Catedra UNESCO sobre Desarrollo Sostenible y Educación Ambiental de la UPV/EHU

⬇️Aquí podrás encontrar las noticias más recientes sobre nuestras acciones y colaboraciones⬇️

“IRTENBIDEAK NATURAN DAUDE»

Maiatzaren 22a: Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna

Hurrengo maiatzaren 22an ospatuko da Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmenaren (CDB) baitan antolatzen den Nazioarteko Eguna (IBD), “Irtenbideak naturan daude” lelopean. Naturarekin bat egiteko asmoz, aurten etorkizun itxaropentsu eta iraunkortasunaren alde aritzea azpimarratzen da . Ziurtasunik eza erabat zabaldurik dagoen garaiotan, gogoan hartu behar dugu gizakiok ekosistema garbi eta osasungarriak behar ditugula, bizitzarako elementu guzti-guztiak eskaintzen baitizkigute (ura, elikagaiak, botikak, arropak…).

Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrak 15 urte baino gehiago daramatza horretantxe lanean, gizarte eta ekosistema erresiliente eta jasangarriak eraikitzea helburu. Eta ildo horretan, hain zuzen, Euskadin 2008an ekin genion Ekosistemen Zerbitzuak deritzon ekimenari, “Natura, ongizatearen oinarria” leloa oinarri eta ardatz harturik, eta hori dela eta, sekula lehenago ez bezala egiten dugu bat CDBren baitan aurten antolatu den Nazioarteko Egunarekin: gizakiok ezin dugu bizirik iraun naturarik gabe, haren parte baikara. Horregatik, natura babestea, biziari berari eustea ez ezik, giza garapenari bide ematea ere bada: bizia bera bermatzea, alegia.

Gaur egungo bioaniztasun galera tasak mundu osoan bizitza bera jartzen du arriskuan, batetik, eta desberdintasun itzelak eragiten ditu, bestetik. Beraz, bioaniztasuna babestea ezinbestekoa da, etorkizunean pandemiarik gerta ez dadin laguntzeko. Argi dago, eta gero eta ebidentzia zientifiko gehiago daude horren alde, bioaniztasunari eusteak gaixotasun infekziosoei aurre egiten laguntzen du. Gainera, ikerketa zientifiko ugariren arabera, naturak eragin itzela dauka pertsonon osasunean. Adibidez, hirietan berdeguneak egoteak osasun mentalean onurak dakartza,  batez ere, adineko pertsonengan, eta  gazte hiltzeko arriskua gutxitzen ere laguntzen omen du. Hirigintza-prozesu azkarrek habitat-galera handiak ekartzen dituzte, eta horren ondorioz, espezie asko desagertzea eragiten du. Hortaz, gure herri-hiri eremuen kudeaketak sekulako garrantzia dauka etorkizun erresilienteagoa eraikitzeko eta 2030. urterako Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko. Hirigintza-planetan azpiegitura berdeen eta irtenbide naturaletan oinarrituriko estrategiak aintzat hartzeak, beraz, lehentasuna izan beharko luke denontzat, horrek dibertsitate biologikoari eusten eta pertsonon ongizatea bermatzen lagunduko digu eta.

Catedra UNESCO de Desarrollo Sostenible y Educación Ambiental