Breadcrumb

Eduki publikatzailea

In memoriam: Maider Uriarte Idiazabal

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/26

Maider Uriarte Idiazabal

Maider Uriarte Idiazabal (Colchester, 1981 – Bilbo, 2016) arkitektoa zen 2008tik (UPV/EHU). Metak Arkitektura Tailerra sortu zuen Bilbon, Kepa Iturralde eta Zigor Iturbe arkitektoekin batera.

UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikerlari bekaduna izan zen 2011-2013 bitartean. Hain zuzen ere, 2012-2013 artean ikerketa-egonaldiak egin zituen University College London-eko Urban Lab-ean, baita Municheko Technical Universityko Landscape Architecture and Regional Open Space (LAREG) katedran ere.

2014ko abendutik UPV/EHUko Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzako irakaslea zen. 2015eko urrian Nazioarteko Doktoretza eskuratu zuen, «Paisaiaren Ikuspegia eta bere Lau Dimentsioak: Metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena Bilboaldeko hiri bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua» doktorego-tesia defendatuz (UPV/EHUko Marte Mujika eta TU Munich unibertsitate teknikoko Sören Schöbel-Rutschmann irakasleen zuzendaritzapean).

"Aldiri. Arkitektura eta abar" (Udako Euskal Unibertsitatea) aldizkariko sortzaileetako bat izan zen 2009an, eta, 2015etik, haren zuzendari-kidea. 2011-2013 bitartean Noticias Taldeko «Ortzadar» gehigarriko arkitektura-zutabegilea izan zen.
Maider Uriarteren ikerketa-ildo nagusia lekuan eta paisaian zentratu zen. Alegia, gizarteek eta kulturek lekua ulertzeko, adierazteko eta sortzeko modu ezberdinetan, bai eta fenomeno hori aztertzeko tresna egokientzat zuenean ere: paisaian.

Paisaia, Maider Uriarteren esanetan, ulerkera formalaren eta funtzionalaren arteko eremuan dagoelako, hautemate fisiko eta abstraktuaren artean, lurraldea modu kulturalean kontsideratuz.

Maiderren bokazioa pentsamendu kritikoa zen. Gaztetasunaren indarra eta heldutasunaren zorroztasuna irakur daitezke bere irakaskuntza praktika eta idazketetan. Ibilbide akademiko laburra bezain bizia burutu zuen. Proiekzio internazionala eta euskararekiko atxikimendua azpimarratzekoak dira; etxetik eta kanporako bidean, aldarrikatzen zuen paisaia kulturalaren zabalkuntzan sutsuki eta eskuzabaltasunarekin aritu zen.

Unai Fernandez de Betoñok eta Ula Iruretagoienak sinatzen dute artikulua.