MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikerketa taldearen uneko ikerketa-proiektuaren xede nagusietako bat da Picassoren Guernica koadroaren eguneratzeak eta fenomeno transmedialak aztertzea eta horiei buruzko zabalkundea egitea. Izan ere, koadroa memoria sedimentatua dela esan dezakegu, euskal artean ez ezik herritarren identitatean ere geruza bat sortu duena. Bada, geruza horiek azalerazi eta horien nondik norakoak aztertzeko, MHLI taldeak jardunaldi hau antolatzen du UEUrekin batera.
Lehenbiziko hitzaldian Gernika sinbolo gisa aurkeztuko da ikuspegi antropologikotik eta, bigarren saioan, berriz, Gernika koadroari buruzko xehetasunak gogoraraziko ditu arte aditu batek. Horrek bide emango digu euskal artisten errepresentazioen gakoak hobeto ulertzeko, izan ere, mahainguruetan euskal artisten sorkuntza-prozesuetan Gernikak izandako eraginaz gogoeta egitea izango da helburu nagusia. Batetik, arte-diziplina ezberdinetako sortzaileak ipiniko ditugu elkarrekin solasean aurrez prestatutako gidoi batetik abiatuta eta, bigarrenik, Gernikaren eragina duten bideo biren inguruko hausnarketa egingo da, bideoforum formatuan ikastaroko parte-hartzaileak ere solasera gonbidatuta
Izen-ematea egiteko eta informazio gehiago jasotzeko: https://www.ueu.eus/jarduera-akademikoa/1954-gernikak-arte-bidezko-gorpuzteak-eta-islak
Erantzuna idatzi