EUSKO JAURLARITZAK ETA EHU-K HITZARMEN BAT SINATU DUTE EUSKADIKO NATURA-ONDAREA HOBETZEKO ETA ZABALTZEKO
- Arriola sailburuak eta Nekane Balluerka errektoreak 2020ra arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute
- EHUko UNESCO katedrak Euskadiko Milurtekoko Ekosistemak ebaluatuko ditu, arreta berezia jarriz Natura 2000 Sareko eta Urdaibaiko Erreserbako eremuetan
Ingurumen Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten astelehenean, uztailaren 23an, elkarlanean jarduteko Euskadiko natura-ondarea ikertze eta zabaltze aldera. Hitzarmena Iñaki Arriola sailburuak eta Nekane Balluerka errektoreak sinatu zuten, eta, beronen bidez, ofizialdu egin da bi erakundeek ingurumen-kudeaketa eta iraunkortasuna hobetzeko, bai eta EAEko natura-guneei balioa emateko ere, orain arte egin duten lankidetza.
EHUren lana Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrak hartzen du bere gain. Katedra horren ikerketa- eta prestakuntza-lanak helburutzat du Euskadin garapen iraunkorraren arloan dauden arazoak ulertzea eta konpontzea; batik bat, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dauden arazoak, erreserba hori gai horri loturiko esperientziak probatzeko eta erakusteko gune izatea nahi baita.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldia EHUren Donostiako campusean egin zen, eta, bertan, Arriola sailburuak eta Nekane Balluerka errektoreak azpimarratu zuten zeinen garrantzitsua den «Administrazioa eta Unibertsitatea elkarlanean aritzea natura-sistemak babesteko eta hobeto ezagutzeko, garapen iraunkorra bermatzearren».
Hitzarmenean jasotzen den ekintza nagusia UNESCO Katedrako lantaldeak Euskadiko Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioari buruzko proiektua garatzea da; alegia, natura-sistemek gizakien ongizatean dituzten zuzeneko eta zeharkako ekarpenak (zerbitzuak) neurtzea, baliabideak hornitzeko iturri gisa, ingurumena erregulatzeko faktore gisa eta pertsonentzako ezagutza- eta gozamen-iturri gisa. Ekimen hori, beraz, guztiz bat dator 2020rako EAEko Ingurumenaren IV. Esparru Programaren edukiarekin. Esparru-programa horrek helburutzat du giza garapena ingurumenaren iraunkortasunarekin eta kontserbazioarekin bateragarri egitea, ingurumenaren aldagaia politiketan txertatuz eta eragile sozioekonomikoak ingurumena hobetzeko erantzunkide eginez.
Egiten diren ekintzak nazioartean hedatzen dira, UNESCO Katedren eta Biosfera Erreserben munduko sarearen bidez, eta ikergaiari lotutako Nazio Batuen Erakundearen foroetan parte hartuta.
Hiru urteko indarraldi luzagarria
Ekosistemen zerbitzuei dagokienez, hitzarmenaren helburuak dira, besteak beste, zerbitzuak hobeto ezagutzea, Natura 2000 Sarearen ekarpena aztertzea, lehentasunezko ekintzak zein diren identifikatzea eta biodibertsitatearen galera konpentsatzeko ekintzak baloratzea. Urdaibairi dagokionez, ekosistemen zerbitzuak ebaluatzeko metodologia eta MaB programa (pertsonen eta ingurumenaren arteko harremanak hobetzeko programa) nola aplikatu landuko da, Biosfera Erreserban bertan, eta eremu horren eboluzio sozioekonomikoa aztertuko da.
Ekintza horiek egiteko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 95.000 euro emango dizkio urtero EHUko UNESCO Katedrari. Sinatutako hitzarmena indarrean egongo da 2020ko abendura arte, eta beste lau urtez luzatu ahalko da.