UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko zenbait irakasle maiz saiatu egiten dira martxan dauden enpresetara bisitak antolatzen ikaslegoak nolabaiteko ikaskuntza izango duelakoan eta enpresa munduarekiko bere ezagutza eta gaitasunak areagotu egingo direlakoan. Bisitak, egin, egiten dira, eta esperientzia ongi baloratua izaten da, bai ikasleen zein enpresen aldetik, baina jarduera hau eta bere emaitzak sakonki aztertzeke egon dira oraintsu arte.
Goizalde Hernandok, UPV/EHUko irakasleak, Jose Juan Beristain, Enpresari Aplikaturiko Ekonomia Institutuko kidearen zuzendaritzapean aurkeztu berri du bere tesi lana enpresetara antolatutako txangoak sakonki arakatuz. Ikerlanak ekarpen adierazgarria egin dio martxan dauden enpresak bisitatzeari dagokion literaturari. Horrez gain, “Martxan dauden enpresak bisitatzeari dagokion esperientzia” neurtzeko eskala espezifiko bat garatu eta proposatu du eta eskala horren baliagarritasuna eta fidagarritasuna frogatu dira. Horrez gain, ebidentzia enpirikoa eskaini da martxan dauden enpresak bisitatzeak eragiten dituen efektuez.
Martxan dauden enpresen bisitarekin ikasleak ezagutzak eskuratu eta gaitasunak garatu ditzake, “eginez edo ikusiz ikasiz”, ikasgelatik kanpo, ezohiko ingurune batean, ikasteko testuinguru “informal” batean, non lana “erreala” den; enpresaren baitan, teoria eta praktika konbinatzen dira eta abstraktua dena konkretu bihurtzen da; ikasketa kooperatiboa sustatzen da eta irakaste-ikaste sistema tradizionaletik harago doazen esperientziez eta pizgarriz goza liteke.
Bestalde, martxan dauden enpresak bisitatzea enpresek eskura duten tresna da, beren produktuak eta zerbitzuak —eta, are, beren burua— bereizteko baliatu dezaketena, baita marketin pertsonalizatuagoa eta zuzenekoagoa eskaintzeko ere; edota harreman marketina garatzeko, “one-to-one” gisakoa, beti ere bezeroek/bisitariek/apopiloek sentitu dezaten ohiz kanpoko esperientzia esklusibo, berdingabe eta gogoangarri bat eskaintzen ari zaiela.
Goizalde Hernandok burututako ikerketak FESIDE eta Gerriko Ikerlan bekak jaso ditu. Honez gain, ikasleak bisitan izan dituzten zenbait enpresaren laguntza jaso du; besteak beste: Iberdrola renovables, Esnelat, Aemet, Alcoa, Alstom, Ampo, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa, Bizkaia Energia, Bridgestone, CAF, Cegasa, Ekin, Guardian, P4Q, Tecnalia, Alfa, Aernova, Orcli, Kondia, Idom, Irizar, Talgo, Vicinay, Vicrila, Petronor, ITP, Bilbao Port, Añanako Gatz Harana Fundazioa.
Deje una respuesta