuna eta ongizatea sustatuko dituzten erabakiak hartzera eta jarduerak egitera bultzatzeko.
4. Ikaslea gai da bizimodu osasuntsuari eta ongizateari buruzko ikuspegi holistiko bat osatzeko, eta horrekin lotutako zenbait balio, sinesmen eta jarrera azaltzeko.
5. Ikaslea gai da bere buruari, familiari eta besteei begira osasuna eta ongizatea sustatzeko konpromisoa hartzeko, aintzat hartuta osasunaren eta ongizate sozialaren esparruko lan boluntarioak eta profesionalak ere.
Jokabideen eremuko ikaskuntza-helburuak:
1. Ikaslea gai da bere egunerokoan osasuna sustatzen duten jokabideak hartzeko.
2. Ikaslea gai da berari, familiari eta besteei begira osasuna (sexu- eta ugalketa-osasuna barne) sustatzen duten estrategiak planifikatu, abiarazi, ebaluatu eta berrosatzeko.
3. Ikaslea gai da besteek laguntza noiz behar duten hautemateko eta beretzat eta besteentzat laguntza bilatzeko.
4. Ikaslea gai da osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten politikak gara eta babes ditzaten eskatzeko.
5. Ikaslea gai da sendagaiak arrazoizko prezioan eskaintzeko interes publikoaren eta industria farmazeutikoarekin lotutako interes pribatuaren artean sor daitezkeen gatazkei heltzeko moduak proposatzeko.
Garapen Iraunkorrerako Helburuak lantzeko, lehen helburutik hasiko gara. UNESCO Etxeak bideo hauxe prestatu du helburu honekin hasteko: https://youtu.be/j0N6JrEGCZk?si=z3L4sgGc8dteacrV
GIHak garatzeko, erakunde, ikastetxe eta gune bakoitzean bere azpihelburuak zehaztu behar dira. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak 20 konpromiso, 78 ekimen eta 298 jarduera antolatu ditu horretarako, dagokien finantzaketa zehaztuta, hemen azaltzen duen bezala: https://programa.irekia.euskadi.eus/eu/sustainable_dev_goals/18
Arazoa dator GIH bakoitza banandurik landuz gero, oso zenbaki handiak ikusiko baditugu ere, benetako lanketa ez dela integrala izango. Efektista da eta benetako arazoari heltzea ekiditen da.
Guk 1. GIHa lantzeko, bi material erabiliko ditugu:
- GIHetako ikaskuntza helburuetan UNESCOk helburu hau nola zehazten duen: https://unetxea.org/eu/portfolio-item/garapen-iraunkorrerako-helburuetarako-hezkuntza-ikaskuntza-helburuak/
- “Jatorri migratzailea duten ikasleen eskola segregazioa Gasteizen” izeneko txostena (pdf): https://steilas.eus/wp-content/uploads/2022/03/Segregazioa-.pdf
Pentsatzen hasteko, artikulu honen atal batzuk gehituko ditut hemen, falta diren lotura horiek egiteko (artikulu honetatik moldatua: https://7joursinfo.com/actualites/le-mali-rompt-sa-dependance-avec-la-france-en-annulant-11-accords-coloniaux-imposes-aux-pays-africains-depuis-1960/):
[MALI] Gobernuak Frantziarekiko mendetasuna apurtu du, Frantziak hainbat herrialde afrikarri 1960an inposatutako 11 akordio kolonial bertan behera utzi ostean.
Hauek dira herrialdeak: Benin, Burkina Faso, Guinea Bissau, Boli Kosta, Mali, Niger, Senegal, Togo, Kamerun, Afrika Erdiko Errepublica, Chad, Congo-Brazzaville, Ekuatore Ginea eta Gabon.
1. akordioa: zor koloniala. Herrialde independente berriek Frantziak koloniazioan zehar eraikitako azpiegiturak ordaindu behar dituzte (koste horiek, aurrekontuak, baldintzak eta abar zehaztu gabe).
