Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MUNIBE, XABIER MARIA – “PEÑAFLORIDAKO KONDEA”

(1729-1785)
Miren Billelabeitia

Euskal Herriko kultura eta pentsamenduaren historian, XVIII. mendea, bigarren aldia zehazki, ekimen eta argitasunik handien izan duenetarikoa dela dio J. M. Lasagabasterrek (1996, 236). Euskal Herriko Ilustrazio garaia, Peñafloridako kondea buru, eta berak sortutako Erret Mintegia, delako agian gure herriaren historian intelektualak edo beraien arteko talde handi batek modernitatean sarrera konprometitu eta irmoak eskatzen dituen aldaketa, ekimen eta ikuspegiez argi ohartzen diren unea. 1765. urtean Sociedad Bascongada de Amigos del País “Zientzia, Letra Ederrak eta Arteetarako joera lantzeko (…): ohiturak zuzendu eta garbitu, alferkeria, jakineza eta bere ondorio latzak uxatu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, hiru Euskal probintzien arteko batasuna, estutzeko” (Elkarteko estatutuen lehen artikulua, 1765) sortu zuen Xabier Maria Isidro Munibek Azkoitian ikusi zuen lehen argia 1729ko urriaren 23an.

Lehen ikasketak herrian egin zituen arren, hamalau urteko zela Toulouseko Jesusen Lagundiko ikastetxe ospetsura eraman zuten. Hango egotaldiak Frantzia bezalako herrialdeetan gertatzen ari ziren gizarte eta zientzia aurrerapenen lekuko izateko aukera eman zion. Ikerketak zein gogoetak arrazoiaren argitan egiten ziren garaian, izadiari loturiko zientziek hartu zuten lehentasuna Ilustrazioko jakitunentzat. Munibek argi ikusi zuen hori zela zibilizazioko eta kulturako aurrerakuntzak gizarte itxi eta aldagaitzean sartzeko bidea. Izadia hobetu eta aldatzeko jakin-mina teknika eta zientziako arlo guztietara zabaldu zuen –fisika, kimika, nekazaritza, medikuntza…– denetan ikusi baitzuen naturarekiko harremanen hobekuntzarako bidea eta gizarteko zein kulturako ohituren aurrerapenerako atea.

Baina aitaren heriotzak Azkoitira itzularazi zuen. Maria Josefa Areizagarekin ezkondu 1749an eta hiru seme izan zituen hiru urtetan. Politikan parte hartzen hasi zen; Azkoitiko alkate legez lehenengo, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi gero. Zereginok ordea, ez zuten zientzia eta kulturarako interesa itzali, aitzitik, elkarrizketarako batzarra eratu Insaustiko jauregian, eta antolakuntza zehatzari jarraituz asteko egun bakoitzean matematika, fisika, historia, akademikoen itzulpenak, musika, geografia eta garaiko albisteak jorratzeko Azkoitiko Zalduntxoak izenaz ezagutu den pentsalari taldea sortu zuen.

Batzar eta elkarrizketa eraginkor hauek bultzatu zuten asmo garrantzitsuagoetara, kulturan eta gizarte mailak oihartzun handiagoa izango zuten helburuetara. Horiek horrela 1763ko uztailan aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan Plan de una Sociedad Económica o Academia de Agricultura, Ciencias y Artes útiles y Comercio, adaptado a las circunstancias y economía particular de la M. N.y M. L. Provincia de Guipuzcoa delakoa. 1764an eman zioten baiezkoa hilabete batzuen ondoren Sociedad Bascongada de Amigos del País legez eratu zen hasierako Plan-ari eta Carlos IIIak 1765ko apirilean eman zion baimen osoa apirilak 8ko aginduaren bidez. Elkartearen helburu eta xedeak Bergarako Nobleen Erret Mintegiaren antolakuntza eta zuzendaritza bidez osatuko dira gero. Honek, bai Muniberentzat, bai euskal ilustratuentzat gazteen hezkuntzak zientzia eta pentsamendu berriaren korronteetan duen garrantzia erakutsiz batera, Ilustrazioak zuen izpiritu elitista eta aristokratikoa agertzen du. Ez da, beraz, herri mugimendua bere arduraren azken hartzailea herri xehea izanik ere, kondearen El borracho burlado antzerki lanak erakusten duen bezala.

