Eduki publikatzailea

SGIkerrek ikerkuntzan hasteko tailer bat eman die UPV/EHUko Doktorego Eskolako ikasleei (2017/02/16)

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/16

UPV/EHUko SGIker Ikerketako Zerbitzu Orokorretako Zientziometria Unitateak ikerkuntzan hasteko tailer bat eman die 2016/17 ikasturtean UPV/EHUko Doktorego Eskolan matrikulatutako 24 pertsonari, 2017ko otsailaren 6an eta 13an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan.

Ikasleak 16 emakume eta 8 gizon izan dira, gehienak Gizarte eta Zuzenbide Zientzien arlokoak (% 40) eta Artearen eta Giza Zientzien arlokoak (% 24); halaber, Arkitekturaren eta Ingeniaritzaren arlokoak (% 20), Zientzien arlokoak (% 8) eta Osasun Zientzien arlokoak (% 8) ere egon dira.

Goizeko bi saioetan, SGIkerreko Zientziometria Unitateko bi teknikariek, María José Rodríguez Tojo eta Fátima Pastor Ruiz doktoreek, ikertzaile karreraren etapak eta UPV/EHUk ikertzeko ematen dituen baliabideak azaldu dizkiete ikasleei, baita ebaluazio irizpideak eta agentziak eta zientzia komunikatzeko moduak ere.

Ikuspegi praktikoan oinarrituta, bereziki azpimarratu zaie estrategia bat osatu behar dutela ikertzaile karreran aurrera egiteko, eta eragin handiko aldizkarietan artikuluak argitaratu. Artikulu horiek, bestalde, UPV/EHUren gomendioei eta araudiari jarraituz sinatu behar dituzte, eta ahal bezainbeste zabaldu, zientzia profil propioak sortuta gaur egun sarean dauden askotariko plataformetan.

Egitasmo hau UPV/EHUko SGIkerrek 2011. urteaz geroztik sortutako jarduera lerroaren barruan antolatu da, eta helburu du ikertzaile hasiberrienei laguntzeko ikastaroak ematea. Kasu honetan, ikastaroa Doktorego Eskolak eskaintzen dituen zeharkako prestakuntza jardueren barruan antolatu da, bigarren urtez.