2. akordioa: herrialde afrikar hauek beren finantza erreserbak Frantziako Bankuan depositatu behar dituzte.
3. akordioa: herrialdean aurkitutako lehengaiak edo baliabide naturalak lehenik Frantziari eskaini behar zaizkio, erosi eta ustia ditzan. Soilik ezezkoa emanez gero izango du herrialdeak beste era batera ustiatzeko eskubidea.
4. akordioa: kontratazio eta leihaketa publikoetan, enpresa eta interes frantsesek lehentasuna izango dute.
5. akordioa: material militarrak eta militarren formazioa Frantziaren eskubide esklusiboa da.
6. akordioa: Frantziak eskubidea du herrialdean bere tropak hedatzeko edo herrialdea militarki hartzeko, bere interesak defendatzeko.
7. akordioa: frantsesa izango da erabiliko den hizkuntza ofiziala eta hezkuntzarako hizkuntza.
8. akordioa: derrigorrezkoa izango da CFA frankoak erabiltzea.
9. akordioa: urtero Frantziako gobernuari herrialdeko finantza datu guztiak bidali behar zaizkio.
10. akordioa: uko egiten dio beste herrialde batzuekin aliantza militarrak egiteari.
11. akordioa: mundu gerra edo mundu krisi baten aurrean, derrigortuta daude Frantziarekin aliatzera.
2023-2024 ikasturtearen lehen lauhilekoan, komunikazioa, hezkuntza eta pentsamendu kritikoa garatzeko asmotan, proiektu txiki bat gauzatuko dugu: GIH karta-jokoa.
Garapen Iraunkorreko Helburuak, pentsamendu kritikoa lantzeko
Garapen Iraunkorreko Helburuek izenburu indartsua dute, erakargarria eta (ia) zalantza ezina. Izenburuaren barruan datorrena, aldiz, ez da ematen duen bezain eraldatzailea, izan ere, ez da proposatzen mundua eraldatzea, sistema ekonomikoa aldatzea edo botere-harreman handietan eragitea. Esan daiteke, gehienez ere, proposamen sozialdemokrata dela. Horren adierazle argia da gobernu neoliberalek, demokristauek edo kontserbadoreek ez dutela oztopo larriegirik Agenda 2030 helburuekin lan egiteko.
Azken batean, helburu bakoitza helburu mikroetan xehetzen da adierazle objektiboak eta deskriptoreak finkatzeko. Horrek esan nahi du erakunde bakoitzak aukera duela helburu hauek bere neurrietara ekartzeko (adibide gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumenari lotuta egindako laugarren txostena hemen irakur dezakezu).
Hori esanda, eta irakasle-hezitzaileok GIHak garatzeko gobernu-agindua dugularik, uste dut pentsamendu kritikoa lantzeko aitzakia ona izan daitezkeela, arazoen dimentsio anizkoitza aztertzeko eta iritzi hutsetik argumentazio konplexuagoetara igarotzeko.
GIH Kritikoen karta-jokoa
Honela proposatu da karta-jokoaren ikas-egoera:
IKAS-EGOERA
Irakasle eta hezitzaile guztiok bat eginik, Nazio Batuen Erakundeak 70/1 Ebazpenean proposatutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde egin behar dugu. Honela xedatzen du Oinarrizko Hezkuntzarako Curriculumak, bere lehen orrialdean:
“Curriculumari buruzko dekretu honen zehaztasuna helburu honi zor zaio: euskal hezkuntza-sisteman lortutako hezkuntza-mailak hobetzea eta XXI. mendeko erronka handiei erantzungo dieten hezkuntza-xede berriak bultzatzea. Hori guztia, bat etorriz UNESCOren 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (zehazki, 4. helburuarekin: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea»), Euskadi Basque Country 2030 Agendaren testuinguruan, eta bat etorriz etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz 2018ko maiatzaren 22an Europar Batasuneko Kontseiluak egindako gomendioarekin” (77/2023 Dekretua, 1. orr.).
