Xabier Ezeizabarrena. Email: bcpecsaj@ehu.es
Europako politika-egitura konplexuan, non gehiegi erabili diren alderdikeriaz ordenamendu juridikoak, oinarrizkoa da nazioarteko sistemaren zeregina. Izan ere, nazioarteko sistemak berak mugak jartzen dizkio subiranotasunaren kontzeptu klasikoari. Eta, hain zuzen ere, giza-eskubideak dira mugarik garrantzitsuena.
Horregatik, subiranotasunaren egungo kontzeptua aldentzen hasi da gobernuen erabateko boteretik; eta, aldi berean, hurbiltzen hasi da subiranotasun mugatuko ereduetara eta,adibidez, Europar Batasunean (EB) indarreko eredura.
Hala ere, oraindik badaude lehengo ideiei eusten dieten estatuak eta beraiek aurre egiten diete aipatutako nazioarteko parametroei. Eta horren adibide garbiena dira estatu batuak, izan ere, bere subiranotasuna handitzeko politika egiten dute.
Gainera, bai mendebaldeko estatuen globalizazioak, bai merkatuko ekonomia libreak muga asko jarri dizkiete gizarte ahulenei eta, batez ere, beren gobernuei eta politikei. Eta, ondorioz, subiranotasunetik gero eta gehiago aldentzen dira eta espainia da adibide garbia ekonomiari dagokionez. Baina, oraindik ez dakigu, estatu garatuak iritzi berekoak diren eta asmoa al duten beren ongizatea eta ekoizpen-gaitasuna arriskuan jartzeko, elkartasun aktiboaren truke.
Eta hori da, elkartasun aktiboa, gizarte ahulenek behar dutena, zeren eta, ez dauzkate globalizazioaren ustezko onurak, ez beraien subiranotasuna. Dena den, alde handia dago teoria politiko nahiz juridikoaren eta errealitatearen artean, eta baita subiranotasuna bere horretan mantendu nahi duten estatuetan ere, esaterako, Estatu Batuetan.
Horiek horrela, nahiz eta barruko eta nazioarteko sistema dagoen, ezin du ia konpromiso bakar bat ere bete. Eta beste hainbeste gertatzen da kasu askotan eta, esaterako, giza-eskubideen izenean –nazioarteak aintzatetsitakoak- estatuen subiranotasuna errotik mugatzen dute. Eta horrelako kasu asko daude: Guantanamo, Irak-en inbasioa, krisi humanitarioak, Afrikaren espoliazio eta abandonatzea, baliagai naturalen xahutzea eta hainbat lekutan salatutako polizia-egintzak.
Baldin eta Europar Batasunak esportatu nahi baditu demokrazia eta gobernatze onaren balioak eta, betiere, giza-eskubideak eta justizia soziala errespetatuz nahitaezkoa da estatuek bere gain hartzea subiranotasunaren mugak. Baina Konstituzioek defendatzen duten herriaren subiranotasuna, ez da benetan horrelakoa nazioartean: testuinguru honetan, bai subiranotasun mugatuaren alde egiten duten estatuek (Europar Batasunak), bai erabateko subiranotasunaren alde egiten duten estatuek (Estatu Batuak), jarraitzen dute izaten sistemako ia subjektu bakarrak eta beraiek dute subiranotasuna, baina subiranotasuna pertsonei dagokigu.
Erronka da pertsonei dagokigun subiranotasuna erabiltzea edo estatuek erabiltzea gure eskubideen mesedetan. Eta hori da subiranotasun mugatuaren oinarria, lehengo botere absolututik urrun dagoen subiranotasun mugatua. Ekonomia-ongizatea nabaria zenean, litekeena da xehetasun honetaz konturatu ez izana.
Izan ere, herritarrok askatasun-zatiak erosten genituen legezko monetaz baliatuta. Baina, aitzitik, goseak eta pobreziak gogor jotzen duten lekuetan nabaria da estatuen subiranotasun mugagabea gehiegi erabili dela eta, ondorioz, gizakiaren duintasuna espoliatu dela. Zeren eta, zoritxarrez, edozein subiranotasunen mugak urratu dira: giza-eskubideak urratu dira.
Beraz, estatuek erabiltzen duten subiranotasunaren kontzeptua eta erabilera aldatu behar da eta, dagoeneko, aldatzen ari da. Eta, horregatik, estatu askok ohiko susmo txarra hartu diete aldaketei, izan ere, bakarrik beraien nazioarteko parte-hartze eredua nahi dute. Baina, subiranotasun-kontzeptu klasikoa aldatu behar da, pertsonen eskubideak bermatuko dituzten konponbide bizkorrak lortzeko. Eta bide horretan betiko kontzeptuak daude: subiranotasuna, nazionalismoak, gizabanakoaren eta taldearen eskubideak, printzipio demokratikoak, identitate nazionalak, garapen iraunkorra…
Nire ustez, bi aukera argi ditugu: lehena da, nazioarteko sistema bat eta estatu-eredu bat: bertan, bakarrik botere publikoek erabiliko dute subiranotasuna eta, beti, beraiek bere modura erabiliko dute. Eta, bigarrena da, egun, Europar Batasunak erabiltzen duen ereduaren antzekoa, baina eredua hobetuta dago: bertan, pertsonek eta botere publikoek subiranotasuna partekatuko dute eta, beti, gure bizitza duin egiteko eta giza-eskubideak errespetatzeko balioak eta helburuak babestuko dituzte.
Zeregin hau ezingo dute saihestu ez herritarrek, ez estaturik gabeko nazioen gobernuek. Izan ere, saihestuko balute, aukera ezinhobea galduko litzateke, subiranotasunaren kontzeptuaren interpretazio malgua egiteko.
Subiranotasuna gure barruan dago eta, beraz, gizabanakoari eta taldeari dagokio demokrazian subiranotasuna erabiltzea, nahiz eta estatua aurka egon. Gizabanakoa da jabe bakarra eta legezkoa eta estatuak nahiz gainerako erabakitzeko maila politikoak pertsonei zerbitzua emateko tresnak dituzten entitateak dira. Eta ikuskera hau ez da berria pentsaera juridiko eta politikoan, baizik eta, lehen, J. J. Rousseau eta J. Locke-k azaldutako ikuskera berbera da.
Zeregina gizarteari dagokio eta, horrela, gobernu-maila bakoitzak gizabanakoaren eta taldearen eskubideak babestu eta ordezkatuko ditu. Izan ere, horiek dira herritarren eskaerak eta legitimitate demokratikoaz baliatuta egiten dituzte, baita nazioartean ere, estatu-nazioak ohi den bezala monopolizatutako nazioartean.
Leave a Reply