Xabier Ezeizabarrena, EHU-ko Ingurumen Zuzenbideko irakaslea: bcpecsaj@ehu.eus
Burgoseko Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren berriro irekitze posibleak berriz ere agerian jartzen du Espainiak ez duela politika energetikorik eta gutxieneko zorroztasun juridiko nahiz teknikorik gabeko erabaki politiko batek aurretik ezin suma daitezkeen ondorioak ekar ditzakeela. Deliberamenduak eta eztabaidak –krisi ekonomiko, iraunkortasun, eredu energetiko eta natura baliabideen ezinbesteko babesari buruzkoak-, beste behin erakusten dizkigute gure garapen-ereduari darizkion muga handiak. Horiek horrela, oraingoz, Garoñako gaiaren gainean, Estatuko Gobernuak zein Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ez dute argudio tekniko edo juridikorik argudiatu. Arrazoibiderik ezaren harian, Kontseiluak arbitrariotasun zorrotza duen txosten bat soilik egin du.
Gai nuklearrak eta bere inguruko benetako eztabaida baten faltak erakusten digute zein garrantzi txikia ematen zaien ingurumeneko interakzioen inguruko muga politikoei. Izan ere, ingurugiroak gure lurralde-mugak gainezkatzen ditu, eta gogorarazten digu eraginkortasunik eza handia dutela gure hainbat formulak (atmosferan, lurrean, uretan nahiz itsasoetan kalteak saihestekoak).
Kontua gehiago zailtzen da arestiko inguruneetan. Horietan, elementuen aurka borrokatzeko dugun aukera txikiak argi eta garbi erakusten du zein ahalmen txikia dugun naturaren aurka gudukatzeko; nahiz eta, mendeetan zehar, borroka horretan tematuta gauden.
Arazoa ez da berria, eta, gaur egun arte, ez du konponbidearen itxurarik. Irtenbidearen bilaketan, gainera, krisi globalak eta energia-eskaera gero eta handiagoak ez dute laguntzen, oztopatzen baizik. Garoñaren kasuan, egintza politiko opakuen ondorioak jasaten jarraitzen dugu. Eta Estatua ez da gai Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren behin-behineko erabaki bati erantzuteko edo gardentasun-mekanismo nahiz kontrol-mekanikeria bat erabiltzeko.
Opakua eta gardentasun tekniko eta politikorik gabekoa den eredua zuritzeko, behar energetiko eta ekonomikoek aipatzen dira, betiere ahaztuz arazo nuklearrak oraindik ere hondakin nuklearrak biltegiratu baino ez dituela egiten eta ez duela horien ezinbesteko kudeaketarako erantzun teknologikorik ematen. Ahazte horrekin batera, gudu politiko handi batek irauten du, ingurumen-informaziorako sarbide publikoaren eskubidearen betetze-mailak erabakitzea helburu duenak. Batzuek, beren subiranotasunaren muga oparoei esker, gerra horretatik libratu nahi dute, beren politika energetikoetan esku-sartzeak dakartzan printzipioak saihesteko. Jakina denez, etxeko eta nazioarteko mailan, adibidez, gasen isurketarako eskubideen merkataritzako zuzenbide- eta burtsa-erregimen benetakoa gauzatu da. Merkatu hau bik arbitratzen dute: estatuek eta enpresek. Bi horiek beren kuotak agortu dituzte eta isurketen gainean mugimendu- eta merkatu-aukera pixka bat dute.
Aldi berean, garapenerako bidean dauden herri eta eskualdeek urteak daramatzate gasek beren biodibertsitatean, lehen mailako jardueretan eta ekonomian duten eragina jasaten. Gainera, herrialde eta eskualde horiek oinarrizko sektoreen –nekazaritza eta arrantzaren, batez ere- mendekoak dira. Beren etorkizunak mendeak daramatza gizarte askoren etorkizuna hipotekatzera jotzen duen eredu baten eraginari lotuta. Eredu horren arestiko adibideak ditugu Japoniako Fukushimako zentral nuklearraren aldameneko itsasoak, non eta, azken urteotan, gertatutakoa ikusita, arrantza lugorri utzia den. Lugorriaren aurrean, Garoñako zentzugabekeriak frogatzen du gure inguruan energia-politika koiunturalek –sektore energetiakoaren inguruko planifikazio estrategiko txikiena ere ez dutenek- irauten dutela.
Ezbai nuklearraren eragin globala distantzian soilik suma daiteke, eta bertako politika konprometitu nahiz teknologian egiaztatuekin minimiza daiteke. Erronka bat da, bi ekintza eskatzen dituena: batetik, bertako egintzak; eta, bestetik, ekintza globalak (energia garbirako sarbidean, solidaritatean, benetako iraunkortasunean, teknologiarako inbertsioan, berrikuntzan eta ikerketan oinarritutakoak). Bi egite horien bitartez, etorkizunari aurre egingo zaio, orainari berari uko egin gabe, segurtasun- eta zuzentasun-baldintzatan, hornidura energetikoa bermatuz.
Testuinguru honetan, bai Nazio Batuek, bai Europar Batasunak, gai nuklearrari buruzko beren jarrera zehaztugabeak berriz planteatzea pentsatu beharko lukete. Izan ere, beharrezkoa da bi erakundeok beren buruaz jabetzea eta energia-aukera eraginkorrak bilatzeko tresna politiko aktibo bihurtzea.
Egia esan, ingurumena eta bere baitako baliabideak babesteko, zuzenbidea ez da nahikoa. Ondorioz, konpromisoak bertakoa izatetik globala izatera pasatu behar du, arazoak errotik konpontzeko eta, erabaki globalak hartu baino lehen, emaitzak kontuan izateko.
Zentral nuklear bat berriro irekitzeak ez luke politika-erabaki arbitrarioa, behar bezalako teknika-zehaztasunik gabekoa, izan behar; bestela, energia-eredu baten eta planifikazio baten gabeziak Garoñako bezalako egoerei erantzun tekniko eta juridiko bakar bat ere ez emateko arriskua sor dezake. Faltak, halaber, energia-eredu ez-iraunkorra eta arbitrarioa betiko dezake.
Leave a Reply