Gai asko direnez, gure eskolan irakasleok erabaki dugu karta-joko bat sortzea, haurrekin helburuak modu errazagoan landu ahal izateko. Baina ez dugu nahi ikasleek besterik gabe helburuen zerrenda buruz ikastea, alderantziz, gure asmoa da ikasleek gaiaren konplexutasuna modu kritikoan ulertzea, karta-jokoaren laguntzaz.
Irakasleok taldeka elkartuko gara, helburu bakoitza patxadaz aztertzeko. Testuak irakurri eta eztabaidatu ostean, gutxienez karta bat sortuko dugu helburu bakoitzarekin. Karta arte-lan txiki bat da eta irudimena beharko dugu, trebezia plastikoez gain!
Karta-jokoa ondo eraikiz gero, 2023ko ABENDUAREN 19AN jokatuko dugu, sortutako kartak erabilita.
Nola egingo dugu?
Saioz saio, taldeka hau egingo dugu:
- Egokitutako helburuari buruz dakiguna partekatu. Gogoan izan ideia kritikoak behar ditugula.
- Bideo bat ikusi, helburua zertan den azaltzen duena.
- Irakurgai bat irakurri eta komentatu.
- Helburuaren inguruan eztabaidatu, lehen ideiak sakontzeko. Lehenik talde txikian, gero denon artean.
- Kartaren zirriborroa sortu eta birpasatu.
- Karta sortu.
Bideoetan, besteak beste, UNESCO Etxeak argitaratutakoak erabiliko ditugu, helburuari buruz pittin bat jakiteko: https://youtube.com/playlist?list=PLVpRlgPG0eJmXSEnHuS2J92WVIzBNdxDV
Irakurgaietan, komunikabide alternatibo eta libreetan jasotako artikulu egokituak izango ditugu oinarri, blog honetan bertan argitaratzen joango naizena. Horrela, edonoren esku egongo dira.
Osagarri gisa, nire hainbat sailkidek sortutako irakur-gida hauek erabiliko ditugu:
- Aperribay-Bermejo, M., Encinas, M. C., Esparza, I., Fernández de Gamboa, K., Ibarluzea, M. eta Perales, A. (2022). Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (7-18 helburuak). http://hdl.handle.net/10810/59608
Aperribay-Bermejo, M., Encinas, M. C., Esparza, I., Fernández de Gamboa, K., Ibarluzea, M. eta Perales, A. (2021). Garapen Iraunkorrerako Literaturaren Gida (1-6 helburuak). http://hdl.handle.net/10810/54613
Pentsamendu kritikoa garatzeko, ekintza kognitibo-komunikatibo hauek landuko ditugu: deskribatu, definitu, laburtu, azaldu, justifikatu, argumentatu, frogatu.
Aurreko asteartean, 2023ko uztailaren 18an, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek UPV/EHUko Gobernu Taldeak ordezko irakasleen kontrataziorako ezarri dituen baldintzak salatzeko prentsaurreko bat eman dute.
Hona hemen lankideon artean zabaldu duten testua:
EHUn lan baldintza duinen alde: prekarizazio eta murrizketa gehiagorik ez!
LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileon lan baldintzak okertzeko arriskuan aurkitzen gara, ordezkapen politika jada murriztua are gehiago oker baitaiteke oraindik Ordezko irakasle irudi berriarekin.
UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten!
Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.
Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren.
Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:
- lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
- ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
- irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).
Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.
Honen aurrean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:
1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
4. Eusko Jaurlaritzari modu esanguratsuan gehitzea EHUri bideratutako finantziazioa lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko eta UPV/EHUko zuzendaritzari finantzazio gehigarri horren beharra adieraztea eta publikoki lan egitea haren alde.
Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….) LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, adierazten dugu gure asmoa mobilizazio dinamikak abiatu eta, negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik ezean, Greba deialdia ere egiteko irailetik aurrera, ikasturte berriaren hasierarekin batera.
|
|