Elkartea Espainiako beste zenbait tokitan eratutako antzeko elkarteen eredu izanik, bere garaiko kultura eta zientziaren egoera aztertzean eta erantzun eraginkorra bilatzean Peñafloridako kondeak erakutsi zuen argitasuna eta zorroztasuna erakusten du. Benetako aitzindaria izan zen. Munduaren aurrean, joera ilustratuaren eredu dugu Munibe, zientzia gaiek Elkartearen ekintza eta arduren lehentasuna izanik ere, letrak eta arteak izan baitziren konpromiso eta interesaren helburu zuzen. Elkartearen zereginak banatzeko antolatu ziren komisioetan lehendabizikoa Nekazaritza eta Ekonomia izan zen, baziren Zientzia eta Arte erabilgarriak, Industria eta Merkataritza, eta Historia, Politika eta Letra Ederrez arduratuko dena.

Literatura eta Humanismo jardunean ere izan zen Munibe arduradun, sustatzaile eta partaide, bere aholkurik gabe ez ziren agian Samaniegoren alegiak idatziko ez eta bere garaiko lan garrantzitsu asko argitaratuko. Sustapen lan honen bitartez harreman zabalak izan ziren entziklopedistekin; ezagunak dira Altuna, Rousseau eta Voltaireren arteko gutunak. Euskal Herrian gutxieneko sozializazioaz garatzen den literatura bizitzaren instituzionalizatze bakarra, Adiskideen Elkartearen bidez egiten dena da hain zuzen ere, eta honetan erabakiorra da X. Muniberen egitekoa. Egia da hartutako ikuspuntu nagusia ez dela euskal literaturarena baizik eta garatuagoak diren europar literaturak, espainiarra eta frantziarra batez ere, baita Ingalaterrakoa eta italiarra ere. Bere garaiko seme dugu Munibe, Argien Mendeko seme, ez bakarrik ikerketa zientifikoaren aldetik baizik eta arte eta literaturaren aldetik. Kondearen iritziz “gustu ona” oinarritzat zuen mendea zen hura, eta “gustu on” hori zerbait erreal eta objektibotzat ulertzen zen heinean ezein arte eta literatura sorkuntzan irizpide nagusi zen. Irizpide honetan sinesgarritasuna da nagusi, beti hurrengo balioetan oinarritua: jakin mina, arlo ugari ideia orokor baten inguruan biltzea, lilura, ordena, aniztasuna, egokitasuna eta, Izadiaren imitazioa honen gaizki-erratu eta gehiegikeriak estaliz eta zertzelada hutsean utzi duena argituz eta osatuz.

Xabier Munibek eta Adiskideen Elkarteak bat etortze ezin hobea erakusten dute Europako XVIII. mendeko pentsamolde ilustratuak literatura eta arte jardueran ezartzen dituen joera eta estetika gustuarekin. J. M. Lasagabasterrek (1996, 250) dioenez bi dira Muniberen nortasun literarioan azpimarratu behar liratekeen aldeak: arauemailearena, literatura teorikoarena, eta geure ustez garrantzia handiagoa duen idazle jarduera, antzerkigile legez zehazki.

Bi dira lehen ildoari jarraiki arreta erakartzen duten testuak: “Los Aldeanos críticos”, Azkoitiako Zalduntxoak mintegiko F. Altuna eta J. M. Egia kideekin batera idatzia, eta Gasteizko Adiskideen Erret Elkarteak 1766an eginiko bilkuran emandako hitzaldia: “Del buen gusto en la literatura”. “Los Aldeanos…” testuan lehen atalak baino ez ditu literatura gaiak jorratzen, bertan kondearen zaletasunez gain bere jakituria ere agerian jartzen delarik, autoritate argudio erakusle legez idazle klasiko greko eta latindarrekin batera espainiar zein frantziarrak ere ageri baitira, Muniberen iritzi literarioen erreferentziarik zuzen eta nagusiena Luzan, Poetikaren egilea bada ere.

Garrantzi handiagoa du agian literatura gustu onari buruzko hitzaldiak, bertan Peñaflorida garaiko literatura ideien jarraitzaile zintzo ageri baita: klasikoek, Horacio batez ere, eta garaiko arauemaileek, Boileau eta Luzán, arrazoituriko “gustu ona” ideia nagusia oinarritzat duen poetika arauemailea.

Sorkuntza arloan Munibek oparitu zizkigun lan txiki biek bere biziko garrantzia dute, bere bidez ageri zaiguna ez baita teoria hutsa baizik eta ideien mailan jarraibide zituen asmoak, sorkuntzara ekarririko indarra. Gabon Sariak (Azkoitia, 1762) Euskal herri osora zabaldu den gabon-kanten tradizioan sartzen da, eta El borracho burlado (Bergara, 1764) bestalde, euskaraz eta erdaraz osaturiko opera itxurako antzerki-lana dugu. Antzerki neoklasikoaren adibide argitzat jo izan da lana, hiru unitateen araua (denbora, espazioa eta ekintza) gordetzen baitu, eta aitonen semeak herri xehearen hezitzaile bilakatu behar direla erakusten. J. Juaristiren ustez (1978, 63), bai argumentuak, bai izenburuak, Tirso de Molinaren Los tres maridos burlados idazlana gogoratzen badute ere, Muniberen lanean, arestian aipaturiko Ilustrazioko asmo hezitzaileak du lehentasuna.

Zuberoako pastorala alde batera utzita, hauxe da P.I. Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna-rekin batera euskal antzerkiaren lehenengotariko testigantza, eta ziur asko euskara eskenatoki batera igo zuen lehen antzerki lana. G. Arestik lotura bat ikusten du lan bion artean, Barrutiaren barregarria eta Gabon Sariak-en hitzaurrean (Teatro zaarra, 51) aipatzen den “Martin beltz” “pertsona bakar bat” (1965, 12) izan daitezkeela esatean. J. Juaristik (1986, 50) eta J. Kortazarrek (1983, 146) ere ikusten dute loturarik, bietan agertzen baita senar mozkortua eta emaztearen arteko errierta eta emazteak senarra zentzatzeko asmoa. Ezin jakin, testigantza zehatzik ez baitago, zein neurritan ezagutu zuen kondeak Arrasateko eskribauaren lana, baina ezusteak ezuste, gaiak ilustrazio garaian izan zuen arrakasta eta erabilera ugaria kontutan izanik, bazitekeen Munibek Barrutiaren lanaren berri izatea.

Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkartea sortu zuen kultura gizonak ordea, bere zalantza eta gorabeherak izan zituen antzerki lanaren hizkuntza hautatzerakoan. Idazlanaren azalean zehazten denez, El borracho burlado. Opera comica en castellano y bascuence. Escrita y puesta en musica por un caballero guipuzcoano, euskaraz eta erdaraz eginiko opera barregarria dugu, J. Juaristiren (1987, 63) ustetan hala ere, euskarazko atalak kantatzekoak soilik izateak, diglosiko bilakatzen du antzerkia elebidun baino gehiago. Litekeena da. Idazleak berak ematen du ordea, hizkuntza erabileraren arrazoia antzerkiaren hasierako oharrean, lehen asmoa dena euskaraz egitea zela zehaztuz, baina erabili behar zen euskalkiaren zailtasunagatik abestekoa baino ez zuela horrela utzi. Are gehiago, Azkoitiko hizkeraz baliatuta, beste herrietan ez omen zuten erabakia ontzat hartuko “Goi-erri”-ko euskalkiaren aurka zegoen arduragatik, eta besteren bat aukeratuta antzezlariak barregarri agertuko ziratekeela azpimarratzen du ezinezko izango zitzaielako hura imitatzea. Idazlearen aitormena ikusita, ez dirudi bere asmoa euskara herri xehearen mailara, mugatzea zenik.

Bestalde, antzerki neoklasikoaren arauetatik aldendu gabe osatu zuen lana, denbora, espazioa eta ekintza unitateak gordez. Garaiko ohitura jarraiki ez zuen mitologiarik aukeratu gaitzat, baizik eta ilustratuen bideari ekinez eta urte bi beranduago sortu zuen elkartearen estatutuetan ageri denez, “ohiturak zuzendu eta garbitu, alferkeria, jakineza eta bere ondorio latzak uxatu” asmotan eta aitonen semeak herri xehearen hezitzaile bilakatu behar direla erakusteko. Ilustratu zintzo legez aisialdian ere irakats eta ikas daitekeela uste du, horregatik darabil antzerkia bere ardurapekoak hezteko.

Sortutako lana planifikazio zehatzaren ondorio da. Itxuraz gai eta egoera arruntak aukeratu zituen, lanaren emaitzarako antzezlariak eta euren egoera soziokulturala erabakiorrak zirelako bere ustez. Gaiaren aukeraketaz gain, asmo hezitzailea (Carnero, 1983, 19) beste bi premisen gainean oinarritzen da: ikuslearen psikologiaren ideia primitibo bat, eta Antzinako Erregimenaren ideologia hedatu eta mitifikatu nahia. Zurruntasunez mailakatutako gizartea erakusten da eta zentzatzeko asmoz asmatutako iruzurra benetako zigor bilakatuko da, pertsonai eta pertsona bakoitzak bere lekua duelako gizartean.

Mezua ikusleengana helarazteko asmoa duen lan honetan ukitu ohitura zaleak eta ilustratuen asmoz herri jakituria eta herriarekiko lotura adierazten duen esaerarik ez da falta. Planifikazio gogoak ere azken aukeraketa dakar estilo mailan. Lana bertsoz idatzia dago, eta idazlearen esanetan molde errazean: “he puesto mi cuidado en que sea un romance llano”(85) mezuak ez dezan oztoporik izan. Baina erraztasunaren ondoan, bada aberastasunik musika arloan. Ugaritasuna nabaria da, erritmo eta doinu molde desberdinak aukeratzean agerian da idazlearen musikarako zaletasuna eta gustu fina zein herritarren heziketarako hartzen duen goi asmorako jarrera argia.

BIBLIOGRAFIA

ARESTI, Gabriel (1965): “Itzaurre moduz” in Teatro zaarra. Auspoa. Donostia.

BILLELABEITIA, Miren (2003): Euskal Herriko Literatura. Ibaizabal. Zornotza.

CARNERO, Guillermo (1983): La cara oscura del siglo de las luces. Juan March/Cátedra. Madrid.

JUARISTI, Jon (1986): “El borracho burlado: Transizioko komedia bat.”. Euskera. 31. 47-53.

KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia

KORTAZAR, Jon et alii (1983): Pedro Ignacio de Barrutia: Gabonetako Ikuskizuna. Argitalpen kritikoa, itzulpena eta zenbait ikerlan. Arabako Foru Aldundia. Argitalpen Saila. Gasteiz. 129-166.

LASAGABASTER, Jesus María (1996): “El conde de Peñaflorida, ¿un soñador para un pueblo?”. Los escritores, hitos de la literatura clásica euskérica. Besaide bilduma. Fundación Sancho el Sabio. Gasteiz.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ORPUSTAN, Jean-Baptiste (1996): Précis d´histoire litteraire basque 1545-1950. Editions Izpegi. Baigorri

URKIZU, Patri (1984): Euskal antzertia. Euskal Antzerti Zerbitzua. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus